Erabiltzaile Tresnak


fon:1:1:2

Hots bilkuren ezaugarri nagusiak

Hizketarakoan memoria iraunkorrean, hots biltegian ditugun unitateak elkarrekin kateatuz kanporatzen ditugu eta alderantziz entzutean belarritik sartzen zaigun hots andana kategorizatzen dugu. Unitateak bilkuretan gertatzen dira eta bilkura posible horiek memorizatu egiten dira, eta gure paradigman edo memoria iraunkorrean kokatzen dira. Gertaera hau izendatzean fonotaktika edo baldintza fonotaktikoak erabili izan dira, eta Morpheme Structure Rules eta Morpheme Structure Conditions terminoez ere ezagun dira tradizio sortzailean. Estrukturalistek eta generatibistek izendapen horiek erabili izan dituzte eta erabiltzen dituzte.

Hizkuntza bakoitzak hots bilkura jakin batzuk onartzen ditu. Horrekin batera baldintzak eta debekuak ere izaten ditu. Ondoren euskarazko hotsak nola kateatzen diren ikusiko dugu, eta horrekin batera hotsak ingurunean kanporatzerakoan dituzten baldintza eta debekuak azpimarratuko dira. Zerrenda antolatzeko silaba-egitura erabiliko da.

Hots bilkurak silaba egituran

Silaba-gunean, ekinean, eta kodan dauden baldintzak aipatu ondoren kontsonante bilkuretan eta bokal bilkuretan daudenak aipatuko dira.

Silaba gunean

Euskarazko fonema inbentarioko edozein bokal ager daiteke silaba-gunean: a.ma, e.gun, i.bai, o.ker, u.lu.

Ekinean

Egun euskararen hots-biltegiko edozein kontsonante ager daiteke hitz hasierako ekinean, ttaka ezik.

Hitz barreneko ekinean ere paradigmako edozein kontsonante ager daiteke.

Kodan

Kodan ondorengo kontsonanteak ager daitezke:

a. Herskariak, hitz amaierako kodan. Hitz barrenean, herskariak lehen ez ziren posible, baina zenbait mailegu berritan onartzen dira: hek.ta.go.no. Mailegu berri ugarik eta hiztun gehienak alfabetatuak eta elebidunak izateak erraztu egin du kodan herskariak agertzea eta egun, zenbait hizkera mailatan, bereziki, erraz ikus daitezke herskariz amaitutako kodak: sek.to.re, ins.pek.to.re, dok.to.re, eta abar.

b. Afrikatuak hitz amaieko kodan.

c. Igurzkari txistukaria hitz barrenean, adibidez az.ken, eta hitz amaieran o.rajn.goz, esaterako.

d. Kontsonante ozenak hitz barrenean, adibidez har.tu, bil.du, han.go, eta hitz amaieran bi.har, hur.bil, men.di.an.

e. Trabari ahoskabeak badaude, baina ahostunik ez. Koda hitz amaieran denean ahoskabetzea gertatzen da, diakronikoki gertatutako *du.dadut, bar.dabart bilakabideak erakusten du hitz amaierako ahoskabetzea gertatu dela, amaierako bokala galdu ondoren kontsonante trabari ahostuna hitz amaieran ahoskabetuz.

Kontsonante bilkura tautosilabikoak

Kontsonante bilkura tautosilabikoak dira silaba berean dauden kontsonante taldeak, silaba berari dagozkion kontsonante bilkurak. Ekina eta koda dira kontsonante bilkurak ager daitezkeen guneak.

Ekinean

Muta cum liquida taldedun hitzak badaude, trabari (herskaria /p, t, k, b, d, g/) gehi ozen urkaria (/r/ edo /l/) bilkurak hain zuzen ere: lan.bro, a.gri.ko.la, sin.kro.ni.a, tre.na, bro.ma, gri.sa, ka.lan.bre, bo.lon.dres. /f/ igurzkari ezpainhorzkari ahoskabea gehi ozen urkari (/r/ edo /l/) bilkura ere onartzen da: fro.ga, fru.ta, fla.na, ba.fle.a.

Bestelako kontsonante bilkura tautosilabikorik ez dago ekinean.

Kodan

Hitz amaierako kodan kontsonante taldeak azal daitezke, gehienez ere bikoak. Kontsonanteen arteko hurrenkeran ozentasun eskala erabat errespetatzen da. Ozen (urkari nahiz sudurkari) gehi trabari ez jarraitu (herskari edo afrikatu) bilkurak badira euskaraz baina aipatu behar da bilkura gehienak ozen gehi afrikatu direla: beltz, hartz, huntz.

Ozen gehi herskari bilkurak ez dira hain ugariak: rk (hark), rt (bart), nt (berant, galant). Dauden adibide urriek diakronikoki hitz amaierako ahoskabetzea jasan dute.

Txistukari + herskari bilkurak badira, nahiz ez izan oso ugariak: kosk, bost.

Ozenen bilkurarik ez dago.

Hitz barreneko kodan ozen gehi txistukari igurzkari kontsonante bilkura ager daiteke, baina oso urriak dira honelakoak: belz.tu, e.rans.ten, ins.pek.to.rea, ins.ti.tu.to.a. Adibide horietan hiru kontsonante elkarren segidan agertu arren, bi kontsonanteko bilkura dago kodan. Euskaraz ez dago lau kontsonanteko andanarik, baina aipatu dugun bezala, hiru kontsonanteak ez dira silaba berekoak, silaba-muga baitago tartean. Aipatu beharra dago kontsonante bilkura horiek dituzten hitzak erabilera maila zaindukoak direla, eta oro har, gehi daiteke kontsonante taldeak hizkera arduragabean erraz murrizten direla. Beraz, lehen esan bezala, bi kontsonante ager daitezke gehienez elkarren ondoan silaba berean, baina ez hitz askotan.

Kontsonante bilkura heterosilabikoak

Kontsonante bilkura heterosilabikoak dira silaba-muga tartean duten kontsonante bilkurak. Euskaraz kontsonante bilkura heterosilabiko gehienak bikoak izan ohi diren arren, aurreko atalaren amaieran esan dugun bezala, badira hiru kontsonanteko bilkurak.

Bilkura bikoa denean, lehenengo kontsonantea silabako koda izango da eta bigarrena ondo-ondoko silabako ekina (—C.C—, adibidez bil.du, sar.tu). Aldiz, bilkura hirukoa denean, bi aukera daude: aurrenekoa da lehenengo bi kontsonanteak koda izatea eta hirugarrena ondo-ondoko silabako ekina (—CC.C—, adibidez, ins.ti.tu.tu); bigarrena da lehenengo kontsonantea koda izatea eta beste biak ondo-ondoko silabako ekina (—C.CC—, adibidez, lan.bro, sas.tra.ka).

Bokal bilkurak

Kontsonante bilkuretan bezala, bokal bilkuretan ere baldintzak daude. Oro har esan daiteke paradigmatikoki edo memoria iraunkorrean euskaraz ez dagoela bi bokal berdineko bilkurarik. Hala gertatzen denean, edo bokaletako bat desagertu egiten da edo disimilazioa gertatzen da. Adibidez, alaba + a > a.la.ba edo a.la.be.a. Hala ere, badira zenbait hitz bi bokal berdin elkarren ondoan dituztenak, bi bokalen tarteko kontsonantea galdu delako: zahar [saar], ohol [ool], ahate [aate].

Bokal desberdinen bilkurak gertatzen dira, gehienez ere bikoak. Askotan tarteko kontsonantearen galeragatik suertatu ohi dira bi bokal elkarren ondoan: lehor [le.or], behi [be.i]. Arrazoi beragatik hiru bokaleko bilkurak ere gerta daitezke, nahiz oso urriak izan: ohea [o.e.a].

Bi bokal elkarren ondoan gertatzen direnean askotan bokal baten des-silabatzea gerta daiteke eta ondorioz biak silaba berean suertatzen dira. Bokalen artean silabagiletasuna errazen /i/ eta /u/ goiko bokalek galtzen dute. Aurreko paragrafoan erabilitako adibideekin jarraituz, behi hitzaren bigarren bokalak silabagiletasuna galduta [bej] bihurtzen da, ohea hitzaren bigarren bokalak silabagiletasuna galduz gero [o.ja] litzateke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hots bilkuren ezaugarri nagusiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3