Carlos Santamaría y su obra escrita

 

Euskera eta prentsa

 

Egin, 1979-09-29

 

      Ez dezagun amets egin!

      Beste kultur sail askotan gertatzen den bezela, euskal kazetaritzaren alorrean ere, ia guztia eginkizuna dago oraindik.

      Berriro esango dugu, ez diezaiegun gure buruoi engaina egin, zeren une gorri honetan, gure hizkuntzaren tragediari aurrez aurre begiratu behar diogulako.

      Alper da euskeraren aldeko «slogan» izugarriak botatzea, batez ere ez bagara gauza euskararen beharrei erantzun praktiko bat emateko.

      Batzuk euskal prentsari buruz mintzatzen dira maiz, gauza inportante bat izango zen bezela.

      Zoritxarrez, euskal prentsa, alegia, bakarrik euskeraz egindakoa, oso eskasa eta motza da. Euskal irratia eta telebista beste gauza da edo izan daiteke. Prentsa, ordea, hori baino zailagoa iduritzen zait.

      Egia da guztiz euskeraz idatzitako astekari batzuk ditugula, «Zeruko Argia», «Herria», «Anaitasuna» eta abar, bezalako.

      Baina astekaria eta egunkaria gauza diferenteak dira, dudarik gabe.

      Egunkari bat herri baten eguneko azalpena izan behar da. Egunkariak, herriaren bizitzea erakutsi behar du, egunez egun.

      Egunkari batean euskerak toki egokirik ez badu, ez al da izango euskarak berak egunkariaren irakurleen bizitzean tokirik ez duelako?

      Euskadiko egunkari askotan euskarari txoko txiki bat ematen zaio.

      Euskara utsaz egindako egunkari batere ez daukagu ordea.

      Are gehiago, ez dakigu holako egunkari noiz nolako aterako ahal den.

      Hala ere, egiazko euskal egunkari batzuk lortu arte, desdiglosiaren bidean ezer ez dugula egin esan daiteke.

      Egunkaria da, hain zuzen, gaurko euskara diglosiko eta flakatuarentzako demarik handiena eta beharrezkoena.

      Badugu orain euskal kazetari argi eta trebe asko, bere prestakuntza sobera frogatuta duena. Egiazko problema ez dator horretik baizik irakurle faltagatik.

      Bai eta diru faltagatik ere. Baina dirua berehala agertuko litzateke nahiko irakurle izanez gero.

      Nere ustez euskal prentsaren egiazko problema gure herriaren kultura eskastasunean dago, besteak beste.

      Lau euskaldunetik batek bakarrik dauka euskaraz irakurtzeko behar den erreztasuna.

      Beraz prentsa eta eskolaren problemak guztiz loturik daude elkarrekin. Euskal prentsa eta euskal eskola batera hazi behar dira.

      Ohar araz dezagun egiazko egunkaria artikulu eta entsaioak egitean ez dagon, baizik berri bizi biziak ematean.

      Eta azkar eman gainera, zeren gaurkoaren berria bihar goizean kondaira zaharra bihurtzen bait da.

      Bestaldetik euskal egunkarian erabiltzen den hizkuntza, guztiz arin, argi eta jator izan behar da. Adibidez, albisteen tituluak eta fotoen oinak jartzea, arte berezi bat da, egunkari honetan bertan maiz ikusten den bezela. Hitz laburrak, argiak, mamitsuak eta ongi aukeratuak...

      Egunkariak literatur mota berezi bat eskatzen du berez.

      Batzuek egunkarien kontra daude, egunkariek, berek diotenez, pakea kentzen dielako. Hau gauza berria ez da. Ehun eta berrogei urte dela honoko hau idazten zuen Baudelaire idazle frantsezak:

      «Edozein egunkaria burutik burura higuingarri mordo bat da... Gudak, lapurketak, sarrasketak, torturak, erregeek egindako hilketak, nazioek egindako hilketak, partikularrek egindako hilketak... Mundu guzietako mozkor ikaragarri bat! Eta hau da goiz guzti oro gizon zibilizatuari laguntzen dion gosaria!».

      Beste frantsez batek, Henry de Montherlant idazleak, erremedio bat proposatzen zuen gaitz honen kontrako: egunkariak sei asteko atzerapenez irakurtzea, alegia.

      Baina burgeskeria utza da gizartearen kanpoan egon nahi izatea. Nahi eta nahiez dugu gure inguruko gertaerei arpegiz arpegi begiratzea.

      Egiazko herri zibilizatu batean garen erakutsi nahi badugu, Euskal Gizartearen martxa bultzatu nahi badugu, euskal egunkariaren konbatea irabazi behar dugu euskaldunok. Bi konbate batera: euskal egunkaria eta euskal eskola.

      Bi konbate hoik irabazteko kapableak garela frogatu arte, burua jasotzeko ere ez dugu deretxorik izango.

 

  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es