Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:2:2

Pidginak eta kreolerak: komunikazio-hizkuntzaren bilaketa

Lehen hizkuntza desberdina duten bi hiztunek mintzatu nahi dutenean edo bataren hizkuntza baliatuko dute, edo bestearena. Baina elkar-ulertzeko nahian bietatik batek bestearen hizkuntza ez baldin badu menperatzen, hirugarren hizkuntza bat erabil dezakete: komunikazio-hizkuntza (lengua vehicular gaztelaniaz, langue véhiculaire frantsesez); ' lingua franca' ere batzuetan erabiltzen da.

Gauza bera da bi hizkuntza-komunitate desberdinen kasuan: komunikatzeko beste hizkuntza bat beharko da baliatu, komunikazio-hizkuntza bat. Horrela, hizkuntza baten komunikazio-tasa (taux de véhicularité) neur daiteke hizkuntza horren hiztun kopuru osoaren eta ama-hizkuntza gisa dutenaren arteko erlazioa kalkulatuz (Calvet, 1987: 89). Ingelesaren oraingo komunikazio-tasa, adibidez, biziki gora da.

Halere, hizkuntza erkiderik ez baldin badute, beste hizkuntza bat asmatuko dute, hizkuntza misto eta murritza, elementu eta osagai gutxiz osatua. Sortzen duten hizkuntzaren konplexutasuna bete behar dituzten komunikazio funtzioen araberakoa izango da. Hizkuntza berri mota hori pidgina edo sabira deitzen da. Printzipioz, pidgina ez da inolako hiztunen ama-hizkuntza, elkarrekin komunikatzeko tresna berria delako. Elkarrekiko hizkuntzarik ez duten norbanakoek edo komunitateek holako hizkuntza-tresna berriak sortzen eta erabiltzen dituzte.

Pidginen agerpena hiztun eta hizkuntza desberdinen ukipenari zor zaio. Elkar ulertzen ez duten hiztunak batzen direnean, hizkuntza komunik ez dutelako sortzen dira. Baina komunikazio-tresna linguistiko berri hori esparru eta une jakinetara mugatzen da.

GURUTZETAKO JUANA INES KRIOLLOAINTURBIDE ENPERADORE KRIOLLOA, NAHIZ DEITURAZ EUSKALDUNA IZANSIMON BOLIVAR KRIOLLOA, NAHIZ DEITURAZ GURE ETXE ONDOKOA IZANPONCE DE LEON KRIOLLOA Hasieran helburu komertzialetarako soilik erabiltzen ziren pidgin zenbait, hiztun batzuen ama-hizkuntza bihurtu dira. Beste kasu batzuetan Amerikara eraman ziren Afrikako edo Asiako esklaboek, nagusien mendebaldeko europar hizkuntzaren eta beren hizkuntzaren arteko fusioaz hizkuntza berria sortu zuten, hizkuntza komun bat garatzeko premia zutelarik, beren haurren ama-hizkuntza bilakatu dena. Hizkuntza horiek kreolerak deitzen dira.

Oinarritzat hartutako europar hizkuntza horiek frantsesa, gaztelania, ingelesa, nederlandera eta portugesa izan dira, kolonizatzaileena. Hizkuntza horiek kreoleren substratuak dira.

Soziolinguistek hiru kreolera barietate bereizten dituzte. Lehena oinarri eman dion europar hizkuntzatik hurbilena dena, akrolektoa; bigarrena europar hizkuntzatik urrun dena, basilektoa; hirugarrena, mesolektoa, akrolektoaren eta basilektoaren artean dagoen tarteko hizkuntza-barietatea da.

Kreoleren egituratzearekin hizkuntzek beren morfologia flexiboa galtzen dute, gutxi gorabehera. Kreoleren beste ezaugarri bat da azkar hazten direla, kontaktuan ez diren hizkuntzak baino azkarrago. Halere, ikertzaileak ez dira ados kreoleren sorkuntza prozesuari buruz. Batzuen ustez, kreolerak herri-hizkuntzak dira, hizkuntza menderatzailearen lexikoarekin (europar hizkuntzaren funtsezko hiztegia) eta Afrikako edo Asiako hizkuntzan oinarritua den sintaxiarekin. Baina azken alde hau ez da zinez frogatua izan. Ohartu behar da esklaboak, jatorriz, hizkuntza asko eta desberdinetakoak zirela. Afrikako hizkuntza horiek kreoleren superestratuak lirateke.

Bigarren hipotesiak dio “hurbilketaren hurbilketa”ren bidez sortu direla. Esklaboek, lehen etapan, europar hizkuntzaz partzialki jabetu dira; gero esklabo kopurua emendatzen zelarik, esklabo berriak lehen esklaboen bidez jabetu ziren hizkuntzaz eta honela kreolera sortu, hurbilketaz hurbilketa.

Dena den, kreolen sorkuntza hizkuntza-ukipen bereziaren emaitza da, prozesua zernahi den. Lehen determinatzailea hiztunen historia soziolinguistikoa da eta ez hizkuntzaren egitura. Lehen-hizkuntza desberdinetako hiztunak izan behar dira, ukipen eleaniztasun egoera berri batean daudenak, beraz. Kreolizazioaren prozesuan sorburu-hizkuntza lexikalaren jatorrizko hiztunak ez direnen proportzioa eragile nagusietarik bat da. Kreolizazio osoak jatorrizko ez diren hiztun gehiengo handia behar du (Holm: 24).

Kreoleren sorkuntza hizkuntza-ukipen eta hizkuntza-aldaera mota berezia da. Kreolerak hizkuntza gazteak dira, horregatik garrantzitsuak dira hizkuntzen sorkuntza ulertzeko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Pidginak eta kreolerak: komunikazio-hizkuntzaren bilaketa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3