Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:4:1

Hizkuntzaren hautaketa

Komunikatu nahi duen egoera guztietan hiztunak erabiliko duen hizkuntza edo hizkuntza-barietatea hautatu behar du. Hori banako hautua da, interakzio-testuinguruko baldintzei lotua zaiena.

Baina gizarte-mailan ere hizkuntza-hautaketa egin behar da, lehen hizkuntza haurrari transmititzeko unean, etorkinak harrera-herrian integratu nahi duenean, eskola-sisteman ikasleak hizkuntzak ikasi behar dituenean, etab.

Halere, beti ez da hauturik egiten. Estatu-nazioek eredu elebakar eta asimilatzailea inposatu baitute azken bi mendeetan zehar, nazio-hizkuntza bakarra hedatzea ahalbidetu dute, hizkuntza horrek beste batzuk ordezkatzeko baldintzak sortuz.

XX. mendeko hirurogeiko hamarkada arte euskaldunek erdara, gaztelania edo frantsesa, ikasi dute eskolan, nahi ala ez, inposatu egin zaielako. Orduan, hizkuntzaren hautaketarik ez zegoen.

Hizkuntza-merkatua

“Hizkuntza-merkatua” nozioa Pierre Bourdieu frantses soziologoarena da (1982, Ce que parler veut dire). Gizarte batean hizkuntza bateko barietateei aplikatzen zitzaien. Expolangues da hizkuntzen merkatu handi bat. Urtero egiten da Parisen“Merkatu ofiziala” indar-erlazioen eremua da, non gaitasun legitimoa dutenek, onartua dena beraz, legea egiten duten. Hizkuntza- eta kultura-kapitala dutenek beren menderapena inposatzen dute eta etekina lortzen. Ikuspegi horrek klaseko menderapenarekin, produkzio-bideen jabetzearekin, hots, marxismoaren doktrina ekonomiko eta sozialarekin zuen zerikusia. Geroztik “hizkuntza-merkatua” nozio hori ukipenean diren hizkuntzei eta hizkuntza-hautaketari hedatu zaizkie (Boyer 2001, Calvet, 2002, adibidez).

Oro har, hizkuntza-hautaketa ez da hain librea. Lehen hizkuntza edo ama-hizkuntzarekin hasiz, gurasoek hautatzen dute edo haurrei inposatzen diete. Hau oinarrizko datua da.

Bigarren hizkuntzaren kasuan, “hizkuntza-merkatua” indarrean da eta, ikusiko dugun bezala, lehen hizkuntzaren kasuan ere bai, oro har.

Hizkuntza-merkatua hizkuntzen arteko balio-sistema da, hizkuntzen erabiltzeko beharren arabera egituratzen dena. Euskal Herritik kanpo euskararen “balioa” txikia da, ingelesarena, aldiz, mundu osoan da handia. Bi balio mota ditugu. Batetik, balio estetikoa, prestigiodun hizkuntzek, zibilizazio “handi”etako hizkuntzek dutena; bestetik, balio praktikoa, laneko hizkuntzak edo enplegu eskuratzeko hizkuntzak, zientzia-hizkuntzak, etorkinentzako integrazio hizkuntzak, etab. Hizkuntza batzuen ezagutzak gainbalioa ekartzen du, beste batzuenak ez du ondoriorik.

Adiera honetan, beraz, hizkuntza guztiek ez dute balio bera, eta ezberdintasun hori hizkuntzen mundu antolaketaren erdian dago (Calvet, Pour une écologie des langues du monde: 12).

Era batez, eskaintza-eskariaren legea indarrean da hizkuntzen artean: alde batetik, gizarte-eskaria eta, bestetik, hizkuntzen eskaintza, esan nahi baita hizkuntzek dauzkaten izangaitasun funtzionalak. Ikasteko den hizkuntzaren edo diren hizkuntzen hautaketa, maiz, hizkuntza berdinen artean egiten dela erakusten da. Askatasuna teorikoa da, baina praktikan indar-erlazioek bideratzen dute hautaketa. Hizkuntza-merkatua inposatzen da.

Lehen hizkuntza gurasoek inposatua da, beraz. Gero testuinguru soziolinguistikoak gidatzen gaitu, egoeren arabera, auzo-hizkuntza batera, edo eskualdeetako komunikazio-hizkuntza batera, edo botere-hizkuntza batera (estatuarena adibidez, aurretik inposatua ez bada), edo nazioarteko hizkuntza nagusira, esan nahi baita ingelesera. Ildo honetan, ingelesa mundializazioaren hizkuntza bilakatu da, merkatu mundialaren hizkuntza.

Calveten ustez, hiztunek edo hizkuntza-komunitateek merkatuko legeari jarraitzen diote. Zenbaitek beren hizkuntza uzten dute, ez diete haurrei transmititzen. Ez da “ganibeta eztarrian” dutelako, baina bai beren interesa hor dela uste dutelako, edo beraien haurrena (Le marché aux langues: 212).

Portaera, kasu honetan hizkuntza-hautaketa, hiztunen eta hizkuntza-komunitateen irudikapen linguistikoetan eta gizarte-erlazioen analisi intuitiboetan oinarritzen da.

Hizkuntza-politikek hizkuntza-hautaketa horiek bidera edo desbidera ditzakete, baina hiztunen onespenarekin eta ez errudun sentiaraziz.

Lehen hizkuntzaren hautaketa

Calvetek, bere La guerre des Langues-en “Familiako gerra” atalean, Bamakon (Mali) egin duen inkesta bat aipatzen du (1987: 98-99).

Familietan gurasoen lehen hizkuntza hedadura handiko eskualdeetako hizkuntza (peul, sonay) edo hizkuntza nazionala (bambara) baldin bada, inkestatuek hizkuntza hori lehen hizkuntza gisa zaintzen dute. Baina, gurasoen lehen hizkuntza Maliko beste hizkuntza bat bada, inkestatuetatik erdiek beste lehen hizkuntza daukate eta ez gurasoena. Familian bambara lehen hizkuntza gisa ez dutenak, denak, eleaniztunak dira, eta gehienak bambaraz mintzatzen dira.

Horrek erakusten du hizkuntza nagusia, bambara kasu honetan, bigarren hizkuntza gisa beharrezkoa bilakatu dela, era batez nahitaezkoa. Baina inkestak erakusten du bambara lehen hizkuntza gisa dutenek ez dutela beste hizkuntza afrikarrik ikasi beharrik ere. Niameyen (Niger) Calvetek guraso bakoitzaren ama-hizkuntza aldagaitzat hartu du ( La guerre des Langues: 100-101). Bikote mistoen kasuan, esan nahi baita aita-amen ama-hizkuntza desberdina denean, inkestatuen ama-hizkuntza Nigerko hizkuntza nagusia da nagusiki (zarma edo hauwsa).

Azkenean, ama-hizkuntzarik ez dela esan daiteke, haurtzaroan amaren hizkuntza ez baita beti transmititua. Bada, ordea, lehen hizkuntza (Calvet, ibid.: 101). Familia eleaniztunak ere hizkuntza-gatazkaren eremua dira, gizartean indarrean diren gatazken oihartzuna baitira.

Egoera hori Euskal Herrian ezaguna izan zen eta bada oraino. Bi gurasoek beren lehen hizkuntza bera izanik ere, euskara hain zuzen, beren haurrei ez diete beti ematen. Euskararen ondoren ikasi duten erdara, gaztelania edo frantsesa, beraientzat bigarren hizkuntza dena, haurren lehen hizkuntza bilakatzen da. Guraso horiek ez dute beraien gurasoek egin zuten hizkuntza-hautaketa egiten, haurren lehen hizkuntza euskaratik erdarara pasaraziz.

XX. mendearen erdian, berrogei-berrogeita hamarreko hamarkadetan, fenomeno hori indarrean zen Ipar Euskal Herrian. Aita-amek, euskaldun zahar izanik, haur gehienei euskara transmititzen zieten eta haiek ongi mintzatzen ziren. Ondoko haurrei ere euskaraz mintzatzen zitzaizkien, baina erantzunak frantsesez ziren. Haur gazteagoei ez zieten euskaraz egiten. Belaunaldi batez, belaunaldiz belaunaldi familian transmititu zen euskara bazter utzia izan da eta frantsesa ondoko belaunaldiko lehen hizkuntza bilakatu. Eskema orokor hori ez da Ipar Euskal Herriko eremu guztietan horrela gauzatu. Baserrian, Nafarroa Beherako ibar batzuetan bereziki, ez bide da hain azkar izan; Zuberoakoetan aldiz bai, Basubürüko ibar goietan salbu.

Halere, egungo guraso euskaldunek hizkuntza-leialtasun handiagoa dute. Ama hizkuntza euskara duten gurasoen familietan euskararen transmisioa eta erabilera maila oso altua da. Txepetxen hitzetan “izateko nahia”, euskaldun izateko, euskara erabiltzeko nahia handiago litzateke.

Baina halere, eta oro har, aukera kontziente bat da gaur egun euskaraz bizitzea, euskara gutxiengo hizkuntza baita.

Immigrazioaren kasuan ere, herri batera bizitzera joan direnek herri horren hizkuntza nagusia, bertako hizkuntza nazionala ikasten dute, eurena usu bazter utziz goiz edo berant. Harrera-herriko hizkuntza integrazioaren, promozioaren, gizarte-prestigioaren eta familiatik kanpoko eredu nagusiaren araberako egokitasunaren hizkuntza da. Haurra elebakardun izanen da, eta bere lehen hizkuntza gurasoena.

Halere, besteak bezalakoa izan nahiaren (asimilazioa) eta jatorriarekiko leialtasunaren arteko tentsioak dualtasunaren onarpena ematen du. Orduan harrera-herriko hizkuntza irakasteaz gain, beren jatorrizko hizkuntza emanen diote haurrari. Haurra elebiduna izanen da. Baina haur horren haurra?

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntzaren hautaketa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3