Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:1:2

Euskalkien berrikuntza komunak

Koldo Mitxelenak “Lengua común y dialectos vascos” artikuluan (1981) arrazoi sendo bat aipatu zuen euskalkiak oso antzinakoak ez zirela esateko: berrikuntza berberak eta modu berberean gertatu direla euskalki guztietan, eta berrikuntza horiek ez direla oso antzinakoak. Jakina, hori ez zen horrela izango, euskalkiak iragan urrunetik etorriko balira.

  • […]los dialectos vascos aún en nuestros dias están poco diferenciados, y la coincidencia en las estructuras subyacentes (fonología, morfologñia, vocabulario) se debe a que proceden en común de un protovasco cuyas características más importantes casi podemos tocar con 1os dedos. (Lengua común y dialectos vascos, Mitxelena)

Latinetik hartutako hitz ugariak ziren horren adibide. Hitz horietako asko euskaran oso modu berezian egokitu dira, ez inguruko hizkuntzetan bezala, baina egokitzeko modu berezi hori berbera da euskalki guztietan. Hona hemen adibide bat: latineko pace > bake egin da euskalki guztietan (bake > pake aldatu zen gero erdigunean).

Nola mailegatu dituen euskarak hitzak latinetik

Hauexek izan dira latineko maileguak euskalki guztietara egokitzeko orduan gertatu diren arau nagusiak:

  1. Ez dira onartu muta cum liquida kontsonante multzoak, hau da, p, t, k, b, d, g, f + l, r. Bide bi jarraitu dira multzo horiek desegiteko: a) kontsonanteeko bata galdu egin da (lat. pluma > eusk. luma), edo b) kontsonante bien artean bokal anaptiktiko bat sartu da (lat. cruce > eusk. gurutze).
  1. Ez da hitz hasieran dardarkaririk onartu; aurretik a- edo e- bokalak jarri dira hori saihesteko. Euskalki guztietan esaten dira errege, Erroma, erromeria, errota, arrazoi(n)…
  1. Hitz hasierako p-, t-, k- euskaraz b-, d-, g- egin dira: lat. tempora > eusk. denbora, lat. causa > eusk. gauza, lat. cella > eusk. gela.
  1. Bokal artean lau bilakaera gertatu dira. Alde batetik, -n- galdu da (lat. corona > eusk. koroa). Bestetik, l > r egin da (lat. angelu > eusk. aingeru). Hirugarrenik, -nn- > -n- egin da (lat. annona > eusk. anoa). Eta laugarrenik eta azkenik, -ll- > -l- egin da (lat. castellu > eusk. gaztelu).

Latinetik hartutako hitzak berberak euskalki guztietan

Latineko maileguak direla eta, beste gauza bat esan behar da: handik etorritako hitzak euskalki guztietan berberak direla. Hona hemen zenbait adibide: eremu, eskola, ezpata, gorputz, joko, katea, landare, lege, liburu, madarikatu, olio, piper, soka, zuku… Eta askotan, hizkuntza erromanikoen bidez geroago sartutakoak ere, berberak dira euskalki guztietan. Esate baterako, hauek: altxatu, arraza, arropa, balio, bota, gorde, itxura, kaiola, leku, mendebal, polit, sob(e)ra, soinu, teila, zintzarri

Hitz elkartuak osatzeko moduak ere berberak dira euskalki guztietan. Hona hemen orokarrak diren arauak:

  1. Hitz elkartuen lehen osagaiak -di/-gi amaiera daukanean, -t egiten da: ardi + zain > artzain, begi + ile > betile.
  1. Lehen osagaiak -e, -o, -u amaiera daukanean, -a egiten da: etxe + be > etxabe, baso + jaun > basajaun, katu + kume > katakume.
  1. Lehen osagaiak -n amaiera daukanean, -r egiten da: egun + aldi > eguraldi.
  1. Lehen osagaia -ra, -re, -ri denean, -l egiten da: euskara + dun > euskaldun, abere + etxe > abeletxe, afari + du > afaldu.
  1. Lehen osagaia -ri, -ru denean, galdu egiten da bokala: iturri + buru > iturburu, buru + muin > burmuin.
  1. Silaba bitik gorako hitzetan lehen osagaiko -o galdu egiten da: itsaso + bazter > itsasbazter.

Hitanoen alokutiboa

Hitanoko alokutiboena da euskalki guztietan gertatu den beste berrikuntzetako bat. Badirudi berri samarrak direla eta, zenbait gauza txiki gorabehera, egitura berbera daukate alderdi guztietan: naiz > nauk/naun, zait > zaidak/zaidan, dut > diat/dinat (mendebalean joat/jonat), nago > nagok/nagon, dakit > zakiat/zakinat

Alokutibo horien sorrerarekin lotuta, beste gertakari bat ere bada. Antzina pluraleko 2. pertsona zena (zu zara, zuk duzu) singular izatera aldatu da, eta plurala adierazteko sortu den berria (zuek zarete, zuek duzue) berbera da euskalki guztietan.

— Egilea: Koldo Zuazo

lanaren aipamena nola egin...

Koldo Zuazo, "Euskalkien berrikuntza komunak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3