Erabiltzaile Tresnak


gizt:1

Euskararen egoera gizartean

Hemen, eta hemendik abiatzen diren ataletan, euskarak gizartean duen eraginaren berri emango dugu. Euskara da Euskal Herriko hizkuntza, euskaldunen hizkuntza, Euskal Herrian beste hizkuntza batzuk erabiltzen badira ere. Hizkuntza horiek, gainera (frantsesa eta gaztelania dira hizkuntza horiek egun), pisu handiagoa dute euskarak berak baino. Euskaldunok euskara ez diren gainerako hizkuntzei “erdara” (“erdi era”) deitu izan diegu. Praktikan gaztelania eta frantsea ziren hizkuntza “arrotz” horiek, urrunagokoak ziren eta bakanago entzuten zituzten hizkuntzek bere izena baitzuten: alemana, ingelesa, eta abar. Jakina, orain ditugun komunikabideak bezalakorik ez zenean, eta elkarren berri izatea askoz ere konplikatuagoa zenean, Iparraldean frantsesari deitzen zitzaion “erdara” eta Hegoaldean, berriz, espainola zen “erdara”. Horregatik, muga ingurukoen arteko elebidunetan behin baino gehiagotan sortzen ziren gaizki ulertzeak: Espainian bizi zenak beste aldeko norbait aurkitzen bazuen, eta hark erdaraz zekiela esan, gaztelaniaz zekiela ulertuko zion. Alderantziz, Frantzian bizi zenak Hegoaldean bizi zenari erdaraz zekiela entzunik, frantsesez zekiela ulertuko zuen. Gaur argiago bereizten ditugu, erdararen gainetik, frantsesa eta gaztelania. Euskarak beti izan ditu, historian zehar, beste hizkuntza boteretsu batzuk aldamenean.

MITXELENA, GARAIKOETXEA, ETXENIKE

Euskararen presentzia, euskal gizartean, ez da izan, hala ere, beti maila berekoa. Historian zehar aldaketa handiak gertatu dira. Euskara herri txikietan, kostaldean eta mendian mantendu da batez ere, hirietan aspalditik hasi baitzen hizkuntza galtzen. Hiriek erakartzen zuten bizitza ikusteko beste modu bat, “modernitatea” hirietatik sartzen zen. Horregatik egin du atzeraka euskarak mendeetan zehar, hiriak indartu ahala. Baina, dena den, modu batean edo bestean beti izan dira euskaldunak hirietan ere: dela auzo batzuetan inoiz ere galdu ez delako, dela herrietatik euskaldunak hasi zirelako hurbiltzen hiri handienetara. Atzeraka zioan euskara hizkuntzak (molde berriak espainolaren edo frantsesaren eskutik heldu ziren) aldaketa handi baten atarian suertatu zen, Espainiako aldean, Francisco Franco diktadorea 1975ean hil zenean. Dagoeneko baziren han-hemenka ikastolak sortuak eta ume askok ikasten zuten ikastegi ez ofizial horietan. Orduko Euskaltzaindiak ere proposatuak zituen hizkuntza batasunaren lehenbiziko urratsak Arantzazun (1968) egin bilkuran. Baina demokraziak euskal gobernu berria (Eusko Jaurlaritza) sortu zuen, eta handik indartu zen, legeekin eta diruarekin, dagoeneko atzetik indar handiarekin zetorren herri mugimendua. Euskararen presentzia toki guztietan nabarmendu zen: liburuetan, hezkuntzan, literaturan, ikerketetan, eta abar. Euskara landa eta herri hizkuntza izatetik hiri hizkuntza izatera pasatzen hasi zen. Euskara, handik urteetara, komunikabideetan (prentsa, irrati-telebistak), administrazioan eta unibertsitatean hizkuntza arrunta (neurri batean bederen) izatera pasatu zen. Aldaketa kualitatiboa gertatu zen horrela XX. mendearen azkeneko bi hamarkadetan. Eusko Jaurlaritza, Karlos Garaikoetxea zela lehendakari, eta Pedro Miguel Etxenike hezkuntza sailburu, Euskaltzaindiarekin batera, funbtsezkoa gertatu zen aldaketa hauek guztiak behin betiko bultzatzeko. Euskal Filologia ikasketak ere garai horretan sortu ziren, Deutsuko Unibertsitatean lehenik eta handik gutxira Euskal herriko Unibertsitatean, Koldo Mitxelena irakasleak Salamankako unibertsitateko katedra utzi eta Euskal Herrian (Gasteizen) kokatzea erabaki zuenean. Urte hauetan zehar milaka ikasle formatu dira bi unibertsitate horietan.

Europako hizkuntzen gainean zerbait

Europako hizkuntzak

Ez da gauza bera hizkuntza bakarra duen herri batean bizitzea, edo hizkuntza bat baino gehiago duen eskualde batean bizitzea. Beste mota bateko arazoak sortzen dira hizkuntza bat baino gehiago duten herrialdeetan. Eta hizkuntza ofizial bakarra baldin badute herrialde horiek (gehiangoak hitz egiten duelako, hango agintariek hizkuntza bat –edo gehiago– ofizialtzat hartzea erabaki dutelako…) egin hautu horrek bere ondorioak ditu. Kontrakoa pentsatzen badugu ere, Europako herrialde askok dute hizkuntza bat baino gehiago. Ez hori bakarrik: mundu osoa hartzen badugu kontuan, pentsatzen da biztanleen %60-75eko tartea elebiduna dela. Alde batera utziko ditugu Espainiako gaztelera, katalana, galiziera eta euskara, hizkuntza ofizial onartuak. Ez dezagun ahaztu hor daudela aragoiera edo Olivenzako portugesa ere.Frantzian ere hizkuntza bat baino gehiago mintzo da: frantsesa, okzitanoa, katalana, bretoiera eta alemana, kortsoa). Baina gainerako herrialdeetan ere hizkuntza asko aurki daitezke (munduko estatuen eta hizkuntzen euskal izen ofizialak Euskaltzaindiaren 38. arauan ikusten ahal dira). Ikus ditzagun hemen, argigarri gisan, beste zenbait kasu:

  • Alemania: alemana, soraboa, frisiera, daniera. Horretaz gain, alemanak berak oso dialekto desberdinak ditu: segur aski, haien arteko distantzia espainieraren barneko dialektoen artekoa baino handiagoa da.

Ikusten denez, Europako hainbeste jendek hizkuntza bat baino gehiago du inguruan. Horrek ez du esan nahi horiek guztiak elebidun edo hiruelekoak diren, baina bai, ordea, egoera elebidunak, Euskal herrian gertatzen zaigun bezala, ez direla kasu bakanak, baizik arruntak.

Europako hizkuntza ofizialak

Hizkuntzen arazoa mundu bat da Europan. Estatu bakoitza saiatzen da mundu hori ahalik eta mugatuen jartzen: mutur batean dago Frantzia, non frantsesaz gain beste hizkuntzek ez baitute inolako ofizialtasunik; Espainian, jakina denez, erkidego batzuetan badute ofizialtasuna (hizkuntza “ofizial”, “nazional”, “berezko”… izen desberdinak erabiltzen dira) beste hizkuntza batzuek: hori gertatzen da Euskadiko Erkidegoan, lekuko. Arrazoibideak aldatzen dira agintariek behera begiratu beharrean (behera begiratu eta hizkuntzak ikusten dituztenean beren herrialdeetan mugak jartzen saiatzen dira) gora begiratzen dutenean: Europa izaera bakarrekoa bai, baina ahal dela, denek nahi dute, hizkuntza kontuetan txokoren bat aurkitu han. Hauek dira Europako (Europa mailan) hizkuntza ofizialak:

Hizkuntza gutxiengotuei buruz hitz egiten da, delako hizkuntza hori ofiziala ez denean. Baina hizkuntza batzuk, hiztun kopuruaren ikuspuntutik begiraturik, ez dira gutxiengotuak: esaterako, maltesez 330.000 hiztun mintzo dira, danieraz 5.500.000 eta beste horrenbeste finlandieraz. Hizkuntza horiek guztiek estatus ofiziala dute Europa mailan. Baina katalana, adibidez, askoz ere jende gehiagok (9.500.000) erabiltzen du eta lau estatutan aurkitzen ahal da: Espainia, Frantzia, Andorra eta Italia. Baina ez da Europa mailan ofiziala. Ez dirudi terminologia oso modu egokian erabiltzen den batzuetan.

Arazo batzuk

Esan dugu hizkuntza bat baino gehiago duten gizarteetan arazo desberdinak sortzen direla. Hemen emango da arazo horien berri. Denok dakigu, esaterako, hizkuntzak aldatu egiten direla historian zehar, hainbeste faktore direla eta: batzuetan gure inguruan lanabes berriak sortzen dira, eta horiek izena behar dute. Kasu horretan izenak asmatu behar dira, edo beste nonbaitetik, beste hizkuntza batetik, zuzenean hartu, bere horretan edo euskal fonetikara moldatuak: “telefono” hitza bere horretan hartu da, baina “errusiera” jatorrizko erdal hitzari euskal atzizki bat atxiki zaio amaieran, eta “a” epentetiko bat hasieran, euskaraz ez baitira hitzak “r”-rekin hasten (nahiz hitz tekniko batzuk –“radar”, esaterako– bere horretan hartu ditugun). Hizkuntzak elkarren ondoan direlarik errazago hartzen dira mailegu hauek, eta errazago pasatzen dira hizkuntza batetik bestera. Hizkuntzen arteko ukipen arazoak dira horiek. Adibide bat besterik ez da hori. Batzuetan kalko zuzenak egiten ditugu, eta beste batzuetan egokitzapenak.

Bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ere ofizial bihurtzen bada, presentzia gero eta nabarmenago agertuko du hainbeste tokitan: kulturan, hezkuntzan, administrazioan… eta horrek jendearen artean egoera berriak sortzen ditu. Soziolinguistika arduratzen da egoera berri hauen ikerketaz. Aldi berean, legeak egiten dira, arauak, eta haiek han-hemenka ezarri. Horrek guztiak araudi ofiziala aldatu beharrean uzten du, eta hizkuntza poilitika bat bultzatzera. Aipatzen ari garen hau guztia, Euskal Herria osatzen duten hiru aldeen arteko egoerak azterturik ikusten da argi eta garbi: “Euskadi” izeneko erkidegoan, Espainian, Eusko Jaurlaritzak egin du euskararen aldeko apustua askoz ere modu garbiagoan Nafarroan baino. Eta Nafarroan modu garbiagoan Iparraldean baino. Horrek esan nahi du hiru eskualdeetan sortzen diren egoera soziolinguistikoak debserdinak direla, eta bakoitzak bere ezaugarri bereziak dituela. Ondorioa bistakoa da: Iparraldean ez da deus egin eta euskara gainbehera doa; Nafarroan doi-doi mantentzen da, toki batzuetan galduz eta beste batzuetan irabaziz; Euskal Autonomia Erkidegoan aurrerapen handiak egin ditu azkeneko 15 urte honetan.

Europako hizkuntzak

EUROPAKO HIZKUNTZEN MAPA

Hemen ere aurki dezakezu informazio gehiago.

Europako idazkerak

EUROPAKO IDAZKERAK - Idazkera latinoa (urdinez)

- zirilikoa (gorriz)

- greziarra (berdez)

- nahasteak: latino-zirilikoa eta greziar-latinoa

Euskaltzaindiak honetaz

Hemen duzu Mitxelenak Euskaltzaindiaren Arantzazuko biltzarrean aurkeztu zuen txostena eztabaidarako. Hor finkatu ziren euskararen batasun idatziaren oinarriak 1968an

Gaian sakonduz

Miguel Siguan-en artikulu interesgarri bat ikus daiteke hemen.

Soziolinguistako oinarrizko hiztegia hemen.soziolinguistika_hiztegia_df.pdf

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Euskararen egoera gizartean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3