Karlos Santamaria eta haren idazlanak

Aurkibidea

Aitzin-oharra

40 urteko ibilaldia bake-lurralderako bidean

Kontzeptuak, maisuak eta ereduak

Kontzeptuak

— Indarkeria

— Gerra (klasikoa)

— Iraultza

— Gerra iraultzailea eta gerrilla

— Belizismoa

— Bakea

— Bakezaletasuna

— Bortxa eza

— Koexistentzia

Maisuak

Ereduak

Bonba atomikoa eta blokeen banaketa

Garai bakoitzak bere gerra modua

Aurrerapen zientifiko-teknikoen anbiguotasuna

Gerra nuklearraren benetako arriskua: beldurra

Bipolarizazioa, bipolarismoa eta neutraltasuna

Disuasioaren kontra-arma

Disuasiotik kooperaziora negoziazioaren bitartez

'Pax Christi'. Hezkuntza, ekintza eta mistika

Mugimenduaren mistika

Mugimenduko kidearen erantzukizun pertsonala

Mugimenduaren espiritualitatea: unibertsaltasuna

Aurrera begira

Gerraren oinarrian indarkeria

Indarkeria egiturazkoa eta instituzionala

Indarkeria iraultzailea

Bi aldetako indarkerien artean

Kristautasuna eta indarkeria iraultzailea

Indarkeria iraultzailea eta bortxa eza

Zilegi izan ote daiteke gerra bonba atomikoaren garaian?

Gerra ofentsiboa, defentsiboa eta prebentiboa

Gerra zuzenaren baldintzak

Armamentu atomikoaren gaitzespena

Gerraren etika eta bakearen mezua

Bakea eta justizia. Zer da bakea... Bakearen baldintzak

Bakearen adiera eskasak eta okerrak

— Adiera juridizista

— Adiera pelagiarra

— Adiera marxista

— Adiera filantropikoa

Bakearen kristau kontzeptua

— Bake teologikoa

— Bake politikoa eta soziala

Bakearen dimentsioak

— Bihozkidetasuna

— Askatasuna

— Ordena

— Lasaitasuna edo baretasuna

— Historikotasuna

Bakezaletasuna eta bakezaletasunak

Baztertzeko bakezaletasunak

— Beldur-bakezaletasuna

— Bakezaletasun sentimentala

— Bakezaletasun magikoa

— Bakezaletasun idealista eta utopikoa

— Bakezaletasun manikeoa

— Bakezaletasun testimoniala edo erakutsizalea

Bakezaletasuna eta politika

Bakezaletasuna eta desarme nuklearra

Bakezaletasunaren etorkizuna

Bakearen aldeko ekintza

Bakea: dohain teologikoa eta ekintza historikoa

Bakea bideragarria da... Bakearen esperantza

Kristauaren erantzukizuna bakeari begira

Kristautasuna eta bakezaletasuna

Bakegintza: zuzengabekerien aurkako borroka

Bakerako neurri politiko-sozialak eta diplomatikoak

Bake-espiritua: tolerantzia

Kristaua gerran

Bortxa eza

Euskal Herriko indarkeria

 

Bakea eta justizia. Zer da bakea... Bakearen baldintzak

 

     II. kapituluan aipatua dugu World Justice aldizkarian, «In Search of a Concept of Peace» titulupean 1960an argitaratu zuen artikulu mardula. Artikulu bera argitaratu zuen frantsesez ere Justice dans le monde aldizkarian. Bertan aurki dezakegu Karlos Santamariaren pentsaera aski sistematikoa, bakea ulertzeko moduari buruzkoa, kristau-etikatik begiratuta batez ere; baina beste artikulu askotan ere saiatu da bakearekiko bere ikuskera argitzen.

     Kapitulu berean aipatu dugunez, Karlos Santamariak behin baino gehiagotan salatzen du politika alorreko hainbat hitzen manipulazioa —gerrarena eta bakearen, besteren artean—, eta horien erabilera ideologikoa. Bakea hitzarekin bereziki gertatzen da hori, autorearen ustez[81].

     Hasteko, gerra eta bakea kontzeptu korrelatiboak eta antitetikoak baldin badira ere, bakea ez dago definitzerik gerrarik eza esate hutsarekin, askok pentsatzen dutenaren kontra, eta hiztegietan ere agertu ohi denaren kontra. Dena dela, okerra izanik ere, kontuan hartzekoa da datu hori.

 

Bakearen adiera eskasak edo okerrak

 

     Bakearen adiera osoa, bereziki San Agustinengandikoa, azaldu aurretik, bestelako adierak baztertuz doa Karlos Santamaria, beraren ustez eskas gelditzen direlako edota okerrak direlako.

     Horietako lau aipatzen ditu bereziki: 1. Adiera juridizista; 2. Adiera pelagiarra; 3. Adiera marxista; 4. Adiera filantropikoa.

 

Adiera juridizista

 

     Goian gerraren kontzeptu juridikoa aipatu dugu; kontrakotasunez bakearen kontzeptu juridikoa dago. Nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik, bake-egoera gerrarik eza da juxtu, eta gerra-egoera, berriz, bake-egoera hautsi denekoa. Bi egoera antitetikoak dira: batak bestea baztertzen du, kontzeptuen mailan.

     Beraren ustez, badago faltsukeriarik hor: legislazioaren bidez gerra nolabait razionalizatu egin nahi da, ordenaren itxura emanez; eta bakea dagoela adierazi nahian, benetan gerra-egoera dagoenean. Horixe nabarmentzera etorri da, adibidez, 'gerra hotzaren' kontzeptua: hau da, juridikoki mugaturiko gerra kontzeptuaren balio eskasa agertzera.

     Bakearen adiera juridizista benetako gerraren egoera estaltzeko modua izan daiteke.

 

Adiera pelagiarra

 

     Gure autoreak kritikatu egiten du bakearen beste adiera bat, batez ere XVIII. mendean filosofoen artean zabaldu omen zena, eta 'betiereko bakea' izendatu zutena. Kant-ek zabaldu zuen bereziki horrelako ideala.

     Gure autoreak pelagiarra deitzen du horrelako adiera, optimismo razionalistan oinarrituta dagoelako. Karlos Santamaria jabetuta dago, eta sarritan nabarmentzen du, gizon-emakumeengan indarkeriak duen indarra; hori ahaztu egiten duela dirudi 'betiereko bakearen' amets razionalistak.

     Gure autoreak ez luke berak ere guztiz baztertu nahi horrelako ametsa. Beraren ustez, etorkizun urrunekoan, gizadiaren bestelako egoera batean gerta daitekeela pentsa daiteke.

     Dena dela, motza iruditzen zaio bake kontzeptu hori, besteren artean estatuen arteko baketzat bakarrik ulertzen delako, munduan barneko justizia soziala kontuan hartzen ez duena, adibidez.

 

Adiera marxista

 

     Amets burgestzat kritikatzen du, hain zuzen, marxismoak razionalismoaren bakearen kontzeptua. Bestelakoa da materialismo dialektikoaren bakearen adiera. Haren ustez, betiereko bakea ez da etorriko, gizon-emakumeen organizazioa razionalizatzetik, kapitalismoak sortzen dituen alienazioak kentzetik baizik. Horregatik, kapitalismoaren 'alienazioa' bera desagertu arte ez da bakerik izango.

     Bakea lortuko bada, justizia soziala ezarri behar da, eta horretarako tresna gerra iraultzailea izango da: bakearen tresna da gerra, beraz. Marxismoaren bakearen kontzeptua ezin daiteke bereiz beraren klaserik gabeko gizartearen eta horren barruan sortuko litzatekeen harmonia osoaren kontzeptutik.

     Gorago behin baino gehiagotan agertu da Karlos Santamariaren kritika, marxismoak bakeari eta gerrari —indarkeriari— buruz duen irakatsiari buruzkoa.

 

Adiera filantropikoa

 

     Gure autorearen iritziz, bada bakearen beste adiera bat, 'filantropikoa' deitzen duena, edonolako gerra irrazionaltzat eta gizagabetzat hartzen duena; maitasuna, tolerantzia, errespetua eta elkar ulertzea predikatzen ditu horrek bereziki, gizarte baketsua eraikitzeko.

     Karlos Santamariaren ustez, horiek beharrezkoak dira noski, bakearen kontzeptu positiboa lantzeko[82]; baina eskasa iruditzen zaio horietan bakarrik oinarrituriko bakea, justiziaren alderdia falta zaiolako[83].

 

Bakearen kristau-kontzeptua

 

     Karlos Santamariaren ustez, bakezaletasun filantropiko soilak ezin du San Agustinen 'ordena' eta 'justizia' kontzeptuen berririk eman. Metafisikara edo erlijiora jo beharra dago horretarako. Berak kristautasunaren ikuspegitik egiten du. Bibliaren mezuaren muin-muinekoa iruditzen zaio bakearen ideia. Eta bakearen aldeko ekintza eta ebanjelizazioa gauza bera dira funtsean[84].

     Baina, Karlos Santamariaren iritziz, denbora-mailako bakeari dagokionez, Kristautasunak ez du bere kontzeptu espezifikorik, gorago adierazi dugunez[85]. Hala ere, bake tenporal hori kristauarentzat transfiguratua gertatzen da graziaren eta bertute teologalen bidez, eta Jainkoaren bake-erreinu betierekoaren prefigurazio gisa.

     Gure autorearen ustez, nazioarteko bakea nazioen arteko berdintasunean oinarritzen da, XVI. mendean, Vitoria eta Suárez teologoek formulatu zutenez. Haientzat, berriz, berdintasun hori gizakien arteko anaitasunean oinarrituta zegoen.

     Kristautasunaren bake adierak hiru maila bereizten ditu: teologikoa, politikoa eta soziologikoa.

 

Bake teologikoa

 

     Santamariak bakearen teologia egiten digu. Teologiaren aldetik, bakea Jainkoa bera da, gizon-emakumeei Kristogan agertua. Hori da benetako bakearen oinarria, Karlos Santamariak dioenez. Dena dela, kontzeptu teologiko hori aztertu beharra dago, historian dituen inplikazioen aldetik. Bestela, faltsutu egingo litzateke bakearen ikuspegi kristaua.

     Kristo da, bada, Bakearen printzea: bakearen oinarria eta mezularia. Beraren bakezko mezuak ez du mugarik: unibertsala da, guztientzakoa. Baina Jainkoaren bakea lurrean ari da, aurrenik norberaren barrenean. Norbanakoen barneko baketzean oinarritzen da klaseen eta nazioen arteko bakea. Barneko bakea, justiziak eta maitasunak egina. Bekatua da, hain zuzen ere, barne-bake hori kentzen duena; horixe kenduz, berritu du Kristok bakea.

     Honela amaitzen du puntu hau:

 

Christian theology therefore has a very clear idea of what it means when it speaks of peace: it is not at all the absence of war. Nor is it likewise tranquility in any appearance of order; but it is tranquility and concord in the order of universal reconciliation established by Christ («In Search of a Concept of Peace», World Justice, 1952, 14).

 

     Bake teologikoaren betetasuna transzendentea da eta munduaz harantz beteko da.

 

Bake politikoa eta soziala

 

     Beste munduan izango dugun bake absolutuaz hitz egitean, ordea, ezin dugu ahaztu mundu honetan eraiki beharreko bake erlatiboa eta partziala, gure autorearen ustez.

     Bakearen adiera teologikoa maila politikoarekin lotu baherra dago, hura ihesbide huts gertatuko ez bada. —Honetaz hurrengo kapituluan jardungo dugu bereziki.

     Bakearen adiera transzendente-teologikoaren eta adiera historiko-politikoaren arteko erlazioa ulertzeko, zera eternalaren eta denbora-mailako zeraren arteko harremana ulertzeko modua dago funtsean. Berak baztertu egiten du Karl Barth-en jarrera, mundua bekatuaren erreinutzat hartzen duena, eta bakearen aldeko ekintza berez porroterako ikusten duena. Teologo horren iritziz, bake politikoa Jainkoaren bakearen transposizio bidez lortuko da. Bake politikoak Kristogan eta Elizan aurkitu behar du bere eredua, teologoaren ustez. Azken batean, bakearen aldeko ekintza politikoa negatibotasunez kargatua agertzen zaigu Barthengan.

     Karlos Santamariaren ustez, askozaz positiboagoa da Jacques Maritainen jarrera. Maritainen ustez, bakearen kontzeptu jatorra ez da kristaua —kristologikoa— bakarrik., giza drama berorren sakontasunean kristautasunak bakarrik ezagutzen badu ere. Gizadiko indar moral eta erlijiozko guztiek parte hartu behar dute parte bakearen eraikuntzan. Benetako bakea izango da hori, Kristoren bakearen aurreratzaile gisa. Kristauek, beraz, eginkizun berezi-berezia dute bake politikoa eraikitzen.

 

Bakearen dimentsioak

 

     Bost baldintza ipintzen ditu Karlos Santamariak, bakearen adiera baliozkoak bete behar dituenak:

     1. Konkordia (bihozkidetasuna)

     2. Askatasuna

     3. Ordena

     4. Baretasuna

     5. Historikotasuna

 

Bihozkidetasuna

 

     Berak erabiltzen duen 'concordia' hitza, San Agustinengandik hartua, itzuli dugu horrela. Horren adiera gorago azalduta geratu da.

     Karlos Santamariak behin baino gehiagotan idazten du maitasuna, anaitasuna eta horrelako kontzeptuek duten karga sentimentalaz, eta sarritan horrek eransten dien deskreditu sozialaz. Horregatik proposatzen du, hain garrantzizko izanik «konkordia» hori, horren kontzeptu zientifikoa eta egiaztagarria lantzea: bihozkidetasunaren kontzeptu soziologikoa, nolabait neurgarria izango dena. Hau da, gizartean gertatzen diren tentsioen edo elkar ulertzeko joeren neurketa zientifikoa egitea, halakoen 'kantitatea bilatuz'.

     Hipotesitzat ematen duen neurketa kuantitatibo horrek bere parametroak eta metodo soziologikoak bilatu behar ditu[86].

 

Askatasuna

 

     Bihozkidetasunak askatasuna berekin darama, Santamariaren ustez. Indarrez, menderakuntzaz lorturiko batasuna guztiz artifiziala da eta ezin dei dakioke konkordia edo bihozkidetasuna.

     Irizkidetasuna lortzeko bortxakeria psikologikoa erabiltzen da, horretarako dauden pertsuasio-teknikak, propaganda politikoak, iritzi publikoa gidatzeko moduak, eta abar. Horrelako metodoekin lorturiko bakea ez da inola ere benetako bakea.

 

Thus in the modern mind, peace and freedom are two ideas on a par with each other. Without political and social liberty, and without economic freedom, one cannot speak of peace either for man or for society («In Search of a Concept of Peace», World Justice, 1952, 20).

 

     Era berean, kultura-integrazioaren, asimilazio psikologikoaren edo genozidioaren bidez lortzen den bakea salatzekoa eta gaitzestekoa da.

 

Ordena

 

     Justiziatzat hartzen du Karlos Santamariak San Agustinen definizioko ordena. Jabetuta dago, ordena osorik eta behin betikorik, eta justizia osorik eta erabatekorik ez dagoela mundu honetan. Baina munduan zehar jende gehienek onarturiko neurri batezko justiziaren adiera izan daiteke oinarria bakea eraikitzeko[87].

     Nazioarteko justiziaren alde egindako urratsak, bakearen alde egindakoak izango dira.

 

Lasaitasuna edo baretasuna

 

     Badirudi San Agustinen 'tranquilitas in ordine' definizioak ordena estatikoa adierazten duela, oreka iraunkorra. Hala ere, ulerkera horrek ez dirudi egokia gaurko ikuspegi eboluzionistarako, autorearen ustez.

 

This idea of peace responds doubtless to a sublimated concept of 'tranquility'. But, for temporal peace should prefer a more dynamic notion. Peace would consist in a state of orderly activity, conformable with nature, and realised in mutual harmony, for a just and charitable end («La obediencia de los católicos», Documentos 16, 1954).

 

     Gure autoreak dinamikoagotzat ulertzen du bakea: bakea bilaketa da, bake-baldintza hobeak bilatzea; horiek ez lortzean bakeak huts egiten du[88].

 

Historikotasuna

 

     Bakearen kontzeptu transzendental eta teologikotik hasita, berehala jaitsi da Santamaria bake historikora. Ondasun eskuragarri eta konkretutzat ulertzen du berak bakea[89].

     Horretarako, bakearen bidean eskuragarriak ditugun helburuak finkatu behar dira. Artikulua idazten zuen hartan honako helburuak iradokitzen zituen berak mundu mailako bakeari begira: 'deskolonizazioa', populazioen presioak sorten dituen buruhausteak konpontzea, energia berrien ustiaketa, armamentuetarako esleituriko aurrekontuak bestelako helburu baliagarrietarako erabiltzea, etab.

     Beraren iritziz, erraza da bakeaz maila abstraktuan, transzendentalean eta utopikoan hitz egitea. Horren aldeko ekintza historiko konkretuan agertzen dira bakearen adiera egokitzeko zailtasunak[90].

 

 

[81] «The word 'peace' is paradoxically one of the most powerful engines of the cold war, a propaganda weapon that has been brought to perfection, although it is differently wielded, by East and West» («In Search of a Concept of Peace», World Justice, 1960).

[82] «In fact, there is no true peace without love; violence, discord, and hate are not compatible with peace».

[83] «But it is not sufficient. The Augustinian definition of 'ordinata concordia' relate to an order and to justice» («In Search of a Concept of Peace», World Justice, 1960, 12).

[84] «La doctrina del Evangelio es, sin duda alguna, un mensaje de paz y de amor, pero nuestro proceder de cristianos suele ser a menudo la cosa más opuesta a esto, por desgracia algo altamente antievangélico y contrario al espíritu de Cristo» («La batalla de la paz», El Diario Vasco, 1960-11-06).

[85] «Cela [kristauaren bakearekiko erantzukizun bereziak] ne signifie pas que la paix chrétienne soit, sous l'aspect temporel, une paix différente, une paix à part, une paix à nous seuls. La paix temporelle est un bien naturel, un bien moral, bien entendu, mais qui appartient à l'ordre naturel» («Responsabilité et limites du membre de Pax Christi», Pax Christi, 1956-01-27, 60).

[86] «Would sociological methods attain a concrete result on these points? What would be the tests which could be used to measure the 'quantity' of existing concord or discord, for example, in a State considered as an 'order of statistical magnitude'?» («In Search of a Concept of Peace», World Justice, 1960, 19).

[87] «The idea of order is equally indispensable for a valid notion of the idea of peace, in order to exclude concord in disorder, agreement in injustice, and harmony among the wicked. These are thing which one can not call peace» («In Search of a Concept of Peace», World Justice, 1960, 20).

[88] «The goal of international peace is not immobility or equilibrium between States, but the attainment of the whole group of objectives of universal scope, which are proper to each epoch» («In Search of a Concept of Peace», World Justice, 1960, 22).

[89] «We are therefore not defining eternal peace, but 'our peace, that of today', a peace proportionate to our present possibilities» («In Search of a Concept of Peace», World Justice, 1960, 22).

[90] «L'idée de paix est bien mieux comprise quand on tâche de l'appliquer à une situation déterminée et que l'on éprouve aussi les difficultés d'une telle application» («Action pour la Paix et réalisme politique», Mission et charité, 1962-07, 295).

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es