Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:2

Ukipenaren ondorio linguistikoak

Hiztun batek edo gizatalde batek bi hizkuntza ezagutzen eta erabiltzen dituenean, hau da, hizkuntza biak ukipenean daudenean, ondorio linguistikoak izaten dira. Ondorio horiez ariko gara atal honetan. Interferentziak aztertuko ditugu lehenengo, eta ondoren beste azpi-atal hauei egingo diegu tartea:

Hizkuntza alternantzia: interferentziak

Hiztun batek edo gizatalde batek bi hizkuntza ezagutzen eta erabiltzen dituenean, hizkuntza horietan eraginak izan daitezke. Bi hizkuntzek elkarri, edo bietatik batek besteari, eragiten diote. Eragin horiek izendatzeko, termino generikoa interferentzia da.

Halere, interferentzia terminoa esanahi estuan ere erabilia da, hiztunak diskurtso egoeran bere hizkuntzaz kanpoko elementuak sartzen dituenean, hizkuntzari mailegatzen dionean edo hizkuntza hori kopiatzen duenean. Hizkuntza bera, sistema, kode edo egitura abstraktu gisa ez da ukitua. Orduan bat-bateko hautua da, ez hizkuntza-komunitatearena. Esanahi hori erabiliko da hemen.

Elebidunaren kasuan, bi hizkuntza alternantzia mota bereizi behar dira. Alde batetik, egoera desberdinen arabera gertatzen den hizkuntza alternantzia, hau da alternantzia situazionala deitzen dena. Bestetik, elkarrizketa-alternantzia da elkarrizketa batean elebidunak hizkuntza aldatzen duenean.

Interferentzia motak

Uriel Weinrichek interferentzia terminoa honela definitu zuen: “Interferentziak kanpoko elementuren sartzearen ondorioa den eredu berregituratzea berekin ekartzen du hizkuntzaren sail egituratuetan, sistema fonetiko osoan adibidez, morfologiaren eta sintaxiaren zati handian, eta hiztegiaren eremu batzuetan” (Languages in Contact: 1). Beraz interferentzia fonikoak, interferentzia sintaktikoak eta interferentzia lexikalak ager daitezke.

KOLOREEN INTERFERENTZIAK DIRA HAUEK: HITZAK ERE HOLA NAHAS DAITEZKEHona, adibide gisa, interferentzia foniko mota bat. Honetan elebidunak ez dio elementu foniko bat mailegatzen sorburu-hizkuntzari, baina hizkuntza horren eraginagatik xede-hizkuntzak egiten duen bereizketa fonologiko bat ez du gauzatzen (under-differentiation of phonemes, Weinrich, 1953: 18). Euskaran hiru kontsonante txistukari frikatibo ahoskabe ditugu, z, s, x idazten direnak. Erdararen eraginagatik gazteek eta euskaldun berriek gehienetan, baina ez denek, s erretroflexa x bezala ahoskatzen dute, s hori erdaran ez delako. Zeharkako interferentzia daukagu hor. Fenomeno hori orokor bihurtzen baldin bada, orduan sistema fonologikoa aldatu dela esanen dugu.

Hona, besteak beste, berriz, interferentzia lexikal mota bat, zubererazko esaldi batean:

  • Gük, laborariek, “impôts” paketa pakatzen dizügü.
  • “Guk, laborariek, zerga asko ordaintzen ditugu” (+-- zukako alokutiboa).

Hiztunak frantses “impôt” hitza sartu du, bat-batean heldu zaiolako. Ez dakigu legar edo zerga euskal izenak ezagutzen zituen, frantses hitzaz errazago oroitzen zen behar bada. Laborari, paketa eta pakatu aldiz ez dira interferentziak, baina bai hizkuntza erromanikoei mailegatu hitzak, zubereran sartuak dira aspaldidanik.

Interferentzia horien sarrarazteko erak azter daitezke. Bi era nagusi bereiz ditzakegu, kode-aldaketa eta kode-nahasketa. Definizioak alda daitezke soziolinguisten arabera. Horiek dira proposatzen ditugunak.

  • Kode-nahasketa: Kode-nahasketa da mintzaldi edo esanaldi berean hizkuntza bat baino gehiago erabiliz hitz egitea; adibidez, esaldi bat euskaraz hasi eta erdaraz amaitzea.
  • Kode-aldaketa: Kode-aldaketa da esanaldi batetik bestera hizkuntza aldatzea. Normalki bi hizkuntza-kodeen ezaugarriak babestuak dira egoera horretan. Kode-nahasketa egoeran, aldiz, bi hizkuntza-kodeak nahasten eta hurbiltzen dira era batez.

Fenomeno hori ongi ezaguna da Euskal Herrian: solasaldi batean euskaraz agurtzea eta ondotik erdaraz aritzea, Egun on, comment vas-tu? “Egun on, nola zara (zoaz)?”, edo alderantziz erdaraz aritzea eta bukaeran agur edo adio esatea. Kode-aldaketa izendapena da euskaraz nagusitu dena, kode-alternantziaren edo kode-txandaketaren ordez (gaztelaniaz. alternancia de códigos, frantsesez alternance codique, ingelesez code switching).

Interferentziak, kode-nahasketa eta kode-aldaketa, hiztun elebidun baten hizkeran agertzen dira, hizkuntza bat erabiltzen duenean. Hizkuntza, gizartearen komunikatzeko tresna den aldetik, ez da ukitua. Fenomeno horiek indibidualak dira.

Weinrichekin ohartu gara interferentzia kontaktuan diren bi hizkuntzetan izan daitekeela (Languages in Contact: 67). Baina, praktikan, interferentzia gehienetan norabide berean gertatzen dira, hizkuntza batetik bestera, gehiengotik gutxiengora, hain zuzen ere. Gehienetan, interferentziak linguistikoak ez diren faktoreengatik gertatzen dira, hala nola elebidunaren hiztun-ezaugarriak, ukipenean diren bi hizkuntzen banaketa funtzionala, etab. Euskararen kasuan erdaretatik euskararako transferentziak dira ohikoenak..

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ukipenaren ondorio linguistikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3