Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:3:3

Hizkuntza-gatazka

Gizarte batean bi hizkuntza edo gehiago ukipenean direnean lehiaketan dira, ez dituzten funtzioak berenganatzeko edo dituztenak begiratzeko eta indartzeko. Soziolinguista batzuk hizkuntza-gatazkaz mintzatzen dira, zenbaitek gerraren irudia erabiltzen dute (ikus adibidez Calvet 1987, Mollà 2002). Hizkuntzen existentziagatiko borroka ere aipatu da. Horretaz guztiaz ariko gara kapitulu honetan.

Hizkuntza gatazka nondik sortzen den

Hizkuntza-gatazkaren jatorri-puntua elebitasun soziala da, diglosia beraz. Mundu elebakarrak ez luke horrelako gatazkarik ezagutuko, baina horrelako mundua ilusioa baizik ez da. Eleaniztasuna da errealitatea, gizarteen aberastasun kultural handienetatik bat. Gizakiak eta botereek ez dute ezberdintasuna ongi onartzen (Calvet 1987: 76); munduko historiak hizkuntza-desberdintasuna ez-onartzearen adibide asko eman dizkigu. Euskaldunek pairatu dituzten adibide ugariak aurki ditzakegu J.M. Torrealdaik idatzitako El libro Negro del Euskera liburuan.

HIZKUNTZA BORROKAK HAU BAINO FUERTEAGOAK IZAN DAITEZKEMundu eleaniztuna gatazka zabalen eremua da, tentsio iraunkorrena, gehiengoaren hizkuntzaren eta gutxiengoarenaren artekoa, boterearen hizkuntzaren eta hizkuntza gutxituaren artekoa edota bihotzeko hizkuntzaren eta ogikoaren artekoa.

“Hizkuntza-gatazka” modeloak ikuspegi diakronikoa hartzen du; modelo diglosikoa, aldiz, sinkronikoa da bereziki. Batzuetan hamarkada batzuk behar dira hizkuntza baten desagerpen prozesuaz ohartzeko, zenbaitetan mende batzuk (Boyer: 53). Hizkuntza menderatzaileak egindako presioaren eraginez, hizkuntza menderatua desagertzeraino iristen da.

Hizkuntza-normalizazio” nozioa - Normalizazioa ordezkapenaren aurrean

Hizkuntza-normalizazio nozioa minorizazio-egoeran dagoen hizkuntza egoera horretatik ateratzea adierazteko erabilia da. Minorizazioak hizkuntza hori gizarte-esparru eta funtzio batzuetatik baztertzen du. Normalizazio prozesuaren bidez, hizkuntzak esparru eta funtzio horiek eskuratzen ditu. 1.1. lerroaldean ikusi dugu nola Txepetxek elebidunak sailkatzen zituen lehen ikaskuntza eta bigarren ikaskuntza ereduaren arabera. A ikaskuntza, naturala, etxean, familian haurtzaroan egiten dena da; B ikaskuntza bigarrena edo kulturala da, eskolan edo autoikaskuntzaz egiten dena. Irizpide bera aplikatuz, Txepetxek hizkuntzak ere sailkatu zituen, une jakin batean zein egoeratan dauden azaltzeko: AB hizkuntzak naturalki eta kulturalki transmititzen direnak (gaztelania edo ingelesa, adibidez), A hizkuntzak soilik transmisio naturala dutenak (idazten ez diren hizkuntzak), B hizkuntzak soilik transmisio kulturala dutenak (latina, grekoa… ) eta mintzatzen ez direnak, galdu direnak, beraz.

Bere teorian, normalizazioaren helburua hizkuntzaren garapen osoa lortzea da; euskararen kasuan AB hizkuntza izatea da, funtzio natural eta kultural guztiak betetzen dituen hizkuntza izatea, garaian garaiko funtzio guztiak bete ahal izateko. Beraz, gaur egun informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako hizkuntza egokia izatea, adibidez.

Soziolinguista batzuen ustez, gatazka hizkuntza-ukipenaren ezaugarri definitzaileetatik bat da. Mollà soziolinguista katalanak honakoa dio: “Hizkuntza-komunitate gehienak gatazka egoeran daude beste batzuekin, fenomeno horrek aldaketa linguistikoak eragiten ditu (hibridazioa), baita gizarte-esferan erabileretan ere(ordezkapena)” (Manual de sociolingüística: 58).

Ikusmolde horren arabera, hizkuntza-gatazka bi eraz burura daiteke: normalizazioaren bidez, esan nahi baita gutxitua zen hizkuntza komunikazio-eremu eta une guztietan nagusitzen dela lurralde jakin horretan, edo ordezkapenaren bidez, esan nahi baita hizkuntza nagusiaren garaipen osoa. Hizkuntza-ordezkapen eta iraupen nozioak 4.2. lerroaldean azalduko ditugu.

Halere, Georg Kremnitz-en ustez, komunikazio-egoera elebakardunen “normalizazio” ustea baztertzeko da. Esan dugun bezala, hiztunak hizkuntza edo hizkuntza-barietate bat baino gehiago dauzka eta gaitasunak asimetrikoak dira. Hizkuntzen kasuan ere simetria orokorra ezinezkoa litzateke.

Hizkuntza berri bat komunikazio-esparru batean sartzeak ez die automatikoki beste hizkuntzei esparru hori kentzen. Komunikazio batura osoa emendatzen da zenbaitetan. Interneten kasua ezaguna da, eta ohartzen gara euskarak, hizkuntza gutxitua baldin bada ere, leku aski handia eskuratu duela esparru horretan, erregistro mugatu batean izanik ere.

Azkenean, Kremnitz bat dator “normalizazio” terminoa begiratzearekin, baina ez hizkuntza baten monopolioaren adieran, baizik eta komunikazio-egoera denetan hizkuntza horren erabilera aukeraren adieran bakarrik. Honela, definizioak gaur egungo komunikazio-egoera konplexu eta osagarriak kontuan hartzen ditu (“Le concept de “conflit linguistique”: 18-19).

Ildo berean, Txepetxen ustez, euskararen normalizazioa ez da euskara botere hizkuntza bihurtzea, boterea gaur egun ulertzen den bezala patologia kaltegarria besterik ez baita (Zalbide, Erize: 95). Helburua bikoitza da; alde batetik, hizkuntza gutxituaren komunitatea trinkotzea eta, bestetik, gizartean eragina lortzea, hizkuntza nagusiaren hiztunak etsaitzat hartu gabe. Azken helburu hau hizkuntzei buruzko printzipio ideologiko batean oinarritzen da, hizkuntza-komunitateen berdintasun printzipioan, hain zuzen ere. Berdintasun horrek lurralde horretan botere politiko inpartziala izatea suposatzen du.

Iduri luke horrela litzatekeela Finlandian adibidez, finlandieraren (suomiera) eta suedieraren kasuan bederen. Suediera, suediera-hiztunak biztanleriaren %5 izanik ere, ofiziala da finlandiera bezala . Erakunde publiko guztiak elebidunak dira, haur-eskolatik unibertsitatera. Suediera nahitaezkoa da Finlandia osoko eskoletan. Adituek diotenaren arabera elebitasun paralelo eta berdina eraiki dute Finlandian.

Hizkuntza motak hizkuntza-gatazkaren modeloan

Pentsamendu-korronte honetan bereziki, baina soziolinguistika-teoria gehienetan ere, hainbat esapide erabiltzen dira ukipenean diren hizkuntzak izendatzeko: gehiengoaren hizkuntza, gutxiengoaren hizkuntza (eremu urriko hizkuntza), hizkuntza menderatzaile, hizkuntza menderatu, hizkuntza gutxitu (mendeko hizkuntza), hizkuntza mehatxatu…

Hona definizio batzuk, “gutxiengoaren hizkuntza” eta “hizkuntza gutxitu” nozioak bereizi beharko ditugula azpimarratuz.

Hizkuntza menderatzailea: “Hizkuntza-gatazkako egoeran, hizkuntza menderatuaren hainbat esparru eta funtzio irabazi dituenez, gailen agertzen den hizkuntza” (UZEI : 29).

Hizkuntza gutxitua: “Hizkuntza-gatazka egoeran, hizkuntza menderatzailearen esku hainbat esparru eta funtzio galdu dituen hizkuntza” (ibid.).

Gutxiengoaren hizkuntza: “Hizkuntza-ukipenean bizi den lurralde batean, gutxiengo batek erabiltzen duen hizkuntza” (ibid.).

Gehiengoaren hizkuntza: “Hizkuntza-ukipena bizi duen lurralde batean, hiztun gehienek erabiltzen duten hizkuntza” (ibid.).

Azken bi definizioak estatikoak eta neutroagoak dira, hiztun kopuruak erkatzen dituzte bakarrik. Aldiz, lehen bietan ezegonkortasun dinamikoaren aurrean gaude, irabazteak eta galtzeak aldaketa suposatzen dutelako. Hizkuntza batek, gutxituak, erabilera-esparru eta funtzioak galdu ditu menderatzailearen mesedetan.

Halere, eta ildo berean, ohartu behar da erabilera-esparru berriak sor daitezkeela (teknologia berriak, inprimatze-teknika Erdi Aroan…). Horrelakoetan, hizkuntza menderatzaileak ez dio eremu berri hori gutxituari hartzen, beregaintzen baizik ez du. Kasu honetan ez dugu ordezkapenik, irabazte berri bat baizik.

Nozio horiek ukipenean diren hainbat hizkuntzari aplikatu zaizkie, berezko hizkuntza gutxituei bereziki, euskara, katalana, bretoiera, okzitaniera edo sardiniera bezalakoei.

Hizkuntza-gatazka ez da bakarrik linguistikoa

Fishmanen ildoan, Mollàk ohartarazten du, teorikoki, gatazkarik gabeko “elebitasun soziala”, gatazkarik gabeko diglosia, posible dela, hain zuzen diglosia orekatua (2002: 149). Kasu honetan botere sozial, ekonomiko eta politikoa, prestigioa, bidezkotasunean banatuak dira bi gizarte-taldeen artean, bi hizkuntza-komunitateen artean. Baina ohiko egoeran talde batek boterea dauka.

Mollàren ustez, hizkuntza-gatazka gainditzeko aterabide bakarra da hizkuntza-lurraldetasuna finkatzea (Manual de sociolingüística: 150); hizkuntza gizarte-egoera guztien erabilera-hizkuntza izatea, gizartearen bizitzako eremu publiko guztien hizkuntza. Mollaren esanetan “horrek beste hizkuntzaren itzulera inplikatzen du” (ibid.). Elebitasunaz eta diglosiaz hauxe da bere konklusioa: “Gizarte-erabilera elebidunaren faltsutasunak eta elebitasun indibidualaren aldebakarrekotasunak erakusten dute elebitasuna irreala, mitikoa dela” (2002: 159).

Munduan zehar hizkuntza-gatazka mota asko daude. Gehienetan gatazka ez da diglosikoa, linguistikoa, baizik eta politikoa, ekonomikoa, kulturala… Bi komunitateetatik batak bestearen mendekotasun politikotik libratu nahi du.

Hori zen Yugoslavia ohian Serbia eta Kroaziaren arteko kasua. Linguisten ustez, serbokroaziera hizkuntza bat baizik ez zen, nahiz maila tipologikoan, nahiz genetikoan. Baina kroaziarrek independentzia lortu nahi zuten eta hizkuntzak helburu horretan lagundu die. Serbian hizkuntza alfabeto zirilikoz idazten zen, Kroazian latindarrez. Desberdintasun fonologiko, gramatikal eta bereziki lexikal batzuk ere baziren. Kroaziarren ustez, independentzia linguistikoak independentzia politikoa azkartu beharko zuen, batasun nazionalaren ezaugarrietatik bat berezko hizkuntza delako, nazio-nortasunarena.

Herriak nazio izatearen kontzientzia hartu eta estatu propioa eraikitzeko nahian hizkuntza propioa aldarrikatzeari hizkuntza-nazionalismoa dei dakioke. Horrelako hizkuntza-nazionalismoaren adibidea hizkuntza-leialtasun sailean sar daiteke, baina adiera zabalean; ez norbanakoak bere hizkuntza egoera guztietan erabiltzen duen hitzez hitzeko adieran.

Kasu horietan, ez dira hizkuntzak sortzen, kreolerekin gertatu bezala; ez dago hizkuntza pizkunderik hebreerarekin bezala, baizik eta hizkuntza bereizketa prozesua. Hizkuntza bat ala biren existitzea ez da arazo teknikoa soilik, baita irudikapen arazoa ere. Herritarrek beren hizkuntza propioa izan behar dutela deliberatu dute eta helburu horretara behar diren ahalbideak indarrean ematen dituzte.

Azkenean, hizkuntza-gatazka hizkuntzaren erabilera-eremu denetan ager daiteke. 4.1. lerroaldean, adibidez, ikusi dugu familia ere hizkuntza-gatazkaren eremua izan daitekeela. Argi da hizkuntza-gatazka kasuak ez direla hizkuntza arazo edo komunikazio arazo hutsak. Soziolinguista ezagunen artean, Robert Cooper da, behar bada, hori ondoen azpimarratu eta esplikatu duena (Language Planning and Social Change): helburuak kontsumitzaileen babesa, harreman zientifikoak, kontrol politikoa, garapen ekonomikoa, elite berrien sorkuntza edo ohikoak gordetzea, talde gutxituak baketzea edota nazio askapenerako altxatzea izan daitezke, besteak beste, eta ez bi hizkuntza-komunitateren edo gehiagoren arteko komunikazioa hobetzea edo hizkuntza arazoa(k) konpontzea.

Hizkuntza-gatazkaren modelotik gora

Hizkuntza-gatazkaren modeloak hizkuntzen arteko harremanak ulertzeko tresna bat aurkezten du. Baina behar bada ez oso egokia. Hizkuntza gutxituaren sustapena ez litzateke egin behar beste hizkuntz(ar)en kaltez. Bestalde, estatu-nazioaren hizkuntza bakarraren modeloa erreproduzituko litzateke berriro ere. Bestetik, eta nolanahi ere, hizkuntza-komunikazio bat beharrezkoa da hizkuntza-komunitate desberdinen artean.

Hizkuntzen arteko bizikidetza, hizkuntzen arteko elkarbizitza litzateke helburua. Diskurtso moralaz gain, planteamendu zientifikoa ere beharrezkoa da. Hau da hizkuntzen ekologia eraikitzen saiatzen dena (ikus 5. Ondorio gisa).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntza-gatazka", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3