Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:1

Ukipenaren ondorio indibidualak

Adierazi dugu herri elebakar gutxi direla munduan, nazio-hizkuntza bat bakarrik izanik ere, Frantzian bezala. Halaber, hiztun elebakar osoak gutxi dira, esan nahi baita hizkuntza bakarra jakin eta erabiltzen dutenak. Azken finean, hiztunek, denek, elebakarrak izanik ere, hizkuntza-barietate desberdin batzuk erabiltzen dituzte, formaltasun-mailaren, egoeraren edota solasgaiaren arabera. Ildo horretatik esan genezake elebakarrik ez dela, edo bederen, hizkuntza-erregistro bakar bat duenik. Hemen elebitasunari buruz arituko gara.

Bi hizkuntza jakitea eta txandaka erabiltzea da elebitasuna; bi hizkuntza hoien erabiltzaileak elebidunak dira. Soziolinguistikaren adar batek, hizkuntzaren soziologia deitutakoak, elebitasuna (edo eleaniztasuna) komunitateetan, taldeetan aztertzen du, hizkuntza bakoitzaren funtzio sozialak kontuan hartuz bereziki.

Psikolinguistika, bere aldetik, elebitasunari buruz interesatzen da jarduera psikologikoen argitan, banakako faktore psikologikoak kontuan hartuz bereziki. Pedagogiarekin batera, hizkuntza ikaste eta jabetze prozesuez ere kezkatzen da.

Banako elebitasuna

Banako elebitasuna bi hizkuntzetan neur daiteke, ondorengo trebetasunak kontuan hartuz: ulermena eta mintzamena, irakurmena eta idazmena. Beraz, hizkuntza-gaitasunak ahozko hizkuntzan eta hizkuntza idatzian ebaluatzen dira; baita konpetentzia bikoitzak ere, esan nahi baita trebetasun horiek bi hizkuntza ezberdinetan, eta batzuetan alderatuz, neurtzen direla. Europako Kontseiluak bultzatutako Europako Erreferentzi Marko Bateratuan trebetasun hauetako bakoitzean eskura daitezkeen gaitasunak zerrendatu eta mailakatu dira, era ezberdinetako eskalen bidez, programa didaktikoak eta ebaluazio zein autoebaluazio sistemak egituratu ahal izateko.

SEINALE ELEBIDUNAK MUNDUANElebiduna izateak, hala ere, ez du esan nahi hiztunak hizkuntza bietan gaitasun berdina izan behar duenik. Hizkuntzen erabileraren errealitateak erakusten digu egiazko elebiduntasun orekatua utopikotzat hartzekoa dela, aparteko talentudun poliglota batzuen kasuan izan ezik.

Batzuek bigarren hizkuntza irakurtzeko bakarrik baliatzen dute (bibliografia kontsultatzeko, adibidez), beste batzuek mintzatzeko (baina alfabetatu gabe). Beraz elebitasun-gradua aldatu egiten da aipatu ditugun lau gaitasun horien arabera. Oro har, hizkuntza baten “menderapen osoa” nozioak ez du adiera handirik.

Halere, elebiduna hiztun osoa izan daiteke bi hizkuntzak, esan nahi baita hizkuntzaren erabilera-eremu osoak gutxi gorabehera menpera ditzakeela, gizarte-funtzio guztiak betetzeko gai izanez, hizkuntza-kontzientzia biziarekin. Baina hiztun oso esapideak ez du esan nahi elebidunak bi hizkuntzetan gaitasun berdin-berdinak dituenik.

Elebitasun motak

Elebitasuna, beraz, jabekuntzaren zein erabileraren arabera sailka daiteke, hiztun ezberdinak bereiziz. Hiztun bakoitzak bere hizkuntz perfila egin dezake, hizkuntza bakoitzean duen ibilbidea eta gaitasun mailak adieraziz. Horretarako, oso tresna baliagarria da Hizkuntz Portfolioa.

Ikus ditzagun elebitasuna sailkatzeko zenbait irizpide.

Ikaste-ordenaren araberakoa. Sailkapen hori bi hizkuntzak ikasteko ereduaren arabera egiten da. Ama-hizkuntza, etxean gurasoengandik ikasitako lehen hizkuntza, eta lehen hizkuntza (H1), haurtzaroan lehenbizi ikasitako hizkuntza, ez dira arras sinonimoak. Bi hizkuntza batera ikas daitezke haurtzaroan bakoitza gurasoetako batengandik. Orduan haurrak bi lehen hizkuntza dituela esan dezakegu. Euskaldun zaharrak dira euskara ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza bezala ikasi dutenak. Bigarren hizkuntza (H2) lehen hizkuntzaren ondoren ikasten den hizkuntza da, eskolan, autoikaskuntzaz, edo zuzeneko esperientziaren bidez jasotakoa. Euskaldun berrientzat euskara bigarren hizkuntza da.

Elebitasuna bi hizkuntzen jabekuntza-adina neurtuz, elebidun goiztiarrak eta elebidun berantiarrak bereiz ditzakegu. Beste alderdi garrantzitsu bat H2-ren eskurapena gertatzen den adina da. Honen arabera, elebidun goiztiarra deituko zaio H2 umetan eskuratu duen pertsonari eta elebidun berantiarra nagusitan egin duenari. Ezberdintasun honek berebiziko garrantzia hartzen du hiztunak izango dituen garapen neuropsikologiko, kognitibo eta soziokulturaletan. Maitena Etxebarriak dioenaren arabera, hiru izan ohi dira elebiduntasuna eskuratzeko garaiak: haurtzaro-elebiduntasuna, nerabezaro- elebiduntasuna eta helduaro-elebiduntasuna.

Gaitasunaren araberakoa. Elebitasun asimetriko edo desorekatua dugu, hiztunak bi hizkuntzen ezagutza-maila berbera ez duenean, eta aurkakoa, elebitasun simetriko edo orekatua, teorikoa beraz, hiztunak bi hizkuntzen ezagutza-maila berbera duenean.

Elebitasun kenkagarria edo kentzailea da, bigarren hizkuntza ikastean, hiztunak lehendik zekien hizkuntzaren galera dakarren elebitasuna; kontrakoa, elebitasun gehigarria edo gehitzailea, bigarren hizkuntza ikastean, hiztunak lehendik zekien hizkuntzaren galerarik ez dakarren elebitasuna.

Antolaketa kognitiboa kontuan hartuta, adituek beste bi elebitasun mota bereizten dituzte. Elebitasun konposatuaren kasuan, elebidunak errepresentazio kognitibo bakarra du baina bi hizkuntza-kode; elebitasun koordinatuaren kasuan elebidunak bi errepresentazio kognitibo ditu eta bi hizkuntza-kode.

Elebitasun funtzionala. Ikaskuntzaren ereduaren eta gaitasunaren arabera, José Maria Sánchez Carrión “Txepetx” euskal soziolinguistak hiztunen sailkapen bat aurkeztu zuen (Sanchez Carrion, 1987). 5. atalean landua Txepetxen sailkapenean hizkuntza bat baino ez da hartzen kontuan, euskara hain zuzen ere. Lehen ikaskuntza edo naturala haurtzaroan, etxean, familian egiten da; bigarren ikaskuntza edo ikaskuntza kulturala eskolan edo autoikaskuntzaz egiten da.

Horren arabera;

  • A hiztunek hizkuntza familian, haurtzaroan ikasi dute eta naturaltasuna daukate.
  • B hiztunak ikasten ari diren helduak eta gazteak dira, naturaltasunik lortu ez dutenak.
  • AB hiztunak, jatorrizko hiztun kulturizatuak dira, esan nahi baita hizkuntza familian, haurtzaroan bereganatu, eta eskolan ikasi eta landu egin dutela.
  • BA hiztunek, berriz, hizkuntza bigarren hizkuntza gisa ikasi dute, ez familian, eta gero naturaltasuna berenganatu dute.

Sailkapen hori elebidunei aplikatuta, bi hizkuntzen ikaskuntza eredua kontuan hartuz, elebidunen ondorengo tipologia proposatu zuen Txepetxek, elebakardunekin hasiz: “elebakardunak, erdi-elebidunak (semibilingües), sasi-elebidunak (pseudobilingües), elebidunak, bizielebidunak” (1987 : 158). Orotara sei elebidun mota sailkatu zituen, lehen eta bigarren hizkuntzaren ikaskuntza bereiziz (1987: 162), ikaskuntza “natural” edo “kultural” irizpidearen arabera. “Bizielebidunak”, adibidez, AB-BA elebidunak dira bi hizkuntzak, familian, haurtzaroan, eta eskolan ikasi dituztelako edo naturaltasuna berenganatu dutelako, bi hizkuntzetan A hiztun izateko.

Banakako eleaniztasuna

Pertsona batek hiru hizkuntza edo gehiago ezagutzen eta erabiltzen dituenean eleaniztuna dela esaten da. Elebitasuna bezala, eleaniztasuna mota askotakoa izan daiteke.

Eleaniztasunaren kudeaketa eta garapena hezkuntza-politikaren eta hizkuntza-politikaren adarretatik bat da. Helburu horiekin, Europako Kontseiluko Europako Erreferentzi Marko Bateratuak kultura aniztasunaren eta eleaniztasunaren balioa azpimarratzen du:

  • “Europako kultura eta hizkuntzen ondarea balio handiko baliabidea da, babestu eta garatu beharrekoa, eta ezinbestekoa da hezkuntzan ahaleginak egitea aberastasun hori, orain arte bezala komunikaziorako oztopo izan ordez, elkar aberasteko eta ulertzeko tresna izan dadin” (2001: 15). “Ikuspegi eleanitzak hau esan nahi du, ordea: gizabanakoak hizkuntza baten kultur ingurunean duen hizkuntz esperientzia zabaldu ahala, hasi familia-hizkuntzatik eta gizarte-hizkuntzaraino, oro har, eta beste herri batzuetako hizkuntzetaraino gero (izan eskolan edo unibertsitatean ikasiak, edo zuzeneko esperientziaren bidez ikasiak), hizkuntza horiek eta kultura horiek ez ditu adimeneko gune berezietan gordetzen; aldiz, komunikazio-gaitasun bat garatzen du, hizkuntz arloko ezagutza” (2001: 16).

Euskal Herrian ere eleaniztasuna gero eta gehiago bultzatu da hezkuntzan. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, adibidez, hori dio bere azken Ikastolen hizkuntz proiektuan:

  • “Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegi berriaren ondorioz, hizkuntzek inoiz baino garrantzi handiagoa dute eskolan, hizkuntza baita, azken batean, giza garapenerako tresna nagusia, eremu guztietan eta gure egiteko guztietan dugun bitartekoa” (2009, 1.3.1. Hezkuntza eredu berriaren hizkuntz eskakizunei erantzutea: 31). “Globalizazioaren ondorioz gero eta errazagoa da pertsonen mugikortasuna, eta gero eta handiagoa, beraz, kultur aniztasuna kudeatzeko beharra” (ibid, 1.3.5. Kultur aniztasunari eta hizkuntz aniztasunari erantzutea: 35).

Soziolinguistek hizkuntza-errepertorio nozioa baliatzen dute norbanakoak dauzkan hizkuntzen eta hizkuntza-barietateen multzoa izendatzeko. Banakako elebitasunaren kasuan bezala, oro har eleaniztasuna ez da orekatua. Hizkuntza bakoitzean ahalmen desberdinak izanik, gaitasun konplexu eta desorekatua bezala ikusten dute, eta badira hizkuntza-errepertorio moten araberako sailkapen asko.

Hizkuntza jabetzea, hizkuntza galtzea

Gaitasun elebiduna edo eleaniztuna etengabeko bilakaera prozesu batean kokatzen da. Hiztun elebidun baten bizi-ibilbideak bariazio handiak eragiten ditu bere errepertorioan sartzen diren hizkuntza eta hizkuntza-barietate desberdinen ezagutzan eta, ondorioz, erabileran. Hiztunek beren lehen hizkuntza gal dezakete denborarekin, erabiltzeko aukerarik ez baldin badute. Elebakarren kasuan ere, erabiltzen duten hizkuntza bakar horren ezagutza aldatu egiten da bizitzan zehar. Erabilera-eremuak eta uneak ere aldatzen dira gizartearen bizimodu aldaketekin batera. EUSKALDUN GAZTE HAU EUSKALDUN BERRIA IZANGO DA HIZKUNTZAZ JABETU BEZAIN LASTER

Soziolinguistek hiztunen tipologia asko proposatu dituzte. Arestian Txepetxen elebidunei buruzkoa ikusi dugu. Hizkuntza-komunitate jakin batean hizkuntzen jabetze mailaren araberako sailkapen bat honakoa izan daiteke.

Bi muturrak dauzkagu: batean hizkuntza jabetza (hiztun osoak), bestean ez-jabetza (ikasi ez dutenak) eta desjabetzea (hizkuntza galdu dutenak). Hiztun osoekin, hots, hizkuntza horrekin gizarte-funtzio guztiak betetzeko gai diren hiztunekin, hiztun ez osoak ditugu, “erdi-hiztunak” (ingelesez semi-speakers, gaztelaniaz semilocutores, frantsesez semilocuteurs).

Azken horiek sailkatzeko gaitasun-maila balia dezakegu: “hiztun inperfektuak”, ez osoak izanik ere, erabilera-egoera guztietan mintzatzeko gai direnak, “hiztun inperfektu ahulak” hizkuntza-gaitasun murriztuagoa dutenak (weak semi-speakers ingelesez) eta hitz edo esamolde batzuez baino oroitzen ez direnak (ingelesez rememberers). Holako gaitasun-mailako eskala zehaztu daiteke.

Azken mailak, “oroitzen diren”-enak, adierazten du hiztun horiek hizkuntza hori hobeki menperatzen zutela lehen. Beraz, ez zaie aplikatzen hiztun berriei, hizkuntza ikasten dutenei. Hizkuntza-komunitate jakin batean galtzen ari den hizkuntza gutxituaren kasuan erabilia da, edo beren jatorrizko hizkuntza galtzen ari diren etorkinen kasuan, adibidez.

Beraz, hizkuntza-galera nozioa giza talde batean nahiz hiztun batentzat erabil daiteke. Hiztun baten hizkuntza jakin baten ezagutzak atzera egin dezake denboran zehar. Baina, hiztuna hizkuntzarik gabe egoten ez denez, beste hizkuntza batek ordezkatzen du galtzen den hizkuntza hori .

Hizkuntza galtzen denean, aipatu dugun hiztunaren errepresentazio kognitiboa hizkuntza ordezkatzailean gauzatzen da eta ez galtzen den hizkuntzan. Hurrengo lerroaldean, galera mekanismo hori euskara lehen hizkuntza izan duten pertsonekin irudikatuko dugu.

Hiztunengan hizkuntza-galera gertatzen denean, fenomenoa gizartera heda daiteke, eta horrek elebitasunera eramaten gaitu. Hizkuntza bat galtzeak beste batez jabetzea inplikatzen du ordezkapen mekanismoaren bidez, nahitaez. 4.2. lerroaldean hizkuntza-ordezkapena gizarte-ikuspuntutik azalduko da, hizkuntza batek beste hizkuntza baten erabilera-eremuak eta uneak irabazten dituenean gertatzen dena argitzeko. Baina nabari da hizkuntza-ordezkapena eta galera fenomenoak hiztunengan gauzatzen direla.

Euskaldunak, elebitasuna eta ondorio indibidualak

Azaldu ditugun nozio horiek guztiak euskararekin eta Euskal Herriko herritarrekin adieraz ditzakegu. Euskaldunek, denek, bakoitzak bere eraz, badakite intuitiboki zein diren hizkuntza-ukipenaren ondorioak, denak baitira, gutxienik, elebidunak.

Euskaldun motak: zaharrak, berriak, hartzaileak

Elebiduna ote?Euskara eta erdarak kontuan hartuz euskaldun motak finka ditzakegu. Euskal soziolinguistikan euskaldun berri, euskaldun zahar eta euskaldun hartzaile nozioak asko erabiliak dira. Baina konnotazioak dituzte. Arestian esan dugu euskaldun berrientzat euskara bigarren hizkuntza dela. Lehen hizkuntza erdara izanik, euskaldun berriak euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten du. Adiera horrez gain, euskaldun berriak batuaz hitz egin ohi du, jatortasun falta zaio, erdaretarako joera izan ohi du…

Euskaldun zaharrarentzat, aldiz, euskara lehen hizkuntza da eta euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten du. Ondorioz, euskaldun zaharra gaztea izan daiteke! Konnotazioetan euskaldun zaharra euskalkia erabiltzen ohi du, sarritan alfabetatu gabea da eta beste euskara motak ez ditu beti onartzen, euskara batua bereziki…

Euskaldun hartzailea da, partzialki euskaldun berria, lehen hizkuntza erdara izanik, euskaraz ongi mintzatzen ez dena edo batere, baina ondo ulertzeko eta irakurtzeko gai dena. Hau da, hartzaileak ahozko ulermena eta irakurmena garatuta dauzka, baina trebetasun sortzaileak (mintzamena eta idazmena) ez. Hartzaileak irakurtzeko baino ez badu behar ez du hitz egingo. Ez da traba komunikazioa euskaraz egin dadin; adibidez, batzar batean, berak erdaraz jardun arren besteek euskaraz jardutea ahalbidetzen du.

Euskaldun aktiboak eta pasiboak

Sailkapen hori gehiago zehaztu daiteke lehengo hizkuntza(k) eta oraingoa(k) irizpidetzat hartuz. Hona bi adibide. Euskaldun zahar pasiboa da, lehen hizkuntza euskara izanik, euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten duen arren, etxeko nahiz bizitzako beste arloetarako gaztelania edo frantsesa erabiltzen duen euskalduna. Aldiz, euskaldun berri aktiboa da, lehen hizkuntza erdara izanik, euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten duen eta esparru askotarako hizkuntza euskara duen euskalduna.

Lehenak, pasiboak, ez du euskararen aldeko motibaziorik edo galdu egin du mintzatzeko gai delako. Bigarrenak, aktiboak, euskararen alde hizkuntza-leialtasun handia dauka, euskarari lehentasuna ematen baitio.

Euskaldun elebakarrak, elebidunak, erdaldunak

Iduri luke euskaldun elebakarrik gehiago ez dela gaur egun. Euskal Herriko hiru lurraldeetan (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) egin zen 1991ko lehen inkesta soziolinguistikoak euskaraz baino ez zekiten hiztun multzoa aipatzen zuen: biztanleen %1, 23.500 lagun gutxi gorabehera. Halere %76 erdaraz “zertxobait” hitz egiteko gai ziren. 1996ko bigarren inkesta soziolinguistikoaren arabera euskaldun elebakarrak erdira jaitsi ziren: biztanleen %0,5, 12.400 lagun. Baina, geroztik, 2001eko eta 2006ko inkestek ez dute euskaldun elebakarrik aipatzen. Gehiagorik ez delako, ala, segur aski, gutxi direlako. 2003an Santa Graziko (Zuberoa) emakume batek bere 100 urteak ospatu zituen. Kontatzen zuen arratsalde bat bakarrik iragan zuela eskolan eta frantsesa ez zekiela. Dena dela, jakina da aipatu inkestak 16 urtez gorako biztanleria neurtzen duela eta baliteke gure gizarteko gazteenen artean euskal elebakar poltsak izatea.

Erdaldunak elebidunak baino gehiago direla jakinda, esan daiteke euskara gutxiengo hizkuntza dela (ikus 4.2.), elebidun kopurua emendatu izanik ere 1991tik 2006ra. Euskadin eta Nafarroan gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena, Ipar Euskal Herrian, aldiz, adinekoen artean. Baina emendatzen den elebitasun hori asimetrikoa da, erdarak hizkuntza nagusiak direlako gizartean oro har, eta euskaldunen ehuneko handian ere bai. 2006an, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, erdal elebidunak, erdaraz euskaraz baino hobeto moldatzen direnak, %38,9 ziren; elebidun orekatuak %30,3 bereziki gazteen artean; eta euskal elebidunak %30,7. Laxoko jokalarai hau elebiduna da, Baztangoa da

Eleaniztasuna Euskal Herrian

Historian zehar euskaldun batzuk elebidunak edo eleaniztunak izan dira, era desberdinetan. Zuberoan adibidez, zubereraz gain, biarnera edo frantsesa gutxi-asko ezagunak eta erabiliak ziren. Gaztelania ere batzuen hizkuntza-errepertorioan izan zatekeen. Fenomeno hori norbanakoarena zen. Laborari zenbaitek adibidez, tratulari biarnesekin negozioan zirenez, dialekto gaskoi hori menperatzen zuten beraien abereak saltzeko bederen.

Gaur egun Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren proiektuak eleaniztasunaren hautua egiten du: “Ikastolak Hezkuntzaren eta Hizkuntz Proiektuaren ardatza euskara duela, pertsona euskaldun eleaniztunak hezi nahi ditu, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdiestea bideratuz. Hots, bertako hizkuntza propioaz eta ukipen-hizkuntzez gain (gaztelania eta frantsesa), nazioarteko harremanetan nagusi den hizkuntza maila onean erabiltzea lortu nahi du…” (2009: 41, hizki larriak testuan).

Beraz, ikastoletan euskara, gaztelania edo frantsesa eta ingelesa, “nazioarteko harremanetan nagusi den hizkuntza” delarik, ikasiko dituzte haurrek.

Euskararen galtzea Inkesta soziolinguistikoen arabera

Arestian esan dugu hizkuntza galera, hizkuntza fenomeno guztiak bezala, maila indibidualean edo komunitate mailan azter daitekeela. Komunitate-mailan, 2006ko IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, lehen hizkuntza euskara izan duten arren, orain euskara guztiz edo partez galdu dutenak biztanleriaren %3 inguru dira (Eusko Jaurlaritza, 2008).

Iparraldean fenomeno hori indartsuagoa da: lehen hizkuntza euskara edo euskara eta frantsesa izan dutenen artean, 16.000 pertsonek euskara galdu dute guztiz edo partez (euskaldunen %14,375), esan nahi baita biztanleria osoaren %6,95. Euskal Autonomia Erkidegoan 59.973 lagunek euskara guztiz edo partez galdu dute, biztanleria osoaren %3,24; Nafarroan 11.700 dira, %2,29.

Hala ere eta oro har, galtzea irabaztea baino txikiago da: 1991n baino 137.300 elebidun gehiago daude 2006an (IV. Inkesta Soziolinguistikoa, 2008: 203).

Arrazoi indibidualak: objektiboak eta subjektiboak – Ikuspegi diakronikoa

UHARTE HAUEK EZ DAUDE UKIPENEANEuskararen ezagutzak atzera egiteak norbanakoaren baitan arrazoi ongi ezagunak dauzka, eta euskara galdu duten hiztunak ez dira kasu bereziak hizkuntza gutxituen hiztunen artean.

Haur denboran, euskarak etxean eta auzo-giroan zeukan indarra ez zuen beste gizarte-eremuetan. Elizaren eragina, euskararen goi mailako gotorleku zena, gero eta ahulago bilakatu zen. Lanean eta herriko kiroletan zuen lekua galduz joan zen. Lan-munduan ofizio izateko erdara beharrezkoa zen, euskara batere ez. Erdara zen gizartean gora egiteko gakoa. Administrazioan, hezkuntzan eta abarretan erdara hizkuntza bakarra zen. Irakaskuntzak rol garrantzitsua izan zuen euskararen galtze prozesuan: jakintzaren hizkuntza erdara zen eta eskolako hizkuntza bakarra.

Biztanleria baserritik hiri erdaldunetara joan zen. Mugikortasunagatik edo sakabanatzeagatik hiztun batzuk isolatuagoak ziren eta euskaraz mintzatzeko beharrik ez zuten.

Ezkontza mistoek ere beren eragina izan zuten: bikotekideetako batek euskara ez zekienean besteak maizenik ez zuen euskara transmititzen. Hego Euskal Herrian euskaraz mintzatzea publikoki debekatua izan zen frankismoaren garaian, euskaraz hitz egiten zuenarentzat zigor gogorrak zeuden, gaztelaniaz azkarrago ikas zezaten. Ipar Euskal Herrian ere bigarren mundu-gerra arte, eskolan euskaraz mintzatzen zen haurra zigortua zen. Horri buruzko adibide ugari eta argiak aurki daitezke J.M. Torrealdairen El libro Negro del Euskera liburuan.

Denborarekin, eta bereziki XX. mendeko lehen zatia arte, euskararen eta erdararen arteko indarrean zen oreka partziala desegin da.

Euskara galtzeko arrazoi indibidualak, objektiboak zein subjektiboak ziren. Euskarak ez zuen balio praktikorik, baina ezta subjektiborik ere. Prestigioa erdararen alde zen, modernitatea erdararen alde. Euskara garai batean baztertu, gaitzetsi egin zen eta, ondorioz, hizkuntza-leialtasuna ahul bilakatu zen. Euskaldun izatea ez zen ezaugarri kultural eta sozial positiboa; euskara hizkuntza zaharkitua eta lehengo garaikotzat hartzen zen. Gutxiagotasun konplexua handituz zihoan euskaldunarengan. Arrazoi horiengatik denengatik hizkuntza-atxikimendua ahulduz joan zen.

Kasu batzuetan hizkuntza-alienaziora heltzen zen, esan nahi baita euskaldunaren sentimendua euskararen aurka bihurtzen zela. Jatorri linguistikoa ahaztuz edo ukatuz, jatorrizko euskaldun askok euskara baztertzen zuen, bere bizitzako esparru euskaldunetan erabiltzeari utziz.

Noski hiztun bakoitzaren euskararekiko ibilbidea berezia da; hemen galtze prozesuaren ezaugarri batzuk baino ez dira azaldu. Arrazoi horiek desagertu ote dira gaur egun?

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ukipenaren ondorio indibidualak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3