Erabiltzaile Tresnak


morf:2:1

Hizkuntza ergatiboa

Euskararen beste bereizgarri bat, eta euskaldunen arreta ez ezik, kanpoko hizkuntzalariena ere jaso duena ergatibotasuna da. Izan ere euskara hizkuntza ergatiboa da eta auzoko hizkuntzak, frantsesa eta gaztelania, adibidez, hizkuntza akusatiboak dira.

Hizkuntza bat ergatiboa denentz jakiteko, bere kasu sistemari begiratzen diogu eta sistema hori nola atontzen den ikusten dugu.

Donemiliagako glosak

  • Jon etorri da
  • Jonek Mikel ikusi du

“Jon etorri da” eta “Jonek Mikel ikusi du” perpausetan, subjektuak marka desberdinak erakusten ditu, ondoko hizkuntzetan gertatzen ez den bezala. Eta, gainera, batzuetan objektuaren morfologiak bat egiten du subjektuarekin ere: “Mikel etorri da”, “Mikel ikusi dut”. Munduan badira, jakina, beste hizkuntza ergatibo asko “nominatibo-akusatibo” motako hizkuntza ez-ergatiboak kopuruz errazago aurkitzen badira ere. Hizkuntza ergatiboak dira “diyrbala” eta beste hizkuntza batzuk Australian. “Pastunera” eta “hindiera” ere, ergatiboak dira eta Kaukasoko hizkuntza gehienak ere. “Navajoa” eta “Maia” hizkuntzak ergatiboak dira eta Iparraldeko “Inuit” hizkuntzaren dialektoak. Beraz, euskararen ezaugarri hau nabarmena izanik ere, ez da euskararena bakarrik eta beste toki horietan ere aurkitzen ahal da. Beraz, ergatibitateaz jardungo dugu, hori baita, esan bezala, euskararen ezaugarri nagusienetako bat.
Jo dezagun bi perpaus hauek ditugula:

  • zu berandu etorri zara
  • zuk ni ikusi nauzu

Lehen perpausean, etorri aditza dugu eta bigarrenean ikusi, eta bi perpausetako subjektuak desberdinki markatzen dira: batean zu forma dugu eta bestean zuk. Bada, zu pertsona izenordainari gaineratu zaion -k marka morfologikoa kasu marka bat da eta ergatibo esaten zaio. Aldiz, lehen perpauseko zu pertsona izenordainak zero kasu marka duela esan ohi da eta kasu honi absolutibo esaten zaio. Euskara bezalako hizkuntza ergatiboetan, perpauseko subjektuak kasu marka bat edo bestea jasotzen du, aditza zein den: etorri edo beste aditz iragangaitz izanez gero, orduan subjektuak absolutiboa jasotzen du; aldiz, ikusi edo halako beste aditz iragankor bat izanez gero, orduan subjektuak ergatiboa erakusten du. Labur esanda, ergatiboa den hizkuntza batean, subjektuak bi kasu erakusten ditu (ergatiboa edo absolutiboa), nolakoa den aditza. Baina ez da hori bakarrik gertatzen: bi kasu horietatik bat, hots, absolutiboa, aditz iragankorreko osagarriari ere ezartzen zaio: nik zu ikusi zaitut.

Horrenbestez, absolutiboa (zu), batzuetan osagarri zuzena da eta beste batzuetan subjektua: pertsona izenordain hori ikusi aditz iragankorraren osagarria bada kasu absolutiboa ezartzen zaio, zero marka morfologikoa (∅) baitu; baina aldi berean, zu berandu etorri zara bezalako perpausetan subjektua da. Batean objektua, bestean subjektua. Eta bietan kasu absolutiboa. Beraz, hitz gutxitan esateko, subjektuak bi marka har ditzake, aditzaren arabera, ∅ (absolutiboa) edo –k (ergatiboa), eta aditz iragankorretako osagarri zuzenak eta aditz iragangaitzen subjektuak marka bera hartzen dute: ∅. Bi funtzio, subjektua eta osagarri zuzena, marka berarekin (∅), batetik; eta funtzio bera, subjektua, bi marka desberdinekin (-k eta ∅):

  • Ikusi —> NIKerg ZUabs ikusi zaitut
  • Etorri —> ZUabs etorri zara

Halako kasu sistema duen hizkuntzari ergatibo deritzo. Euskararekin alderatzen badugu, tipologikoki bestelako kasu sistema dute gaztelaniak edo frantsesak, subjektuak beti markatzen baitituzte kasu marka berarekin, nominatibo kasua deritzanarekin, eta osagarria beste batekin: akusatibo deritzanarekin. Egia da hizkuntza hauek galdu dituztela neurri handi batean kasua adierazten duten marka morfologikoak, baina batzuetan, pertsona izenordainetan bereziki, geratzen dira aztarna batzuk: yo he venido / je suis venu; yo te he visto / je t’ai vu. Bietan subjektua (batean iragangaitza, bestean iragankorra) berdin markatua: yo eta je. Aldiz, (tu) me has visto / tu m’as vu esaten dugu, eta hor ageri da akusatiboaren seinale zaharra: me (izan ditzakeen aldaera fonologikoekin, jakina).

Latinezko "Carpe Diem" esaldiak "bizi momentua" esan nahi du. Carcassoneko gazteluko eguzki erlojua da hau

Arrazoi horregatik, beharbada, hobe litzateke latinera jotzea, hobeki ikusten baita arazoa:

  • EGOnom video TEakus —> nik ikusten zaitut
  • EGOnom veni —> ni etorri nintzen
  • Hots:
  • Videre —> EGOnom video TEakus
  • Venire —> EGOnom veni

Latina bezalako hizkuntza batean mota bateko aditzen subjektuen eta beste motakoen artean ez da bereizketarik egiten: bata zein bestea nominatiboan. Euskaraz, batzuen subjektua eta besteen objektua berdintzen dira, biak absolutiboan. Beraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez… subjektua nominatiboan doa (lehen pertsona denean: yo, je, I), eta osagarri zuzena akusatiboan (me). Euskaraz, subjektua absolutiboan edo ergatiboan (ni, nik), eta osagarri zuzena absolutiboan (ni). Noski, latina bezalako hizkuntza batean hori aise nabarmenago gelditzen da: ego video te (‘nik zu ikusten zaitut’), ego venio (‘ni nator’).

Beste ohar bat egitea ere komeni da hemen: deskribatzen ari garen fenomeno honek aditzean ere badu isla. Dakigunez, aditz laguntzaileak kasu ergatibo, absolutibo eta datiboarekin (azken hau ez beti) egiten dituen komunztadura-markak biltzen ditu morfologian. Hola, eman dizkiet entzuten badugu, badakigu dizkiet horrek perpausaren gaineko informazio asko ematen digula:

  • badakigu subjektua lehen pertsona singularrekoa dela —> dizkie-t
  • badakigu ere pluraleko hirugarren pertsona ageri dela datiboan, zehar osagarri gisa —> dizki-e-t
  • eta badakigu osagarri zuzena pluralekoa dela —> di-zki-et

Informazio hori guztia aditz laguntzailearen morfologian bildua da. Horregatik diogu deskribatzen ari garen fenomenoak baduela isla aditzean: ni etorri naiz; nik egin dut. Baina zuk ni ikusi nauzu. Hor ere deskribatu dugun paralelismo bera ageri da, aditzaren morfologian. Berehala itzuliko gara kontu honetara.

Ergatibotasunaren gaiak askotariko gertakariak erakusten ditu eta guk hemen oinarri-oinarrizkoa baino ez dugu jaso. Alabaina, gako nagusiak behintzat aipatu ditugu:

  • ergatibotasunak kasu sistema jakin batekin du zerikusia eta kasu sistema horretan, bi subjektuak, aditz iragangaitz eta iragankorrekoak bereizi egiten dira, absolutiboaren eta ergatiboaren marken bidez, hurrenez hurren:
  • Jone etorri da, Mirenek Jone ikusi du
  • bi subjektuetatik bat, aditz iragangaitzekoa, osagarria bezalaxe markatzen da, absolutibo kasuaz:
  • Jone etorri da, Mirenek Jone ikusi du

Hala ere, konfigurazio hori (iragangaitza ⇒ subjektu absolutiboa; iragankorra ⇒ subjektu ergatiboa-objektu absolutiboa) ez da beti horrela gertatzen euskal sintaxian. Batzuetan hautsi egiten da, eta euskarak, zenbait agerralditan, ez du konfigurazio ergatibo kanonikoa erakusten. Jo ditzagun adibide hauek:

Eskiatzen

  • Zu Pirinioetan egon zara
  • Zuk Pirinioetan eskiatzen duzu.

Argumentu kopuruaren aldetik, biak pareko dira. Alta, eskiatu aditzak ergatiboa eskatzen du daukan argumentu bakarrean, ez absolutiboa. Aditz hori (eskiatu) berria da, baina aditz klasiko batzuekin ere gertatzen da zenbaitetan holako zerbait:

  • mota guztietako lanetan jardun zen Aitziber
  • mota guztietako lanetan jardun zuen Aitziberrek.

Egon eta eskiatu aditzek argumentu bana dute, iragangaitzekin gertatzen den gisan, eta hortaz, biak iragangaiztzat hartu behar ditugu. Geroago xehekiago azalduko bada ere, aditzen “argumentu” esaten diegu aditzek duten sare semantikoan ageri diren osagaiei. Sare semantiko horiek eredu jakin bati jarraiki eratzen dira arruntean. Esate baterako, etorri aditzak norbait etortzea eskatzen du, bestela ez luke zentzurik: izeba etorri da. Argumentu hori beharrezkoa du. Ikusi aditzak norbaitek zerbait ikustea eskatzen du eta, beraz, aditz horren sare tematikoan (edo tematikoan, esanahi bera dute bi terminoek azalpen honetan) bi argumentu daudela esaten dugu: norbait eta zerbait1, adibidez, alabak aita ikusi du. Era berean, eman aditzak bi argumentu eska ditzake, esanahia nolakoa duen: ikertzaileak hitzaldia eman zuen. Edo hiru, ezinbestean: Itziarrek musu eman dio alabari. Horiek dira, esan dezagun, aditzen sare arruntenak, sare horietan parekotasuna baitago, gainera, kasu markekin: argumentu bat bada, kasu absolutiboa ageri da (izeba), bi badira kasu ergatiboan eta absolutiboan doaz (alabak, aita).

Baina aditz guztiek ez diote eredu horri segitzen, eta argumentuen eta kasuen arteko parekotasun hori hautsia gelditzen da zenbaitetan. Batzuetan, aditz batek eskatzen dituen bi argumentuak ez ditugu kasu ergatiboan eta absolutiboan ikusten: txokolatea gustatzen zait esaldian bi argumentu ageri dira (gustatu aditzak zerbait eta norbaiti gustatzea eskatzen du ezinbestean2), baina bi argumentu horiek ez daude kasu ergatiboan eta absolutiboan, espero genezakeen gisan, baizik absolutiboan eta datiboan. Iritzi eta eutsi modukoek ergatiboa eta datiboa eskatzen dute, nahiz aditz laguntzailea dio sailekoa duten. Bada, goian aipatu eskiatu eta jardun ere sail horretakoak dira, argumentu bakarra izanik ez baitoa argumentu hori kasu absolutiboan, baizik ergatiboan (jardun aditzaren kasuan, aukeran, ergatiboan nahiz absolutiboan). Inoiz “deponente” ere deitu izan zaie holako aditzei euskal gramatiketan. Dimititu eta iraun ere tankera berekoak dira:

  • Jonek aspaldi dimititu zuen
  • Erauntsiak lau ordu iraun du

Ageri den argumentu bakar hori batzuetan agentea da (eskiatu), beste batzuetan esperimentatzailea (sufritu, pairatu) eta beste batzuetan ikusmena, usaimena edo entzumena estimulatzen duen gertakari batekin lotzen da (Rappaport & Levin 2000: 269-304):

  • ezkilak jo du
  • Eguzkiak dirdiratzen du
  • Gehien distiratzen duen izarra da
  • goiz argitu du gaur
  • atzo hamarretan ilundu zuen…

Holako asko euskaraz egin aditzaz baliaturik ematen ditugu: ulu egin, intziri egin

Horregatik diogu aditz horiek ez diotela eredu arruntari segitzen eta, goian aipatu konfigurazio hedatuenekin erkatuz gero, oso konfigurazio diferenteak eratzen dituztela. Hori gertatzea ezustekoa da hizkuntza ergatibo batean. Izan ere, euskara hizkuntza ergatiboa izanik, printzipioz espero genezake lehen perpausean dagoen konfigurazio bera egotea baita bigarrenean ere, hots, *zu Piriniotan eskiatu zara bezalako zerbait gramatikala izatea, baina, jakina denez, prpaus hori ez da gramatikala. Eta horren antzeko zerbait gertatzen da jardun aditzarekin, nahiz egia den aditz honek bi konfigurazioak onartzen dituela: hamaikak arte jardun zuten/ziren lanean. Badira, hortaz, absolutibodun intrantsitiboak (gehienak) eta ergatibodun intrantsitiboak (gutxiago). Hola deituko ditugu.

Beharbada horregatik sortu dira ohitura eta erabilera desberdinak zenbait aditzen inguruan: dantzatu, esate baterako. Aditz hori zu Pirinioetan egon zara esaldiko eredu berarekin erabili izan da gehienbat tradizioan: dantzatu naiz eredukoa da, iragangaitz arrunta, alegia. Hola erabili izan da euskalki guztietan. Nahiz badiren eskiatu-ren ereduari segitzen dioten idazleen adibideak ere: Jaunaren aurrean dantzatuko dut; ez duela dantzatzen zortzikoan gaizki; dantza ezazu eta horien pareko zenbait ageri dira literatura klasikoan. Eta gaurkoan ez dira falta: denek dantzatu dugu musika horretan… baina adibide gehienak laguntzaile gisa izan hartzen dutenen eredukoak dira, edo bestela konfigurazio iragankor arruntekoak, subjektua eta osagarri esplizituarekin: aurreskua dantzatu zuen. Horren antzekoa da borrokatu aditza ere. Literaturako adibide gehienak egon eredukoak dira: arratsalde osoan borrokatu da, baina ezin izan du konpondu; etsaien kontra borrokatzen ziren, eta abar. Gaurko literaturan borrokatzen dute, borrokatzen zutenek ez zekiten… bezalakoak nahiko arruntak dira. Horretan eskiatu-ren ereduari segitzen diote.

Serac-ek elur-jausiak ekar ditzakete. Irudian Ecrins, Frantziako Alpeak

Itzul gaitezen berriz ere egon eta eskiatu aditzetara eta ikus dezagun diferentziak zertan diren. Lehenean, egon aditzaren argumentu bakarrak (zu) kasu absolutiboa du. Oso bestela, bigarrenean, eskiatu aditzaren subjektuak kasu ergatiboa erakusten baitu, perpausean osagarri zuzenik ez dagoen arren. Diferentziak ez dira kasu absolutibo eta ergatiboen banaketara mugatzen eta dagokien komunztadurara ere zabaltzen dira, adizkiaren morfologiara. Izan ere, lehen perpausean, subjektu komunztadura z- aurrizkiaren bitartez gauzatzen da (zu… egon zara) eta bigarrenean, -zu atzizkiaren bidez (zuk… eskiatzen duzu). Horretaz gain, izan eta *edun aditz laguntzaileen arteko banaketa dago bi perpausen artean, eta bigarren perpausean ageri den laguntzailea da aditz iragankor arrunt batekin, ikusi aditzarekin adibidez, hautatzen dugun bera. Beraz, argumentu bakarra (hortaz, iragangaitza), baina kasu desberdina (absolutiboa batean, ergatiboa bestean). Horregatik esan dugu lehenago konfigurazioa hausten dela holakoetan. Iragangaitzen eta iragankorren subjektuak berdin markatzen dituzten hizkuntzak akusatiboak dira: yo (subj)… iragangaitza; yo (subj) / me (obj) iragankorra. Aldiz, hizkuntza ergatiboen ezaugarria da subjektuaren marka desberdina izatea aditz iragangaitzetan eta aditz iragankorretan: Mikel etorri da / Mikelek Jone agurtu du. Baina ikusten ari garen adibide hauetan iragangaitzen subjektua da aldatzen dena: Jone etorri da / Jonek eskiatu du.

Aditzen arteko bereizketa mota hauek beste hizkuntza askotan ere gertatzen dira. Hori kontuan izanik, hizkuntzalariek perpaus iragangaitz mota nagusi bi bereizten dituzte:

  • inakusatiboak
  • inergatiboak

Euskaldunentzat guztiz nahasia gertatzen da terminologia hori, berehala ikusiko den gisan. Iragangaitzetan ageri den argumentu bakar horrek duen rol tematikoan oinarritzen dute hizkuntzalariek bereizketa. Ikus ditzagun perpaus hauek:

  • Itziar gaixotu da
  • Koldo esnatu da
  • irakaslea mintzatu da
  • gazteak eskiatu du

Perpaus horiek guztiak iragangaitzak dira, argumentu bakarra dute. Baina aditzaren esanahia kontuan hartzen badugu, eta aditzak hartzen duen argumentuak aditzarekin duen erlazio semantikoa kontuan hartzen badugu, berehala ohartuko gara erlazio semantiko desberdinak sortzen direla hor puntu bati dagokionez. Perpaus horietako batzuetan subjektua ez da ekintzaren borondatezko egilea (gaixotu, esnatu), baina beste batzuetan egiazko egilea da (eskiatu, mintzatu). Beste adibide honetan argiago ikusiko da kontua:

  • edalontzia hautsi da
  • Mirenek edalontzia hautsi du

Bietan harreman semantiko antzekoa da edalontzia eta hautsi-ren artean, batean subjektua eta bestean objektua bada ere. Bietan, nolabait esateko, edalontzia argumentua gaia edo jasalea (pazientea) da. Hori dela eta, aditz iragaintzen artean bi mota bereizten dira: ageri den argumentu bakar hori prozesuaren egilea izan daiteke (Miren mintzatu da) edo beste zerbait, ez, nolanahi ere, egilea (Miren gaixotu da). Horri deitzen diogu paper tematiko desberdinak ezartzea.

Bada, hizkuntzalariek ikusi dute rol tematiko desberdinak ezartzeaz gain, iragangaitzetan sortzen diren bi multzo horiek propietate sintaktiko eta morfologiko diferenteak dituztela, nahiko modu koherentean ageri direnak hainbeste hizkuntzatan. Eta hortik sortu dira bi multzoak: inakusatiboak eta inergatiboak. Inakusatiboek argumentu bakarra dute, eta jasalea edo gaia ere deitzen da. Eta hor sartzen dira Jon gaixotu da bezalakoak. Aldiz, inergatiboen argumentua egilea da, eta multzo horretakoak dira Jonek eskiatu du bezalakoak. Honek sortzen du lehenbiziko zailtasuna euskaldunentzat, zail egiten baitzaigu ergatiboa agerian duen Jonek eskiatu du bezalako bati inergatibo deitzea. Egokiago da, hortaz, euskararen kasuan, ergatibodun iragangaitzak deitzea ‘inergatibo’ direlakoei eta absolutibodun iragangaitzak deitzea, berriz, ‘inakusatiboei’, gorago proposatu dugun gisan. Hori dela eta, baliokideak dira, gure terminologian inakusatiboak eta absolutibodun iragangaitzak batetik, eta inergatibo edo ergatibodun iragangaitzak, bestetik.

inakusatibo —> absolutibodun iragangaitz
inergatibo —> ergatibodun iragangaitz

Desberdintasun gehiago ere badira: kasu absolutiboa/inakusatiboa/jasalea eta kasu ergatiboa/inergatiboa/egilea ez datoz beti bat. Hola, Miren gaixotu da perpausa inakusatiboa baldin bada ere, Miren mintzatu da inergatiboa litzateke, bi perpausetan rol tematikoa aski desberdina baita: jasalea batean, egilea bestean (Miren mintzatu da, eta Mirenek hitz egin du aski parekoak dira, bietan eragilea da argumentua). Eta alderantziz ere gauza bera gertatzen da: Jonek eskiatu du inergatiboa bada ere, Jonek sufritu du esaten badugu ez da hor borondatezko egilerik, subjektu gisa dagoen argumentuak hartzen duen rol tematikoa esperimentatzailearena baita, esan bezala.

Perpausak
Iragankorrak irakasleak eskola eman du
Iragangaitzak irakaslea gaixotu da
-Absolutibodun iragangaitzakneska esnatu da
-Ergatibodun iragangaitzakneskak eskiatu du

Esan dezagun, hortaz, eta laburtuz, euskaraz baditugula perpaus iragankorrak (irakasleak eskola eman du), alde batetik, eta iragangaitzak (irakaslea gaixotu da), bestetik. Orobat, iragangaitzen artean baditugu absolutibodun iragangaitzak (neska esnatu da), eta ergatibodun iragangaitzak (neskak eskiatu du). Sailkapen hau ez dator bat ez orain arte euskal gramatikek (EGLU barne) egin duten sailkapenarekin, ez eta hizkuntzalari askok egin duten inakusatiboen eta inergatiboen arteko sailkapenarekin3. Utz dezagun kontua oraingoz hemen, beste nonbait hobeki azaltzeko kontu hau.

Erreferentziak

  • Abaitua, Joseba & Trask, Robert Larry. 1987. “Accusativity in Basque: reply to Bossong”, Linguistics 25:3, 395-401.
  • Alberdi, Xabier. 2003a. “The transitivity of borrowed verbs in Basque: An outline”. In B. Oyharçabal (arg.), Inquiries into the lexicon-syntax relations in Basque. Leioa eta Donostia: UPV/EHU eta Gipuzkoako Foru Aldundia. 23-46.
  • Alberdi, Xabier. 2003b. “Euskal aditz mailegatuen erregimena: hurbilketa”. In J.M. Makatzaga eta B. Oyharçabal (arg.), Euskal gramatikari eta ikerketari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian. Gramatika gaiak, Iker 14 (1). Bilbo: Euskaltzaindia. 37-60.
  • Albizu, Pablo. 2007. “Euskararen ergatibotasuna: ohar batzuk dakigunaz eta ez dakigunaz”, Koldo Mitxelena Katedrako II. Biltzarra-n irakurritako hitzaldia, UPV/EHU, Gasteiz, 2007ko urriaren 8-11.
  • Albizu, Pablo. 2009 [Argitarabidean]. “Euskararen kasu-sistema ergatiboa ala ergatiboak: ergatibotasunaren analisi azterketa dialektologiko baterako lehen urratsak” Lapurdum.
  • Aldai, Gontzal. 2006. “The semantic (i.e. split-intransitive) case-marking system of Western Basque”. In Beatriz Fernandez & Itziar Laka (eds.), Andolin gogoan: Essays in honour of Professor Eguzkitza. Bilbo: UPV/EHU. 117-138.
  • Aldai, Gontzal. 2008. “From ergative case marking to semantic case marking: the case of historical Basque”. In M. Donohue eta S. Wichmann (arg.), The typology of semantic alignment. Oxford: Oxford University Press. 197-218.
  • Aldai, Gontzal. 2009. “Is Basque morphologically ergative?: Western Basque vs. Eastern Basque”. Studies in Language 33 (4), 783-831.
  • Aldai, Gontzal. 2010.“Euskararen kasu-markaketaren aldakortasun dialektala“. In B. Fernández, P. Albizu eta R. Etxepare (arg.), Euskara eta euskarak: aldakortasun sintaktikoa aztergai. Bilbo: UPV/EHU. 5-20.
  • Arregi, Eurídice. 2002. “Ergatividad sintáctica frente a ergatividad morfológica”. In M.T. Díaz Hormigo (arg.), Actas del IV Congreso de Lingüística General. Vol 2. Cádiz: Universidad de Cádiz. 137-150.
  • Artiagoitia, Xabier. 1995. “Garri atzizkiaren izaera bikoitzaz: zergatik den maitagarria bezain mingarria”, ASJU 29-2, 355-405.
  • Artiagoitia, Xabier. 2000. Hatsarreak eta Parametroak Lantzen. Vitoria-Gasteiz: Arabako Foru Aldundia eta UPV/EHU.
  • Artiagoitia, Xabier. 2003a. “The case of an enlightening, provoking and admirable Basque derivational suffix with implications for theory of o argument structure”. In B. Oyharçabal (arg.), Inquiries into the lexicon-syntax relations in Basque. Leioa eta Donostia: UPV/EHU eta Gipuzkoako Foru Aldundia. 147-183.
  • Artiagoitia, Xabier. 2003b. “Reciprocal and reflexive constructions”. In J.I. Hualde & J. Ortiz de Urbina (arg.), A Grammar of Basque, 4.9. atala. Berlin: Mouton de Gruyter. 607-631.
  • Berro, Ane. 2010. “Unergative predicates in Basque varieties: ergatives for the ergative case assignment”, DEA ikelana, UPV/EHUko eskuizkribua, Gasteiz.
  • Bossong, Georg. 1984. “Ergativity in Basque”, Linguistics 22:3, 341-392.
  • Brettschneider, Gunter. 1979. “Typological characteristics of Basque”. In F. Plank (arg.), Ergativity. London: Academic Press. 371-384.
  • Brettschneider, Gunter. 1981. “Euskara, hizkuntzen tipologia, ta hizkuntza unibertsalak”. Euskalarien nazioarteko jardunaldiak, 221-239. Bilbo.
  • Coyos, Jean-Baptiste. 1999a. “Le parler souletin basque des Arbailles. Une approche de l’ergativité”. Paris: L’Harmattan.
  • Coyos, Jean-Baptiste. 1999b. “Notes sur la coordination verbale et coréférence intraphrastique en basque souletin”, Fontes Linguae Vasconum 80, 95-108.
  • Coyos, Jean-Baptiste. 2002. “Parcours de type passif et de type antyipassif en basque souletin parlé actuel”, Bulletin de la Société de Linguistique de Paris XCVII:1, 281-314.
  • Coyos, Jean-Baptiste. 2003. “Antipasiboaren lekua oraiko zubereran”. In J.Mª. Makazaga eta B. Oyharçabal (arg.), Euskal gramatikari buruzko eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian. Iker-14 (I). Bilbo: Euskaltzaindia. 181-194.
  • Coyos, Jean-Baptiste Battittu. 2006. “Euskararen sintaxi akusatiboaz ohar batzuk”. In B. Fernández & I. Laka (arg), Andolin gogoan. Essays in honour of Professor Eguzkitza. Bilbo: UPV/EHU. 221-232.
  • Elosegui, Kristina. 1998. Kasu eta preposizioen jabekuntza-garapena haur elebidun batengan. Bilbo: UPV/EHU.
  • Eguzkitza, Andolin. 1983. “On the so-called passive in Basque”, Fontes Linguae Vasconum 37, 233-253.
  • Eguzkitza, Andolin. 1986. Topics on Romance and Basque. Doktorego tesia, Univ. of Indiana, Blooomfield.
  • Etxepare, Ricardo. 2003b. “Valency and argument structure in the Basque verb”. In J.I. Hualde eta J. Ortiz de Urbina (arg), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter. 363-426.
  • Ezeizabarrena, María José. 1996. Adquisición de la morfología verbal en euskera y castellano por niños bilingües. Bilbo: UPV/EHU.
  • Ezeizabarrena, María José & María Pilar Larrañaga. 1996. “Ergativity in Basque: a problema for language acquisition?”, Linguistics 34, 955-991.
  • Fernández, Beatriz. 1993. “Sobre la naturaleza de los predicados inergativos del tipo sustantivo + predicado ‘egin’ en Euskara”, Función, 13-14.
  • Fernández, Beatriz. 1997. Egiturazko kasuaren erkaketa euskaraz. Bilbo: UPV/EHU.
  • Heath, J. 1972. “Genitivization in Complement Clauses”, ASJU 6, 46-66.
  • Holguin, Justin. 2007. “The Status of Ergative Case in Basque: A Minimalist Approach'”, Senior Thesis, Reed College, Portland (Oregon).[http://ling.auf.net/lingBuzz/000449]
  • Holmer, Arthur. 1999. “An active analysis of Basque ergativity”, Fontes Linguae Vasconum 31, 189-225.
  • Hualde, José Ignacio. 1988. “Case-assignment in Basque”, ASJU 22-1, 313-330.
  • Hualde, José Ignacio & Jon Ortiz de Urbina. 1987. “Restructuring with ari”, ASJU 21-2, 425-453.
  • Joppen, Sandra eta Dieter Wunderlich. 1995. “Argument Linking in Basque”, Lingua 97, 123-169.
  • Laka, Itziar. 1993. “Unergatives that Assign Ergative Case, Unaccusatives that Assign Accusative”. In J.D. Bobaljik & C. Phillips (eds.), Papers on Case and Agreement I, MITWPL 18. Cambridge, Mass.: MITWPL. 149-172.
  • Laka, Itziar. 1995. “Thetablind case: Burzio’s generalization and its image in the mirror”. In E. Reuland (ed.), Arguments and Case. Explaining Burzio’s generalization. Amsterdam/Philadephia: John Benjamins. 103-129.
  • Laka, Itziar. “Ari progresiboaz: euskararen kasu-markak”. In P. Albizu eta B. Fernández (arg.), Euskal gramatika XXI. mendearen atarian: arazo zaharrak, azterbide berriak. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia. 113-132.
  • Laka, Itziar. 2006a. “Deriving split-ergativity in the progressive”. In A. Johns et al. (arg.), Ergativity. Dordrecht: Springer. 173-195.
  • Laka, Itziar. 2006b. “On the nature of case in Basque: structural or inherent?”. In H. Broekhuis et al. (arg.), Organizing grammar. Berlin: Mouton de Gruyter. 374-382.
  • Levin, Beth. 1983a. On the Nature of Ergativity. Doctoral dissertation, MIT Cambridge, Massachusetts.
  • Levin, Beth. 1983b. “Unaccusative Verbs in Basque”. In P. Sells eta C. Jones (arg.), Proceedings of NELS 13, Amherst. 129-144.
  • Levin, Beth. 1989. “The Basque Verbal Inventory and Configurationality”. In L. Maracz & P. Muysken (arg.), Configurationality. Dordrecht: Foris.
  • Mejías-Bikandi, Errapel. 1999. “Clause Union and Case-Marking in Basque”. In K. Dziwirek, P. Farrell & E. Mejías-Bikandi (arg.), Grammatical relations: a cross-linguistic perspective. Stanford: CSLI. 263-277.
  • Mounole, Céline. 2008 [Argitarabidean]. “Evolution of the transitive verbs in Basque and apparition of datively marked patients”. In G. Authier & K. Haude (arg.), Ergativity, Valency and Voice. Berlin / New York: Mouton de Gruyter.
  • Ortiz de Urbina, Jon. 1987. “Kasu ezarketa eta ez-ergatibitatea euskaraz”. In P. Salaburu (arg.), Sintaxi arazoak. Donostia: UPV/EHU. 35-48.
  • Ortiz de Urbina, Jon. 1989. Parameters in the Grammar of Basque. Dordrecht: Foris.
  • Ortiz de Urbina, Jon. 2003a. “Semiauxiliary verbs”. In J.I. Hualde & J. Ortiz de Urbina (eds.), A Grammar of Basque. Berlin: Mouton de Gruyter.
  • Oyharçabal, Beñat. 1989. “Izenordain espletiboak eta euskal aditzaren morfologia”. In P. Salaburu (arg.), Sintaxi teoria eta euskara. Donostia: UPV/EHU. 109-119.
  • Oyharçabal, Beñat. 1992. “Structural Case and Inherent Case Marking: Ergaccusativity in Basque”. In J.A. Lakarra eta J. Ortiz de Urbina (arg.), Syntactic Theory and Basque Syntax. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. 309-342.
  • Oyharçabal, Beñat. 1993. “Notion d’objet et cas absolutif en basque”, Le Gré des Langues 5, 30-49.
  • Oyharçabal, Beñat. 1999. “A propos de l’ergativité: le cas du basque”. Tunisiako Unibertsitatean irakurritako hitzaldia, 1999ko apirilaren 16-20. Cahiers du CERES-en argitaratua, Linguistique saila. Tunisia: Centre de Publication universitaire. [http://www.iker.cnrs.fr/pdf/Oyhar_ergativite.pdf]
  • Preminger, Omer. 2010 [argitarabidean]. “The absence of an implicit object in unergatives: New and old evidence from Basque”. In I. Laka eta B. Fernández (arg.), Ergativity. Lingua aldizkariaren ale berezia.
  • Rebuschi, George. 1978. “Cas et fonction sujet en basque”, Verbum. Revue de Linguistique Nancy 1-1, 69-98. [Berriro argitaratua in G. Rebuschi (1997), Essais de linguistique basque. Donostia: UPV/EHU eta Gipuzkoako Foru Aldundia. 1-30.]
  • Rebuschi, George. 1984. “On the Non-Configurationality of Basque and Some Related Phenomena”, [geroago argitaratua: (1990) ASJU 24-2, 351-384.]
  • Rebuschi, George. 1986a. “Sujeto, ergatividad y (no-)configuracionalidad; lugar del euskara en la tipología generativa”. In P. Salaburu (arg.), Euskal Morfosintaxia eta Fonologia. Eztabaida gaiak. UPV/Bilbo: EHU. 9-56.
  • Rezac, Milan. 2007a. “(Structural) Ergative in Basque”, MITko Workshop on Ergativity-n (2007-10) emandako hitzaldiko adibidetegia. Lehen atala.
  • Rezac, Milan. 2007b. “Absolutive displacement in Basque”, MITko Workshop on Ergativity-n (2007-10) emandako hitzaldiko adibidetegia. Bigarren atala.
  • Rezac, Milan. 2007c. “Last-Resort Dependent Case”, MITko Workshop on Ergativity-n (2007-10) emandako hitzaldiko adibidetegia. 3. atala.
  • Rezac, Milan. 2008. “The syntax of eccentric agreement: The Person Case Constraint and Absolutive Displacement in Basque”. Natural Language and Linguistic Theory 28-1, 61-106.
  • Rijk, Rudolph P.G. de. 2002. “L’antipassive basque et l’hypothèse de Levin”, Lapurdum 7.
  • Rijk, Rudolph P.G. de. 2003. “Antipasiboak euskaran”. In J.Mª. Makazaga eta B. Oyharçabal (arg.), Euskal gramatikari buruzko eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian. Iker-14 (I). Bilbo: Euskaltzaindia. 385-394.
  • Rodríguez, Sonia & Fernando García-Murga. 2001. “«Noun+Egin» Predicates in Basque”, Cuadernos de Lingüística del Instituto Universitario Ortega y Gasset 8, 37-51.
  • Rodríguez, Sonia & Fernando García-Murga. 2003. “«Izen+Egin» predikatuak euskaraz”. In J.Mª. Makazaga eta B. Oyharçabal (arg.), Euskal gramatikari buruzko eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian. Iker-14 (I). Bilbo: Euskaltzaindia. 417-436.
  • Rotaetxe, Karmele. 1980. “Ergatiboaren sujetotasunaz”, Euskera XXV:2, 417-424.
  • Salaburu, Pello. 1986a. “Uztardura Teoria”. In P. Goenaga (arg.), Euskal sintaxiaren zenbait arazo. Donostia: UPV/EHU. 59-94.
  • Salaburu, Pello. 1992. “Euskara, hizkuntza ergatiboa ote da?”. In Luis Villasanteri omenaldia. Iker-6. Bilbo: Euskaltzaindia. 417-433.
  • Saltarelli, Mario. 1988. Basque. London/New York: Croom Helm
  • Sarasola, Ibon. 1977. “Sobre la bipartición inicial en el análisis en constituyentes”, ASJU 11, 51-90.
  • Spreng, Bettina. 2000. “The Passive in Basque”. In Proceedings of the Annual Meeting of the Niagara Linguistic Society 2000, University of Toronto. Toronto Working Papers in Linguistics 19. 87-106.
  • Trask, Robert Larry. 2002. “Ergativity and accusativity in Basque”. In K. Davidse eta B. Lamiroy (arg.), The nominative & accusative and their counterparts. Amsterdam: John Benjamins. 265-284.
  • Uribe-Etxebarria, Myriam. 1989. “On noun incorporation in Basque and some of its consequences in the phrase structure”, University of Connecticut-eko eskuizkribua.
  • Wilbur, Terence H. 1979. “The Ergative, Absolutive, and Dative in Basque”, Fontes Linguae Vasconum, 31, 5-18.
  • Zabala, Igone. 2004. “Los predicados complejos en vasco”. In E. Pérez Gaztelu, I. Zabala eta Ll. Gràcia (arg.), Las fronteras de la composición en lenguas románicas y en vasco. Donostia: Deustuko Unibertsitatea. 445-534.
1 Egia da batzuetan ikusi aditzak beste esanahi bat izan dezakeela: itsua operatu zuten eta ondoko egunean ikusten hasi zen. Hemen eztabaidagarria izan daiteke argumentu bat edo bi dituen.
2 Dastatu esanahiarekin ez bada, jakina: zu gustatzen zaituenak gustatzen ditu zure baitan gauza guztiak.
3 Bestelako deitura batzuk erabili izan dira halako hizkuntzetarako tipologia kontuetan: urrunera joan gabe, aipagarriena da ziur aski hizkuntza aktiboak izeneko deitura. Hizkuntzalari batzuek diotenez, hizkuntzetan egitura iragankorrak eta iragangaitzak (hauen barnean “inergatiboak” eta “inakusatiboak”) bereizteko arrazoiak baldin badira ere, beharrezko ikusten dute, hala ere, haien parean hizkuntza aktiboak ere bereiztea: hauetan bereizketa ez litzateke perpaus iragankor/iragangaitzen artean egingo, baizik perpaus aktibo/ezaktiboen artean. Hizkuntza aktiboek propietate sintaktiko desberdinak erakusten dituzte, iragankor/iragangaitz bereizketarekin bat ez datozenak. Bath-ek (1991:99-100) eskaintzen du kontu honetaz laburpen egokia.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntza ergatiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3