Erabiltzaile Tresnak


gizk:1

Hizkuntzaren prozesamendua

Hizkuntza berez datorkigun zerbait dela uste dugu, eta erraz sortzen dugula, arnasa hartzea edo oinez ibiltzea bezala. Baina dirudiena baino askoz eragiketa konplexuagoa da hitz egitea. Hitz egiten ari garenean, adierazi nahi ditugun esanahiak hizkuntza-forma bihurtzen ditugu, eta hizkuntza-forma horiek soinu/irudien bidez igortzen ditugu. Era berean, hizkuntza hori ulertzeko, gure begi/belarriek seinale bat dekodifikatu behar dute lehenengo, horri dagokion hizkuntza-forma aurkitu eta hizkuntza-forma horrek daraman esanahia jaso. Hori guztia burmuinak egiten du, baina prozesu horretan eragin handia daukate beste hamaika faktorek. Hori guztia aztertuko da atal honetan, euskara geure buruetan nola prozesatzen dugun eta prozesu horretan zer faktorek nola eragiten duten.

Atarikoa

Hizkuntza, joan-etorriko ibilbidea

Hizkuntzaren erabilera puntu biren arteko joan-etorria da:

  • batetik, gizakiaren burmuinean kokatzen den hizkuntza-ezagutza
  • bestetik, gizakiaren gorputzaz kanpoko hizkuntza-forma, soinuzkoa euskararen kasuan (nahiz jakina denez keinu hizkuntza ere izan daitekeen beste hizkuntza batzuetan)

Idazkera (bai guk darabilguna behintzat) soinuaren muturrera lotu dugun irudikapen-sistema bat denez geroz, irakurketa ere hizkuntzaren ezagutza eta hizkuntzaren soinuzko-formaren arteko joan-etorri horren adibide bat dugu, nahiz begietatik hautematen dugun. Ikuspuntu honetatik, beraz, hizkuntzaren erabilera gertaera zehatzetan gauzatzen da, unibertso fisikoan suertatzen diren gertaera-segidatan zehatzago esateko: ulertzen dihardugunean, gure begi/belarriek hautematen duten seinale bat dekodifikatu behar dugu lehenik, hizkuntza dela ohartu, horri dagokion hizkuntza-forma aurkitu eta aukeratu, eta horren ondorioz hizkuntza-formak garraiatzen duen esanahiaren jabe egin. Hau guztia gure burmuinak egiten du, neurri handi batean (baina ez bakarrik) dugun hizkuntzaren ezagutza erabiliz. Bidaia horren beste norantzan, hitz egin egiten dugunean alegia, adierazi nahi ditugun esanahiak hizkuntza-forma bihurtzen ditugu, eta hizkuntza-forma horiek gure buruetatik/gorputzetatik kanpo bidaltzen ditugu soinu/irudien bidez.

Euskara geure buruetan nola prozesatzen dugun aztertzean, badugu ikerketa-helburu orokor bat, hizkuntzaren izaera argitzen laguntzea alegia, aztertu ohi diren hizkuntzez bestelakoa den gure euskara ikertuz, azalpen egoki baten bila. Baina bada geurea den helburu bat, euskaldunok geure hizkuntza nola prozesatzen dugun argitzea, alegia. Horrela jakingo dugu zein den elebitasunaren, jabekuntza-adinaren, gaitasunaren eta erabileraren eragina hizkuntzaren esparru ezberdinetan, eta ezagutza horrek hobeto lagunduko ditu geure hizkuntza irakasteko, idazteko eta erabiltzeko orduan.

Hizkuntza, gertaera konplexua

Leonard Bloomfield hizkuntzalari prestuak XX. mendearen atarian idatzitako bere Hizkunza liburu klasikoan gogoeta hau egiten zuen liburuaren lehen hitzetan (I. Laka (L. Bloomfield) Hizkuntza Klasikoak, 1994, 25.or.):

kakotxa Hizkuntzak berebiziko garrantzia du gure bizitzan. Agian ezaguna zaigulako, gutxitan aztertzen dugu, eta, aitzitik, berez baletorkigu legez hartzen dugu, arnas hartze edo ibiltzearekin egiten dugun eran.kakotxa

Egia da hori, hizkuntza “erraza” egiten zaigu, arnas hartzea bezain erraza. Batek pentsa lezake soinutik hizkuntz-egiturarako joan-etorri horiek denak guztiz zuzenak direla, bana-banako egokitasuna dagoela hizkuntza-formen eta horri dagozkien hizkuntza-egituren artean.  Broca eta Wernicke izeneko guneak garuneanBaina ez da horrela. Arnas hartzea gertaera guztiz konplexua bada, hizkuntza-erabilera gertaera-segida are konplexuagoa da. Har dezagun adibide txiki bat, euskarazko forma guztiz arrunt bat, konplexutasunaren eta egokitasun-ezaren adibide: emakumeak. Hori entzuten dugunean berehala jakin ote dezakegu zeri dagokion? Horrela iruditzen zaigu, egia da, eguneroko jardunean entzuten dugunean, baina pentsatzen paratuta, ez da horren erraza kontua. Ereduzko Prosa Gaur korpusari galdetzen badiogu, hitz horrek 4054 agerraldi dituela esango digu. Ez dira agerraldi gutxi, ez da hitz bitxia, ez da hitz bihurria, ondo baitakigu euskara dakigun denok hitz horrek zer esan nahi duen, zalantza-izpirik gabe. Har ditzagun 4054 agerraldi horietatik hiru adibide:

  • Gozo hartu gintuen emakumeak, baina puntu egiteari utzi gabe. (Ihes betea, Lertxundi, A.)
  • Emakumeak apurka-apurka elizan lekua hartuak ziren. (Gauza txikien liburua, Aristi, P.)
  • Emakumeak irristatu eta lepoa hausteko moduko eskailera horretan behera joateko gauza nintzen egunetik, neroni bihurtu nintzen konfiantzazko gizona. (Axenario, I. Otegi / J. Renard)

Lehenengo adibidean, emakume bakar bat dagoela ulertzen dugu, baina bigarrenean hitz bera erabiltzen da emakume talde bati buruz hitz egiteko. Hirugarren adibidean, arretaz begiratzen badugu, eta beste informaziorik eskaintzen ez zaigun artean, bietara uler daiteke. Beraz, forma arrunt hori anbiguoa da eta hala ere guztiz erraza garuna egiten zaigu ohiko egoeratan adierazten duena ulertzea. Anbiguotasunak nola interpretatzen ditugun aztertzeak, izan ere, hizkuntza prozesatzeko darabiltzagun bideak aztertzeko aukera eskaintzen digu, eta horregatik anbiguotasunen ebazpena hizkuntzaren prozesamendu erreala ikertzeko lanabes baliotsua da. Adibidez, aurrerago ikusiko dugun bezala, euskarazko anbiguotasun hau baliatuz, euskaldunok geure burmuinean dugun hizkuntza-ezagutzaren erabilerari buruzko hainbat kontu jakin ditzakegu. Har dezagun ondoko beste adibide hau:

  • emakumeak gizonak ikusi ditu

Berez, perpaus horren forma guztiz anbiguoa da: ezin jakin, beste informaziorik ez badugu, emakume batek gizon asko ikusi ote dituen, ala gizon batek emakume taldea ikusi ote duen. Haatik, euskaldunok ez gara anbiguotasun horretaz ohartzen normalean, eta lehenengo adierazpenaren alde egiten dugu horrelako egoera batean, gure hizkuntzaren hurrenkera kanonikoa erabiliz: subjektua, objektua eta aditza duen hurrenkera, alegia. Nahiz euskaraz hitzorden askea duen, hitzorden guztiak ez dira berdinak burmuinak egiten duen lanari begiratuta. Subjektu/Objektu/Aditz hurrenkera horrek ematen dio lanik gutxien, izan ere.

Anbiguotasunaren indarra

Anbiguotasuna ez da ikertzaileek asmatutako tramankulu artifiziala, eta gorago eskainitako adibide horren antzekoak erraz aurki daitezke eguneroko hizkuntzan, baina ez gara konturatzen, anbiguotasun horiek ziztuan ebazteko moduak baititu gure burmuinak. Ondoko adibide bi hauek horrelakoak ditugu:

  • Zeta-tximeleta emeak oso urrutitik erakartzen ditu arrak. (Giza gorputza lanean , Aldasoro I. / Lenihan J.)
  • Motorraren zaratak estali ditu bere azken hitzak. (Larrepetit, Lizarralde)

Beste informaziorik ezean, ezin jakin eme batek ar asko erakartzen ote dituen, ala ar batek eme asko; eta era berean, bigarren adibidean berez gramatikak ez digu argitzen hitz baten soinuak estali ote dituen motorraren zaratak, ala motorrak egiten duen zaratak estali dituen esandako hitzak. Bigarrenaren alde egingo genuke apustu gehienok, ziurrenik, baina ez gure hizkuntzaren morfologiak lagunduta.

Nondik-norakoak

Ezaugarri morfosintaktikoak eta prozesamendua

Hizkuntzaren ezaugarri morfosintaktikoek ba ote dute eraginik hizkuntza hori prozesatzeko garaian? Orain artean egin diren hizkuntzarteko ikerketek erakusten dute hizkuntza tipologiak izan baduela eraginik hizkuntza prozesamenduan. Honengatik prozesamendurako eredu neurokognitiboek geroz eta garrantzi handiagoa ematen diote hizkuntzen ezaugarri tipologiko eta morfosintaktikoei. Euskararen prozesamendua ikertzeak, hizkuntza prozesamenduaren aurpegi unibertsal eta aldagarrien irudi orokor hori marrazten laguntzen du. Euskararen ezaugarri tipologikoek bereziki interesgarri egiten dute, ez baitira orain artean ikuspuntu neurokognitibo batetik aztertu izan hizkuntza ergatiboak, komunztadura aniztunak eta morfologia itsaskari konplexua dutenak. Burmuinaren bide neuralen irudi bat diffusion tensor imaging teknika erabiliaz

SOV hurrenkera kanonikoa eta prozesamendua

Lan esperimentalak iradokitzen digu euskaldunek Subjektu/Objektu/Aditz, hots SOV hurrenkera kanonikoa prozesatzen dutela erraztasunik handienarekin, eta gainerako aukerek, OSV, SVO eta OVS alegia, baliabide neurokonputazional gehiago erabiltzen dituztela; euskalaritzan SOV ordenaz beste guztiak sintaktikoki eratorriak diren analisiekin bat egiten dute gure emaitza hauek. Nabarmena da euskarak aditza erdian duten hurrenkeretan ez duela erakusten alemanieraz aurkitzen den “subjektua lehenik” prozesamendu estrategiaren zantzurik. Litekeena da honen arrazoia euskararen ergatibotasunean funtsaturik egotea, euskaraz bai absolutiboak zein ergatiboak subjektu izan daitezkeen neurrian.

Objektu komunztadura eta prozesamendua

Objektu komunztaduraren prozesamendua lehen aldiz aztertu da euskara erabiliaz, ez dago honi dagokionez beste hizkuntza batean egindako ikerketarik. Emaitzek erakusten dutenez, komunztadura mota guztiek ez dute korrelato elektrofisiologiko bera erakusten; izan ere, objektu komunztaduraren prozesamenduak N400 osagarria eragiten du, subjektuzkoak ez bezala. Emaitza hauek, bada, iradokitzen dute subjektu komunztaduraren ikerketetatik ez dela besterik gabe gainerako komunztadura mota guztietara estrapolatu, nahiz egungo eredu gehientsuek horrela egin. Oso litekeena da, euskarazko emaitzak ikusita, subjektu eta objektu komunztadurek prozesatze-mekanismo bereziak erabiltzea, eredu elektrofisiologikoek islatzen duten bereizkuntzaren arabera, alegia.

— Egilea: Itziar Laka

Gaian sakonduz

Ikus hemen, hizkuntzaren prozesamenduari buruzko zenbait artikulu interesgarri:

lanaren aipamena nola egin...

Itziar Laka, "Hizkuntzaren prozesamendua", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3