Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3

Hizkuntzen ukipena

Munduan hizkuntza asko daude, eta are, hiztun gehiago. Herrialde batetik bestera, eta herrialde bakoitzean, hiztun horiek elkarrekintzan daude, komunikatu egiten dira, eta ondorioz, hizkuntzak ere elkar ukitzen ari dira. Fenomeno horrek eragiten dituen ondorioez ariko gara kapitulu honetan. Ondorio indibidual, linguistiko eta sozialak bereizi ditugu azpi-ataletan:

Munduko hizkuntzak

Munduan 6.000 hizkuntza inguru daude eta 200 estatu (ikusi hemen, nahi izanez gero, munduko hizkuntza familia nagusiak). Beraz, nazio hizkuntzez gain, hizkuntza ofizialez gain, asko izan daitezke herri bateko hizkuntzak. Papua Ginea Berrian, adibidez, 800 hizkuntzatik gora daude eta lau milioi biztanle (Martí eta beste, Hizkuntzen mundua: 69); Kamerunen edo Kongon 200 hizkuntza baino gehiago daude (Calvet, La marché aux langues: 93). Europan herri bat bakarrik gutxi gorabehera homogeneoa daukagu: Albania.

Munduko hizkuntzak, beraz, ez dira isolatuak, ukipenean dira. Albokotasunean izan ordez, zuzeneko harremanak dituzte nagusiki. Ondorioz, esan dezakegu mundua kokagune desberdinetan eleaniztuna dela eta hizkuntza komunitateak etengabe gainjartzen direla. Hemen ikus daiteke, esaterako, estatu bakoitzean erabiltzen diren hizkuntzen zerrenda.

“Hizkuntza-ukipena” adierazpena irudia da, ez baitira hizkuntzak beraiek kontaktuan. Hizkuntza desberdinen hiztunak dira kontaktuan daudenak, edo hizkuntza-komunitateak, aztertzailearen edo azterketaren ikuspegiaren arabera.

MUNDUKO HIZKUNTZA FAMILIAK

Hiztunak elkarrekin komunikatzeko gai ez baldin badira, elkarrekiko harremanik ez da. Hiztun talde bakoitzak bere bizitza osoa bere hizkuntzan egiten du osoki eta beste taldeak berean. Horrelako kasu baten aurrean, ukipenik ez dagoela esan daiteke, baina lurralde berean guztiz isolaturik bi talde edo gehiago bizitzea pentsaezina da. Elkarren ondoan bizi diren taldeen artean, elkarren arteko harremanetarako bi hizkuntzak ezagutzen dituen jendea egoten da. Beraz, hizkuntzak hiztun elebidunen bidez izaten dira elkartuak.

Bere Languages in Contact liburu fundatzailean, Uriel Weinrichek hizkuntza-ukipena honela definitu zuen:

  • Bi hizkuntza edo gehiago ukipenean direla esanen da pertsona berek txandaka erabiltzen baldin badituzte (1953: 1).

Hizkuntza-ukipenaren iker-eremua, norbanakoaz gain komunitatea ere izan daiteke, edo bederen norbanakoarekin hasten bada, gizartera heda daiteke. Hizkuntzak eta hiztunak harremanetan daude, gizarte mailako arrazoi ezberdinak direla medio, herriek topo egiten dutelako.

Horregatik, hizkuntza-ukipena hiru alderditatik azter dezakegu: norbanakoa (elebiduna, eleaniztuna edo hizkuntza-jabetze prozesuan dena), hizkuntza-komunitatea eta hizkuntza bera. Izan ere, kontaktuen eragina hizkuntzen forman ere agertzen da. Hizkuntza-ukipenak ondorio linguistikoak ditu. Azken alderdi hori soziolinguistikaren lehen ikergaietako bat izan zen.

ELEBITASUNAK GAUZA HARRIGARRIAK EGITEN DITU ASKOTANWilliam Mackey kanadar soziolinguistaren esanetan (Bilinguisme et contact de langues), elebitasunaren kontzeptua ere hiru mailatan aztertu behar da: “Elebitasunaren alderdi horiek denek –hedapena, egonkortasuna eta funtzioa– norbanakoarengan, hizkuntzan eta taldean eragiten dute” (1976: 37). Norbanakoaren baitan, hiztun elebidunen ezaugarriak ezberdinak direlako; hizkuntza-talde edo komunitatean, bi hizkuntzek gizarte horretan funtzio ezberdinak beteko dituztelako; hizkuntzen eta barietateen ezaugarrietan, bi hizkuntzen erabilerak bakoitzaren corpusean eragina duelako.

Halere, Joshua Fishman soziolinguista amerikarrarekin, eta beharbada Uriel Weinrichen ikusmoldearen aurka, bi hizkuntzak ez dira bi talde desberdin islatuko balituzte bezala ikusi behar, baizik eta talde bakar bat bezala (García eta al.: 13). Elebidunek hizkuntza-komunitate bakar bat egiten dute. Erabiltzen dituzten hizkuntzak ez dira monolitiko eta isolatuak, hizkuntzarteko sartze-gradua dago, bi hizkuntzak erabiltzen dituztenek ezagutzen dituzten erabilera elebidun ereduen arabera.

Horiek dira aipa daitezkeen elebitasunaren eta elebidunen lehen ezaugarri nagusiak.

Mackey-ren “norbanakoa, hizkuntza eta taldea” bereizketa onartuz, hori da segituko den plana atal honetan: lehenik, hizkuntza-ukipenaren ondorio indibidualak aztertuko dira, bigarrenik ondorio linguistikoak eta azkenik ondorio sozialak. Bukatzeko, hizkuntzaren hautaketa, iraupena, ordezkapena eta hedapena landuko dira.

Hizkuntza-ukipena
  • Hizkuntza-ukipena soziolinguistikaren ikergai nagusietatik bat da
  • Munduko hizkuntza gehienak ez dira isolatuak, kontaktuan dira
  • Gizarte jakin batean norbanakoak hizkuntza batean baino gehiagotan mintzo direnean, hizkuntza horien artean sortzen diren erlazioak ere aztertzen dira
  • Era orokorragoan, hizkuntza-ukipena hiru ikuspuntu kontuan harturik azter daiteke: norbanakoarena, hizkuntza-komunitatearena eta hizkuntzarena berarena

Hizkuntzen arteko ukipena ugarituz doa “mundializazio” edo “globalizazio” deitu den mugimenduagatik. Garraio modernoek eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek produktuen, biztanlerien, ideien edota jakintzen mugimenduak errazten dituzte, eta hizkuntza-ukipena ere bai.

Hizkuntzen arteko harremanak direla eta, gauza jakina da hizkuntza asko desagertzen ari direla. Badirudi ehunka joango direla betiko hurrengo urteetan. UNESCOk segitzen du hurbildik egoera kezkagarri hau. Jakin nahi baduzu zein diren hizkuntza horiek, nola dauden, gora edo behera doazen, benetan arrisku handian dauden edo ez, hemen ikus dezakezu hori.

Gaian sakonduz

Europako Erreferentzia Marko Bateratua

Atal honetan Europako Erreferentzia Marko Bateratua aipatzen da. Hori zer den hemen ikus dezakezu.segerreferentzi_markoa.pdf

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntzen ukipena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3