Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Abertzaletasuna gaur

 

     Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián izeneko jardunaldietan (1935, 1936; 1947-1959), Karlos Santamaria bertako idazkaria zelarik, 1951n «Abertzaletasuna kristau bertute bat al da oraindik?» gaia aztertu zuen. Okasio hartan izandako eztabaidaren lekuko diren agirien artean, bi idazki dauzkagu: «Abertzaletasunari buruzko ikuspegi kristaua» eta «Abertzaletasunaren misterioa». Lehen txostenean, Karlos Santamariaren iritziak ez ezik, 1951ko Jardunaldietara joandako solaskideen laburpenak ere azaltzen dira; bigarren txostena Santamariaren beraren ponentzia da. Solasaldi horietan erlijiozko pentsamendua eta sozio-politikoa zatiezinak badira ere, lehena nagusitu zitzaion bigarrenari; nola nahi ere den, 1951ko Jardunaldietan abertzaletasunaren inguruan Karlos Santamariak azaldutako pentsamendu soziopolitikoa izango dugu mintzagai ondorengo lerrootan.

     Santamariaren aburua kezka baten inguruan bilduko da, hain zuzen ere, abertzaletasunak pairatzen duen krisian. Pentsalari horren iritziz, pertsonen mugikortasuna eta giza harremanen arinkeria areagotzen den neurrian, gizakiak bere aberriarekiko dituen loturak edo abertzaletasunak berak, desagertze-bideak hartzen ditu. Krisiaren egoera ideologia politikoei ere leporatu behar zaie; bada, ideologiek beren helburuak lortzeko abertzaletasuna tresna bailitzan erabili dute eta zentzu gabeko ildotik bideratu. Hala eta guztiz ere, inguruarekiko hurbiltasuna, oreka eta sentipena gordetzeko, gaur inoiz baino beharrago du pertsonak abertzaletasuna. Abertzaletasunaren desagertzea ekiditeko —dio Santamariak— horren jatorria aurkitu behar dugu, krisiaren arrazoiak aztertu, egindako akatsak zuzendu, arazoa razionalizatu, eta, etorkizunari begira, abertzaletasunari zentzu zuzena eman. Horri buruz Karlos Santamariak esaten duena ikus dezagun, eta, bide batez, urte hartako solaskideen gogoetak.

     1951n Conversaciones-era hurbildu ziren pentsalarien iritziz —Azaola, Leclercq, De Corte, Esteban, Liebeskind, Marcel, Rolin, Las Cases, Paniker, Salleron—, aberriaren ideia eta sentipena aldaketa historikoekin batera aldatzen dira; gainera, abertzaletasuna definizio osatu bati ihes egiten dion ideia da. Dena den, aipatu pentsalari horien iritziz, pertsonari lotuak dauden zenbait alderdiren inguruan garatzen da abertzaletasuna. Horien arabera, abertzaletasuna zer den argitzeko honako puntu hauek hartu behar ditugu kontuan: talde bateratu zabala, arbasoen lurraldea, kultur eremu komuna, hizkuntza eta jaiotzez pertsona orok dituen ondasunak. Horrela, abertzaletasunaren inguruan, balio etnikoa, geografikoa, kulturala, materiala eta balio ontikoak lotzen dira.

     Abertzaletasuna definitzeko zailtasunak baditugu, horiei sentimendu abertzalearen krisia erantsi behar zaie. Liberalismoak, talde naturalekiko loturaren sentimendua ezabatu nahi izan zuen, sentimendu hori Estatuarengana soilki eta modu absolutu batez bideratuaz. Gaur egun Estatuak ez ditu abertzaletasunari dagozkion sentimenduak sorrarazten, hau da, aberri bakarra onartzera, zerbitzatzera eta gurtzera bultzatzen duen sentimendua.

     Egoera hori eragin duten arrazoiak ondoko hauek ditugu: alde batetik, gaur egungo gizartea, sekulartua eta sustraigabea da; bestetik, askorentzat, komunitate berrien eraketarako, esate baterako Europako batasunerako, pizgarria baino areago banaketaren iturria da abertzaletasuna. Era berean, kristauen abertzaletasunaren eta kristauen unibertsaltasunaren artean nahasketa sortzen da.

     Bestalde, Komenigarria da ideologiak ere kontuan hartzea. Izan ere, horiek eraginik izan dute adierazi krisiaren sorreran; esate baterako, Marxismoak, faxismoak eta demokraziak, berebiziko nekeak eskatu dizkiete hiritarrei aberriaren alde; eta hauek, egiazki, interes ideologikoak baino ez ziren azken buruan; beste batzuetan, aldiz, irakasbide politikoen itxuraren azpian nazionalismo inperialista dugu ezkutuan, horrela, ideia iraultzaileak erabili zituzten frantsesek frantses-inperialismoaren zerbitzurako; komunismo errusiarrak eta txinatarrak ere beste horrenbeste egin dute. Abertzaletasun interesatu horiek zer pentsaturik ematen diote Karlos Santamariari: aberria, gizakia sustraituta dagoen lekua izan beharrean, ideologia baten adierazpenerako lekua edota gizakiaren eta gizartearen filosofia berezi baten hedakuntzarako lekua da. Honelako abertzaletasunak, ondorioz, zatiketa, alderdikeria eta guda zibilak ere ekarri izan ditu. Aipatu azken baieztapenek —ideologia eta abertzaletasunaren arteko eraginari buruzkoak— hausnarketara daramate Santamaria; gure pentsalariak egiten dituen gogoetek eta horien garrantziak, idatzia izan zeneko data gainditu eta nazionalismoak gaur egun duen problematikari heltzen diote; izan ere, Santamariaren pentsaketak bere baitan biltzen ditu nazionalismo orok jasaten dituen kontraesanak, barne-tirabirak, aurrerapen eta atzerapenak, orobat, desagerpena edo garaipena:

 

... recordemos aún que los istmos marxistas nos hablan de la «patria proletaria» como de algo específicamente distinto de la «patria burguesa». Y puede ser que no les falte enteramente razón. Esta relación estrecha entre patriotismo e ideología ¿es algo puramente contingente y al mismo tiempo poco deseable o, al contrario, representa una afinidad más profunda y necesaria? Ideología y patriotismo ¿son realmente separables? ¿Cuál es en fin, en las luchas contemporáneas, la auténtica parte de ideología y la de patriotismo?[89].

 

     Dena den, krisian dagoen abertzaletasunari hauxe gertatzen zaio: «encuentra con mucha dificultad su propio objeto en la sociedad secularizada y desarraigada de nuestro tiempo»[90]. Krisi horri irtenbidea emateko asmoz, zenbaitek mailaz mailako abertzaletasun sailkatua eta garatua, analogikoa, ez homogeneoa proposatzen dute, non norberaren baitako abertzaletasun ezkutu eta mugatutik abiatuz mundu osoaren esparrua hartuko bailuke; hau da, ez litzateke abertzaletasun itxia, anitza eta zabalkorra baizik. Santamaria ez dator bat irizpide honekin. Izan ere, abertzaletasun horretatik sortuko litzatekeen gizabanakoak, bere burua munduko hiritartzat harturik, aberri erreal eta bizidunetik alde egingo luke eta aberri abstraktu irreal batera iritsiko litzateke. Aberri zabalkorraren ikuspegia ez dator bat gizakiek errealitateari atxikitzeko duten ahalmen mugatuarekin, hau da, neurriz kanpo zabal ez daitekeen ahalmen mugatuaz baliatzen da gizakia mundua maitatzeko eta ezagutzeko. Horrenbestez —Santamariak dio—, aipatu abertzaletasun mugagabeaz aritzea baino interesgarriagoa litzateke Suitzan duten antzeko abertzaletasun anizkorrez gogoetak egitea.

     Nolanahi ere, kristautasunak abertzaletasunaren inguruan izan duen ikuspegia zabaldu behar da; gaur egun, zuzenagoa litzateke pentsatzea, jaioterria gaindituz, aurrera begiratzen duen jarauntsi historiko komuna dela abertzaletasuna. Gaur arte, aberriarekiko gizakiak izan duen lotura, jaso duen bezainbat bihurtzean, zordun izatearen ideian sustraitzen da, horregatik, azpimarratzen du abertzaletasunak arbasoei zor zaien begirunea; irizpide modernoan, ostera, badaezpadako iraganaren ikuspegiak baino areago, etorkizun hobearen itxaropenak batzen ditu gizakiak. Honela dio Santamariak:

 

Parece, pues, muy natural que una concepción del patriotismo basada sobre la noción de deuda despierte menos interés que otra fundada sobre la idea de misión o de vocación común. La patria sería, pues, una comunidad de esperanza antes que una comunidad de deuda. Recordemos aquí la frase de Nietzsche: «La patria no es la tierra de los padres sino la tierra de los hijos»[91].

 

 

[89] «Puntos de vista cristianos sobre el patriotismo», Documentos, 1951.

[90] «Puntos de vista cristianos sobre el patriotismo», Documentos, 1951.

[91] «Puntos de vista cristianos sobre el patriotismo», Documentos, 1951.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es