Erabiltzaile Tresnak


fon:4:1

Hots segmentuak

Bokalen esparruan euskalkien arteko desberdintasun nagusia Zubererak erakusten digu. Izan ere euskalki horrek sei bokal bereizten ditu, gainerakoek bost besterik ez dituztelarik. Gainerako euskalkietan aurkitzen dugun sistema da munduan zabalduen dagoen sistema: bi bokal itxi (/i/ palatala eta /u/atzeko biribila), ireki bat (/a/) eta erdiko bi (/e/ palatala eta /o/ atzeko biribila). Zubereraren seigarrena /y/ (“ü”) itxi palatal biribila da. Bere baitan biltzen ditu palataltasuna eta biribiltasuna, ez dena izaten hizkuntzen bokal sistemetan aukera errazenetakoa.

Frantsesez ere bada mota horretako bokala, baina frantsesak bere sistema palatal osoan erabiltzen du biribiltasuna. Zubereraz, berriz, bokal itxiari bakarrik dagokio. Horregatik eta ez delako bakarrik maileguetan gertatzen, ez dirudi seigarren bokal mota hori zubererak kanpotik hartu duenik.

Posible da (baina ikerketa luzea egin beharko da oraindik ziurtasunez esateko) bokal horrek izatea zerikusirik zubereraren beste bereizgarri nabarmen batekin, bokal sudurkariekin hain zuen. Gainerako euskalki guztietan euskal bokalak ahokariak dira, oraingo maileguetan Iparraldeko hiztun elebidunek erabiltzen dituztenak salbu.

Kontsonanteen aldetik ere bereizkuntza handienak Iparraldeko eta Hegoaldeko sistemen artean aurkitzen ditugu. Batetik, Iparraldeko euskaretan hasperena eta herskari hasperendunak daude. Bestalde, egungo elebidunen ahoskeran sistematikoki sartu den dardarkari ubularrak ahoskune bat gehitu beharra dakar. Halaber, maileguetako igurzkari ahostunek ere euskal hotsen taula orokorrean leku berezia gehitzea eskatzen dute.

Haatik, euskalkien bereizkuntza nagusien artean eta kontsonanteen atalean, ezin dira aipatu gabe utzi mendebaldeko euskal hizkeretan erabiltzen diren txistukari ahostunak, txetxekarien esparruan batik bat, kontsonante sistema nabarmen aberasten dutenak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hots segmentuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3