Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:3:5

Ondorio gisa: Hizkuntzen ekologia, lehen ikuspegia

Hizkuntzen ukipena izeneko atal honetan, gizarte berean hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen direnean, hizkuntza horien artean sortzen diren erlazioak azaldu dira, baita hizkuntza-komunitateen arteko erlazioak ere. Erlazio dinamiko horiek beraien gizarte-ingurunean aztertu dira. Hizkuntza-ukipenaren ondorio indibidualak, linguistikoak eta sozialak banan-banan erakutsi dira, jokoan diren prozesuak.

Hizkuntzen ekologia nozioa ere azalduko da: hizkuntza-ukipenari buruzko ikuspegi orokor eta globala eman nahian agertzen da “hizkuntzen ekologia” nozioa, hizkuntzen arteko erlazio konplexuak ulertzeko modelo bat ekartzen digu eta.

Ekologiak organismo bizien eta ingurunearen arteko harremanak aztertzen ditu eta hizkuntzak izaki animatu ez dira. Hala ere, zientzia biologiko horren hurbilketa zientifikoa baliagarria izan daiteke gizarte-zientzietan.

Oro har, hizkuntzen eta hizkuntza-komunitateen arteko erlazioak ekologiaren ikusmoldearekin uler daitezke. Hizkuntzek eta hizkuntza-komunitateak elkarrekin dituzten harremanak sistema dinamikotzat hartzen ditu hizkuntzen ekologiak, eta haien arteko orekaren eta hizkuntza-aniztasunaren ikuspegitik aztertzen ditu. Desorekatik aldaketa, erregulazioa sortzen da.

Hizkuntza bakoitzak bere zoko ekologikoa okupatzen du hizkuntza ekosisteman, bere funtzioek eta ingurumenarekiko erlazioek determinatzen dutena (Calvet, Pour une écologie des langues du monde: 35). Asko aldatzen dira hizkuntzen egoerak munduan toki batetik bestera, eta eragiten dituzten faktoreak edo parametroak oso konplexuak dira. Hizkuntzen ekologiak tresna deskribatzaile zenbait ekartzen ditu horiek ulertzeko.

Maila gorena da hizkuntzen arteko mundu antolaketa. Munduko hizkuntzek “galaxia” bat egiten dute eta hiztun elebidunek elkartzen dituzte. Batetik, hizkuntza zentralak ditugu, adibidez, ingelesa mundu osoarentzat edo errusiera ohiko sobietar blokean; bestetik, periferikoak, euskara bezalakoak. Eskuarki, hizkuntza periferikoko hiztunek hizkuntza zentral bat ikasten dute, edo goragoko hizkuntza bat bederen. Hau da joera orokorra, elebitasun bertikala.

Lau maila dira “hizkuntza grabitazio-sistema” horretan: ingelesa bakarra maila gorenean, hamar bat hizkuntza bigarrenean (arabiera, errusiera, frantsesa, gaztelania, hindia, portugesa, swahilia…), ehun bat hirugarren mailan (banbara edo wolofa Afrikan adibidez, txekiera edo armeniera Ekialdeko Europan) eta laugarrenean besteak (Calvet, 1999: 78-79), euskara bezala.

Hizkuntza/gizarte bikoteak sistema autorregulatu bezala funtzionatzen du, giza egitatea kontuan hartzen duena. Hizkuntza egoeren autorregulazioa eta hizkuntzen barne-erregulazioa dira.

Kreolerak, adibidez, aklimatazio kasuak lirateke, belaunez belaun transmititzen diren hizkuntzak bilakatuak direlako ingurune berri batean.

Hizkuntzen ekologiak edo ekolinguistikak hizkuntzen eta ingurumenaren arteko harremanak aztertzen ditu, esan nahi baita hizkuntzen arteko harremanak, eta hizkuntza horien eta gizartearen artekoak; izen ere, gizartea hizkuntzen ingurumena da. Noski modelo hori metafora bat da, baina erlazio konplexu horiek ulertzen laguntzen digu, printzipio deskriptibo eta esplikatzailea ekarriz.

Modelo deskribatzaile eraginkorra izateaz gain, hizkuntzen ekologia hizkuntza-desberdintasuna mantentzeaz arduratzen da, hizkuntzek, denek, “txiki”ek barne, gizadi osoari aberastasuna ematen diotela argudiatuz.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ondorio gisa: Hizkuntzen ekologia, lehen ikuspegia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3