Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:5

Euskarari buruzko araudi ofiziala

Euskal Autonomia Erkidegoan euskara hizkuntza ofiziala da, gaztelaniarekin batera. 1982. urtean onartu zen Euskararen Legea. Nafarroa Garaiko Euskararen Legea, bestalde, 1986. urtean onartu zen eta horren arabera herrialdea hiru eremutan banatu zen euskarak hartzen duen babesaren arabera (eremu euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna). Ondorioz, euskara partzialki ofiziala da Nafarroan.

Hori abiapuntu hartuta, euskarak ofizialtasunera bidean egin dituen pausoak eta bestelakoak aztertuko dira atal honetan.

Hizkuntza eskubideen lege esparrua

Euskararen estatus juridikoa

Ofizialtasun osoa

Euskara ofiziala da, gaztelaniarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoko eremu euskaldunean.

Ofiziala denez, hiztunak eskubidea du euskara balio eta eraginkortasun juridiko osoarekin erabili ahal izateko, eta ezingo dio inork eskatu berak hautatutako hizkuntza ofiziala ez den besteren batean mintza dadin. Era berean, mintzakidea erakunde publikoa bada, hiztunak eskubidea du berak hautatutako hizkuntza horretan erantzun diezaion.ARAUTEGI OFIZIALAK ELEBITASUNA ESKATZEN DU

Bestalde, herri-aginteek euskaraz erantzun behar diete hala nahi duten herritarrei. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoko eremu euskaldunean diren herri-aginte guztiak daude euskararen ofizialtasun-araubidearen pean.

Hor sartzen dira hauek:

Harreman publiko nahiz pribatuetarako euskara askatasunez hautatu ahal izateko herritarrek duten eskubidearen oinarrian daude:

  • Euskararen ofizialtasuna.
  • Berdintasunerako eskubidea eta hitz egiteko euskara hautatzeagatik bereizkeriarik ez jasateko eskubidea.
  • Espainiako 1978ko Konstituzioak I. tituluko II. kapituluan onartzen dituen eskubide eta askatasunak, eta horien artean berdintasunerako eskubideak, herri-aginte guztiak lotzea.
  • Herritarrak eta herri-aginteak konstituzioaren eta ordenamendu juridikoaren gainerako arauen menpe egotea.

  Euskararen ofizialtasuna Euskal Herrian, Azkue fundazioa

Gure harremanetarako euskara hautatzeko eskubidea lurraldeko edozein lekutan erabil dezakegu, lurralde horretako egoera soziolinguistikoa edozein dela ere. Hizkuntza bat ofiziala da gizartean duen pisua edozein dela ere, eta hizkuntza horri ofizialtasuna ezagutzeak esan nahi du herritar guztiek dutela eskubide berbera euskara ofiziala den lurraldeko edozein lekutan erabiltzeko.

Bestalde, euskara eta gaztelania ofizialkide izateak ez du esan nahi herri-aginteek herritarrekiko harremanetan biak erabili behar dituztenik nahitaez.

Espainiako ordenamendu juridikoak aukera ematen du hizkuntza ofizialkideetan bata edo bestea –bat bakarra– erabiltzeko.

Izan ere, toki-administrazioko euskal korporazioek, nahi izanez gero, aukera dute beren jardueretan euskara lehenesteko, eta horretarako oinarri juridikoa Autonomia Erkidegoan aplikazio osagarrikoa den Estatuko araudian aurki dezakete. Araudi horrek aukera ematen du hizkuntza ofizialkideetako bat bakarra balio eta eraginkortasun juridiko osoarekin erabiltzeko, betiere toki-administrazioko korporazioak berak horren inguruan hartutako erabakiekin bat baldin badator. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetatik datozen xedapen orokorrak eta administrazio-egintzak –eta baita jarduketa materialak ere– legez kontrakoak direla joko da baldin eta bi hizkuntza ofizialetan onartzen, jakinarazten eta argitaratzen ez badira.

Ofizialtasun partziala

Euskarari buruz ari garela, 'ofizialtasun partziala' esaten zaio, nafar euskaldunen hizkuntza-eskubideen erabilera arautzen duen Nafarroako Foru Erkidegoko araubide juridikoari. Nafarroan euskararen ofizialtasuna partziala da erkidego horren lurraldeko eremu batean baino ez delako ofiziala eta Nafarroako herritar euskaldunen zati bati baino ez dizkiolako ezagutzen hizkuntza-eskubideak.

Dena dela, euskara, gaztelaniarekin batera, hizkuntza ofiziala da Euskararen Legeak eremu euskalduna deitzen duen Nafarroako zatian. Zehaztuta daude eremu horretan dauden udalerriak.

Eremu euskalduna:
Abaurregaina, Abaurrepea, Altsasu, Anue, Araitz, Arantza, Arano, Arakil, Arbizu, Areso, Aria, Aribe, Arruazu, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Bertizarana, Betelu, Auritz, Ziordia, Donamaria, Etxalar, Etxarri-Aranatz, Elgorriaga, Eratsun, Ergoien, Erroibar, Esteribar, Ezkurra, Garaioa, Garralda, Goizueta, Uharte-Arakil, Imotz, Irañeta, Ituren, Iturmendi, Labaien, Lakuntza, Lantz, Larraun, Leitza, Lesaka, Oitz, Olazti, Orbaitzeta, Orbara, Orreaga, Saldias, Doneztebe, Sunbilla, Ultzama, Urdazubi, Urdiain, Urrotz, Luzaide, Bera, Hiriberri, Igantzi, Zubieta eta Zugarramurdi.
Eremu mistoa:
Abartzuza, Antsoain, Agoitz, Artzibar, Atez, Barañain, Burgi, Burlata, Ziriza, Zizur, Etxarri, Etxauri, Eguesibar, Ezkaroze, Espartza, Lizarra, Ezkabarte, Garde, Goñerri, Gorza, Gesalatz, Uharte, Izaba, Itza, Itzaltzu, Eaurta, Txulapain, Lezaun, Lizoainibar, Otsagi, Odieta, Olaibar, Oltza, Ollaran, Orontze, Orotz-Betelu, Iruña, Gares, Erronkari, Jaitz, Sartze, Urzainki, Uztarroze, Bidankoze, Bidaurreta, Atarrabia, Deierri eta Zabaltza.
Eremu ez-euskalduna:
Gainerako udalak

Nafarroako herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko eskubidea dute. Hezkuntzako era bateko eta besteko mailetan irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko eskubidea, Legeak ezarritako baldintzetan, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera, eta printzipio hauekin bat etorriz: borondatezkoa izatea, mailakakoa izatea eta begirunea. Herri-administrazioekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, Legeak ezarritako baldintzetan.

Horrez gain, eremu euskalduneko nafarrei eskubide hauek ezagutzen zaizkie:

  • Administrazio-jakinarazpen eta -komunikazioak euskara hutsez jasotzeko eskubidea, euskara hutsez jasotzeko aukera berariaz egin dutenean, eta hizkuntzetako bat berariaz aukeratu ez dutenean, bi hizkuntza ofizialez idatzita jasotzekoa.
  • Fede-emaile publikoei euskarazko kopia eta lekukotzak eskatu eta horiek euskaraz eskuratzeko eskubidea, eta fede-emaile horien erantzukizunekoak diren matrize eta agiriak itzultzeko ardura fede-emaileena eurena izatekoa.
  • Eta herri-erregistroetan euskarazko kopia eta ziurtagiriak eskatu eta eskuratzeko eskubidea.

Euskara ez da ofiziala Nafarroako eremu mistoan ez eta eremu ez-euskaldunean ere. Hala ere, Euskararen Legeak eremu mistoko herritar guztiei ezagutzen die Nafarroako herri-administrazioarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta lege horretan aurreikusten denez, herri-administrazio horiek zehaztu egin behar dute zein lanpostu publikotarako izango den beharrezkoa euskara jakitea.

Ez dago horrelako aurreikuspenik eremu ez-euskaldunerako. Legearen arabera, badago eremu horretako herritarrei gaztelaniara itzul dezaten eskatzea Nafarroako Herri Administrazioari euskaraz zuzentzan zaionean.

Irakaskuntzaren inguruan, Legeak xedatzen du eremu mistoko ikastetxeetan euskarazko irakaskuntzarako lerroak sortuko direla, eta hau dio hitzez hitz: ”eremu ez euskaldunean, euskararen irakaskuntzari laguntza emanen zaio, eta, hala balegokio, herri-aginteek finantzatu eginen dute irakaskuntza hori, osoki edo hein batean, hizkuntza hori sustatzeko irizpidean oinarrituta, eta zer eskari dagoen ikusita“.

Era berean, eremu mistoan eta ez-euskaldunean, toponimoen erabilera ohikoa eta ofiziala hizkuntza biez izanen da, baldin eta gaztelaniazko izenaz gain, euskaraz gaztelaniazkoa ez bezalako izena badute, jatorrizkoa eta usadiozkoa.

Ofizialtasunik eza

Euskara ez da ofiziala Ipar Euskal Herrian, administrazio eta politikaren aldetik Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamenduan sartuta dagoen Euskal Herriaren zati horretan.

Frantziar Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da. Bera da irakaskuntzako, laneko, trukeetako eta zerbitzu publikoetako hizkuntza. Ez dute ezagutza ofizialik ez euskarak ez Frantzian diren gainerako hizkuntza berezkoek ere. Horren ondorioz herri-aginteek:

  • ez dute sustatzen ez hizkuntza horiek jakitea ez erabiltzea.
  • Frantsesa ez den gainerako hizkuntzak ez dituzte hartzen beren herrialdeko ondarearen eta kultur aberastasunaren zatitzat.
  • ez dute uste ofizialak ez diren hizkuntzek inolako babes berezirik merezi dutenik.

Horren ondorioz,

  • Ofizialak ez diren hizkuntzek ez dute osperik agintegune ofizialetan
  • eta, batez ere, ofizialak ez diren hizkuntzek eta haien hiztunek ez dute eskubiderik estatuaren ikuspuntutik.

Hizkuntza horiei ofizialtasuna ezagutu gabe, herritarrek eurek hartu behar izaten dituzte beren gain hizkuntza babestu, garatu eta sustatzeko zereginak, bai eta beren eskubideak aldarrikatzekoa ere.

Frantziako ordenamendu juridikoak babestu egiten ditu elkartzeko askatasuna, irakaskuntza-askatasuna eta berdintasunerako eskubidea, eta horri esker dira legezko euskara babestea eta sustatzea beren gain hartu duten gizataldeen ekimen eta ekintzak. Adierazpen- eta manifestazio-askatasunak babesten dituzte euskarazko argitalpen eta hedabide pribatuak zein euskaldunen eskubideak ezagutuak izatea eskatzen duten aldarrikapen-ekintzak.

Hizkuntzei ofizialtasuna ezagutzearen garrantzia

Hiltzeko zorian diren hizkuntzak berreskuratzearen inguruan adituak diren Fishmanek eta Richard Y. Bourhis-ek azpimarratu dute zein garrantzitsua den erakundeen laguntza eta herritarren parte hartzea, biak aintzat hartzea, hizkuntzek bizirik irautea lortze aldera.

Gobernu baten hizkuntza-politikak ezin du arrakastarik izan baldin eta herritarren borondatea eta parte hartzea kontuan hartzen ez badira. Baina, aldi berean, egia da hau ere: herritarraren parte hartzea berez ez da aski hizkuntza bat berreskuratzeko, baldin eta erakundeen laguntzarik ez badu.

Herri-aginteek hizkuntza baten normalizazio-prozesuan duten zeregina ezinbestekoa da. Hortaz, ondorio garbiak lituzke Frantziar errepublikak euskal hiztunentzat euskara hizkuntza ofizial gisa ezagutzeak.Enrique Lacordaire

Ofizialtasunak berarekin dakartza hauek, ezinbestean:

  • Ofizialtasunaren lurralde-eremuan nork bere hizkuntza balio eta eraginkortasun juridiko osoarekin erabiltzeko eskubidearen bermea.
  • Herritarrek beren hizkuntza-eskubideak erabiltzeko aurkitzen dituzten oztopo eta zailtasunak kentzeko herri-aginteek duten betebeharra.
  • Hizkuntza ofizial baten alde eta bestearen kaltean arbitrarietatez jokatzeko debekua.
  • Bizitza ekonomiko eta sozialean, herri-administrazioekiko harremanetan, irakaskuntzan, osasun-arloan, auzitegietan, hedabideetan eta edozein gune publiko edo pribatutan hizkuntza aukeratu ahal izateko eskubidea.

Bereziki nabarmendu beharrekoa da euskara irakaskuntzan sartzeak hizkuntzaren transmisiorako izango lukeen eragina eta biderkatze-ondorioa. Euskara irakaskuntzan sartzen ez bada, haren iraupena arriskuan izango da Ipar Euskal Herrian. Duela mende bat baino gehiago abokatu eta domingotar frantses Henri-Dominique de Lacordaire ospetsuak, Frantses Akademiako kide eta erlijio-gaietan Frantziako mintzalari bikainena omen zenak, horrexetaz ohartarazi zuen:

kakotxa “une langue qu'on n'enseigne pas est une langue qu'on tue (irakasten ez den hizkuntza, hizkuntza hila da)” kakotxa

Nazioartearen babesa

Nazioarteko erakundeak arduratzen dira eremu urriko eta eskualdeetako hizkuntzak babesteaz, euskara horien artean. Hizkuntza horietako hiztunen eskubideak aintzat hartuak dira oso nazioarteko legedian eta nazioarteko erakundeen jardueran, baita Europar Batasunaren araudian ere.

Ondoren, hizkuntza-ondarearen babesean gehien nabarmendu diren erakundeak aipatuko ditugu, oro har, eta Europako hizkuntzak babesteko zereginean nabarmendu direnak, bereziki:

Honako hauek dira hizkuntza guztietako hiztunen eskubideak eta hizkuntza-aniztasuna babesteko beharrizana aitortzen dituzten testu juridiko nagusiak, nazioartean aplikatzekoak:

Nazio Batuen Erakundearen ikurra

  • Europar Batasunaren barruan onartutakoak:
    • Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 149. artikulua, 1997ko urriaren 2ko Amsterdameko Itunak eman zion idazkera berriaren arabera
    • Europako Parlamentuaren adierazpen, Europako Batzordearen komunikazio eta Eskualdeetako Lantaldearen irizpen zenbait.

Nork bere hizkuntza ezagutu eta erabiltzeko eskubidearen nazioarteko arauketaren ezaugarriak honako hauek dira:

  • Duintasun eta balioaren aldetik hizkuntza guztiak berdinak direla aldarrikatzea.
  • Herritarrek, erabiltzen duten hizkuntza dela-eta, bereizkeriarik ez jasateko duten eskubidea ezagutzea.
  • Kultura- eta hizkuntza-ondarea babesteko beharrizana baieztatzea.

Horiek betetzeko neurri zehatzak hartzeko beharrizana, neurriok dena delako testuan dagoeneko zehaztuta daudenean izan ezik. Nazioarteko testu juridikoen edukia bete beharrekoa da nahitaez. Izan ere, nazioarteko itunek negozio izaera dute, estatuek euren artean egindako negoziazioaren ondorio dira; estatuek, testua adostu ondoren, sinatu eta sendetsi egiten dute, nazioarteko eremuan betebeharrak beren gain hartzeko duten borondatearen adierazgarri.

Nazioarteko itunak, sendetsitakoan, sinatu dituzten estatuen barruko ordenamendu juridikoaren zati bihurtzen dira.

Nazioarteko erakundeen adierazpen, gomendio eta irizpenek, funtsean, interpretaziorako edo egitasmo-erako arauak dituzte, eta arau horiek estatu sinatzaileetako herri-aginteak ere behartzen dituzte.

Hala, esate baterako, indarrean den Espainiako Konstituzioak onartzen dituen funtsezko eskubideak, eta horien artean berdintasunerako eskubidea, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera interpretatu behar dira, Konstituzioak berak agintzen duenez.

Bereizi egin behar dira, ordea, Europar Batasunaren erakundeetatik datozen arauak, beste era batean aplikatzen baitira Batasuneko kide diren estatuen barruan.

Bestalde, hiztunen eskubideak ezagutzen dituen nazioarteko itun bat edo estatuari egiteko edo ez egiteko betebehar jakin batzuk ezartzen dizkion bat betetzen ez bada, badago auzitegi arruntetan haiek baliatzea. Kontuan izan behar da, estatu baten barneko zuzenbidearen osagai diren nazioarteko arauak zuzen-zuzenean aplikatzekoak direla.

Gainera, eskumen- eta prozedura-arauen arabera erkidegoaren gaietan jurisdikzio-ahala baliatu behar denean, Luxemburgeko Justizia Auzitegiari dagokio horrelako auziak epaitzea. Auzitegi horrek hau bermatzen du: EBko legeria (teknikoki “erkidego zuzenbidea” deritzona) berdin interpretatu eta aplikatuko dela Batasuneko kide diren estatu guztietan, hau da, bat bera izango dela alderdi guztientzat eta egoera guztietan. Auzitegiak ahala du Batasuneko kide diren estatu, EBko erakunde, enpresa eta banakoen arteko lege-gatazkak konpontzeko.

Era berean, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena sinatu zuten estatuek hau onartu zuten: egoera jakin batzuetan eta giza eskubide jakin batzuk babesteko, estatu barruko auzibidea amaitutakoan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisdikzioaren pean jarriko zirela.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Euskarari buruzko araudi ofiziala", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3