Erabiltzaile Tresnak


gizk:1:2

Hitz ordenaren kanonikotasuna eta buru-parametroa

BURU PARAMETRO MOTAKBURU PARAMETRO MOTAKBURU PARAMETRO MOTAK Hizkuntza guztiek ez dute hitz-hurrenkera bera erabiltzen proposizio bera adierazteko, jakina denez: euskaraz katuak saguak harrapatzen ditu esan ohi dugu, baina gaztelaniaz el gato caza ratones, eta ingelesez the cat chases mice, informalki itxura dezakegun [harrapatu (katua, saguak)] proposizioa adierazteko. Hizkuntzalarizan, tipologian bereziki, asko aztertu izan da hurrenkera-ereduen gaia (Greenberg 1963, Dryer 1992) eta, ondo samar ezagutzen diren esparruetan gertatu ohi den legez, behin hizkuntza askotako datuak jaso eta eredu nagusiak aurkitutakoan, hipotesi orokorrak sortu dira, eredu nagusi horiek azaltzen saiatzeko.

Eragiketa sintaktikoak burmuinean gertatzen diren gertakariak izaki, baliabide neuralak erabiltzen dituzte, eta konplexutasun sintaktikoa handiagotuz doan neurrian, erabili beharreko baliabideek ere gora egiten dute. Baliabide gehiago noiz erabiltzen diren detektatzeko hainbat modu badira, horien artean soilenetako bat prozesatzeko erabiltzen den denbora dugu; konplexuagoak diren gertaera sintaktikoak prozesatzeko denbora gehiago behar du burmuinak, milisegundutan neurtzen diren denbora-aldeak. Adibidez, mugimendu edo lekutze sintaktikoa konputatu ahal izateko, gogoan izan behar ditugu (oharkabean bada ere) lekuz kanpo aurkitutako osagaiak, eta artean gainerako osagai eta elementuak konputatzen jarraitu behar dugu, lekuz kanpoko osagaien jatorrizko lekuak eta perpausaren elementu guztien arteko harremanak egokiro antzeman arte. BURU PARAMETRO MOTAKBURU PARAMETRO MOTAK Euskal sintaxiari buruzko lan gehientsuetan proposatzen da(De Rijk 1969, Ortiz de Urbina 1989, Laka 1990, Artiagoitia 1995, Fernandez 1998, Elordieta 2001, beste batzuen artean), Subjektu-Objektu-V(aditza) hurrenkera duten perpausek islatzen dutela euskararen hurrenkera kanonikoa, eta beste hurrenkerak (OSV, SVO eta OVS) sintaktikoki eratorriak direla. Hau egia bada, burmineko prozesamenduan antzeman beharko litzateke SOV dela egiturarik soilenari dagokion hurrenkera, eta beraz hitz-hurrenkera honek behar luke izan prozesatzeko azkarrena eta konplexutasunaren zantzu elektrofisiologikorik sortzen ez duena. Aldiz, gainerako hurrenkerek (OSV, SVO and OVS) prozesatze ahalegin handiagoen zantzuak erakutsi behar lituzkete; hau da, milisegundo gehiago erabili behar lituzkete prozesatzeko, eta konplexutasunaren zantzu elektrofisiologikoak erakutsi beharko lituzkete halaber.

— Egilea: Itziar Laka

lanaren aipamena nola egin...

Itziar Laka, "Hitz ordenaren kanonikotasuna eta buru-parametroa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3