Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:2:3

Galzorian dauden hizkuntzak eta ondorio linguistikoak

Ondorengo azpi-atalean hizkuntzen heriotza aztertuko da. Ohar daiteke galzoriko hizkuntzen forma ere ukitua dela. Hizkuntzaren forman bertan desagerpen sintomak irakur daitezke. Sintomak linguistikoak, fonologikoak, morfologikoak, gramatikalak, lexikalak edota semantikoak izan daitezke.

HOLAKOETAN EUSKARAZ EGINEZ GERO EZ DA GALZORIAN IZANGO HIZKUNTZASistema fonologikoa beste hizkuntza batekoan nahas eta urtu daiteke. Fonemen fluktuazio asko izan daitezke, esan nahi baita hizkuntza horren esanahiak bereizteko balio bereizgarria duten soinuak ez daudela guztiz finkatuta, nahasi egiten direla. Sistema fonologikoa, fonemen sistema beraz, murriztu egiten da fonemak edo fonema aurkakotasunak galduz.

Morfologia sinplifikatu egiten da. Hitzen formen konplexutasuna murrizten da eta kategoria gramatikal batzuena ere bai. Galzorian ez dauden hizkuntzetan ere sinplifikazio prozesua indarrean izan daiteke, baina hizkuntza-sistemaren beste zati zenbaitetan sinplifikazioak konpentsatuak dira aberastasun edo konplexifikazioen bidez.

Sintaxia aukerakoa bilakatzen da, esan nahi baita erlazio sintaktiko batzuk ez direla markatzen, testuinguruak edota komunikazio-egoerak sintaxiaren ahaltasuna ordezkatzen dutelarik.

Lexikoaren aberastasuna murriztu egiten da eta, polisemiarengatik, hitzek esanahi bat baino gehiago eduki dezakete. Hitzak mailegatzeak, halere, ez du hizkuntza automatikoki arriskuan jartzen. Ingelesaren hiztegi erdia kasik frantses jatorrizkoa da; halere, ingelesa ez dago galzorian, alderantziz ere. Baina desagertzeko den hizkuntza baten kasuan, mailegatze masiboak ez du hizkuntzaren lexikoa aberasten, integrazio morfologikorik gabeko ordezkapena baizik ez da gertatzen. Hizkuntzaren hitzekin gertatzen den bezala, hitzak sortzeko ereduak ere galdu egiten dira. Esanaldiak beste hizkuntza batekoak itzuliz sortzen direnean, hizkuntza absortzio arriskuan dago.

Estilo aberastasuna ere gal daiteke. Normalizatu gabeko hizkuntzetako hiztunek, sarritan hizkuntza-erregistro bakar bat erabiltzen dute, hizkuntza-barietate bakar bat. Komunikazio-egoera jakin batean hiztunak ez daki erregistro egokia hautatzen, solaskideen, lekuaren, unearen araberakoa. Hizkuntza-barietate desberdinen arteko hauturik ez dauka, bat bakarrik menperatzen duelako.

Asko dira, beraz, galtzeko zorian dagoen hizkuntza baten ezaugarri linguistikoak: xehetasun gehiago nahi izanez gero, aski da UNESCOk egiten dituen lanak ikustea, galzorian dauden hizkuntzen atlasa, esaterako. Zenbat eta sintoma horietako gehiago izan hiztun baten hizkeran, orduan eta mehatxatuago egongo da hizkuntza, hiztun horren kasuan bederen. Fenomeno indibidual horiengatik hizkuntza-komunitate baten hizkuntza gero eta pobreago bihur daiteke, desagertu arte.

Euskara ukipenean eta ondorio linguistikoak: beste adibide batzuk

Aurreko lerroaldeetan jadanik euskararen interferentzia, mailegu eta kalkoen adibide eman da. Hona beste argibide batzuk:

Euskara eta hizkuntza-ukipena historian zehar

Euskararen historia, hizkuntza gehienena bezala, hizkuntza-ukipen historia da. Badakigu euskara hizkuntza zaharra dela. Halere, euskararen historia historiaurrean eta antzinatean ez da ongi ezaguna. Garai hartako beste hizkuntzak desagerturik dira, beste batzuk bilakatzeko eraldatu edo ordezkatuak izan zirelako (ikus 3.5.).

Ondorioz, orduko hizkuntza-ukipenaren eragina ez da batere sakonki aztertu izan. Iberiera, hizkuntza ez-indoeuroparra, aipatzen da euskararen hitz batzuen antzekotasuna azpimarratuz. Iberieraz honako hitzok aurki zitezkeen: abar “adar”, bios “bihotz”, biskar “bizkar”, etab. (Xamar, Euskara Jendea: 20). Ez dago argi, hala ere, hitz komunak ziren ala ez, eta zergatik; nork besteari mailegatu dizkion; beste hizkuntza bati zor zaizkion…

HITZAK ETENGABE ETA KONTURATU GABE MAILEGATZEN DITUGUBestalde, zelteraren eragina ere aipatzen da, hori hizkuntza indoeuroparra, Iberiar penintsulan zeltek eta iberiarrek bat egin zutelako. Dirudienez, gezi, landa, maite, mando zelterari mailegatuak dira (Xamar, Euskara Jendea: 30).

Ukipenaren historiaren segida ezagunagoa da, latinaren eragina hain zuzen. Baina hori kontatzea luzeegi litzateke eta ez da soziolinguistika eskuliburu honen xedeetatik bat. Gaur egun gaztelaniaren, frantsesaren eta ingelesaren eraginak dira indartsuenak.

Maileguak: Zubererak Biarnoko gaskoiari hartutako hitzez

Gaskoia Gaskonian mintzatzen den okzitanieraren dialektoa da, hizkuntza erromanikoetako bat, Erdi Aroko lehen erdian agertu zena. Zubererak Biarnoko gaskoiari 1.600 hitz inguru mailegatu dizkio, bi hizkuntza horiek luzaz kontaktuan izan dira eta. Orain harreman linguistiko horiek agortuak dira, hiztun gutxi baitira biarneraz aritzen direnak.

Gaskoiak zubereran sentimenduen, kalifikatzaileen (erdeinuzkoak ala ez), ekintza-izen eta aditzen, eguneroko tresna eta tekniken eremuei hitz asko eman dizkiela agertzen da. Alderantziz, ekarpena ahula da familiaren, erlijioaren, denboraren edo espazioaren eremuetan, adibidez. Horrek erakusten du erlazio ekonomikoak emankorrak zirela eta Biarnoa era batez garatuago zela, baina baita biarnesa hizkuntza literarioa zela ere. Familia-giroan, aldiz, euskara bakarra zen eta erlijiozko funtzioa ere bazeukan. 3.2. lerroaldean hizkuntza funtzio sozialak aurkezteko dira.

Hona, besteak beste, hiru mailegatze era desberdin. Zubererak biarnesetik hitz edo elementu bat hartzen du beste hitz bat sortzeko.

Eratorpena, atzizkia mailegatuz: ematxot “emakume txiki” (emazte “emakume” euskal izena + -òt atzizki txikigarri gaskoia), mintzaje “mintzaira, hizkuntza” (mintzatü euskal aditza + -atge atzizki gaskoia). Eratorpena, hitza mailegatuz: faizuzü “modutsu” (faizu «molde, modu» hitz gaskoia + - oparotasun euskal atzizkia), pintukari “ardozale” (pintu «pinta, txopin» hitz gaskoia + -kari euskal atzizkia). Hitz-elkarketa, bi hizkuntzen hitzak baliatuz: eskümantxo “eskularru” (eskü «esku» euskal izena + mantxo «zorro » biarnes izena), moskofi “mokofin” (mosko «moko» euskal izena + fi «fin» adjektibo gaskoia).

“Euskañola”

Hizkuntza bat ikastean edo ongi menperatzen ez denean, hutsune bat izaten da. Zerbait adierazi nahi eta modu egokia ez aurkitzean, lehen hizkuntzaren hitza edo esapidea erabiltzeko joera izaten da. Kasu horretan kode-nahasketa orokortua duen hizkera mota ager daiteke. Euskara eta gaztelania nahasten dituena euskañola deitu izan da.

Euskañola bera edo antzekoak beti izan dira Euskal Herrian, euskara eta gaztelania, euskara eta okzitaniera edo frantsesa harremanetan bizi izan direlako. XVIII. mendeko apaizen sermoiak, adibidez, anitz euskañolez idatziak ziren. Adierazkortasun bila erdarara jotzea mendekotasunaren sintoma da, erdara euskara baino hobeto menperatzearen seinalea. Baina seinale positiboa ere bai, euskarara hurbiltzeko urratsa den neurrian; izan ere, horren alternatiba erdaraz mintzatzea izan ohi da.

Euskañola ezin da hizkuntza berritzat hartu, kode finkatu gisa kreolerak diren bezala. Norbanakoaren komunikazio-estrategia da, hiztunak euskaraz mintzatu nahi duenean erabilia.

Iparraldean euskañolak ez du esamolde baliokiderik, frantsesa eta euskara lotuko lituzkeenik. Horrek ez du esan nahi batzuek frantsesa eta euskara nahasten ez dituztenik euskaraz mintzatu nahi dutenean.

Frantsesaren eta okzitanieraren kasuan izen bat asmatu izan da, francitan (français + occitan); franglais (français + anglais), frantsesa eta ingelesa nahasten dituena, etab. Beraz fenomeno hori biziki hedatua da munduan zehar. Hego-Amerikako eta ertamerkiako jatorriko hiztunek AEB-etan egiten duten ingelesari Spaninglisha esaten zaio. Norbanakoaren hizkeran gertatzen den bi hizkuntzaren nahasketa bereziak dira. Hiztunek hizkuntza batean jabetze maila altuagoa dutenez, beste hizkuntza erabiltzean lehnenegoaren agerpen txertatze puntual eta errepikatuak egitean datza fenomeno hau.ASKOK HITZ EGITEN DUTE, BAINA EZ DUTE EZER ERE KOMUNIKATZEN

Komunikazio-hizkuntza baten bila euskalkietako hiztunen artean

Teorian, komunikazio-hizkuntza da ama-hizkuntza bera ez duten taldeetako partaideen artean erabiltzen den hizkuntza. Halere hemen bestelako adibidea dugu. Lerro horien idazlearen aita espartin merkataria zen eta, behin, Azpeitian (Gipuzkoa) euskaraz hasi da mintzatzen, bere ama-euskalkiaz, zubereraz. Saltzaileak, zuberotarraren hitzak ez ulertuz baina euskara zela konprenituz, bere ama-gipuzkeran erantzun dio. Ezin ulertuz zuberotarrak segitu zuen ongi menperatzen ez zuen gaztelanian eta orduan elkarrulerkuntza hasi zen. Elkarrizketa honetan, bi solaskideek, ama-hizkuntza bera izanik ere, komunikatzeko beste hizkuntza bat hautatu behar izan dute.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Galzorian dauden hizkuntzak eta ondorio linguistikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3