Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:3:1

Diglosia

Uriel Weinrichentzat elebitasuna fenomeno indibiduala zen bereziki. Jarraian Charles Ferguson elebitasun sozialari buruz interesatu zen, diglosia kontzeptua teorizatuz (Ferguson, 1959). Esan behar da Fergusonek baino lehen Jean Psichari (1854-1929) frantses helenistak diglosia (diglossie) terminoa, grekoz di- “bi aldiz” + glóssa “hizkuntza”, erabili zuela bi greko mota hauek sailkatzeko: alde batetik, katharevoussa, garbizaleek sustengatzen zuten hizkuntza jaso idatzia, eta bestetik, demotikoa, eboluzioaren ondorengo gaur egungo forma arrunta (Boyer : 48).

Fergusonen diglosia

Charles A. Fergusonen diglosia kontzeptuak arrakasta handia lortu du. Frantses diglossie hitza hartuz ingeles diglossia sortu zuen. Kontzeptua eraikitzeko lau kasu aztertu zituen, bakoitzean hizkuntza beraren bi barietate sailkatuz: Suitza alemanean, aleman estandarra eta tokiko aleman suitzarra; Egipton arabiera klasikoa eta dialektala; Haitin, frantsesa eta kreolera haitiarra; eta Grezian greko garbitua eta demotikoa.

Ferguson Diglosiaz mintzatzen zen hizkuntza beraren bi barietateen kasuan, eta horien arteko erabileren sailkatze funtzionala bereizi. Bata “goi-barietatea” (high variety) elizan, literaturan, mintzaldietan, unibertsitatean… erabilia dena, eta bestea “behe-barietatea” (low variety) eguneroko solasaldietan, literatura herrikoian… erabilia da. Goi-barietateak behe-barietateak ez duen prestigio soziala du, mirespen handiko literatura sortzen du, estandarizatua da (gramatikak, hiztegiak), eskolan irakatsia da etab. Behe-barietateak, aldiz, ez dauzka horiek oro; prestigiorik gabekoa da. Helduek haurrekin erabiltzen dute eta haurrek beraien artean. Behe-barietatea familiako transmisioaz ikasten dena. Fergusonen hitzetan goi-barietatea “gainjarria” (superposed) dago, ikasia delako normalki eta era formalagoan.

Diglosia hori barne-diglosia edo endodiglosia deitu izan da, hizkuntza bereko bi barietateren artean gertatzen delako. DIGLOSIAK FORMA HAU HARTZEN DU ASKOTAN

Halere, Fergusonen modelo horren ezaugarrietatik bat gaitzetsi izan zen bereziki: diglosia ez zela egoera egonkorra, ez denboran, ez funtzioen banaketan, hark esaten zuen bezala.

Geroago, hizkuntza-gatazka nozioa aztertuko dugu. Soziolinguista batzuek hizkuntza beraren barietateen edo ukipenean diren bi hizkuntzen egoera desorekatua dela azpimarratu dute.

Fergusonen diglosia egoeran, barietateen esparruak konpartimentatuak eta egonkorrak dira, bi barietateen funtzioak ongi banatuak. Aitzitik, hizkuntzen edo hizkuntza-barietateen bizikidetza dinamikoa da. ‘Barbaro'en hizkuntza gaitzetsia, adibidez, botere betearazlea indarrez hartu ondoan, prestigioduna bilaka zitekeen, ‘goi-barietate’ berria izatera heldu arte.

Fishmanen diglosia

Urte batzuk berantago Joshua Fishmanek Fergusonen kontzeptua bereganatu zuen diglosia nozioaren eremua hedatuz . Alde batetik, elebitasuna, portaera indibiduala psikolinguistikari lotua dena, eta bestetik, diglosia, gizarte-fenomenoa dena, bereizi ditu. Diglosia bi hizkuntza edo hizkuntza-barietate baino gehiagorekin gerta daitekeela adierazi zuen.

Fishmanen ustez, diglosiarik gabe, esan nahi baita hizkuntza-funtzioen banaketarik gabe, orekatutako elebitasun sozial egonkorra ezinezkoa da (stable balanced bilinguism). Izan ere, norbanako elebidun orekatuak sortzen dituen gizarteak bi hizkuntzetatik bat bazter utziko du, funtzio-multzo batentzat eta berarentzat bi hizkuntza behar ez dituelako. Mackeyk ere esaten zuen komunitate elebidun independenteak ez duela elebiduna izateko arrazoirik (Mackey, 1976: 372).

Fishmanek honako sailkapena proposatu du elebitasun eta diglosia nozioen arteko erlazioak argitzeko (Fishman, 1972: 91-106):

  • Elebitasuna eta diglosia: Hizkuntza-egoera honetan hizkuntza-komunitateko lagunak, kasik denak, elebidun izan behar dira. Fishmanek Fergusonen adibidea errepikatzen du, aleman estandarra eta tokiko alemana Suitza alemanean. Herri kasuak bakan direla azpimarratzen du, adibidetzat Paraguai jarriz, gaztelania eta guaranirekin.
  • Elebitasuna diglosiarik gabe: Estatu-Batuetako inmigranteen kasua da, ingelesa ikasten dutelarik beren jatorrizko hizkuntza gordez belaunaldi batez edo gehiagoz. Inmigrazio elebitasunak egoera espektro biziki desberdina erakusten du, norbanakoarengandik talde inmigratzaile osora heda daitekeelako. Elebitasuna diglosiarik gabe egoera aski iragankorra da Fishmanen ustez (1972: 105), funtzio nagusiak betetzen dituen hizkuntzak bestea ordezka dezakeelako, immigrazioaren kasuan harrera-herriko hizkuntzak, hain zuzen.
  • Diglosia elebitasunik gabe: Garatu gabeko herrietan aurki daiteke egoera hori, non baserriko biztanleria elebakarra den eta kolonizazio-hizkuntza ofiziala.
  • Elebitasunik eta diglosiarik eza: Kasu hori aski teorikoa da; komunitate txiki eta isolatuena litzateke. Amazonian, adibidez, ezagun da holakorik badela oraino.

Orotara sailkapen hori aski artifizial eta determinista da, baina halere egoeren dibertsitatea hobeki ulertzen laguntzen du.

Diglosia kontzeptuaren kritika

Era orokorragoan, Fergusonenarekin gertatu zen bezala, Fishmanen diglosia nozioa ere kritikatua izan da. kreolerekin lan egiten zuten ikertzaileek eta soziolinguista katalanek bereziki agertu dute desadostasuna. Diglosia egoerek sortzen zituzten gatazkak txikiesten zituela estimatzen zuten.

Bestalde, diglosia dinamikoa da eta behe-barietate batzuen patua goi-barietate bilakatzea da. Hori argi da hizkuntza erromantzeekin latinaren parean (gaztelania, frantsesa, italiera…); latina behe-barietate bilakatu ez bada ere, betetzen zituen funtzio askotatik baztertua izan da.

Beste batzuek azpimarratu dute diglosiaren definizio horiek mekanistak, deterministak zirela, batzuetan solaskideen askatasun banda handiagoa zela hizkuntza hautatzeko unean.

Oro har, halere, elebitasunaren eta diglosiaren arteko bereizketa baliagarria da soziolinguistikan: elebitasun terminoa erabiliko dugu norbanakoaren, hiztunaren kasuan, diglosia terminoa gizartearen, hizkuntza-komunitatearen, gizarte-klasearen kasuan.

Elebitasuna vs Diglosia

Elebitasuna banako nolakotasuna da; bi hizkuntza jakitea eta txandaka erabiltzea da. Elebitasun mota asko badaude: hizkuntza jabetzearen araberakoak (lehen hizkuntza, bigarren hizkuntza), hizkuntza jabetze ereduaren araberakoak (familian, eskolan, autoikaskuntzaren, zuzeneko esperientziaren bidez), hizkuntza-gaitasunen araberakoak, etab.

Diglosia edo elebitasun soziala gizarte-egoera da. Hizkuntza-komunitate batean bi hizkuntza edo bi hizkuntza-barietate desberdinen erabiltzea da. Hizkuntza edo barietate horiek esparru eta funtzio desberdinetarako erabiltzen dira; bata funtzio formaletarako (administrazioa, hezkuntza, ikus-entzunezko hedabideak…) eta bestea informal eta pribatuetarako (familia, lagunartea).

Maizenik egoera diglosikoa desorekatua da funtzio horien banaketa bidezkoa ez delako. Gainera egoera diglosikoa dinamikoa da, hizkuntza batek, menderatzailea hain zuzen, bestearen funtzio eta erabilera-eremu berri batzuk bereganatzen dituelako denboran zehar.

“Txepetx”ek, diglosia kontzeptua onartuz, hiru diglosia maila proposatu ditu :

  • 1. mailakoa, “erdi-diglosia”, Fergusonen arabiera klasikoa eta herri-arabiera adibidearekin.
  • 2. mailakoa, “diglosia partziala edo funtzionala”, Belgikan edo Danimarka eta Alemania artean gertatzen dena, non hizkuntza batek funtzio guztiak ez baditu ere, mugako beste aldean denak dituen.
  • 3. mailakoa, “diglosia totala edo lurraldekoa” da, Euskal Herrikoa, adibidez, non euskarak funtzio guztiak ez dituen baina erdarak bai, euskararen lurraldean eta kanpoan ere bai (Un futuro para nuestro pasado: 346-347). Azken hau diglosia glotofagikoa (diglosia glotofágica) deitu du, bere prozesuaren bukaera herri-hizkuntzaren desagerpena delako. Hizkuntza menderatzaileak egindako presioaren eraginez hizkuntza menderatua desagertzeraino iristen da.

Hizkuntza-ukipenaz Euskal Herrian bi hitz - Euskara eta diglosia: euskalkiak, euskara batua eta erdara

Euskararen kasuan, Fergusonen araberako “diglosia” adibidea daukagula esan daiteke Euskal Herriko lurralde, gune batzuetan. Hori gertatuko litzateke bi euskara desberdinen arteko elkarbizitza gertatuko balitz, bata goi-barietatea eta bestea behe-barietatea. Euskara batua eta euskalki baten kasua izan liteke, euskara batu hori ikasi ez duten euskaldun zahar batzuentzat. Euskara batua da euskararen barietate estandarra, euskalkietako hainbat elementu bateratuz Euskaltzaindiak proposatu eta arautua duena XX. mendean zehar. Euskalkiak, berriz, euskararen dialektoak dira.

Baina egoera hori aski teorikoa da euskaldun guztiek gaztelania edota frantsesa erdarak menperatzen baitituzte. Euskal Herriko lurralde osoan egoera ez da berdina, eta badakigu lurralde zenbaitetan euskaldun zahar horiek euskara batua ulertzeko arazoak dituztela. Hori gerta daiteke aitona-amona, guraso eta haurren arteko harremanetan, haurrek eskolan euskara batua ikasten dutenean.

Zuberoan, adibide gisa, diglosia Fishmanen adieran daukagu eta ez Fergusonenean, zubereraren eta frantsesaren artekoa, biarnesa, aski galdua delako. Euskara batua sartzen baldin bada ere lexikoa emendatuz bereziki, ezin da esan egiazko goi-barietatea denik. Frantsesa da funtzio hori betetzen duena.

Soziolinguistek Euskal Herrian erabateko diglosia dagoela esaten dute (gaztelaniaz diglosia total, frantsesez diglossie totale), lurralde osoan egoera diglosikoa gertatzen baita, berdin-berdina ez izanik ere Euskadin, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian.

Ildo berean, noranzko bakarreko elebitasuna dagoela esaten dute (gaztelaniaz bilingüismo unidireccional, unilateral, frantsesez bilinguisme unidirectionnel, unilatéral), euskaldunak erdara ikastera behartuak izan direlako eta erdaldunak euskara ikastera, aldiz, ez. Euskal Herriko gune batzuetan bizitzeko euskara ikastea beharrezkoa zeneko garaia urrun da .

Euskara, gaztelania eta frantsesa ukipen-hizkuntzak dira. Baina euskara gutxiengoaren hizkuntza bilakatu da denborarekin; gaztelania edo frantsesa, aldiz, kanpotik etorri izanik ere, gehiengoaren hizkuntzak bilakatu dira, funtzio eta esparru formalez gain, funtzio eta esparru informalak bereganatuz euskaldunek euskara galtzen zuten neurrian.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Diglosia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3