Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:4:4

Euskararen hautaketa, eta erdararen zabalkundea

Euskararen eta erdaren (gaztelania eta frantsesa) arteko aspaldiko erlazioek adibide ona eskaintzen digute 3.4. azpiatalean azaldu ditugun gogoetak, nozioak eta kontzeptuak irudikatzeko. Alor horretan sartzen diren argitalpenak, lanak, ikerketak ugariak dira. Denak aipatzea edo laburbiltzea luzeegi litzateke. Hona halere gogoeta batzuk.

Faktore demografikoaz

Euskaldun-jendea, kopuruz, gutxiengoan da Euskal Herrian: biztanleen %25,7 elebidunak dira eta %15,4 elebidun hartzaileak, hots, euskaraz (ongi) hitz egin ez arren ulertzeko gai direnak (Eusko Jaurlaritza, 2008). Gainera sakabanaturik daude, hiri handietan bereziki, erdaldunak kopuruz eta sozio-kulturaz nagusi diren inguruetan. Ipar Euskal Herrian Baigorri edo Hego Euskal Herrian Markina herri euskaldunen adibideak dira. Orotara, hau da panorama demografiko orokorra. Oro har, euskaldunen kontzentrazio demografikoa ahula da.

Belaunez belauneko transmisioa eta ingurune hurbila

Azpimarratu dugu jadanik nola garrantzitsua den euskararen familia bidezko transmisioa. Halere, familiatik kanpoko bizitzan, lagunartean, auzoan eta kale-bizitza hurbilean, euskararen presentzia murritza izan daiteke, eta hori da usuenik gertatzen dena, euskaldunen kontzentrazio demografikoari lotua zaiolako.

Beraz, familiako transmisioa garrantzitsua izanik ere, ez da erabakigarria diglosia desorekatua gainditzeko. Esparru formaletan ez ezik, eskola salbu, gehienetan esparru informaletan ere euskarak indar handirik ez du.

Euskararen berezko indarra eta ingelesarena

Ingelesaren berezko indarra, euskararenarekin konparatuz, oso handia da. Zalbidek eta Erizek “Zer ikasi nahiago dute gure arteko herritar heldu erdaldunek, euskara edo ingelesa?” galderari erantzunez hori erakusten dute (2008: 72-73). Mendebaldeko mundu osoan bezala ingelesa irakasteko diru-laguntza beharrik ez dago Euskal Herrian. Euskara irakasteko, aldiz, laguntza publikoa beharrezkoa da; euskara ikasteko nahia pizteko kanpainak beharrezkoak dira bai heldu etorkinentzat baita Euskal Herriko erdaldunentzat ere. Adibide horrek euskararen berezko indarra ingelesarena baino ahulagoa dela frogatzen du.

Elebitasuna nahitaezkoa da

Elebidun edo eleaniztun izatea pertsona ikasien ezaugarria da, oraingo mundializazio egoeran, gero eta gehiago, beharrezko bilakatzen baita, edo hiztun-komunitate txiki batena Euskaldunek hori aspaldidanik dakite eta, oraingo munduan ere, agertzen da euskara biziarazteko erdara menperatzea beharrezkoa dela, kontraesankor iruditzen baldin bada ere. Euskararen berezko indarra ez da aski eraginkorra beharrezkotasun hori gainditzeko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Euskararen hautaketa, eta erdararen zabalkundea", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3