Erabiltzaile Tresnak


gizk:1:2:1

SOV eta OSV hurrenkerak

ERP OSAGAI BATZUK ERAKUSTEN DITUEN UHINAEuskal hitz hurrenkera desberdinen prozesamenduari buruz egindako ikerkuntzak, prozesatzeko behar den denbora, prozesatzeak ulermenean duen eragina eta prozesamenduak sortzen dituen konponente elektrofisiologikoak aztertzen ditu. Emaitza nagusiek erakusten digute SOV eta OSV hurrenkeren erkaketan, lehena nabarmen azkarrago irakurtzen dutela hiztunek, huts gutxiago egiten dituztela hurrenkera hori ulertzean OSV hurrenkera ulertzean baino, eta baita neurri elektrofisiologikoen arabera OSV perpausek P600 izeneko konponentea sortarazten dutela, konplexutasun sintaktikoak eragiten duen konponentea alegia: “objektua lekualdatuta duten perpausen aditzetan, konplexutasun sintaktikoa adierazten duten ebidentzia elektrofisiologiko esanguratsuak (P600) lortu dira euskaraz.” (Erdozia 2006b:303). Areago, lan esperimentalek erakusten dute SOV/OSV hurrenkeren artean anbiguoak diren perpausak prozesatzean, hiztunek SOV hurrenkera aukeratzen dutela ahal den guztietan, eta maiz ez direla ohartu ere egiten perpausaren anbiguotasunaz.

HITZ HURRENKERA BATZUK

Hurrenkera desberdinetan antolatutako perpausek euskaldunen garunetan sortzen dituzten erantzun elektrofisiologikoak aztertu ditugu ERP bidez. Lehenik euskarazko SOV eta OSV hitz hurrenkerak konparatu ditugu, aditza bukaeran duten hurrenkerak. Ondorioztatu dugunez, euskaldunek SOV hurrenkera irakurtzen dutenean beren garunek sortzen duten aktibitate elektrofisiologikoa desberdina da OSV hurrenkera irakurtzen dutenean sortzen dutenarekin konparatuta.

Objektuek subjektuek baino uhin negatiboagoak sortzea konplexutasun sintaktikoaren adierazgarritzat jo ohi da. Perpaus hasierako negatibitate hau, beste hizkuntza batzuetan hurrenkera desberdinak konparatzean lortutako negatibitatearen guztiz antzekoa da (alemanez: Matzke et al. 2002; japonieraz: Hagiwara et al. 2007). Beraz, euskaldunen garunak areagoko prozesamendu-baliabideak darabiltza objektu bat bere jatorriz ko gune kanonikotik kanpo dagoenean. Bigarren osagai sintaktikoa kon pa ratzean, beste negatibitate bat antematen dugu, baina oraingoan subjektuari dagozkion uhinak dira negatiboagoak: uhin negatiboagoak sortzen ditu posizio kanonikoa mantentzen duen elementuak baino (ikus 4. irudia).

Hizkuntzarekin lotzen den beste erantzun elektrofisiologiko bat P600 dugu, konplexutasun sintaktikoarekin lotzen dena. Euskarazko OSV hurrenkeran, P600 osagaia ikus daiteke aditzaren gunean, SOV egitura kanonikoaren aditzgunearekin konparatzean (5. irudia).

Beraz, euskaraz SOV hurrenkera OSV hurrenkerarekin konparatzean, konplexutasun sintaktikoarekin lotzen diren ERP osagaiak erakusten ditu OSV hurrenkerak (negatibitatea eta P600). Ebidentzia psikolinguistikoak eta neurolinguistikoak, bada, erakusten du euskaraz SOV hurrenkera OSV baino sintaktikoki sinpleagoa dela, eta hori prozesamenduan islatzen dela zuzenean (Erdocia, Laka, Mestres, Rodriguez-Fornells 2009). Honek guztiak iradokitzen digu euskalaritzan aspalditxotik eskaintzen den azalbide baten alde egiten dutela orain arteko emaitzek: gainerako baldintzak berdin direla, SOV hurrenkeraren egitura sintaktikoa OSV hurrenkerarena baino soilagoa dela (de Rijk 1969, Ortiz de Urbina 1989, Elordieta A. 2001, beste askoren artean).

— Egilea: Itziar Laka

lanaren aipamena nola egin...

Itziar Laka, "SOV eta OSV hurrenkerak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3