Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:2:1

Maileguak eta kalkoak

Maileguak eta kalkoak bereiztea garrantzitsua da: alde batetik, “interferentzia” eta, bestetik, “inkorporazioa”. Interferentzia mailegu puntuala da, norbanakoarena; mailegua, aldiz, talde-fenomenoa da, sistematikoa. Kronologian interferentzia aurretik gertatzen da, bigarren etapan mailegua bila daitekeena.

Ondorioz, ez da beti erraza interferentzia kasuak eta mailegatze kasuak bereiztea. Interferentzia inkorporazioari (mailegatzeari) alderantziz proportzionala zaio. Integrazioa kode linguistikoan, hizkuntzan hain zuzen, erlatiboa da.

HOLAKO TOKIETAN EMATEN DITUZTE MAILEGUAK, BAINA EZ DIRA HIZKUNTZA MAILEGUAKEra orokorrean, maileguak ez dira erabaki ofizialen ondorioak, baina bai lehenik hiztun baten, eta ondotik batzuen aukerak. Beraz maileguak interferentzia integratuak dira, hizkuntza-komunitate osoak emeki-emeki onartzen dituenak.

Halere, mailegatze prozesua eta, era orokorragoan, hizkuntza baten lexikoaren aldatzea ez dira beti horrela gauzatzen. Turkiako adibidea aipatzekoa da: turkierak zuen hiztegia aski sakonki aldatu izan zen 1920-1930. urteen artean. Aldaketa hori Mustafa Kemal errepublikako lehendakariaren nahia izan zen. Jatorri arabiarra zuten hitzak ordezkarazi zituen; hitz turkiar zahar batzuk aurkituz, bizi ziren adiera dialektal batzuk erabiliz, hizkuntza-familia berekoak ere mailegatuz (azerbaijanerakoak adibidez), hizkuntzaren hitzen multzoa arras aldarazi zuen (Calvet, 1987:190).

Hizkuntza akademiak maileguak kontrolatzen saia daitezke. Euskararen kasuan, 1986an Euskaltzaindiak maileguzko hitz berriei buruzko erabakiak hartu ditu.

Maileguak, edozein eratan hautatuak ez direnez gero, indar-erlazioaren lekukoak dira. Hizkuntza bati ez beste bati, alor batean eta ez bestean mailegatzen zaio. Gaur egun ingelesak hizkuntza askori zientzietako, finantzetako, merkataritzako eta abarretako hitzak ekartzen dizkie; frantsesak bere aldetik sukaldaritzakoak, modakoak eta arteenak eman ditu.

Informatika lexikoan asko dira ingelesetik euskaran sartuak diren hitz mailegatuak, baina baita mailegu semantikoak ere, esan nahi baita mailegatzen duen hizkuntzan hitz horrek berez ez duen esanahia, baina beste hizkuntzak baduena: sagua euskaraz, mouse ingelesetik, sagu-kurtsore, mouse cursor, etab.

Maileguak sintomak dira, nazioarteko erlazio ekonomikoen, gizarte-erlazioen seinaleak.

Hizkuntzek beste aukera bat dute: hitzak sortzea, neologismoa hizkuntza horien legeei jarraituz. Euskal Herrian Euskaltzaindiaren eta erakunde berezitu batzuen lana izan da, hala nola UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroarena, eta da oraino, behar berriak etengabe agertzen direlako. Bere garaian, XIX. mendeko bukaeran, Sabino Arana Goirik euskarazko hitz berri asko asmatu zituen Bizkaian, hiztegia berritzen, erdaratiko hitzez garbituz. Beste eskualdeetara hedatu ziren, bereziki, Gipuzkoara. Ipar Euskal Herrian ez zuen, hala ere, eragin handirik izan. Sabino Aranak sortu zituen neologismo asko politikaren eremukoak dira (Euzkadi, alderdi, burukide) edo hizkuntza, literatura eta kultura arlokoak (idazki, antzoki, zenbaki). Batzuek bizirik diraute, baina gehienak galdu egin ziren denborarekin eta gaurko hiztunek ez dituzte erabiltzen.

Kalkoak dira hizkuntza batek beste bateko hitz, esamolde edota egitura sintaktikoak itzuliz sortzen dituen hitz, esamolde edota egitura sintaktikoak. Beraz, kalkoak morfologiaren eta sintaxiaren arloetan ere sor daitezke. Itzulpena ez da osoki librea, sorburu-hizkuntzari lotzen baitzaio. Hitzez hitzeko itzulpenaz gutxi-asko egiten dira kalkoak.

Euskarazko txartel elektronikoa, adibidez, gaztelaniazko “billete electrónico”-ren kalkoa izan daiteke (billet électronique frantsesez). Gaztelaniazkoa bere aldetik ingelesezko electronic ticket-etik etor daiteke. Esamoldea ez da mailegatu izan, baina bai itzulia, euskaratua.

Hona hemen kalko sintaxi adibide bat zuberotar hiztun baten hizkeran berriz, baina kalko okerra.

1950 urteetan Mauleko geltokian zuberotar batek geltokiko txartel-saltzaileari galdetu zion frantsesez “la [po] du train, s’il vous plaît?” “Paueko trena, plazer baduzu?”. Euskara frantsesa baino hobeto menperatzen zuen gure hiztunak eta Paueko trena euskal egitura kalkatu zuen. Baina le train de Pau izanen zen itzulpen ona frantsesez. Frantses izen-sintagman izen determinatzailea izen determinatuaren ondoan kokatzen da, euskaraz alderantziz delarik. Gainera euskaran genero markarik ez izanik ere, frantsesez train “tren” maskulinoan eman behar da, beraz le train izan behar zen. Ondorioz, frantsesez egin zuen esaldiaren esanahia hori zen literalki: “treneko larrua, plazer baduzu?”!

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Maileguak eta kalkoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3