Erabiltzaile Tresnak


gizk:2

Hizkuntzaren jabekuntza

Hizkuntzaren jabekuntzari buruzko atal honek euskararen jabekuntza izango du hizpide nagusi. Euskararen jabekuntza zentzu zabalean ulertzen da hemen, alegia, ez da bakarrik jaio eta lauzpabost urte arteko euskararen jabekuntza aztertuko, baizik eta bost urtetik aurrerako euskararen garapena ere ikusi nahi da.
Halaber, atal honen asmo nagusietako bat da hizkuntzaren jabekuntza-motez ere jardutea: etxetik euskaldun elebakar diren haurren hizkuntza garapena aztergai izango den moduan, etxetik elebidun diren zein eskola bidez elebidun egin diren haurren hizkuntza garapenari ere heldu nahi zaio.

Hizkuntzaren jabekuntza-motak: elebakarrak, elebidun-motak


Hizkuntzaren jabekuntza edo bereganatzea prozesu bezala ulertu izan da eta orokorrean jabekuntza-mota nagusi batzuk bereizi izan dira aipagai den hizkuntza (H) hiztunaren lehenengo hizkuntza H1, bigarrena H2 edo ,… ixagarren hizkuntza Hx den kontuan izanda. Orokorrean, hiztun elebakarra, hizkuntza bakarra jakin eta erabiltzen duen hiztunari esan ohi zaio; hiztun elebiduna, bi hizkuntza erabiltzen baditu, eta eleaniztuna hizkuntza gehiago erabiltzeko gauza den hiztunari.

Hizkuntza noiz ikasi

Hizkuntza txiki-txikitan ikasi edota handiagotan ikastea, prozesu eta mekanismo desberdinek eragindako lorpentzat hartu izan da, eta horregatik hartu du adinak horrelako garrantzia hizkuntzaren jabekuntzaren gaineko ikerkuntzan, delako aro kritikoaren hipotesiarekin lotuta. Izan ere, uste baita adinean aurrera joan ahala hizkuntza (beste zenbait trebetasun bezala) gizakiak ikasteko erabiltzen dituen baliabideak aldatzen joaten direla, eta aldaketa horrekin lotuta hizkuntza ikasteko gaitasunaren arrakasta aukera urritzen joaten dela. Ikerketa asko egin dira H1 eta H2aren jabekuntza prozesuaren emaitzen artean dauden desberdintasun ugariak erakutsi dituztenak, nahiz eta bilakaera horretako urratsen batzuk antzekoak izan H1 eta H2 bereganatzerakoan.

Txikitatik bi hizkuntzarekin harremanetan egonda bi hizkuntza erabiltzen dituen hiztuna elebidun goiztiar bezala ezagutzen da, eta, aldiz, bigarren hizkuntza nerabezaroan edo geroago bereganatu duenari elebidun berantiar deitzen zaio.

Hizkuntza bat baino gehiago aldi berean

H1-ean EDO H2-an ARI OTE DIRA?Hizkuntzaren zenbagarrentasuna, ordea, ez da beti erraza izaten erabakitzen, batez ere haurra txikitatik hizkuntza bat baino gehiago entzuten diren inguruan jaio eta bizi bada. Elebitasun-mota bat baino gehiago ezagutzen dira bigarren hizkuntzaren bereganatzeko modua eta adina kontuan izanda. Hartara, aldi bereko elebitasuna (2H1) eta ondoz ondoko elebitasuna bereizi izan dira, aldi berekoan bi hizkuntzak H1 bezala beraganatzen direlakoan, horregatik 2H1; aldiz, ondoz ondoko elebitasunean aurrena hizkuntza bat (H1) eta gero bigarrena (H2) bereganatzen direlarik, bi prozesu-mota derberdinen ondorioa izango dela pentsatzen da hizkuntza bakoitzean hiztunak duen gaitasuna, abiapuntua desberdina izanik H1 eta H2rako (adina, oinarrizko jakinduria…) garapena (ikaste prozesua) eta azken emaitza (lortutako gaitasun maila) ere desberdinak izango direlakoan. Bigarren hizkuntzaren bereganatze-prozesua aipatzerakoan, bereiztea komeni da H2 goiztiarra (H2g) eta H2 berantiarra (H2b). Muga zein adinetan jarri erabat erabakitzeke badago ere, hiru urteak bitartean ikasitako hizkuntza(k) lehen hizkunztzatzat har daitezke (H1, 2H1 prozesuak), hiru urtetik 6 urtera bitartean H2g legez ezagutzen da, eta 6 urtetik gora ikasitako hizkuntza(k), berriz H2b legez. Muga hauek, ez dira, ordea garbi-garbiak (Meisel 2007).

Hizkuntza noiz ikasten den gauza bat da. Baina badira hori bezain kontuan izatekoak beste zenbait ezaugarri ere, adibidez haurrak hizkuntza(k) non, nola, zenbateko maiztasunarekin, nolako kalitatekoa(k)… d(it)uen inguruan eta hizkuntza edo hizkuntzak erabiltzeko aukera. Ez dirudi, beraz, hutsala bereiztea elebidun goiztiarren artean etxeko elebidunak, edo elebiduntasuna eskolaren bidez garatutako hiztunen elebitasuna edo eskolako elebitasuna. Azkeneko hamarkadetan, Euskal Herriko nerabeak bi mota hauetako taldeetan sailkatu ahal izan dira.

Elebitasun goiztiarra: H1 vs. H2 goiztiarra

Jaiotzatik aurrera bi hizkuntza batera (bi H1) bereganatzen dituen haurra elebidun goiztiartzat jotzen da. Elebitasun goiztiarraren inguruan egindako ikerketek erakutsi dute jabekuntza elebidun goiztiarra jabekuntza elebakarraren parekoa dela: bai hizkuntzaren egituraren zein erabileraren ikuspegitik, garapen aroak berdintsuak dira, lortutako gaitasun maila ere bai, eta haurrek bi hizkuntzak nabarmen bereizten dituzte (Meisel 2007). Hala egiaztatu dute, gainera, euskara eta gaztelania aldi berean, biak etxean bereganatzen dituzten haurren gaineko ikerketek (Barreña 1995, Ezeizabarrena 1996, beste askoren artean).

H1 eta H2ren arteko garapena nolakoa den

UMEEK OHARTU GABE IKASTEN DITUZTE HIZKUNTZAKH1 eta H2ren artean, berriz, aldeak handiagoak dira, zenbait garapen-aro berdintsuak badira ere. Ezberdintasunak daude ekoizpenen luzeran, garapenaren erritmoan eta lortutako mailan. Eta bi dira alde hauen eragile nagusiak: H2ren jabekuntzaren hasierako adina eta aurretik bereganatutako hizkuntzaren (H1en) ezaugarriak (Meisel 2007). H2ren bereganatze prozesua txikitan gertatzen bada, bigarren hizkuntzaren jabekuntza goiztiarra (H2g) deitzen zaio. Aldiz, helduaroan gertatzen denari bigarren hizkuntzaren jabekuntza berantiarra (H2b). Nolanahi ere, elebitasun goiztiarraren esparruan kokatu beharra dago jaiotzatik hizkuntza bat (H1) bereganatuta, ondorengo urte txikietan gertatutako bigarren hizkuntza baten jabekuntza ere (H2g). Ondorioz, H2g-ren izaera eta ezaugarriak zehazteko asmoarekin, H2g delakoa H1ekin, 2H1-ekin edota H2b-rekin alderatzeko saio batzuk egin izan dira.

Dena dela, ez dago oraindik nahiko datu argi H2g eta H1en jabekuntzaren arteko antzekotasun/ aldeak zein diren erabakitzeko. Esaterako, gaitasun maila berbera lortzen ote dute H1 eta H2g motako garapena izan duten hiztun helduek? Berberak ote dira jabekuntza prozesuko garapen aroak H1 eta H2g-an? Eta azken finean, nolakoa ote da –baldin badago- jaiotzetik beste hizkuntza batekin batera ikasitako 2H1 motako garapenaren eta H2g motako garapenaren arteko aldea? Eta zein adinetatik aurrera agertzen da? Alegia, jaiotzatik hizkuntza bakarra bereganatuta, hiru, lau, bost edo sei urterekin beste hizkuntza bat bereganatzen hasi den haurraren kasua zeren adibide da, aldi bereko elebitasun goiztiarrarena (2H1) ala ondoz ondoko elebitasun goiztiarrarena (H2g)?

Kanpoko hizkuntza batzuekin egindako ikerketa aipagarri batzuk

Meiselek (2007) lantzen dituen gaiak dira hauek. Zehazki, alemana H1 izanik hiru bat urtetatik aurrera frantsesez eskolatutako haurren frantsesa aztertzen du, frantsesa H2g modura hartuta. Eta jaiotzatik frantsesa alemanarekin batera bereganatu duten haurren jabekuntzarekin (2H1-ekin edo aldi bereko elebitasun goiztiarrarekin) eta frantsesa heldutan bereganatu dutenekin, H2b(erantiarra) dutenekin konparatzen du. Bi ikerketatako emaitzak ematen ditu, bietan ere adizki jokatuak direlarik aztergai nagusia. Meiselek ondorioztatzen du hiru eta lau urte inguruan frantsesa ikasten hasitako haurren ekoizpenek antza handiagoa daukatela helduaroan frantsesa ikasten hasitakoen ekoizpenekin (H2b), alemanarekin batera jaiotzatik frantsesa bereganatutakoen ekoizpenekin baino (2H1). Hasierako faseko ekoizpen luzeak eta konplexuak, zenbait egitura bereganatzea (inoiz bereganatzekotan) frantsesa H1eko haurrei baino denbora gehiago kosta izana, ekoizpenen aldakortasuna (adin bereko haurrengan zein norbanakoarengan) eta garapen-erritmo motela dira H2g helduen bigarren hizkuntzaren jabekuntzara hurbiltzen duten ezaugarriak, edo bestela esanda, H2g elebitasun goiztiarretik (2H1) bereizten dutenak. Meiselek hiru eta lau urte artean proposatzen du 2H1 eta H2g-ren arteko muga. H2b-rena, berriz, 8 urtetik aurrera.

Euskararen inguruko ikerketak

Azken urteotan gero eta gehiago dira euskara H1 / H2 legez bereganatzearen arteko aldeen inguruan osatutako ikerketak. Hala bada, helduekin egindako esperimentu-lanek erakutsi dute aldeak daudela euskarazko ergatibo kasua edota objektu pluralarekiko komunztaduran prozesatzeko garaian euskara H1 legez eta euskara H2 legez hiru-lau urtez geroztik ikasitakoen artean, denak ulermen eta ekoizpen mailako gaitasun handiko helduak izan arren, eta hizkuntza bereganatzeko adinaren eragina azpimarratu dute (Zawiszewski 2006, besteak beste). Bestelako emaitzak aurkitu dira ahozko ipuinen ekoizpenetan, izan ere haur elebidunei buruzko zenbait lanek maila antzekoa dutela erakutsi baitute euskara bi urtetik aurrera bigarren hizkuntza bezala eskola inguruan bereganatu (H2g) edota lehen hizkuntza (H1) dutenen artean , gaitasun diskurtsiboei dagokienez (Beloki et al., 2005; Almgren et al. 2008). Antzekotasunak ikusi dira haurrek ekoiztutako ipuinen antolaketa tematikoan eta egitura narratiboan eta baita testuratze-baliabideetan ere, nola izen-kohesioan, hala aditz-kohesioan (Bronckart, 1996 / 2004). Euskararen alderdi morfologikoak ere aztertu dira korpus hauetan beretan eta ez dute ezberdintasun kuantitatiborik aurkitu: euskara H1 izan ala H2g izan, aditz jokatuetako komunztadura-akatsak urriak baitira, bi taldeetan (% 4,7 H1en kasuan, eta %4,4 H2g-ren kasuan).

Beraz, hizkuntzarekin harremanetan hasitako adina eragile oso garrantzizkotzat jo izan den arren 2H1 / H2 bereizteko (Meisel 2007), ez dirudi hura bakarrik nahiko denik hizkuntza bereganatze modu nagusiak bereizteko; besteak beste, adin txikitan (2-4 urte bitartean) ikasitako hizkuntzarekiko harremanaren indarraren arabera gaitasun maila edo hiztun mota desberdinak ere nabarmen baitaitezke. Barreña, Ezeizabarrena & Garciak (2008), esate baterako, ez dute alderik aurkitu euskara lehen hizkuntza bakarra edota beste hizkuntzarekin batera bereganatzen duten haur txikien artean, baldin eta haur elebidunek euskara asko entzuten badute inguruan; baina aldeak aurkitu dituzte, hiztegi zein gramatika mailan, oso txikitatik inguru elebidunean hazita, euskara asko eta gutxi entzuten duten hiru urtez beherako haurren artean. Barreña eta besteren lagineko haur guztiek dute euskararekiko harremana (handiagoa edo txikiagoa) oso txikitatik eta inguru hurbilean, eta ondorioz, euskara ikasteko garaian testuinguru formala izan / izan ez horrek duen eraginaren galdera erantzuteke gelditzen da.

Emaitza kontrajarriak?

Aipatutako azken emaitzok kontrajarriak ematen dute: alde batetik, Zawizewskiren (2006) lanak euskara H1 eta H2 goiztiarra bezala bereganatutako helduan arteko aldea nabarmentzen du; Beloki et al. (2005) eta Almgren et al. (2008) lanetan, aldiz, H1 eta H2dun haurren emaitzak berdintsuak direla erakutsi da; eta azkenik, Barreña et al. (2008)-ek 2H1 prozesuen artean alde nabarmenak egon daitezkeela erakutsi dute. Kontuan izatekoa da, besteak beste, aipatutako lanotan hizkuntza gaitasuna neurtzeko erabilitako metodologia desberdinek beste aldagai asko sartu dituztela alderaketan, esate batera, ikerketa-subjektuen adina (helduak / haurrak), adinarekin lotuta doazen hizkuntza bereganatzeko beste hainbat eragileren aniztasuna (hizkuntza ikasteko testuinguru ez formala / formala, erabiltzeko ohitura, motibazioa, beste hizkuntza batzuk jakitearen eragina) eta abar. Goraxeago aipatutako kontrajartze hori itxurazkoa bakarrik bihurtzen da emaitzon irakurketa aldagai anitzei erreparatuz eginez gero, izan ere bigarren hizkuntzarekiko hasierako adinaz aparte (Zawiszewski 2006, Meisel 2007), hizkuntza horrekiko harremanaren indarra ere oso kontuan izan beharreko eragile erabakigarria bezala agertzen baita elebitasunean, eta oso bereziki elebitasun goiztiarrean (Barreña et al., 2008).

Euskararen gramatikaren jabekuntza


ADITZ-MORFOLOGIAREN ETA GRAMATIKA KASUEN GARAPENA

Aditz-komunztaduraren bereganatze goiztiarraren gainean garatu diren ikerketa longitudinalek erakutsi dute haur elebakar zein elebidunek lehen urteetan menderatzen dutela aditz-komunztadura, lau urteak bitartean gai baitira ia beti egokiak diren adizki jokatuak ekoizteko, esaldian agertzen diren NOR, NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK argumentuekin bat datozenak (Ezeizabarrena, 1994; Barreña, 1995, Barreña et al 2008). Beste lan batzuk erakutsi dute, ordea, hiru-lau urterekin gehienetan helduek bezalako adizkiak erabili arren, komunztadura anitzeko adizkiak ez direla oso ugariak oraindik, izan ere tarteka helduek erabiliko lituzketenak baino adizki sinpleagoak ekoizteko joera ikusten baita (Ezeizabarrena 2003, Fernandez & Ezeizabarrena, 2003).

Ikerketa longitudinal edo luzarokoon arabera, haurrak mailaka edo pausoz pauso ekoizten du euskararen aditz-morfologiaren konplexutasuna. Ikusi da, besteak beste, garapenaren hasieran pertsona eta numero-markarik gabeko adizkiak (edo zero markadunak) ekoizten dituztela haurrek, batzuk zuzen itxurakoak, beste batzuk ez horrenbeste. Nolanahi ere, hasierako ekoizpen desegokiak urritzen doaz ondorengo aroetan, adizki gero eta konplexuagoak maizago agertzen doazen bezala. Ondorioz, aditzen gauzatze produktiboaren bilakaera lau aro-urratsetan bereiztua azaldu izan da, soinudun pertsona-marken agerrera nola garatzen den erakusten dutenak (Ezeizabarrena 1996, 2003):

I. Aditz flexioaren ekoizpen (emankor)ik gabekoa: formulak, da kopulak, infinitiboak. II. Komunztadura bakuneko aroa. Ageriko pertsona-marka bakarrekoa ekoizten den aroa, eta hura beti subjektuarekikoa (NOR eta NOR(3s)-NORK adizkiak): naiz, dut. III. Komunztadura bikoitzaren aroa. Haurrak objektu-pertsona marka agerikoak ekoizten dituena. Aditzeko pertsona markak subjektuarekin ez ezik objektu batekin ere bat datoz (NOR-NORK, NOR-NORI) aro honetan: ditut, zait. IV. Komunztadura hirukoitzaren aroa. Haurra gauza da perpausaren subjektuarekin ez ezik beste bi objektuekin ere bat datozen ageriko pertsona-marka egokiak ekoizteko (NOR-NORI-NORK): di-zki-o-t.

Lau urtera arte ikertu diren haur elebakarren eta elebidunen datuek aditzera eman dutenez, haurrek bi edo hiru soinudun komunztadura marka ekoizten dituzten adinetan ere -ikus –a-/ -(g)u-/ -z (2a)n-, esperoko ziren komunztadura-markarik gabeko aditzak ekoizten dituzte, tarteka, (2b-ko NOR3pl-ren -z- falta, adibide).

(1)

  • a. zaldixe-k emon-go (d)-otz-a-(g)u-z (M 4;00,17)
  • NORpl eman-ETORKIZUN NOR3s-Lag-NORI3s-NORK1pl-NOR3pl 643
  • b. *nik holan be ezin dot hartu gauzak (M 4;00,17)
  • NORK NOR3s-Lag-NORK1s espero: ezin do-da-z hartu.

Aditz aldiari dagokionean, ordea, hasierako hilabeteetan orainaldiko adizki jokatuak bakarrik agertu ohi dira, eta zortzi-hamarren bat hilabete beranduago ekoizten dituzte haurrek lehenaldiko adizkiak (Barreña 1996, Ezeizabarrena 1996).

Kasuen ekoizpena ere ez da bat-bateko prozesua izan ohi, NOR, NORK eta NORI, kasu mota bakoitzak bere erako bilakaera erakutsi ohi baitu, hainbat haurren datuek erakutsi dutenez (Barreña 1995, Zubiri 1997, Elosegi 1998, Larrañaga 2000). Luzerako korpusetan kasu markak hurrenkera honetan agertzen dira, orokorrean: NOR > NORK > NORI, baina hasiera batean ekoizpen guztiak ez datoz bat helduen ereduarekin.

(2)

  • a. hau da tutua (P 2;05)
  • b. *Pe(r)u(k) azin du (P 2;04)
  • c. etsunahi (=ez du nahi) amak (P 2;05)
  • d. eba(g)i nik (O 2;00)
  • e. *ni(k) argia ukitu (O 2;00)
  • f. ez, niri ez zait gustatzen ezer (P 2;10)
  • g. *(e)xan di(t) mediku(k) biha(r) polo jateko (B 2;11)

Absolutiboa aurren aurrenetik ekoizten da espero den testuinguru guztietan; datibo-markarik gabeko adibideren bat edo beste haur guztiengan aipatzen bada ere, haurra berehala hasten da datibo argumentua behar duen kasu markarekin ekoizten. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, ergatiboarekin, haurrak ergatibodun izen sintagma espero den testuinguru guztietan behar bezala ekoizteko (%90etik gora) urte erditik gora itxaron beharra baitago. Hala bada, helduen ereduaren araberako kasu markaketa hurrenkera honetan garatzen dute haurrek: NOR → NORI → NORK. Datibo kasua haurren ekoizpenetan agertzen hiruretatik azkena izan arren, hasierako huts batzuk kenduta berehala hasten dira haurrak testuinguruak eskatzen duen datibo markarekin ekoizten. Beraz, ergatiboa da, haurra elebakar zein elebidun izan, huts gehien erakusten duen kasua, nahikoa maiz gertatzen baita –k marka gauzatu gabeko izenordain edo izen sintagmak ekoiztea, bai haur elebidunen (3b), zein elebakarren ekoizpenetan (3e,g). Testuinguru fonologikoaren arabera ere ez dirudi alde handiegirik erakusten duenik ergatibo markaren ekoizteak, bokale aurrean ere hutsak agertzen baitira (Ezeizabarrena & Larrañaga 1996).

Euskarazko testu-generoen jabekuntza


AHOZKO IPUIN-KONTAKETAREN JABEKUNTZA

Ikerketaren aurkezpena

Ipuin-kontaketaren jabekuntzaren euskarazko datuak 2002 urtean Itziar Idiazabalen zuzendaritzapean abian jarritako ikerketa oparo batekoak dira. Bost, zortzi eta hamaika urterekin bi haur talde elebidunek kontatutako ipuinek osatzen dute ikerketaren korpusa eta “Hizkuntzaren Jabekuntza eta Erabilera” ikertaldeko hainbat kidek dihardute lanean (ikus www.elebilab atarian). Subjektu talde bat, H2 taldea deitua, etxetik gaztelaniadunak diren haurrek osatzen dute. Inguru soziolinguistikoa nagusiki gaztelaniaduna dute. Bizpahiru urtetik aurrera euskaraz eskolatuak dira, D ereduan, murgilketa bidezko ereduan. Ziurrenik, haurrak bizi diren inguruan eskola izango da euskara nagusitzen den eremu bakarra. Beste taldea, H1 taldea, etxetik euskaldunak diren haurrek osatzen dute. Bizi diren inguruan euskarak presentzia handia dauka. H2 taldea bezalaxe, H1 taldea euskaraz eskolatua da. Ikerketa honen helburu nagusiak hauexek dira:

  1. Euskara eskolan H2 modura ikasten duten haurrengan euskararen garapena aztertzea bost urtetik hamaika urtera arte.
  2. Etxetik euskaldun diren haurren euskararen garapenarekin konparatzea.
  3. Murgilketa bidezko euskararen garapen prozesua ezagutzea.

Ikerketarako datu-bilketaren xehetasunak: parte hartzaileak eta ipuinak biltzeko dispositiboa

- H1 taldea: etxetik euskaldunak eta ingurune euskaldunean euskaraz eskolatuak

H1 taldea Zumaiako Maria eta Jose ikastetxeko 24 ikaslek osatzen dute, denak ere etxetik euskaldunak. Ikasle hauek euskara indartsu samar dagoen herri batean bizi dira, Zumaian hain zuzen ere. EUSTATen datuen arabera, Zumaian 2001ean euskara zekitenen portzentajea ia %65ekoa zen. Datu hau %76,8raino igotzen da SIADECOk 2000n egindako ikerketa baten arabera. Bi portzentaje hauen arteko lehian sartu gabe, garbi dagoena da Zumaiako herritarren gehiengoak euskaraz badakiela. Are gehiago, ia 15 urtean egindako bilakaera goranzkoa da: 1986an portzentajea %66,5ekoa zen. Espero daitekeen modura, haurren artean euskaldunen portzentajea oraindik eta altuagoa da: %84.8 (Euskararen Datu Basea).
Soziolinguistika Klusterrak 2006an egindako neurketen arabera, Zumaian euskararen erabilera %58koa da. Hau da, kalean behatutako elkarrizketen %58 euskarazkoak ziren. 2001ean, portzentajea baxuagoa zen, %51,7koa, eta 2000n, berriz, %55,8koa. Garbi dago, Euskal Herriko euskararen erabileraren aldean (%14), Zumaiakoa oso altua dela, Urola Kostakoaren oso antzekoa, bide batez (%61,1). Oso interesgarria da ikustea haurrengan jaso dela erabilerarik altuena, %80 pasatxokoa. Ildo beretik, adin-talde berekoen artean jaso den euskararen erabilerarik altuena ere haurrena da (%84,3). Ondorioz, baiezta liteke Zumaian haurren artean euskarak indar eta presentzia handia daukala, baita kaleko erabileran ere.
Zumaiako hizkuntza paisaiari buruzko datuak ere badaude (Siadeco, 2001). 2000ko udazkenean egindako datu-bilketaren arabera, euskara hutsez idatzitakoak dira idazki gehienak (%34,2), eta euskaraz zein gaztelaniaz, bietan idatzitakoak ere asko dira (%26,1). Gaztelania hutsez daude, berriz, idazkien %26,9 (gainontzeko ia %13 pasatxo izen propioak dira). Atera behar den ondorioa da, beraz, Zumaia herri euskalduna dela eta bertan euskaraz jarduteko aukerak ia edonon daudela. Euskara entzun egiten da herri honetan, ikusi ere bai, eta euskararen aldeko jarrera oso argia da.
Ikasle hauek euskaraz eskolatuak dira, D ereduan. Noski, eredu hau ez da murgilketa eredua ikasleontzat, baizik eta eredu honek etxeko hizkuntzan eskolatzea esan nahi du haientzat.
H1 talde honen euskarazko ekoizpenak nolabaiteko erreferentzia puntutzat darabiltzagu, murgilketa bidezko euskararen ikaskuntzan H2 taldeko haurrek lortutako trebetasunak zenbaterainokoak diren ikusteko orduan.

- H2 taldea: etxetik erdaldunak, ingurune erdaldunekoak, baina euskaraz eskolatuak

H2 taldea Lizarrako Ikastolako 37 ikaslek osatzen dute. Etxetik erdaldunak dira guztiak, eta euskara ikasten ikastolan hasi ziren, bizpahiru urterekin. Etxeko hizkuntza gaztelania izateaz gain, etxetik kanpokoa ere gaztelania dute ikasle hauek, Lizarran gaztelania delako nagusi. Nafarroako Estatistika Zerbitzuko datuen arabera, 2001ean biztanleen %6 inguruk zekien euskaraz Lizarran. Euskararen Datu Basearen arabera, berriz, eta 2001 urteko datuak dira hauek ere, gehixeago ziren Lizarran euskara zekitenak, %10,8. Ia euskaldunak, %10,5 eta gainontzekoak, %78,7, erdaldunak. Lizarrako euskararen ezagutza portzentaje hauek Lizarraldean edo Estellerrian baino pixkatxo bat altuxeagoak dira, eskualdean euskaldunak %7,5 eta ia euskaldunak %8,1 direlako. Lizarrara bueltatuta, aldeak daude adinen arabera: haurren eta gazteen artean dago, alde handiarekin gainera, euskararen ezagutzarik handiena: %30,3 haurren kasuan, %23,1 gazteen kasuan. Helduak (%6,8) eta adinekoak (%2,2) oso urrun geratzen dira. Gehitu behar da, gainera, haurren kasuan, ia euskaldunak %16,1 direla. Portzentaje honi euskaldunena gehituta, %46,4ko zifra ateratzen da. Bestela esanda, haurren artean erdaldun direnak erdia baino pixka bat gehixeago besterik ez dira (%53,6). Herriko datu orokorrekin konparatuta, beraz, dezenteko diferentzia dago haurren artean euskararen ezagutzari dagokionez. Gainera, azpimarratu behar da haurren portzentaje altuago honen bilakaerak gorakako joera daukala: 1986an %19,8 ziren euskaldunak, 1991ean %20,8, 1996an %26, eta 2001ean, esan bezala, %30,3. Ikusten da, hortaz, etengabe gora egin duela haurren euskararen ezagutzak Lizarran.
H1 taldekoak bezalaxe, H2koak ere euskaraz eskolatuak daude, D ereduan. Baina ikasle hauentzat D eredua murgilketa eredua da, etxekoa ez duten hizkuntza batean eskolatzen direlako.

- Ikasleen ipuinak biltzeko dispositiboa

Ikasleek ipuinak konta ditzaten sortutako dispositiboa, funtsean, aurrez entzundako ipuin baten kontaketan datza. Alegia, ipuin baten erreprodukzioa da ikasleei eskatzen diegun zeregina, eta ez hutsetik edo ezerezetik hasita ipuin bat asmatzea edo sortzea. Mattin Zaku izeneko ipuina ekoitzarazten zaie ikasleei. Arratibel eta Zubizarretaren (2001) Txomin Ipurdi ipuinaren bertsio bat da, ikerketarako propio egokitua.
Ikertzaileak ipuina kontatzen die haurrei, bost edo seiko taldetan bilduta. Hamabi marrazkiz osatutako liburuaren laguntzaz kontatzen die ipuina haurrei, eta marrazki hauek ekintza zein egoera nagusien adierazle dira. Mattin Zaku ipuinaren hasierako egoeran bere amarekin bizi da, eta oso behartsuak dira. Aldaketa bat gertatzen da, ordea, Mattinek erregearen gaztelura joatea pentsatzen baitu (desorekaldia), dirua eskatzera, eta hala, bidean barrena abiatzen da zaku eta guzti (ekintzen garapena). Mattin Zakuk bidean hiru pertsonaia, azeria, otsoa eta ibaia, aurkitzen ditu, eta hirurak zakuan sartzen ditu. Gaztelura iristean, dirua eskatzen dio erregeari, baina erregeak oilo erraldoietara, zaldi basatien artera eta azken-azkenik herriko plazara, sutara, bidaltzen du. Egoera zail hauek gainditzeko hiru pertsonaiek laguntzen diote Mattin Zakuri. Azeriak oilo erraldoiak akabatzen ditu, otsoak zaldiak, eta ibaiak, berriz, sua itzaltzen du. Erregeak, azkenean, dirua ematea erabakitzen du (orekaldia), eta oreka sortzen da. Bukaerako egoeran, Mattin Zaku amarengana aberastuta iritsi, eta egoera zoriontsuan amaitzen da ipuina.
Helduak egin duen kontaketa entzun ondoren, seiko taldetik bi haur hartu, eta batek besteari kontatzen dio ipuina. Ipuina entzun duten gainerako haurrak beste gela batera eramaten dira. Haur kontalariak marrazkiak ditu lagungarri, baina ez dizkio haur entzuleari erakusten; ahal dela, deskripzio hutsak saihestu eta kontaketak ekoitz ditzaten. Ondoren, ipuina entzun duen haurrak hirugarren lagunari kontatuko dio, bospasei haurrek gauza bera egin arteko katea osatuz. Gelan bertan ikertzaile bat edo bi egoten dira, haurren jarduna grabatu eta argibideak emateko. Ondorengo hau da ematen zaien kontsigna: “ondo-ondo kontatu ipuina zure lagunari, grabatu egingo dugulako, eta gero haur txikiagoek entzungo dutelako. Gainera, zure lagunak beste bati kontatu beharko dio gero”. Prozedura berbera erabili da haur guztiekin, bai H1 taldekoekin, eta baita H2 taldekoekin ere. Eta baita ere ikerketa longitudinal honen hiru garaietan: haur hezkuntzaren bukaeran (5-6 urte), lehen hezkuntzako hirugarren mailan (8-9 urte) eta azken mailan (11-12 urte).

Emaitzak

Hurrengo lerroetan H1 eta H2 taldeek 5 eta 8 urterekin ekoiztutako ipuinetatik ateratako hainbat emaitza laburtzen da (Idiazabal, Almgren & Manterola, 2009).

- Ipuinen neurri orokorrak

Ikasleek testu geroz eta luzeagoak ekoiztea eskolako lorpen bezala ikusi izan ohi da (Zurer, 2002:136). Hemen ez zaio hainbesteko baliorik eskaintzen luzerari baina, nolanahi ere, datu interesgarria izan daiteke.

Taula honetan (iturria: Idiazabal, Almgren & Manterola, 2009: 692) haurren ipuinen hitz kopuruak jaso ditugu batez bestekoetan, eta baita talde bakoitzeko ipuinik luzeena eta laburrena ere. Ikus daitekeenez, helduak haurrei kontatutako ipuinen aldean, haurrenak laburragoak dira. Helduaren ipuinek, gainera, ez dute aldakortasun handirik erakusten hitz kopuruetan, alegia, helduaren ahotik haur talde ezberdinek entzundako ipuinek hitz kopuru oso antzekoak dauzkate.
Haurren emaitzei begiratuta, ikusten da bost urtetik zortzi urtera batez besteko hitz kopurua hazi egiten dela, bai euskara H1 taldean (195etik 293ra), eta baita euskara H2 taldean ere (272tik 348ra). Hala ere, aipagarria da talde bakoitzaren barruan eta bi adinetan aldakortasun handia dagoela. Ipuinik luzeenaren eta ipuinik laburrenaren arteko diferentziei begiratu besterik ez dago. Ia kasu guztietan ipuinik luzeenak laburrenak baino bi edo hiru aldiz hitz kopuru handiagoa dauka. Hau bereziki H2 taldeko 5 urteko ipuinetan ikusten da, ipuin laburrenaren eta luzeenaren arteko aldea 407 hitzekoa baita.
H1 eta H2 taldeak konparatuta, azpimarratu behar da bi adinetan H2 taldekoen batez besteko luzera H1 taldekoena baino altuagoa dela: 272 vs. 195 bost urterekin, eta 348 vs. 293 zortzi urterekin. Arrazoi bat baino gehiago proposatu nahi ditugu diferentzia hauen zergatia ulertzeko: lehenik eta behin, oso litekeena da arrazoi metodologikoak egotea honen atzean. Ikasleen ahozko ipuinak idatzira transkribatzerakoan haurrek ekoiztutako esamoldea bere horretan gorde da. Honek bere eragina dauka ipuinetako hitz kopuruak kontatzerakoan. Adibidez, euskara H1 taldeko haurrek aditz laguntzailearen kontrakzioak egiteko joera daukate: aldaera estandarreko joaten da baino, askotan jutea esaten dute (eta hala transkribatzen da, jakina). Aldiz, H2 taldekoek, joaten da esaten dute. Hitz kontaketa ordenagailu bidezkoa denez, H2 taldekoei bi hitz kontatzen zaizkiena H1 taldekoei hitz bakarra kontatzen zaie.
Beste arrazoi bat izan daiteke H2 taldekoek H1 taldekoek baino gehiagotan amaitzen dituztela ipuinak bukaerako formularekin: (eta) hala bazan eta ez bazan sar dadila kalabazan eta irten dadila Lizarrako plazan (14 bat hitz). Eta hau bi adinetan gertatzen da.
Bi taldeetako hitz kopuruen arteko aldea ulertzeko beste faktore bat zehar estiloaren erabilpena izan daiteke. Dirudienez, H1 taldekoek joera gehiago daukate zehar estiloa erabiltzeko. H2 taldekoek, aldiz, estilo zuzena gehiago erabiltzen dutela ematen du. Orduan, H1 taldekoek nolabait pertsonaiek esandakoa laburtu egiten dute zehar estiloaren bidez, H2koek pertsonaien esanak hitzez hitz gehiago errepikatzen dituzten bitartean, horrela testuak luzatuz. Hona hemen adibide bat:

  • (H2-331 , 5 urte)
    behin batean Makin Zaku eta bere ama etxe batean bizi ziren / eta esan zion Makin Zaku amari / ama! hemendik ez o- ez oso urrutik gaztelu bat dago / ber- diru bilara diru bila joango naiz /. 34 hitz.
  • (H1-12, 5 urte)
    Mattin Zaku pobria zan bere amakin / ta / esan tzion bere amai gaztelu bat bilatu zula / ta errege eta ga- erregia zeola ta erregiai dirua e-eskatuko ziola /. 26 hitz.

- Kontaketarako autonomia

Haurrek erakusten duten kontaketarako autonomia mailak hizkuntza garapenean haurrek dialogismotik monologismora ematen duten pausoa islatzen du. Izan ere, haur txikiek kontaketa jardueran egiten dituzten lehen pausoak helduen laguntzarekin egiten dituzte. Haurraren garapenaren ikuspegi vygotskiarrean funtsezkoa den helduaren paper erregulatzailea dakarkigu gogora: txikitan aurrena heldua da haurraren kontaketa jarduera erregulatzen duena. Heldua da haurraren eta haurrak egin beharreko ekintzaren (kontaketaren) arteko bitartekoa, eta haurrak geroxeago barneratzen du jarduera hori berak bakarrik edo bere kasa erregulatzeko gaitasuna (Matthey, 2003). Bost urteren inguruan, berriz, haurra helduarengandik “askatzen” hasten da, kontaketak modu autonomoan kudeatzen ditu, kontaketaren jarduera beregain hartuz. Azken finean, kontaketaren jarduera monologizatu egiten da (De Weck, 1994). Norabide honetan ulertu behar da kontaketaren jabekuntzan bost urteko adina mugarri modura azpimarratu izana hainbat autoreren lanetan (Bamberg, 1987; Berman and Slobin, 1994; Serra et al, 2000).

Taula honek erakusten duenez (iturria: Idiazabal, Almgren & Manterola, 2009: 694), bost urterekin bi taldeetako haur gehienak edo denak Mattin Zaku ipuina modu autonomoan kontatzeko gai dira. Behin helduaren kontaketa entzunda, eta marrazkiak aurrean dituztela, ipuina euren kasa ekoizten dute. Azpimarratu behar da, gainera, ez dagoela apenas alderik bi taldeen artean. Hau da, etxetik gaztelaniadun izanda eskolan euskara ikasitakoek etxetik euskaldun direnen pareko autonomia-maila daukate ipuina hasi eta buka ekoizterakoan.
Helduaren laguntza behar duten haurren kasuan, bi laguntza-mota bereiz litezke. Alde batetik, haur batzuek ipuin-kontaketaren jarduerari hasiera emateko ezintasuna daukate. Adibidez:

  • (H1-24, 5 urte)
    Heldua: ta oain XXXri ipuia kontatuko diozu? /
    Haurra: baietz! / esan dizut (4´´) bazen / e ba (10´´) ze / enaiz akordatzen ya e? /
    Heldua: marrazkiai beitu eta akordatuko [zea] /
    Haurra: [ez takit] /
    Heldua: benga aber /
    Haurra: bazen behin (asperena) ba (9´´) em /
    Heldua: (7´´) a bai / aber marrazkia nik ere ikusi nahi det aber ze pasatzen zan marrazkian? a bai! / ze pasatzen da hor / XXX / Mattin Zakurekin?/
    Haurra: ba dirua nahi zula /
    Heldua: aaa! / ba segi! / badakizu /
    Haurra: eta / e / nahi zuna dirua / e ba / amakin bizi zen e-ta bes-te e-eun batian / e ba / azeria bere atzetik juten zen eta esan tzun /

Adibide honetan ondo ikusten da nola haurrak ipuinaren kontaketari ekiteko zailtasunak dauzkan. Bigarren hitzartzean haurrak ipuin-kontaketa hasteko saiakera egiten du: bazen / e ba. Baina segundo batzuen ondoren adierazi egiten du bere ezintasuna, ipuinarekin ez dela akordatzen esanez. Helduak marrazkien laguntza proposatzen dio eta seigarren hitzartzean haurrak berriro ekiten dio kontaketari, baina oraingoan ere ezin. Azkenean, bigarren helduak marrazkiaren laguntza are esplizituagoa eskaintzen dio haurrari, pertsonaiaren izen eta guzti. Ipuina abiatzen duen egoera nagusiari buruzko galdera egitean (ze pasatzen da hor / XXX / Mattin Zakurekin?), haurrak zuzen erantzuten du (ba dirua nahi zula), helduak onetsi eta haurrari hitza ematen dio (aaa! / ba segi! / badakizu), eta azkenean, haurrak kontaketaren kontrola hartu eta ipuina bukaera arte kontatzen du (hamargarren hitzartzean hasita). H1 taldean autonomoak ez diren haurren kasuak orain deskribatu dugun honelakoak dira. Eta gauza bera gertatzen zaie H2 taldeko lau haurrei ere, bost urterekin.
Honez gain, H2 taldean bakarrik agertu den gertaera bat aipatu behar da. Hiztegi mailako arazo batek eraginda, haurrek bere kabuz eteten dute kontaketa. Ziurrenik, ez dago baieztatzerik autonomia faltaren adibidea denik, edo behintzat, ez da aurrez ikusitako autonomia falta berbera. Kontaketa aurrera eramateko zailtasunak izanda ere, haurrak beraiek dira interakzio egoera kudeatzen jarraitzen dutenak, helduari galdera eginez, helduaren laguntzaren zain geratu beharrean:

  • (H2-6, 5 urte)
    Haurra: eta ireki zion erregea / eta esan zioten / eraman e oilo-tegira / a e: (4´´) oilar elaldoiak (=erraldoiak) txikitzeko (5´´) eta oilategian atera e: esan zion m: m: e: / e: (4´´) nola esaten da hau? (marrazkia seinalatuz) /
    Heldua: a:- /
    Haurra: a:- /
    Heldua: ze-? /
    Haurra: a- /
    Haurra2: azeria /
    Haurra: azeriari / atrapatu oiloak / eta eta eta atera zuen zakuatik eta / e txikitu egin zuten /

Adibide hau oso egokia izan daiteke ikusteko eskolaren testuinguruan ipuinak kontatzeko jarduera ingurukoaren (helduaren edo entzuten ari den ikaslearen) laguntzarekin erregulatzen dela. Helduari laguntza oso modu esplizituan eskatzen dio haurrak (nola esaten da hau?) marrazkia eta guzti seinalatuz. Helduak, hasieratik erantzuna eman beharrean, pertsonaiaren izenaren lehen hotsa bakarrik eskaintzen dio laguntza gisa eta haurrari hitza bilarazten dio (2 eta 5 hitzartzeak). Baina azkenean entzuten dagoen haurrak ematen du soluzioa (6. hitzartzea), eta soluzioa errepikatuta, haurrak bere kasa aurrera jarraitzen du kontaketarekin.
Zortzi urterekin haurrek erakusten duten autonomia maila dela eta, goiko taulan ikusten da H1 taldeko haur guztiak gai direla ipuina hasi eta buka bere kasa kontatzeko. Garapena argia da, zentzu honetan. H2 taldean, berriz, zortzi urterekin oraindik hiru haurrek laguntza behar dute kontaketa aurrera eramateko.
Bada, ordea, kontuan hartzea merezi duen datu bat: H2 taldeko haur batzuek hiztegi mailako zehaztasuna bilatzen dute, eta horrek behartzen ditu helduarengana jotzera laguntza eske. Aurreko adibidean ikusi den moduan, orain ere haurra bera da bere kabuz helduari galdetzen diona:

  • (H2-28 8 urte)
    Haurra: bazen behin Mattin Mattin Zaku eta bere ama / baserri batean bizi ziren / eta oso: / oso: / (3” ) / pobrea nola esaten da? /
    Heldua: hori da / bai bai / horrela / ondo /
    Haurra: oso pobreak ziren / egun batean / erregengana joan zi- joan zen Mattin Zaku /

Haurrak jakin badaki euskaraz pobrea esaten dela gaztelaniazko pobre adierazteko. Baina berak euskarazko beste ordaina eskatzen dio helduari, agian, behartsu hitzaren bila dabil. Helduak, ordea, ez dio halako konponbiderik eskaintzen eta haurrak bere bidetik segitzen du ipuina kontatzen. Hori bai, pobreak ziren ekoiztuz.
Kontaketarako autonomiaren azterketak erakusten du, beraz, bost urterekin oraindik ere haur guztiek ez dutela lortzen aurrez entzundako ipuin bat hasi eta buka batere laguntzarik gabe kontatzea. Ez bakarrik etxetik erdaldun izanda eskolan murgilketa bidez euskaldundu direnek. Joera bera ikusi da etxetik euskaldun direnengan ere. Zortzi urterekin, ordea, garapen argia ikusi da etxetik euskaldun direnengan. Ez dirudi, berriz, halako garapen argirik dagoenik H2 taldekoengan. Dena dela ere, aipatu behar da talde honetako ikasle askorengan hiztegi mailan zehaztasuna bilatzeak eraman dituela helduari laguntza eskatzera, eta ez, adibidez, ipuina hasteko ezintasunak (bost urtereki ohikoa zena).

1 H2-33 darabilgu H2 taldeko 33. haurra adierazteko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntzaren jabekuntza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3