Erabiltzaile Tresnak


hizk:1

Hizkuntzalaritza konputazionala

Inprentaren sorkuntzak hizkuntzaren tratamendua eta zabalkuntza irauli bazituen, XX. mende amaierakoa dugun konputagailuak ez du iraultza txikiagoa ekarri. Hasteko, gero eta gehiago erabiltzen ditugu konputagailuak eta konputagailu-programak gure eguneroko jardunean, eta programa horietako askok eta askok testua nola edo hala “tratatu” egiten dute, prozesatu. Bestalde, konputagailuekiko komunikazioa hizkuntza arruntaren bitartez (eta ez lengoaia formal baten bidez) egin ahal izatea, gero eta normalago izango da. Gizarte eleaniztunak hizkuntza batetik bestera egin behar izaten dituen joan-etorriak leuntzeko ere, aparteko lagun dugu konputagailua. Gainera, telekomunikazioetan gertatutako aurrerapen izugarriak eragin duen Internet fenomenoak, areagotu egin du hizkuntzaren tratamendu automatikoaren beharra; interesatzen zaigun informazioa ondo selekzionatzeko, esaterako, tratamendu linguistiko lagungarria ezinbestekoa baita.

Hizkuntzaren tratamendu automatikoaren inguruko ikerrarloari lengoaia naturalaren prozesamendua (LNP) esaten diogu informatikariok, nahiz eta, batzuetan, hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik erreparatuta, batez ere, hizkuntzalaritza konputazionala ere esan. Hizkuntzaren industria oso bat sortzen ari da, konputagailuaz baliatuz hizkuntza prozesatzea helburu duena. Gaur egun badira testua edo hizketa lantzeko zenbait hizkuntza–aplikazio eskuragarri, hala nola: ortografia-zuzentzaileak, estilo-zuzentzaileak, hiztegi-kontsultak on-line, itzulpen automatikoa eta itzulpen-laguntzak, hizketa testua bihurtzen duten sistemak, testuak irakurtzen dutenak, bigarren hizkuntza ikasteko sistemak, aplikazio informatikoak gure hizkuntzan erabiltzeko interfazeak, Galderetarako erantzunak bilatzeko sistemak (Question Answering), dokumentu - bilatzaileak (IR, Information Retrieval), informazio-erauzketa dokumentuetatik (IE, Information Extraction), laburpen automatikoa (Summarization), dokumentu-sailkatzaileak, dokumentu- bideratzaileak (Routing), dokumentu-multzokatzaileak (Clustering), dokumentu-iragazleak (Filtering) edo testu-sorkuntza automatikoa. Atal honen helburua, beraz, giza hizkuntzaren tratamendu automatikoaren inguruko ikerrarloa zertan den azaltzea da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntzalaritza konputazionala", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3