Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:4:2

Hizkuntzaren jarraipena eta ordezkapena

Hizkuntzaren jarraipena eta ordezkapena soziolinguistikako ikergaiak izan dira aspaldidanik .

Hirurogeiko hamarkadan jadanik, Fishmanen ikusmoldean, hizkuntzaren jarraipenaren edo ordezkapenaren hiru ikergai nagusiak honako hauek ziren:

- Ohiko hizkuntza-erabilera eta elebitasun-mailaren eta kokapenaren neurketa gizarte-alderdi erabakigarrien arabera. - Prozesu psikologiko, sozial eta kulturalak eta horien egonkortasunarekiko eta aldaketarekiko erlazioak ohiko hizkuntza-erabileran. - Hizkuntza-portaera, jarrera, portaera kognitiboa eta ageriko portaera (García eta beste, Language Loyalty, Continuity and Change: 23).

Ohar gaitezen hirugarren gaia norbanakoaren ezaugarriei buruzkoa dela. Liburu honen hurrengo atalean aztertuko da.

Urtez urte gizarte-ekintza programa bat landu du Fishmanek hizkuntzen jarraipena segurtatzeko (1991, 2001). Geroztik beste soziolinguista batzuei esker, modelo teorikoak hobetu eta aberastu izan dira norabide horretan. Bi ikuspegiak, sinkronikoa eta diakronikoa, beharrezkoak dira jarraipena edo ordezkapena neurtzeko.

Hizkuntzaren jarraipenaren eta ordezkapenaren definizioa

Hizkuntza-jarraipena norbanakoren edo gizartearen aldetik azter daiteke. Hizkuntza-jarraipena (edo hizkuntza-iraupena) honela defini daiteke: “Pertsona edo hizkuntza-komunitate batek bere hizkuntzari eustea eta, beraz, hizkuntza hori ez galtzea” (UZEI-SLK-HPS, Soziolinguistika Hiztegia: 192- hizkuntza-jarraipena) eta hizkuntza-ordezkapena honela: “Hizkuntza batek beste hizkuntza baten erabilera-eremuak eta funtzioak irabaziz joatean gertatzen den prozesua” (ibid. 196- hizkuntza-ordezkapena). Definizio hori norbanakoari edo hizkuntza-komunitateari aplika dakioke, hiztun batek edo komunitate batek bere hizkuntza uzten duenean eremu edo funtzio zenbaitetan beste bat erabiliz.

Lerroalde honetan, hizkuntza-iraupenaren eta ordezkapenaren arrazoiak azalduko dira, gizartearen, hizkuntza-komunitatearen edo taldearen baitan.

Ordezkapenaren etapak

Ordezkapena baino lehen diglosia edo elebitasun soziala izan behar da. Gurasoak beren ama-hizkuntza ez den hizkuntza transmititzeko, elebidunak izan behar dira. Bigarren hizkuntza horretaz duten ezagutza-maila ez da erabakigarria. Garrantzitsuena hizkuntza hori transmititzeko borondatea da, hizkuntza-integrazio nahia hizkuntza-komunitate berrian.

Arestian immigrazioa aipatu da, familiako hizkuntzaren ordezkapenaren arrazoi batzuk aztertuz. Helduen immigrazio kolektiboan, lau etapa nabarmendu ditzakegu jatorrizko hizkuntzaren ordezkapen osoa arte. Lehenik, immigratuek bigarren hizkuntza beren lehen hizkuntzaren bidez ikasten dute eta lanean eta eremu formaletan erabiltzen saiatzen dira. Bigarrenik, gero eta immigratu gehiago dira bi hizkuntzetan mintzatzeko gai, interferentziak emendatzen dira. Hirugarrenik, elebidun kopurua handiena da, interferentziak egonkortuak dira, baita erabilera-eremuen banaketa ere. Azkenik, bigarren hizkuntzak, esan nahi baita harrera-herriko hizkuntza, lehen hizkuntza ordezkatu du eremu guztietan eremu pribatu eta murriztuetan izan ezik. Interferentziak apaltzen dira.

Hizkuntzaren ordezkapen eta galera prozesua soziolinguistek deitu duten akulturazioarekin batera doa, hiztunek jatorrizko ezaugarri kulturalak galdu eta beste kulturarenak hartzen dituztelako.

Era batez ere, testuinguru desberdinak kontuan hartuz, lau etapa horiek gutxiengoarena bilakatzen den jatorrizko hizkuntzari eta atzerriko hizkuntza menderatzaileari aplika dakizkieke, euskarari eta erdarari, adibidez.

Ordezkapen prozesuaren bukaeran hizkuntza ordezkatuak zituen gizarte-esparru eta funtzio guztiak galtzen ditu.

Hizkuntza-ordezkapenaren prozesua azkarra izan daiteke, belaunaldi batez hizkuntza batetik beste batera pasatuz. Hori da Euskal Herriko familia eta lurralde batzuetan gertatu dena, frantsesak edo gaztelaniak euskara ordezkatuz, baita Mendebaldeko Europako herri askotan eta, oro har, munduan zehar ere XX. mendean.

Baina prozesua luzea izan daiteke, hizkuntza bat emeki-emeki beste batean urtu edo desegiten denean. Absortzioa dei dakieke prozesu horri eta bere ondorioei (Calvet, 1987: 142). Latinaren adibidea dugu berriz; izan ere, latin arruntak prozesu motel, luze eta konplexuaren bidez tokiko hizkuntzekin nahasiz hizkuntza erromanikoak eman ditu.

Hizkuntza gutxituen jarraipenaren edo ordezkapenaren eragile objektiboak eta subjektiboak

Hizkuntza gutxitu baten kasuan, ordezkapenarekiko erresistentzia indarrak indibidualak dira, hala nola hizkuntza-leialtasuna, eta baita kolektiboak ere, horien artean hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza. Indibidualetan belaunez belauneko ama-hizkuntzaren transmisioa hizkuntzaren jarraipenerako baldintza nagusia da. Lehena gabe ez dago bigarrenik, hezkuntza-sistemaren bidezko transmisioak ez duelako hizkuntzaren bizitza segurtatzen. Latina irakatsia zen Europan ikastetxetik kanpo erabili ez arren, elizan salbu.

Faktore demografikoa. Gutxi mintzatua izan den hizkuntza batek iraun dezake hiztunek beren hizkuntzaren jarraipena garrantzitsutzat hartzen baldin badute, nortasun edo erlijiozko arrazoiengatik adibidez, hiztun kopuru txikiak aurreikusarazten ez zuen ere. Beraz, faktore demografikoa garrantzitsua izanik ere, ez da erabakigarria.

Halere, gutxiengoaren hizkuntza-komunitatearen tamainak haren hizkuntza-leialtasuna determina dezake eta masa kritikoa izan daiteke, bereziki gizarteak integrazio ahalbide asko eskaintzen dituenean (Calvet, 1999: 196). Halaber, garrantzitsua izan daiteke hiztunen banaketa lurraldean zehar: bilduak ala sakabanatuak diren, jatorrizko lurraldean dauden ala ez…

Beraz, faktore demografikoa hiru zatitan bereiz daiteke: hiztun kopurua aztertua den gizartean, proportzioa beste hizkuntzetako hiztunen aurrean eta banaketa edo distribuzioa lurralde horretan.

Etorkinen kasuan, bizileku egonkorra eta segregazio kulturala segurtatzen dituzten komunitateek baino ezin diote beraien hizkuntza jarraiarazi belaunaldi batetik gora (Fishman, in García eta beste: 100). Bestelakoetan hizkuntza-komunitatea desegituratu egiten da.

Kontrol eta babes instituzionala. Hizkuntza gutxituen kasuan, adibidez euskararenean, sostengu instituzionala beharrezkoa da gutxitze prozesua geldiarazteko, hizkuntzak bereak dituen erabilera-esparru eta funtzioak zaindu eta berriak eskura ditzan. Sostengu instituzionala ez da bakarrik erakunde politikoena, estatua edo lurraldea gobernatzen dutenena. Eremu formal guztietan gauza daiteke: ekonomian, hezkuntzan, administrazioan, mass-medietan, kulturan, etab.

Ikuspuntu horretatik, komunitate euskaldunaren kontrola handiagoa da Euskadin Nafarroan baino. Ipar Euskal Herrian, aldiz, komunitate euskaldunak ez dauka kontrolik, baina bai sostengu instituzionala txikia, duela hogei urte ez zuena.

Hizkuntza gutxitua duen komunitateak hobe du kontrol instituzionala eskuratzea, hizkuntza menderatzailea duen komunitatearen babesa baino.

Hizkuntzaren estatusa. Gizarte jakin batean hizkuntzak beste hizkuntzen aldean duen lekua edo posizioa ere garrantzitsua da. Estatus hori estatus sozio-ekonomikoan, estatus soziologikoan, prestigio soziokulturalean, eta abarretan sailka daiteke (estatus nozioa 5. atalean azalduko da).

Faktore bakoitzaren neurria handia, ertaina edo txikia izan daiteke, eta horrela, hizkuntzaren jarraipenaren edo ordezkapenaren faktore objektiboak neur daitezke.

Euskararen kasuan, hain denbora luzean bizirik irauteko, jarraipenaren aldeko faktoreak aski positiboak izan dira historian zehar, nahiz eta estatus, demografia eta sostengu instituzionaleko irizpideak ongi bete ez. Lehena etengabeko familia-transmisioa izan zen, dudarik gabe. Halere, arestian esan bezala, bizi-baldintzak oso aldatu dira, eta hizkuntzentzat ere bai; euskararentzat, hizkuntza-ukipen egoera aldatu da. Hizkuntza oso egoeratik, esan nahi baita beharrezkoak diren funtzio guztiak betetzeko gai zen hizkuntza izatetik, hizkuntza ez-oso egoerara iragan da, euskal gizartea mundu modernoan sartzearekin, erdarak funtzio horiek bereganatu dituen neurrian.

Faktore subjektiboak faktore objektiboak bezain garrantzitsuak izan daitezke (Bouhris eta Landry: 161). Faktore subjektiboetan hizkuntza-identitatea eta hizkuntza-kontzientzia aipa ditzakegu. Lehena da “Pertsona edo giza talde baten identitatearen eta hizkuntza baten artean dagoen lotura. Pertsona edo giza talde bakoitzak hizkuntza jakin batekin (edo gehiagorekin) lotzen du bere identitatea” (UZEI 24- Hizkuntza-identitate). Bigarrena da “Norberaren hizkuntzari kultura-balio bereizgarria ematetik eta hizkuntza horrek norberaren hizkuntza-komunitatea definitzen duela kontsideratzetik sortzen den motibazio arrazionala. Motibazio horren bidez, hizkuntzaren ezagutzari eustea eta ezagutza hori sakontzeko joera sustatzen da” (UZEI 28- Hizkuntza-kontzientzia). Noski, hizkuntza-kontzientzia kolektiboa ere izan daiteke.

Bizitasun etnolinguistikoa

Etnolinguistikak hizkuntzaren eta sistema soziokulturalaren arteko harremanak aztertzen ditu. Soziolinguista batzuek bizitasun etnolinguistikoa (edo bizindar etnolinguistikoa) kontzeptua erabiltzen dute, talde etnolinguistiko bai izaki kolektibo berezi gisa eratzeko eta jokatzeko gaitasuna ematen dioten faktore sozial eta estrukturalen multzoa izendatzeko. Talde etnolinguistikoa hizkuntza- eta kultura-ezaugarri bereziak dituen giza taldea da.

Bizitasun etnolinguistiko kontzeptuak gehiengo eta gutxiengo linguistikoen arteko harremanak aztertzen ditu, besteak beste. Noski, eta hauxe da hemen interesatzen zaiguna, bizitasun handiko talde etnolinguistikoek aukera handia izango dute bizirik irauteko, eta ondorioz, beraien hizkuntzak ere bai. Bizitasunaren faktoreak aurreko lerroaldean aipatu ditugunak dira, gutxi gorabehera. Faktore objektiboak eta subjektiboak uztartuz, kultura eta hizkuntza nagusiekiko ukipenean den talde etnolinguistiko batek komunitate bereizi bezala bizirauteko dituen aukerak neur daitezke.

Bosgarren atalean bizitasun etnolinguistikoaren kontzeptua zehazkiago azalduko da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntzaren jarraipena eta ordezkapena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3