Erabiltzaile Tresnak


fon:1:1

Hotsak

Euskararen ahoskeraren berri izateko, oinarrizko hotsen artean lehendabizi bokalak eta kontsonanteak bereiztea da egokien.

Artikulu honetan

Bokalak

Bost dira euskal hizkera guztietan aurkituko ditugun bokalak: /a, e, i, o, u/. Horietaz gainera, ekaildeko hizkeretan, zubereraz funtsean, seigarren bokal bat ere bereizten da, /y/ transkriba daitekeena eta, usuenik, “ü” idazten dena ortografikoki.

Kontsonanteak

Kontsonanteen artean komeni da ozenak eta trabariak bereiztea. Trabariak, izenak, garbi adierazten duen moduan, biriketatik kanpora datorren aireari traba eginaz sotzen diren hotsak dira: hersketa baten bidez herskariak, bidea estutzearen ondoriozko aire-igurtziaren bidez igurzkariak, eta bi traba-mota horiek bateratuz afrikatuak.

  • Herskariak /p, b/ezpainkariak, /t, d/ horzkariak, /k, g/ belarrak eta /c, j/ sabaikariak dira (ahoskabe, ahostun bikotetan eman dira). Ondoko hitzen lehen hotsa herskari horien adibide da hurrenez-hurren:piku, bake, trapu, dotore, kokatu, gu, ttantto, Jon. “tt” sabaikaria euskalki batzuetan galdu egin da eta “tx” afrikatuak ordezkatu du: aitxa, ditxut.
  • Iparraldeko euskaretan (funtsean zubereraz) agertzen diren herskari hasperendunak ere gogoan izan behar dira: /ph,th,kh/. Itxura guztien arabera, balio fonemikoa dute. Pare minimoak aurkitzen zail izateak ez die noski balio fonemikorik kentzen, hizkera horietako hizktunek erraz hauteman eta nahita bereizten baitituzte.
  • Igurzkariak berez guztiak dira ahoskabe euskaraz, nahiz igurzkari ahostun batzuk ahoskatzen diren ingurunearen eraginez (ikus “Hots bilkuretako gertakari nagusienak” atala). Orain Iparraldeko euskaraz hasi dira igurzkari ahostunak ere agertzen frantsesetikako maileguetan (ikus “Elebidunen ahoskera” atala).
  • Euskal hizkera guztietan erabiltzen dira txistukari igurzkariak, nahiz ez diren denak bereizten euskalki guztietan. Bereizkuntza gehien egiten direnetan ondokoak daude, ortografikoki ematen ditugularik hemen:s, z, x, hurrenez hurren apikari, lepokari eta sabai-aurreko deituak: sare, zato, xagu.
  • Apikariaren eta lepokariaren arteko nahaste edo neutralizazioa aspalditik da ezaguna mendebaldeko hizkeretan eta baita Gipuzkoako kostaldekoetan ere. Berdintzea ia beti s-ren alde egiten da. Beraz, bi izaten dira euskaki horiek bereizten dituzten txistukari igurzkariak: s apikaria eta x sabai-aurrekoa.
  • Txistukariez gainera, itxura guztien arabera berriagoak diren beste igurzkari batzuk ere erabiltzen dira euskaraz: [x] transkribatzen den belarra, askotan “j” idazten dena (gipuzkerazko joan, jaunhitzetako lehen hotsa), eta [f] (fede, firin-faran hitzen hasieran, adibidez).
  • Afrikatuak berez guztiak dira ahoskabe euskaraz. Euskaraz hiru bereiz daitezke hiru igurzkari txistukariei dagozkienak eta hemen ortografikoki idatziko ditugunak: ts, tz, tx, beren kide igurzkariak bezala, apikaria, lepokaria eta sabai-aurrekoa: itsu, atzo, txotx.
  • Apikariaren eta lepokariaren arteko nahaste edo neutralizazioa aspalditik da ezaguna mendebaldeko hizkeretan eta baita Gipuzkoako kostaldekoetan ere. Berdintzea ia beti tz-ren alde egiten da, alegia lepokariaren alde eta ez, igurzkarietan bezala, apikariaren alde. Egungo elebidunen hizkeran apikariaren aldeko neutralizazioak ere entzuten dira eta, batez ere euskaldun berriengan, baita sabai-aurrekoaren aldekoak ere.

Euskarazko kontsonante ozenak sudurkariak, albokariak eta dardarkariak dira. Ikus “Hots motak, euskal soinuak” ataleko taula.

— Egilea: Lourdes Oñederra

lanaren aipamena nola egin...

Lourdes Oñederra, "Hotsak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3