Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:3:4

Hizkuntza-aniztasuna

Hizkuntzalariek hiru hizkuntza-aniztasun mota bereizten dituzte. Batetik, munduan dauden hizkuntza familia kopurua finkatzen eta aztertzen dute, jatorri beretik sortu diren hizkuntzak multzokatuz; aniztasun genetikoa deitzen dena dute aztergai. Bestetik, aniztasun tipologikoa aztertzen da, esan nahi baita munduko hizkuntzen egitura gramatikalean, fonologikoan, lexikoan, semantikan izan daitezkeen bariazioak eta inbarianteak, unibertsalak. Azkenik, munduan hitz egiten den hizkuntza kopuruaz interesatzen dira, bere osotasunean eta lurraldeka, gizarte-taldeka, etab. Hau da hemen aztertu gabe aipatzen duguna.

Esan dugun bezala, hizkuntza aniztasunarengatik eleaniztasuna biziki hedatua dago munduan zehar. Halere, politika kolonizatzaileek eta, ondotik, asimilatzaileek kalte handia egin diote hizkuntza aniztasunari, eta azken hori murriztuz doa. Oraingo 6.000 hizkuntza ingurutik mende honetan erdia desagertuko direla esaten da (Koïchiro Matsuura, UNESCOko zuzendaria, 2006).

Hizkuntzak mantentzeko eta bizirik iraunarazteko hiztun kopurua garrantzitsua dela jakina da. Kopurua erabakigarria izateko muga 10.000 hiztunetan baldin bada, orduan munduko 6.000 hizkuntza horietarik %59,4 galduko dira (3.564 hizkuntza) (Martí eta beste, Hizkuntzen mundua: 101). % 30,1ek (1.806 hizkuntza) 1.000 hiztunetik behera dituzte (ibid.)

Hona, besteak beste, Louis-Jean Calvet (La guerre des langues et les politiques linguistiques: 52-58) frantses soziolinguistaren herri-eleaniztasunaren tipologia bat: hizkuntza nagusi bakarrekiko eleaniztasuna (Espainia, Frantzia), hizkuntza nagusi gutxitu batzuekiko eleaniztasuna (Magrebenbiera klasikoa eta frantsesa eremu formaletan arabiera dialektalaren eta berberearen aurrean), hizkuntza nagusi gutxituekiko eleaniztasuna (Afrikan frantsesa edo ingelesa tokiko hizkuntzen aurrean), txandakako hizkuntza nagusiekiko eleaniztasuna (plurilinguisme à langues dominantes alternatives, kreolera, lehen hizkuntza, eta europar hizkuntza), eskualdeetako hizkuntza nagusiekiko eleaniztasuna (Belgika, Suitza).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntza-aniztasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3