Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:3:5

Hizkuntza-heriotza

Hizkuntza baten desagerpena ez da beti egiazko heriotza, transformazio prozesua paira dezakeelako edo, mintzatua izan gabe, hizkuntza idatzia egon daitekeelako. “Hizkuntza-heriotza” kausak hiru motatakoak izan daitezke.

Hizkuntzaren transformazioa. Fenomeno hori denbora bitarte baten buruan ohartzen da, aldaketa progresiboa baita. Latin arrunta hizkuntza erromanikoen oinarria da; arabiera klasikoak arabiera dialektal modernoak eman ditu denbora-epe laburrago baten buruan. Oro har hizkuntzak denak aitzinean mintzatzen ziren hizkuntzen bilakaeraren ondorioak dira. Mintzatzen ez diren hizkuntza idatziak aparte dira, aldatzen ez direlako; usuenik erlijiozko hizkuntzak dira (latin klasikoa, arabiera klasikoa, sanskritoa…).

Hiztunen iraungipena. Hizkuntza galtzen da azken hiztunek, beraien hizkuntza belaunaldi berriei eman gabe, hitz egiteari uzten diotenean. Fenomeno hori aski azkar hedatu da. Bi astetan behin hizkuntza bat hil litekeela esaten da. Ipar Amerikan adibidez, 51 hizkuntza desagertu dira azken urte horietan (eu.wikipidea.org/wiki.Hizkuntza_hil.).

Hizkuntza-ordezkapena (ikus 4.2.) Ordezkapen prozesuaren bukaeran hizkuntza baten heriotza gerta daiteke. Hizkuntza menderatzaile batek hizkuntza menderatua ordezkatzen du. Iberiar penintsulan adibidez, erromanizazio aurretik hainbat tribuk egiten zuten hizkuntza, iberiera, beste hizkuntza erromaniko batzuek ordezkatua izan zen .

Hizkuntza baten erregresio-indizea jatorrizko komunitatearen hizkuntzaz mintzatzen ez diren hiztunak kalkulatuz neur daiteke (indice de régression, Calvet, 1987: 147). Euskal Herrian, adibidez, indize hori 0,743 litzateke, biztanleen %25,7 elebiduna delako 2006ko inkesta soziolinguistikaren arabera (Eusko Jaurlaritza, 2008). Baina erabileraren ehunekoa hartuko bagenu baxuagoa litzateke, zalantzarik gabe.

Hizkuntza pizkundea Hizkuntza berriak sortzeaz gainera, kreolerekin bezala, hizkuntza bereizketaz gainera, serbokroazierarekin bezala, hizkuntza “pizkunde” kasu bat maiz izaten da aipatua, hebreerarena. Hebrearren hizkuntza aitzina Palestinan hitz egiten zen, K.a. III. mendera arte. Baina aramera hizkuntzak baztertu egin zuen orduan. Zorionez, liturgia eta literatur hizkuntza gisa geratu zen eta XIX. mendetik aurrera berreskuratzeko mugimendua sortu zen. XX. mendean, yiddisha hizkuntza germaniarra baino hobetzat hartu izan da eta Palestinan bizi diren juduen eguneroko hizkuntza bilakatu da.

Nazionalismo azkarraren, hezkuntza-programaren eta eskolatze masiboaren bidez (haurtzaindegiak (1898), bigarren mailako ikastetxeak (1906), neologismoaren bidez (Hebraiera hizkuntzaren Akademia) hebreerak komunikatzeko eta balio sinbolikoa bideratzeko dituen gizarte-funtzio guztiak eskuratu ditu, berreskuratu. 1900-1910eko hamarkadetan hebreera baizik ez zakiten lehen hiztunak agertu ziren, 1.700 urte geroago (Cooper, Language Planning and Social Change: 13).

Hebreeraren berpiztea eta eguneroko hizkuntza izateko berreskuratzea hizkuntza politiken garaipen handienetakotzat emana da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntza-heriotza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3