Erabiltzaile Tresnak


morf:5:19:3

Aurkaritza

Esaldian aurkaritza, hots, kontrakotasuna adierazteko zer lokailu erabiltzen ditugun ikusiko dugu atal honetan. Hauek funtsean: ordea, berriz, ostera, aitzitik, bitartean, alta, alabaina, dena dela, hala ere, haatik, horratik, edozein modutan, guztiarekin ere, zernahi gisaz, nolanahi ere…

Adiera

“Aurkari” hitzak berak adierazten duen gisan, lokailu hauek kontrakotasun zerbaiten berri ematen digute. Horrela, lokailu honek bi perpaus lotzen ditu diskurtsoan, bata bestearen kontra-edo jarriz:

  • Ni zinemara joango naiz. Zu, ordea etxean geratuko zara
  • Miren beti dago irribarrez. Maialen, aldiz, gehienetan haserre eta muturra zimurtua ikusiko duzu

Esaldi horietan ikusten denez, bai ordea eta bai aldiz beste juntagailu baten hurbilekoak dira esanahiaren aldetik. Izan ere, esaldi horiek honela ere esan ditzakegu:

  • Ni zinemara joango naiz, baina zu etxean geratuko zara.
  • Miren beti dago irribarrez, baina Maialen gehienetan haserre eta muturra zimurtua ikusiko duzu.

Ikusten denez, azkeneko bi adibide horietan, baina juntagailu da, parean dauden bi perpausen arteko zubia egiten baitu. Egia da baina batzuetan lokailu ere izan daitekeela, hau da, testuingurua, eta ez perpausak, josteko erabiltzen dugula. Kontrakotasuna adierazi nahi denean, gainera, hori da hain zuzen ere euskarak duen biderik ohikoena. Baina aurkakotasuna, diskurtsoan zehar, lokailuekin ere adieraz daiteke. Eta horiek dira, honenbestez, hemen ikusi nahi ditugunak. Hortaz, esan daiteke atal honestan ikusiko ditugun lokailuek betetzen dutela baina juntagailuak perpausetan betetzen duen paper bera.

BORDELEKO ITURRI HONETAN ARDOA OMEN DAGO. BATZUENTZAT LOKAILUAREN LANA EGITEN DU Atal honetan lokailu hauek ikusiko ditugu:

  • Erabilienak: ordea, berriz, ostera, aitzitik, bitartean…
  • alta, alabaina, dena dela, hala ere, haatik, horratik…
  • Esapide batzuk, gogorki indartsuak direnak euskaraz: edozein modutan, guztiarekin ere, zernahi gisaz, nolanahi ere…

Horiek guztiak ikusiko ditugu ondoren.

Lokailu hauek guztiek, noski, ez dute denek balio bera, eta desberdintasunak daude haien artean. Izan ere, desberdinak dira, ikusiko dugun gisan, kontu hauei dagokienez bederen:

  • Esanahian
  • Euskalkiei dagokionez
  • Perpausean hartzen duten tokian
  • Maiztasunean

Horrela, batzuk perpaus hasieran ikusiko ditugu, baina aski arrunta da perpaus barnean agertzea, osagai baten ondoren. Adibidez, ordez, berriz, aldiz, ostera bezalakoak hasieran joan daitezke, baina joera handiagoa dute tartean joateko. Ordea, aitzitik, bitartean edo dena dela bezalakoak, maizago aurkituko ditugu hasieran.

Irakurlea konturatuko denez, bistan da lokailu hauek guztiak aditzondoetan oinarritzen direla. Pare bat adibide emango dugu:

  • Mikelek berriz egin du hori.
  • Ostera ekarri zuen liburua.

Egia esan, ostera, gaur egun, lokailu gisa ageri da batez ere prosa modernoan, beti koma artean idatzia. Baina goiko adibidean, berriz lokailuarekin gertatzen den gisan, aditzondo hutsa da ostera. Hona hemen biak lokailu gisa emanak beste adibide batzuetan:

  • Mikelek, berriz, ez du holakorik egiten.
  • Ostera, gaur ez du ekarriko libururik.

Hor ikusten da, argi eta garbi, berriz aditzondoa delarik “behin baino gehiagotan” esan nahi duela: Mikelek lehen egina zuen eta orain bigarren aldiz egin du (edo hirugarren, laugarren, …). Eta ostera lokailuarekin ere antzeko zerbait gertatzen da, “atzera” esan nahi du aditzondoa denean: Atzera ekarri zuen liburua. Baina aditzondo izateari utzi eta lokailu bezala lexikalizatu duenean euskarak, esanahia bestelakoa da: “Mikelek, aldiz, ez du holakorik egiten” eta “Gaur, ordea, ez du ekarri libururik”. Hori gertatzen da lokailu gehienekin: aditzondo izatetik hasi eta lokailu autonomo bihurtzen direla, esanahia aldaturik. Zenbaitetan, egia da, ez dute oinarrian aditzondorik, baizik beste zerbait: dena den esaterako, perpausa da, lexikalizatua geratu zaiguna. Zenbaitetan ez da batere erraza bereiztea mugak non dauden, hala ere.

Aurkaritzako lokailu nagusien eskema

Ondoko ataletan aztertzen dira aurkaritza adierazten duten lokailu nagusiak. Begi kolpe batez ikusteko, hemen jarri dugu lokailu nagusi hauen zerranda. Eta hemen berean ematen ditugu adibide batzuk aurkaritza adierazten duten esapide batzuena.

AURKARITZAKO LOKAILU NAGUSIAK
ordea berriz
ostera aldiz
aitzitik
bitartean bizkitartean
bien bitartean artean
alta
ezperen
alta alabaina
alabadere
dena dela dena den
hala ere hala eta guztiz ere
haatik hargatik
horratik horregatik
barren badarik ere
Aurkaritzako esapideak

Aurkaritzako esapide batzuk

Badira, izan, lokailu huts dei genitzakeen horietaz gain, beste esapide edo lokailu batzuk ere aurkaritza adierazteko erabiltzen ditugunak. Hemen segidan ematen ditugu zenbait adibide bakoitzaren inguruan.

zernahi gisaz

Ikus ditzagun honako adibide hauek, lehenbiziko biak prentsatik (Herria) eta hurrengoa literaturatik hartuak:

  • Bi urte barne aise despeitzen ahalko baitituzte ez badituzte berek hain gostukoak! Gainerat, aloimendu baten erosteko edo berdin arrandan hartzeko ere, kontratu horiekin, gazte batek deusen menturarik ez duela ukanen, segidako lan baten eskasean… Bazterrak minbera beraz. Denen buru, arrunt tratu txarra eginen dutea holako kontratuekin lanari lotuko diren gazteek? Gauzak ez dira hain argi. Gai kezkagarria zernahi gisaz, jakinaren gainean 26 urtez azpiko gaztetan % 22 lanik gabe direla. (Herria)
  • Baina 1765ean, Süssmilch hil zenean, berriro has zitekeen eztabaida, hain kide estimatuari errespetua galdu gabe. Horregatik agertzen da ere sariketarako gai berritua, Bibliako txostena serioski hartzen ez zelako seinale. Zernahi gisaz, hipotesi hutsa den iritzi batez dago mozorroturik, istilurik ez sortzeko. (Telebixta leihotik, Sinadurarik gabe, (2009-01-22, 6. or), Herria)
  • Alabaina, Irigoienek uste du bere buruaz irri egiten ari zaizkiola hor gaindi. Orduan, orduan, ulitxa xixtak! Iruñeko diozesiak, bere aldetik, erabaki garratz batzuk hartzen ditu: espos berriek beharko dutela lehenbailehen elkarretarik bereizi, berriz ezkondu arte, aldi honetan Luzaiden; afera auzitan ezarria izanen dela, zernahi gisaz. (Luzaiden gaindi 2, Aintziburu, A.)

Ikusten den gisan, hor, zernahi gisaz erabili beharrean, esaldiak ez luke zentzua gahiegi aldatuko den jarriko bagenu. Esamolde hau batez ere Iparraldeko euskalkietan erabiltzen da. Perpaus hasieran joan daiteke, anitzetan mintzagaiaren ondoren, eta perpaus amaieran ere. Bestetik, zernahi gisa ere erabiltzen da, baina aise bakanagoa da.

nolanahi ere

Hegoaldean maizago erabilia, zernahi gisaz esapidearen ingurune beretan erabiltzen ahal da:

  • Hara: “Poliki-poliki aurrera zihoazelarik, ama batek atzera begiratu, eta bere etxe baketsua ikusi zuen; baina begiak beste leku batera zuzenduta, marru egin zuen isilka, larritasunik mikatzenaz ordea, beraren semetxoa baitzegoen akusatzaileen artean” (Alice Doaneren deia) . Melville Hawthorneren jarraitzaile eta miresle handiak -berari eskaini zion Moby-Dick-, hala dio: “Gauza segurua da, nolanahi ere, jaiotzetiko gaiztakeriaren eta jatorrizko bekatuaren sen kalbinista horretatik hartzen duela belztasunak berarengan Hawthornerengan duen ahalmen izugarria. (Wakefield, Nathaniel Hawthorne / Navarro, K.)Stendhal
  • Horretarako, ordea, aurrenik jakin egin behar apaizak hizkuntza, hura zin-zinez erdeinatu ordez; meza-liburuko otoitzak buruz esan eta haien zentzua bere eliztarrei gutxi gorabehera adieraztea, ez zen hori baino areago hedatzen apaizak alor horretan zuen jakitatea. Nolanahi ere, apaizari arras begirune handia zitzaion eskualde hartan, eta beldurra ere bai: beti esan baitzuen ez zela beteko ez hamahiru astean, ezta hamahiru hilabetean ere, Bresciako zaindari, Giovita santuaren iragarpen ospetsua (Parmako kartusia, Stendhal / Jon Muñoz)
  • Izan ere -hala ondorioztatua omen dute sortalde urruneko kultura haietan, aspaldi oso, Eztebek berak eta hark irakurtzeko utzi dizkidan liburuek diotenez-, zirujauaren esku amoltsu baina irmoaren moduko zerbait behar omen da gogamenaren bezakuntzan, ukitu orekatua, ausarta baina leuna aldi berean: “arreta hutsa” ohi deritzo horri Eztebek gure hizkuntzara Mikelek itzuli ondoren; “bare attention” ingelesez (nahiz eta “bare” horrek gurea ere badirudien, bere bare horretan), eta “yoniso-manasikara” edo horrelako zerbait munduaren auskaloreneko punta hartako paleo-hizkuntza pali-sanskritoan. Errealitatera hurbiltzeko prozedura ez-bortxazkoa, nolanahi ere (Terra Sigillata, Arrieta, J. A.)

Badu esapide honek beste bat ere aldamenean, gutxiagotan ageri dena, zernahi gisaz: nolanahi ere den. Hona hemen adibide bat:

  • Ezin dut zuhurtzia osoz esan, baina uste dut beste lau Ministerio ere badirela munduan geurea bezalakoak. Bana kontinenteko? Izan liteke. Gure eginbeharra, nolanahi ere den, ez da kontinente bakarrera mugatzen, alegia geurera, ez; guk mundu osoan eta mundu osorako egiten dugu lan (Gizakiaren minak, Linazasoro)
  • Pixkana-pixkana uraren hotza ahazten nuen eta nerabe baten irudi biluztuan jartzen nuen gogoa. Neska baten aurpegia zuen gehienetan, baina bestetzuetan baita neure buruari aitortu nahi ez nion norbait difuminatuago batena ere: erretzen zaituen baina erretzen zaituela onartu nahi ez duzunaren aurpegia. Nolanahi ere den, negua bazen, elurretan zuri irudikatzen nuen dena delako izaki liluragarria (Ihes betea, Lertxundi, A.)

edozelan (b)ere

Batez ere Mendebalean erabiltzen da esamolde hau (nekez aurkituko duzu Iparraldekoen jatorrizko idazkietan), eta aurrekoen parekoa da:

  • Gauza zaharrak eta berriagoak traste-pilo izugarrietan nahasten ziren, eta Erlendurrek dena arakatu behar zuen, eta gero, nola edo hala, beste lekuren batera mugitu, bere ikerketak aurrera egingo bazuen. Edozelan ere, zenbat eta gehiago arakatu hango gauza guztien artean, orduan eta traste zaharragoak aurkitzen zituen (Hilobiko isiltasuna, Arnaldur Indriðason / Gabiria, J.)
  • Abrako lehorreratzea etorri zitzaidan akordura, euri zaparradek Olalderen federa bihurtua zuten ordurako. Lantegirako bidean burutik kendu ezinik ibili nintzen. Ez nekien larregi. Baziren zazpi urte bere sokako profesional batzuekin batera Bilbo Eraiki sortu zuenetik. Estudio horizontala omen zen, arkitektura sozialari emana buru-belarri, zerikusirik ez edozelan ere Peruarena&Del Valekin. (Zubigilea, Egia, L.)

edonola ere

edonola adberbioari ere partikula gehituz edonola ere aurkaritza-esapidea sortzen dugu. Tradizioan ez daude adibide asko, baina egungo autoreek sarri erabiltzen dute:

  • Edonola ere, gehien hedatutako definizio formalaren arabera, ekonomiak zera aztertzen du: gizarteek baliabide urriak nola darabiltzaten merkatugai baliotsuak ekoizteko, eta nola banatzen dituzten merkatugaiok gizabanakoen artean. (Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras)
  • Edonola ere, ez zion argitu zer egiten zuen mutrikuar batek gerra hartan, espainolekin, frantsesak lagun zituela eta ingelesen kontra. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • Biharamunean deitu zidan: “Alemana dela esango nikek, baina oso aleman arraroa, edonola ere. (Itzalak, Zaldua I.)

ere partikula gabe ere, adibide honetan edonola adberbioak aurkaritza balioa dauka:

edozein modutan ere

Hau ere maizago ikusten da Hegoaldeko idazleen artean Iparraldekoen artean baino. Dena den, ez da besteak bezainbat erabiltzen:

  • Baina, gertatzen den bakoitzean, aspaldiko gar hura hor dago artean. Sinetsirik nengoen horrelako kontuak amaitu zirela niretzat, gainbeheran nindoala jada, baina Gordonek gaztetu egin nau. Larrua, larrua huts-hutsik, Nathan. Arrazoi horregatik soilik merezi du bizitzea, ez beste ezergatik. -Gauza bakar batengatik, edozein modutan ere. (Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana)
  • Hala itzultzen da geldiro orrialde bat, beste alderantz luzatzen da, dagoeneko bukatu diren besteen gainera pilatzen da, geruza mehe bat baizik ez oraingoz; haien aldean ezin agortuzko pila bat dira oraindik irakurtzeko daudenak. Baina, edozein modutan ere, agortutako orrialde bat da, teniente jauna, bizitza-puska bat ahituta (Tartarriarren basamortua, Dino Buzzati / Josu Zabaleta)

edozein moduz

EDOZEIN MODUZ, SANTUAK IZAN DIRA ZERUKO ETA LURREKO AFEREN LOKAILUHau ere ez da horrenbeste erabiltzen. Dagoen moduan edo ere-kin batera erabiltzen da (edozein moduz ere):

  • Sekula ez diat zorrik kitatuko… Eta momentu hartatixe -bere bonbonkeria duin zigortzeko-, handik ihes egiteko asmoa barneratu zuen, argi eta garbi. Posadaseko bere bizimoduaren zilegitasuna, edozein moduz ere, hain nabaria zen berarentzat, ezen espatsu agertu baitzen Podeleyri eskainitako aurrerapen handiagoagatik. (Eguzki kolpea, Horacio Quiroga / Jesus Mari Mendizabal)
  • Gorreneko nagusiak, nire odol meheko Thomas Jose Perurenak, ardiborda egiteko baimena eskatu eta, Herriak eman, beste guziei bezalaxe, Olasoko eta Marijoangoneko ardiborden garaikaldean bertan: “mas abaxo de los menerales de Chirringuillo”. Beste pasarte batean, berriz, “en el paraje que llaman Garaizar” esaten du. Edozein moduz, han, gaur Gorreneko Borda denekoan. (Dakiguna ikasten, Perurena, P.)

guztiarekin ere

Esapide hau azkenekoak baino gehiagotan erabiltzen da:

  • Bleulerren ama Vienan hil zen. -Berrehun eta hamahiru metro erabilgarri -erantzun dio Bleulerrek Datosi etxeko korridoreetako batean. Phineasen etxeak, esate baterako, hirurogeita hamabi metro ditu; Bleulerren etxearen herena beraz. Guztiarekin ere, Bleulerren etxeko gela txiki batera sartu dira laurak Tizman doktorearen grabazioa entzutera. (Londres kartoizkoa da, Elorriaga, U.)
  • Noble, ministro eta kapitainak ere ez, horien artean izanik ere arriskura inoiz hurbiltzen ez zena. Bertzerik zen gainerakoetan. Plazaren defentsan edo arimen begira ari ez zirenei kasik erdira apaldu zitzaien jatekoa. Domingo borreroa soldaduekin parekatu zuten jan-edanen partiketan, eta nik abaurretarrekin banatzen nuen neure puska. Guztiarekin ere, ez gosea kamusteko adina. (Mailuaren odola, Epaltza A.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aurkaritza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3