Erabiltzaile Tresnak


gizk:1:1

Hizkuntzaren prozesamenduaz hitz bi

Azken urteotan, hizkuntzalaritzak eta hizkuntza-prozesamenduaren azterketak, geroz eta konbergentzia maila handiagoa erakusten dute, bai erabiltzen dituzten hizkuntza-ereduetan, eta baita ikertzen dituzten gertakarietan edo eskaintzen dituzten azalbideetan ere. Hizkuntzalaritzan, azken hamarkada honetako garapenek geroz eta garrantzi handiagoa ematen diote hizkuntzaren prozesatzeak hizkuntzaren arkitekturan izan dezakeen eraginari. Hizkuntza-prozesamenduan, bestetik, eragiketa morfosintaktikoek sortzen dituzten kate eta egitura konplexuek prozesamenduan sortzen dituzten zantzuak aurkitu zirenetik hona, hizkuntzalaritzatik geroz eta hurbilago daude alor honetan burutzen diren lanak, eta lortzen diren emaitzak.

Azken urteotan, (neuro)zientzia kognitiboak osatzen dituzten alorretan aurrerapen handiak egin dira giza hizkuntzaren oinarrizko diseinu-ezaugarriak zein diren eta hizkuntza garunean nola itxuratu eta prozesatzen den ulertzeko bidean. Ildo honetan hizkuntzalaritza teorikoa eta metodologia esperimentala uztartzen dira, hizkuntzaren ikerketan aurrera egiteko. Garunean mota desberdinetako hizkuntzak nola itxuratzen eta prozesatzen diren argitzen saiatzen dira ikerlariak, gai hori argitzen den neurrian argituko baita zertan bereizten diren, bereizten ote badira, hizkuntzaren euskarri neuraletako eta prozesamenduko egitura edo mekanismo unibertsalak batetik, eta hizkuntzen ezaugarrien araberakoak diren gertakariak bestetik. Ikerketa alor honek, beraz, hizkuntzalaritza teorikoaren eta hizkuntzaren neurokognizioaren ikerketaren arteko zubia eraikitzen laguntzeko xedea du.

Gizakion garuna eta nerbio sistema askotariko informazioa prozesatzeaz arduratzen da. Hizkuntza bera, izan ere, mekanismo biologikoen bidez prozesatzen dugu. Belarrietatik edota begietatik sartzen zaigun hizkuntz informazioak sortzen dituen eragiketa kognitiboek gure garunaren lana islatzen dute. Hizkuntza eragiketen euskarri fisikoak ezagutzeko eta ulertzeko sortzen ditugun modeloak eta teoriak, bada, garunarekin uztartu behar ditugu, han baitu egoitza giza hizkuntzak. Hizkuntzari buruzko teoria zientifikoek egiten dituzten iragarpenak garunaren lanean nola gauzatzen diren aztertzeko gai izan behar dute eskaintzen diren azalpenek. Egungo hizkuntzalaritza teorikoa eta prozesamenduari buruzko hipotesiak eskutik doaz beren helburuen atzetik. Izan ere, hizkuntza prozesamenduak hizkuntzaren itxurapen neurala eta erabilera azaldu nahi badu, hizkuntzaren ezagutza erabiltzen dugunenean gertatzen diren prozesu kognitibo eta biologikoen berri eman beharko du nahitaez.

Jarduera elektrikoa gogo-funtzioen erakusgarri: gertaerei loturiko potentzialak

NEURONA BATEN EGITURAGaruneko neurona taldeen jarduera post-sinaptikoek potentzia elektrikoen aldaketak eragiten dituzte; potentzia elektrikoaren aldaketa horiek neurtzen baditugu, garunaren konputazioa aztertzeko bide bat daukagu. Karga elektroestatikoa materiaren oinarrizko ezaugarri bat da; elektrikoki kargatutatko gorputzak, protoiez, elektroiez, eta ioiez osatuta daude. Karga elektrikoak mugitzen direnean korronte elektrikoak sortzen dira. Korronte elektriko horiek zelulen barnerako eta kanporako isurian zehar erraz eroaten dira. Isuri horretan, elektrikoki kargatutako ioiak lerratzen dira, dipoloak osatuz. Baina nola aldatzen da gure garuneko neurona multzoek sortzen duten korronte elektrikoa? Neurona gehienek antzeko funtzionamendua dute, ioien aurrean zelulamintza nahikoa iragazgaitza baita. Hala ere, sinapsien ondorioz neurotransmisoreek zenbait proteinen ioiak zelula mintzetan lerratu eta neurona barrura igarotzen dituzte. Ioiek, zelulan sartzean, zelulen karga elektrikoaren polaritatea aldatzen dute; polaritate positiboa zuen dipoloari polaritate negatiboa ematen diote eta alderantziz. Ondorioz, buruko larru-azal gaineko elektrodoek antzematen dituzten dipoloen polaritate aldaketak, neuronen jarduera post-sinaptikoaren ondorioa dira. Beraz, ioien kontzentrazio-maila neuronen mintzen artean igarotzean sortzen den korronte ioni ko mikroskopiko primarioak sortzen ditu buru-azalean makro-elektrodoen bidez grabatzen diren potentzialak.HIZKUNTZAZ PENTSATZEN ARI. Rodin

Buruko larru-azalean hautematen diren potentzialek generadore neuroelektrikoak sortzen dituzte, eta horiexek dira dipoloak hain zuzen. Dipolo-eremuen indarrak eta norabideak zerikusia dute generadore neuroelektrikoak antzemateko orduan. Adibidez, dipoloak alde guztietarantz lerratzen badira, larru-azalean kokatzen den elektrodoak ezingo du jarduera neurofisiologikoa antzeman (1A irudia). Aldiz, dipoloak denak batera norabide berean lerratuz gero, korronte elektrikoa erraz hauteman ahalko da (1B irudia).

BURMUINAREN JARDUERA ELEKTRIKOABuruko larru-azalean kokaturiko elektrododek neurona multzoek sortzen duten korronte elektriko lerratua grabatzen dutenean, elektroenzefalogramak (EEG) sortzen ditugu. Gertaerei loturiko potentzialak (ERP laburduraz aipatuko ditugunak, inglesez duten izenetik Event Related brain Potentials) zentzumenen, edo gertaera kognitiboen eraginez denbora mugatuan sorturiko elektroenzefalogramak dira. ERPak, beraz, EEGtatik eratortzen dira. Normalean, EEGek anplitude handiko uhinak erakusten dituzte eta ez dute gertaera jakin batekin erlaziorik, ERPek ez bezala. ERPak, beraz, estimulu jakin baten aurrean garunak ematen dituen erantzun elek trofi sio lo gi koak dira. Elektrodoek jasotzen duten seinalea anplifikadore batetik pasatzen da eta digitalizatu egiten da seinale jarraikor baten itxurapenean. Seinale jarraikor hau EEGa da. Hautematezko gertaerek edota gertaera kognitiboek EEGan potentzia aldaketak eragin ditzakete. Baina aldaketa hauek, normalean oso txikiak direnez, ezinezkoa da EEGan zehar begibistako aldaketarik antzematea. Beraz, EEGan zehar, denbora jakinetan errepikatu diren gertaera konparagarriekin batazbestekoa egiten da, eta horrela EEGaren zaratatik boltaje jakineko uhinak lor daitezke. Uhin hauek dira ERPak edo gertaerei loturiko potentzialak izenarekin ezagutzen ditugunak (ikus 2. irudia); ikus bedi Erdozia (2009) areagoko xehetasunak argitzeko.

HAU ERE HIZKUNTZAZ PENTSATZEN ARI. Sanxenxoko portu berrian dagoen estatua, PontevedraERPek gertaera eta grabaketa unearen arteko erlazio guztiz estua erakusten dute; hau da, garuneko ekintzak gertatu ahala grabatzeko aukera ematen dute. ERP efektuek denborazko zehaztasun handia eskaintzen dute. ERP osagaiek uhinaren eta estimuluaren arteko desberdintasunak erakusten dituzte; hau da, kinada edo estimulua gertatu eta uhin desberdintzailearen artean dagoen denbora oso modu zeha tzean erakusten digu. Gainera, ERPek polaritate, topografia, eta esperimentuarekiko sentiberatasuna erakusten dute; ERPetako uhinek polaritate positiboa ala negatiboa izan dezakete x-ardatzaren behekaldean ala goikaldean gertatzen badira. Topografiari dagokionez, hots, gertaera neurala non jazo den jakiteko, mikrovoltetan grabatzen den uhinen intentsitatea garuneko zein esparrutan gertatzen den ikus daiteke buruko larru-azalean kokatutako makro-elektrodoen bidez. Azkenik, ERPak gertaerei lotuta daudenez, bi gertaera antzeko konparatzeko aukera ematen dute. Hau da, inguru esperimental batean bi baldintzen arteko desberdintasunak topatzeko sentiberatasun handia dute ERPek. ERPek gertaera edota estimulu/kinada jakinei loturiko EEGak direla azaldu dugu. Zer gertatzen da, bada, estimulu edo kinada hori hizkuntzazko gertaera bat bada? Lan honetan, euskararen hitz hurrenkera eta kasu-komunztadura prozesatzean gertatzen direnak ikusiko ditugu.

— Egilea: Itziar Laka

lanaren aipamena nola egin...

Itziar Laka, "Hizkuntzaren prozesamenduaz hitz bi", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3