Erabiltzaile Tresnak


gizk:1:3

Kasua eta komunztadura

DONOSTIAKO UDA IKASTAROAK: "GOGOAZ ETA HIZKUNTZAZ"Euskarak, subjektu-komunztaduraz gaindi, badu Europako hizkuntzen artean batere ohikoa ez den objektu komunztadura ere. Hizkuntzaren prozesamenduaren alorrean objektu komunztadura aztertu gabeko gaia da, eta beraz euskarak aukera paregabea eskaintzen digu komunztadura mota hau ikertu eta galdera nagusi bati erantzuteko: komunztadura guztiak berdin prozesatzen ote ditu garunak, subjektuzkoak izan zein objektuzkoak izan? Lau esperimentutan aztertu da euskarazko objektu-komunztaduraren prozesamendua, metodo esperimental desberdin bi erabiliaz: norberak gidaturiko irakurketa lehenengo esperimentuan, eta ERP metodologia gainontzekoetan (Zawiszewski et al. (onartua), Zawiszewski & Friederici (2010)). Lehenengo esperimentuak zehaztu nahi zuen ea esperimentuan parte hartzen zuten hiztunek objektu-komunztadurako urraketak antzematen ote zituzten, eta urraketa horien hautemateak irakurketa denborei eragiten ote zieten. Bigarren esperimentu multzoak aztertzen du ea objektu komunztaduraren urraketek sortzen dituen ERP zantzuak subjektu komunztaduran sortzen diren berberak ote diren ala ez. Lehenengo esperimentuan 32 jaiotzetiko euskaldunek parte hartu zuten. Denetara, 320 perpaus erabili ziren, 160 gramatikalki zuzenak eta 160 gramatikaz kanpokoak, hurrengo adibidean erakusten direnak bezalakoak:

  • Gaur zuk ni agurtu nauzu kalean
  • Gaur zuk ni agurtu *duzu kalean

Lehenengo esperimentuaren emaitzek erakutsi zutenez, hiztun batek objektu-komunztaduraren urraketa batekin topo egiten duenean, perpausaren irakurketa denborak esanguratsuki luzatzen dira, gramatika-urraketak zuzenean eragindako prozesamendu-karga islatuz. Objektu-komunztadura prozesatzeak sortzen dituen korrelato nuerofisiologikoak aztertzeko, ERPak erabili ziren beste hiru esperimentutan, prozesamenduaren urratsak unez-une, milisegudutako tarteetan aztertzea ahalbidetzen duen teknika baita hori.

Bigarren esperimentuan hogei jaiotzetiko euskaldunek hartu zuten parte. Esperimentuan erabili ziren perpausak gorago deskribatutako berberak ziren. Emaitzek erakutsi dutenez, objektu komunztadurak negatibitatea sortzen du atzealdeko elektrodoetan 300-450 milisegunduetara, eta baita konplexutasuna iragartzen duen P600 osagarria ere. Hirugarren esperimentuan objektu-komunztadura subjektu-komunztadurarekin alderatu zen zuzen-zuzenean; erantzun elektrofisiologikoek zantzu berdinak erakutsi zituzten komunztadura mota bietarako. Laugarren esperimentuan SOV eta OSV motako perpausak erabili genituen, hitz hurrenkerak objektu komunztadurari eragiten ote dion zehazteko. Lortutako emaitzek erakusten dute hitzordenaren aldaketak ez duela inolako eraginik aurreko esperimentuetan lortutako emaitzetan, eta objektu-komunztaduraren urraketek N400-P600 eredua erakusten dutela, eta ez beste hizkuntzetan subjektu-komunztaduraren urraketetan aurkitu ohi den LAN-P600 eredua (hainbat hizkuntzatan: ingelesa, alemaniera, italiera, finera, holandesa,…)

— Egilea: Itziar Laka

lanaren aipamena nola egin...

Itziar Laka, "Kasua eta komunztadura", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3