Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

Carlos Santamaria: «Teknika ez da txarra; bai, ordea, teknikak agintzea»

 

HABE, 198 zk., 1991-06-01

 

Aurten hiru sari garrantzizko eman dizkiote Carlos Santamariari: Donostiako Seme Kuttun izendatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako urrezko domina eman bait zion apirilean. Aurtengo Manuel Lekuona saria ere berak jaso du. Eta Euskal Herriko Unibertsitateko Doctor Honoris Causa ere izendatuko dute. Ondo merezitako sariak hauek guztiak euskal kulturaren alde hainbeste lan egin duen pentsalari, matematikari eta idazle honentzat.

    Carlos Santamariak bere etxean hartu gaitu, baina ez dugu sariez hitz egin, pakeaz baizik. Euskal Herria ere izan dugu aitagai, euskara, oraina, geroa, teknika, morala... Edozertaz hitz egin daiteke gizon jakintsu honekin.

 

    Zutaz hitz egiten denean, pertsonalismoa aitatzen da. Zer da pertsonalismo hori?

    Badakizu garai batean Franco, Mussolini eta Hitler zeudela agintean, eta gu, demokratok, pertsonalistak ginen. Pertsona defendatzen genuen, pertsonaren eskubideak. Gizakiaren eskubideak baino areago, pertsonaren eskubideak: pertsona bakoitza mundu bat da, gizakia baino gehiago da, badela badaki, eta inork ez dauka hor tartean indarrez sartzeko eskubiderik. Hori zen gure ideia nagusia diktaduraren kontra, Franco, Mussolini eta Hitlerrek ez bait zuten pertsona errespetatzen... Maritain-ek beti defendatzen zituen ideia horiek, baina Maritain oso gaizki ikusia zegoen Espainian, ez bait zuen sekula Espainiako diktadura onartu, eta herese bat bezala aurkezten zuten, eta izugarria zen garai hartan maritainista izatea.

 

    Eta gaur egun nola ikusten duzu pertsonalismoa?

    Egoera oso desberdina da. Orduan ideologien artean gerla zegoen. Gaurko egunean ez dago gerla ideologikorik, postmodernismoan gaude, milurte honetako azken hamarkadan: ugaritasunaren gizartea da oraingoa, nahikeriaren gizartea; xedea ondo bizitzea da. Ez dago elkarrekin erkatzeko moduko ideologiarik, hemen bertan, Europan, garai batekin alderatuta, ze ideologia desberdin daude ba? Ia ez dago. Eta egoera hau zer da, hobea ala okerragoa? Gauza batzuk lortu dira: hemen demokrazian bizi gara, baina ideologiak desagertzea ez da ona. Jenderik gehienak gaur egun ez du arazo ideologikorik, erlijioarekin ere gauza bera gertatzen da. Postmodernismoa: borroka ideologikorik ez, ideiarik ez, filosoforik ez, historiaren une aspergarri bat. Hau aldatuko da? Uste dugu baietz, baina nola? Aitzinakoa ez da berriz etorriko, badago era tradizionalean pentsatzen duen jendea, baina historia ez da gelditzen, ez da ezer itzultzen...

 

Gaztedi hedonista

 

    Eta gaur egun ikusten al duzu geroko aldaketa hori nolakoa izango den aditzera ematen duen arrastorik?

    Oso arrasto gutxi ikusten dira une honetan. Nere ikuspuntua zahar batena da, eta zaharrok atzera begiratzeko joera izaten dugu. Hori ez da ona. Gaztedi berriak nola jokatuko duen? Ez dakit, baina orain arte nahiko hedonista izan da: lan egin, bidaiatu, ondo jan, opor asko izan, hedonismoak dituen mila alderdiak... Hori da gure mundua, zati bat behintzat... Europa aurrera doa, Golkoko gerratea gertatu ez balitz hobe... Gaitzei aurre egiten zaie, zaharrok geroz eta hobeto bizi gara, denbora gehiagoan. Latinoamerikako zenbait diktadura ez dago jadanik. Oraingo sozialismoa ez da sozialismoa, noski, ez da garai batekoa, baina jendeak ez du protestarik egiten... Baina guzti hori dela eta oles egiten hasi behar al dugu?

 

    Kanpoan esaten dute gure herri hau nahiko intolerantea dela. Hori horrela al da?

    Piska bat egia da. Herri honek daukanean eta egiten duenean sinisten du. Herri honek ez ditu gauzak txantxetan hartzen, eta, alde horretatik, baliteke nahikoa intoleranteak izatea. Baina intolerantzia, neurri batean behintzat, ez da txarra. Hala ere, tolerantzia beharrezkoa da eta horretara jo behar dugu. Baina ez da hori gure ohitura. Zer egingo dugu ba: alde onak eta txarrak ditu herri batek.

 

    Eta, intolerantziarekin jarraituz, zer iritzi duzu gerrei buruz?

    Ez da nahikoa esatea «gerrari ez». Hori oso erraza da. Badaude pazifista oso muturrekoak eta hain muturrekoak ez garenak. Herri bati armaz erasotzen bazaio, bere burua defendatzeko eskubidea du herri horrek, zilegi du hori egitea. Muturreko pazifistek, ordea, zera diote: «gerrarik inoiz ez». Eta hauentzat gu ez ginen benetako pazifistak defentsarako gerra onartzen genuelako. Hitler Frantzian sartu zenean, zer egin behar zuten frantziarrek, besoak uztartu eta halaxe gelditu?... Pakea egunero lortzen den zerbait da, bizilagunekin eta ondo konponduz, eta hori ez da hain erraza.

 

Erlijioaren sakontasuna

 

    Hirurogeigarren hamarkadaren hasieran «Pax Christi» nazioarteko mugimenduaren idazkari nagusi izana zara.

    Erlijioa gauza sakona da: bizitzaren zentzua. Jendeak ez du bizitzaren zentzuan pentsatu ere egin nahi: «Zer da hau guztia, unibertso hau, hain handia?». Eta unibertso txiki hau, infinitesimala; partikula txikiak handiak bezain garrantzizkoak dira... Hori guztia misterioa da. Gizaki interesatuak bere buruari galde egiten dio: «Zer egiten dut nik hemen, zertara etorri naiz?». Hori da erlijio-sentimendua izatea. Gero, norberak nahi duen bidetik jotzen du. Baina jendea «auskalo» esanda konformatzen da... Familiaren esanahia ere aldatu egin da. Egun familia porru eginda dago. Hori aldatuko al da? Ez dakigu.

 

    Orain famili unitate berriak sortzen ari dira, bi emakume eta haur batekin osatutakoak eta. Zer derizkiozu horri?

    Bi lesbiana horiez ari zara? Hori astakeria bat da. Lesbianak direla? Beno, lehen ere izan dira. Banku batean dagoen hazia sartzen diote bati; aita nor den ez dakite... Zer gertatuko da hamar urte barru ume gaxo horrekin? Horietako emakume batek aitarena egingo duela; aita hazi hori da. Hori da itxuragabea! Ez du zerikusirik familiarekin. Kultura-faltaren erakusgarri nabarmena da. Eta ez naiz moralaren aldetik ari, bizitzaren aldetik baizik. Homosexualez osatutako gizarte bat egin behar al dugu? Nik umea dut gogoan, azken boladan asko pentsatzen dut ume errugabeetan. Tristetu egiten naute horrelako berriek.

 

Teknika eta morala

 

    Eta nola elkartzen dira teknika eta morala?

    Hori arazo latza da. Teknikak ez du bihotzik, ez du sentimendurik. Hau egin daiteke, eta kito! Eragin handia du teknikak egun. Asmatzaileek asmatu asmatzen dute, baina ez dakite zein ondorio izango duen asmakizun horrek, eta hori oso arriskugarria da, batez ere asmatutakoa nolanahi erabiltzen bada. Baina teknika ez da txarra; bai, ordea, teknokrazia, teknikak agintzea. Nik gizaldi honen erdi-aldera uste nuen, teknika bukatu egingo zela. Oso oker nengoen. Teknika ez da gelditzen, eta ez da geldituko. Baina kontzientzia izan behar dugu: zerbait teknikaren aldetik egin ahal izateak ez du esan nahi egiten den hori ona denik.

 

    Eta gure herri honek ba al du herri-kontzientziarik?

    Euskal Herrian kontzientzia piskanaka-piskanaka ari da agertzen. Ni txikia nintzenean, ez zegoen euskal kontzientziarik. Franco oso ona izan zen guretzat alde horretatik, bere jazarpenarekin kontzientzia esnatu egin zuen. Gaur egun, kontzientzia handiagoa da: euskara, ikastolak... Orain jende askok daki euskara, hori gauza ona da.

 

«Kontzientzia geratzen zitzaidan»

 

    Zuk ere badakizu euskaraz.

    Eskolan galdu nuen euskara, eta gero, handitutakoan ez nuen hitz egiten. Baina kontzientzia geratzen zitzaidan, oraindik hemen ditut euskaraz ikasteko nere liburu zaharrak, On Toribio Alzaga eta Maria Dolores Agirrerekin ikasi nuen. Euskaldunberria naiz. Nire bilobek nik baino askoz ere hobeto dakite euskara. Hizkuntza bat ondo mintzatzeko sakondu sakondu egin behar da, jaiotzetik. Nire garaian ez zitzaion garrantzirik ematen euskarari. Hitz egiten genuen... neskameekin.

 

    Zuk euskaraz idatzi duzu.

    Euskara galduko balitz, eta ez dut uste hori gertatuko denik, euskal gizonaren ikuspuntua galduko litzateke. Hizkuntza bakoitzak mundua bere erara ikusten du. Ez daude bi hizkuntza berdin. Batzuetan ez da posible itzultzea, «tradutore traditore». Nik batzuetan euskaraz idazten dudanean, pentsatzen dut: «Hau idatziko nuke, baina hau gaztelera da, eta alderantziz».

    Orain gutxi idazten dut, ez dut astirik. Lehen bai astero-astero DVn «Aspectos» izeneko artikuluak idazten nituen abiada handian. Orain asko lantzen ditut, batez ere euskaraz idazten badut. Lasai lan egin nahi dut, lasaitasuna, hori eskatzen diot zahartzaroari. Baina batzuetan hori aspergarria ere bada, oreka bilatu behar da.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es