Erabiltzaile Tresnak


gizk:1:2:2

SVO eta OSV hurrenkerak

Aditza bukaeran duten hurrenkerak aztertu ondoan, aditza erdian duten hurrenkerak aztertu ditugu (SVO/OVS). Norberak gidatutako irakurketaren bitartez, eta irakurri ondoren egindako ulermen-galderen erantzunen bitartez, SVO eta OVS hurrenkeren prozesamendua aztertu dugu. Helburuen arteko bat, subjektua hasieran duen hurrenkerak (SVO) objektua hasieran duen hurrenkera (OVS) baino konputazionalki errazagoa ote den jakitea da.

Esperimentu honetako materialak adibideetan erakusten direnak bezalakoak ziren. Baldintza esperimentalak hauexek ziren: 100 SVO perpaus argumentu singularrak zituztenak (1)adibidekoak bezalakoak alegia; 100 OVS perpaus (2) adibidekoak bezalakoak; 100 perpaus anbiguo, SVO zein OVS bezala interpreta daitezkeenak, (3) adibidekoak bezalakoak; 100 SVO perpaus argumentu pluralak dituztenak (4), eta 100 perpaus OVS hurrenkera eta argumentu pluraldunak, (5) adibidekoak bezalakoak. Denetara 500 perpaus esperimental ziren, eta horiek aurkeztean, beste 100 perpaus betegarri nahastekatzen ziren, partaideek ez zitzaten beti perpaus-eredu berak irakurri. 29 jaiotzetiko euskaldunek hartu zuten parte esperimentuan.

Esperimentu honen emaitzek erakutsi dute ez dagoela alde nabarmenik aditza tartean duten hurrenkera bi hauen artean; biek antxeko denbora-tartea behar dute prozesatzeko. Nabarmentzekoa da ez dugula inolako prozesamendu-abantailarik aurkitu subjektua lehenengo duen hurrenkeraren kasuan (SVO). Emaitza hau deigarria da bi arrazoi nagusirengatik: lehena, gure esperimentuetan parte hartzen duten euskaldunak, helduak izaki, elebidunak dira eta haien bigarren hizkuntza gaztelania da. Gaztelaniaren hitz orden kanonikoa SVO da, eta espero izatekoa litzateke gaztelaniaz errazen den hitzordenak eragin bat izatea gure ikergaien prozesamenduan, eta horrek abaintaila txikia ematea SVO hurrenkerari OVS hurrenkeraren ondoan. Bigarren arrazoia da SVO hurrenkerak subjektua daukala hasieran, eta prozesamendu-lanetan ia aho batez onartzen dela subjektuak hasieran dituzten hurrenkerak prozesatzeko errazagoak direla hizkuntzan. Azter ditzagun kontuak; goiko adibideetan bigarrena den perpausari begiratzen badiogu, berehala ohartzen gara hasieran datorren sintagma emakumea perpaus iragangaitz baten subjektua izan litekeela. Beraz, hori entzuten/irakurtzen duen euskaldunak ez du zertan pentsatu behar perpaus iragankor baten objektua denik. Hurrengo zatia entzutean/irakurtzean ikusi du gure euskaldun hipotetiko honek badaki hasierako hitza ez dela subjektu bat, eta azken zatia entzutean/irakurtzean gizonak asmatu du zein den perpauseko subjektua. Beraz, hasierako hitza subjektua zela pentsatu badu, orduan hasierako postura hori berregin behar du perpausa osatzen doalarik, eta horrek prozesamendu-kostu bat dauka. Baina hasierako hitza objektua zela pentsatu izan badu hasieratik, orduan deigarria da horrek dakarren prozesamendu-kostua eta SVO hurrenkera duen lehenengo adibidearen prozesamendu-kostua berdinak izatea, euskarak “hasierako subjektua” deritzon prozesamendu-estrategiaren zantzurik erakusten ez duela iradokitzen digulako. Oso litekeena da emaitza honek euskararen izaera ergatiboarekin lotura izatea.ESPERIMENTUAK HIZKUNTZA ETA BURMUINAREN INGURUAN

Emaitza hauek denak, bada, bat datoz euskal hizkuntzalaritzan egindako aldarrikapen nagusiarekin, hots, SOV hurrenkeraz bestelako hurrenkera guztiak eratorriak direla, ez-kanonikoak, eta, beraz, prozesatze-lan handiago eskatzen dutela euskaldunon garunean.

— Egilea: Itziar Laka

lanaren aipamena nola egin...

Itziar Laka, "SVO eta OSV hurrenkerak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3