Erabiltzaile Tresnak


fon:1:1:1

Hots motak, euskal soinuak

Euskararen bokal sistema

Bokalak ekoiztean, biriketatik datorren aire-etorriarekin laringean ahoskordek dardara egiten dute eta airea ahots-bidetik kanporatzen da. Bokalek aire kanporatze horretan ez dute inolako oztoporik. Artikulazio organoak bokalak ekoizterakoan daude irekien, eta horrekin batera, bokalek oinarrizko frekuentzia garaiena izan ohi dute eta armonikoen aberastasun handiena (Oñederra 2004).

Hizketarako airea kanporatzean, ahots bidean dauden organoek hartzen dituzten formek laringean sortutako uhinak moldatzen dituzte. Ahots bidearen tamaina eta forma alda daiteke, batez ere mihia eta ezpainak mugituz. Eta horrela bokal desberdinak sortzen dira.

Bokal sistema gehienen oinarrizko parametroek hiru eskala hartzen dituzte oinarri: eskala horien muturreko puntuak tradizionalki goikoa eta behekoa, aitzinekoa eta atzekoa eta biribildua eta ez-biribildua izenez ezagutu dira. Euskararen kasuan, oro har, goikoa eta behekoa, aitzinekoa eta atzekoa ezaugarriak erabili dira bokalak sailkatzeko. Biribiltasuna zubererazko /y/ ezaugarritzeko erabiltzen da.

Batez ere mihiaren puntu gorenena hartuz kontuan, ezaugarri horiek bokalen sailkapen artikulatoriorako erabili izan dira.

 

 

Bost bokal horiek ondoko ezaugarriak dituzte:

  • /a/ erdiko bokal ireki edo behekoa
  • /e/ aitzineko bokal erdi-ireki edo artekoa
  • /i/ aitzineko bokal itxi edo goikoa
  • /o/ atzeko bokal erdi-ireki edo artekoa
  • /u/ atzeko bokal itxi edo goikoa

Bokal hauei gehitu behar zaie [y] ikurraren bidez adierazten den hots unitatea: aitzineko bokal biribildu itxi edo goikoa, ortografikoki <ü>-z adierazten dena. Bokal hori ez da orokorra euskararen sisteman, Iparraldeko hizkeretan bakarrik gertatzen baita: euskal hitzetan euskara zuberotarrean bakarrik eta maileguetan Iparralde osoan.

Kontuan hartuta euskal hizkeren ugaritasuna, ez da erraza gaurko euskar(ar)en unitate bokaliko guztien zerrenda zehatza eta osoa ekartzea hona. Taula honetan euskal hizkerek batera dituzten fonema bokalikoak bildu ditugu, edo euskalki nagusietan aurkitzen direnak:

Euskararen fonema bokalikoen taula
Bokalak Diptongoak
i u* ui**
e o ei / eu oi
a ai/au

* Zubereraz, u [y] ebakitzen da hainbat ingurunetan.
** ui arraroa da eta erabat ekialdekoa.

Euskarak bokal ahokariak ditu berez; aldiz, zubererak (baita dagoeneko hiztunik ez duen erronkarierak ere) bokal ahokariez gain bokal sudurkariak ere baditu (ikus Mitxelena 1977 [1961], 1985, Hualde 1993b, Zuazo 1989, 2003). Zubereraz aparte Iparraldeko euskalki guztietan ere erabiltzen dira bokal sudurkariak, frantsesetikako mailegu askotan, bereziki ―baina ez bakarrik― jende gaztearen ezpainetan (Jauregi & Epelde 2010).

Euskararen sistema orokorra (ik. gorago triangelua) aski sistema sinplea eta oinarrizkoa dela ikus daiteke; sistema zabalduena da, bestalde, munduko hizkuntzetan. Maddieson-en (1984, 126) lanak 317 hizkuntzaren bokalei buruzko datuak biltzen ditu, eta bost bokal dituztenak %21,5 osatzen dute. Maddieson-ek honako ondorio hau ateratzen du: “The most common number of vowel phonemes in a languages is 5” (1984, 134).

Hogeigarren mendean zehar, ikuspegi diakronikoa eta berreraikuntza fonologikoa ardatz izan duten hainbat lan egin izan da euskararen esparruan. Guztien artean Koldo Mitxelenaren Fonética Histórica Vasca (FHV) lan eskerga eta erabakigarria nabarmentzen da, bere luzera eta aberastasunagatik. Hartan, besteak beste, proto-euskararen unitate fonemikoen proposamena ekarri zuen Mitxelenak, eta badirudi bokal soilei dagokienez aldaketa handirik ez dela izan joan deneko bi mila urtean. Diptongoen kasuan, berriz, Erdi Aroan-eta ongi dokumentatuak baitira, zailagoa da kopuru zehatzez mintzatzea, gaurko hizkeretan aurki daitezkeen diptongo asko bigarren mailakoak direlako.

Gutxienez bi bidetatik sor daitezke diptongoak euskaran:

  1. Bi bokal elkarren ondoan egokitu eta silaba edo erritmo unitate berean ahoskatzen direlako. Hori gertatzen da euskaraz, esaterako, egin hitza ahoskatzean bokal arteko /g/ ahultzea galtzeraino iritsi eta elkarren ondoan gelditzen diren bokalak silaba bakarrean ahoskatzen direnean [ejn], [ej­].
  2. Kontsonante bat irristari bihurtzen delako. Halakoa da italierazko bianco (cf. gazt. blanco) eta hemen sartu beharko genituzke euskaraz despalatalizazioak sortutako [teλa] > [tejla] bezalakoak ere, nahiz eta horietan ez den kontsonantea osorik aldatzen, baizik palataltasuna (irristari bihurtuta) beregaintzen.

    «Irristariak» terminoarekin adierazi nahi denari bokalerdi edo kontsonanterdi izena ere eman izan zaio. Bokalerdiak eta kontsonanterdiak irristaritzat hartzen dira eta silabagiletasunik ez duten nolakotasun bokalikoak dira. Irristariek bokal silabagilearekin batera diptongoak osatzen dituzte. Bokalerdia esaten zaio diptongoan bokal silabagilearen ondoren datorren nolakotasun bokalikoari (adibidez, gau [gaw] eta kontsonanterdia diptongoan bokalaren aurretik datorrenari (adibidez, eguen [egwen]).

    Euskaraz beheranzko diptongoak dira zabalduenak, hau da, irristaria bokal silabagilearen ondoren doan diptongo moldea: <ai>, <ei>, <oi>, <au>, <eu> eta gutxiago <ou>. Goranzkoak oso urriak dira, nahiz ekialdeko hizkeretan gertatzen diren (Mitxelena 1961 [1977], 1985).

Elkarren segidan doazen bi bokal diptongoan (silaba bakarrean) ahoskatzen diren ala ez (hiatoan) prosodikoki antzematen zaion gauza da, hitzaren luzeran nolabait esan: [∫a.βjer] [∫a.βi.er] baino lasterrago gertatzen da.

 

Euskararen fonema kontsonanteak

Artikulatorioki kontsonanteak dira aire etorrian nolabaiteko traba duten hotsak; traba izan daiteke ahots kordak hestutzea, mihiarekin sabaia ukitzea, ezpainek elkar ukitzea, mihiak hobia ukitzea, eta abar. Kontsonanteak definitzeko kontuan hartzen da traba non egiten den, traba nola egiten den eta aire-etorriko zein zatirekin ekoizten den.

Munduko hizkuntza guztietan sortzen diren kontsonanteen eta bokalen aniztasuna eta askotarikotasunaren deskribapena eman ahal izateko IPA zeinuak erabiltzen dira. IPA (International Phonetic Association) nazioarteko elkartea da, hizkuntzalarien artean onartua dagoena, eta, oro har, IPA elkarteak onartutako zeinuak erabiliz egiten dira fonetikazko eta fonologiazko lanak. Kontsonanteak sailkatzeko ahosmoldea eta ahosgunea hartzen dira ezaugarri nagusitzat. Hauekin batera kontsonantea ahostuna edo ahoskabea den ere kontuan hartzen da.

Artikulazio moldeari begiratuta, bi talde nagusi bereiz daitezke: trabariak eta ozenak. Kontsonante trabariak ekoizten dira biriketatik datorren aireak trabaren bat topatzen duenean bidean. Traba izan daiteke erabatekoa “airearen irtetea erabat oztopatzen da une batez organo artikulatzaileen arteko bidea itxiaz eta aire-etorria geldiaraziz. Horrela, hots herskariak ahoskatzen dira [<p, t, k, b, d, g> eta <ph, th, kh> herskari asperendunak dauden tokietan]. Horiek dira trabaririk trabarienak, ez baitago erabateko hersketa edo etena baino traba handiagoa.Airearen bidea ez bada erabat ixten, baina bai igurtzia entzuteko nahikoa estutzen, hots igurzkariak ateratzen dira [<s, z, x, f, h, j>]. Hersketa igurtzi baten bidez laxatzen denean, afrikatuak ebakitzen dira [<ts, tz, tx>] (Oñederra 2004, 143)”. Kontsonante trabariak ahoskabeak dira euskaraz, herskarietan aldiz ahostun-ahoskabe bereizketa egiten da.

Hots ozenak dira birikietatik datorren aireak bidean trabarik bilatzen ez duenean sortzen direnak. Dagoeneko adierazi dugunez, bokalak dira hotsik ozenenak. Hala ere, bokalekin batera badira kontsonante ozenak ere. Kontsonante ozenak ekoizterakoan nolabaiteko hersketa gertatzen den arren, aire-etorria aski irekia daukate hersketak irauten duen bitartean. Ozenak berez ahostunak dira, hau da, ahoskordek dardara egiten dute ozenak ekoiztean. Kontsonante ozenak sudurkariak, albokariak eta dardarkariak dira. Kontsonante sudurkarietan “ahosabai bigunak eta haren luzakin haragitsuak, aho-gingilak, sudurrerako bidea irekita uzten dutenean ahotsa ateratzen bada, hots sudurkariak ekoitziko dira (Oñederra 2004, 142)”. Bitarte horretan airea ahotik ateratzen ez den arren artikulatzaileek ahoskunea ematen diote eta horrela <m> sudurkari ezpainkariak, <n> hobikariak edo <ñ, edo in> palatalak ekoitz daitezke. <l> kontsonante ozen albokariak ekoizterakoan aire etorriak albo batetik edo bietatik ateratzen da. <r, rr> kontsonante dardarkariak ekoizterakoan artikulatzaileek (mihiaren aurrealdeak hortzhobien kontra) irekitze-ixte lasterrak egiten dituzte eta errepikatu egiten dira. Horrela airea kolpe txikika ateratzen da, dardara eginez. Bokalak silabagileak dira, baina zenbait hizkuntzatan kontsonante ozenak ere silabagile izan ohi dira, adibidez ingelesez edo alemanez.

Orain arte ahosmoldea izan dugu mintzagai nagusiki, eta ondoren euskarazko kontsonanteen ahoskuneak zeintzuk diren ikusiko dugu. Hasteko aipatu behar da artikulatzaileek ahoskunean ahotsa ekoizterakoan birikietatik datorren aireari gehien estutzen diotela. Hona hemen euskarazko kontsonanteen ahoskuneak: ezpainkari, horzkari, sabaikari, belar, ezpainhorzkari, hortzarteko, hobikari apikari, hobikari lepokari, sabaiaurreko, faringal, horzkari, ttak edo tap eta ubular.

Ondoren ahosmoldea eta ahoskunea kontuan hartuta euskarazko hotsak zeintzuk diren adieraziko da taula batean. Horizontalean ahoskunea adierazten da eta ahostuna den ala ez; bertikalean ahosmoldea adierazten da. Hotsak adierazteko IPA zeinuez baliatu gara.

Ezpain. Ezpainho. Hortzart. Horzk. Hob. Ap.Hob. Lep. Sabaiaur. Sabaik. Belar. Fari. Ubul.
-A +A -A +A -A +A -A +A -A +A -A +A -A +A -A +A -A +A -A +A -A +A
Herskaria
Hersk. has.
Sudurkaria
Dard. anitza
Ttak-a
Igurzkaria
Afrikatua
Hurbilk.
Albokaria
Irristaria

Hain orokorrak ez diren edo bazter euskalkietako fonemak direnak, edo fonema berriak direnak, letra etzanez adierazi dira taulan: [ph, th, kh, θ, R, z, z , h]. Kontsonante hauen gertagarritasuna desberdina da eremu geografikoen arabera, hasperena <h> eta herskari hasperendunak <ph, th, kh> unitate gisan erabiltzen diren eremua esaterako palatalen <ñ, in, ll, il> eremua baino txikiagoa da egun. Badakigu garai batean hasperena unitate fonemikoa izan zela euskararen eremu osoan eta gero emankortasuna eta erabilgarritasuna galduz joan zela fonema gisa. Egun, Zuberoa, Nafarroa Beherea, eta Lapurdiko eremuan gordetzen da, oro har. Hasperena taula honetan sartzeko arrazoia da entzule nahiz hiztunen oharmenean badagoela. Gauza bera gertatzen da herskari hasperendunekin; esan dugunez, nagusiki, zubereraz aurki ditzakegu (ikus Mitxelena [1961, 1977] 1985, Hualde 1991, Zuazo 1989).

Kontsonante sabaikariak paradigman ditugu baina eremu batzuetan despalatalizazioa ere gertatzen da. Kontsonante palatalez eta palatalizazioaz gehiago jakin nahi duenari interesgarri izango zaizkio Oñederraren lanak (1986, 1990a, 2002a).

Aipatu behar da dardarkari ubularra [R] eta igurzkari hortzartekoa [θ] ere sartu ditudala egungo euskarazko ahoskeraz gertatzen direlako. Aski hots berriak dira eta maileguetan gertatzen dira nagusiki, baina hiztunak hots hauez jakitun dira eta maileguak hots horiekin ahoska ditzakete (prozesua moduko maileguetan). Dardarkari ubularra frantsesetik datorren hotsa da eta frikari ezpainhorzkaria gazteleratik datorrena; aldiz, euskaraz ahoskatzen dira eta hiztunen hots ideien artean daudela esan daiteke. Salaburuk ere, Baztango euskalkiaren hots egituraz ari delarik, hots berriei buruzko gogoeta egiten du. Salabururen esanak euskararen eremuko gainontzeko hots berriei ere heda dakieke:“Esan dudan bezala, gaur egun [x] gero ta gehiago entzuten da mailebuetan eta behin mailebu horiek gorputza hartuz gero [x] matrizeak ere agertu beharko du Baztango Soinu Egitura Taulan (Salaburu 1984, 128)”.

Igurzkarien sailean ikus daiteke beste sailetan baino unitate gehiago daudela. Euskarak txistukarien sailean unitate asko ditu, fonemikoki [s] hobikari apikari, [s] hobilari lepokari eta [∫] sabaiaurrekoaren arteko diferentzia egiten baitu, eta ezaugarri horixe da euskal kontsonante sistemaren berezitasun nabarmenena, beste hizkuntzen sistemekin alderatzen badugu, Hualdek dioen bezala: “From a cross-linguistic perspective, the only unusual feature in this consonantal system is the distinction among apico-alveolar //, lamino alveolar /s/ and prepalatal (palato-alveolar) /∫/ and also among the corresponding affricate segments (Hualde 2003, 16)”. Azpimarratu behar da, dena den, txistukarien arteko berezitasuna galtzen ari dela zenbait eremutan, adibidez [s] hobikari apikariaren eta [s] hobikari lepokariaren artekoa, eta [∫] sabaiaurrekoa ere eremu batzuetan bakarrik erabiltzen da.

Goiko taulan hizkuntzaren unitate fonemikoak agertzen dira, baina ez dira hots bakarrak. Ondoren oinarrizko fonemak ingurune foniko jakin batean ditzuten aldaera nagusienak agertzen baitira. Ahostuntasunaren asimilazioak eta ahoskunearen asimilazioak dira aldaera hauen iturri. // eta // zubereraz unitate fonemiko dira, adibidez. Alofono gisa euskararen eremu osoan gertatzen direla suposa dezakegu, adibidez esne [ene] /b, d, g/ herskari ahostunek [ß, , ] aldaera hurbilkariak dituzte bokalartean ekoitzitakoan ibai [ißaj], eder [eδer] eta igaz [iγa??] adibideetan gertatzen den moduan. Sudurkariek ahoskune asimilazioaren ondorioz [m] aldaera ezpainhorzkaria (enbata [embata]), [n] horzkaria (kantu [kantu]), [ɲ] sabaikaria (moño [moɲo]) eta [ŋ] belarra (hango [aŋgo]) dituzte. Euskalkien artean zuberera da besteetatik gehien desberdintzen dena fonema inbentarioari dagokionez; goraxeago ere aipatu dugu zubererak, beste euskalkiek ez bezala, txistukari ahostunak dituela fonemikoki, bokal sudurkari fonemikoak ere bai, /y/ bokala eta herskari hasperendunak ere bai.

Ondoren zerrenda bidez adieraziko da euskarazko hotsen adibidetegia. Lehenego IPA zeinua adieraziko da. Ondoren, hots bakoitzaren gutxieneko sailkapenerako tasunak emango dira eta gero adibideak jarriko dira idazkera ortografikoa erabiliz.

p herskari ezpainkari ahoskabea apo

t herskari horzkari ahoskabea ote

c herskari sabaikari edo platal ahoskabea ttentte

k herskari belar ahoskabea uka

ph herskakari ezpainkari hasperendun ahoskabea Zub. iphar

th herskari horzkari hasperendun ahoskabea Zub. ethorri

kh herskari belar hasperendun ahoskabea Zub. ekhi

b herskari ezpainkari ahostuna ba

d herskari horzkari ahostuna du

ɟ herskari sabaikari edo palatal ahostuna onddo

g herskari belar ahostuna goaz

β igurzkari / hurbilkari ezpainkari ahostuna ibai

δ igurzkari / hurbilkari horzkari ahostuna idi

ʝ igurzkari / hurbilkari sabaikari edo palatal ahostuna maddalen

ɣ igurzkari / hurbilkari belar ahostuna igo

f igurzkari ezpainhorzkari ahoskabea fede

θ igurzkari hortzarteko ahoskabea gazt. zapato

s igurzkari hobikari apikari ahoskabea usu

s igurzkari hobikari lepokari ahoskabea zera

∫ igurzkari sabaiaurreko ahoskabea xexen

 igurzkari hobikari apikari ahostuna asmo

 igurzkari hobikari lepokari ahostuna hizlari

 igurzkari sabaiaurreko ahostuna Zub. jin

x igurzkari belar ahoskabea Gipuzk. joan

h igurzkari / hurbilkari faringal ahosakabea Zub. hau

ts afrikatu hobikari apikari ahoskabea otso

ts afrikatu hobikari lepokari ahoskabea atzo

t∫ afrikatu sabaiaurreko ahoskabea itxi

d afrikatu hobikari apikari ahostuna Altsasun udze

d afrikatu sabaiaurreko ahostuna Bizk. Ez jat [edat]

m sudurkari ezpainkaria ama

ɱ sudurkari ezpain-horzkaria anfibio

n sudurkari hobikaria une

n sudurkari horzkaria santu

ɲ sudurkari sabaikari edo palatala moño

ŋ sudurkari belarra hango

l albokari hobikaria ulu

λ albokari sabaikari edo palatala llabur

 ttak edo tap aro

r dardarkari hobikaria orro

R dardarkari ubularra fr. carré

 dardarkari ubular-ahostuna (aurrekoaren aldaera)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hots motak, euskal soinuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3