Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:5:1

Legedia

Hauek dira hizkuntzaren estatusaren eta hiztunen eskubideen oinarri juridikoak.

1 Gobernuko presidenteak Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Legearen aurka ezarritako konstituzio kontrakotasuneko errekurtsoa ebatzi zuen, eta Lege horren hiru manu konstituzioaren kontrako zirela adierazi zuen (prozedurako hizkuntzari buruzko manua, toki-administrazioko erabilerari buruzkoa eta zinpeko itzultzailearen titulazioaren arauketari buruzkoa). Epai horretan konstituzio-auzitegiak adierazi zuen ofizialkidetasunaren arauketa autonomia-erkidegoaren eskumena zela, eta ofizialkidetasunak autonomia-erkidegoko herri-aginte guztiak behartzen dituela. Orobat, haren irudiko, funtzio publikora sartzeko euskara jakitea eskatzea ez da berdintasun-printzipioaren aurkakoa.
2 Gobernuko presidenteak Katalanaren Normalizazioaren gaineko Legearen aurka ezarritako konstituzio kontrakotasuneko errekurtsoa ebatzi zuen. Lege horretako bi manu konstituzioaren aurkakoak zirela adierazi zuen: lehena, bi elez argitaratutako lege baten interpretazioa zalantzazkoa izanez gero benetako testua katalanez idatzitakoa izango zela ezartzen zuen manua, eta bigarrena, Generalitateari herritarren hizkuntza-eskubideak gauzatzeko politika-, administrazio- edo auzibide-ekinbideak erabiltzeko beharrezkoa zen gaitasun juridikoa ematen ziona
3 Gobernuko presidenteak Galizieraren Normalizazioaren gaineko Legearen aurka ezarritako konstituzio kontrakotasuneko errekurtsoa ebatzi zuen. Konstituzio Auzitegiak idatz-zati bat konstituzioaren aurkakoa zela adierazi zuen, hain zuzen ere, galiziera jakiteko betebeharra ezartzen zuena.
4 Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Normalizazioaren gaineko Legearen zenbait manuren aurka Gobernuko presidenteak ezarritako konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa ebatzi zuen. Alderdi orokorrez den bezainbatean, euskal autonomia-erkidegoko, Kataluniako eta Galiziako hizkuntza-normalizazioko legeak aipatzen ditu. Hizkuntza-normalizazioari buruzko aurreko epaietan aipatutakoez besteko gaietan, interesgarriak dira hiru gairen gainean egiten dituen azterketak: administrazio-prozedurako hizkuntzaren gainean, administrazio militarrean hizkuntza ofizialkidea erabiltzearen gainean eta eskola-graduatuaren titulua lortzeko hizkuntza biak jakin behar izateko eskakizunaren gainean egiten dituen azterketak, alegia.
5 Auzitegi Goreneko Hirugarren Aretoak epai hori eman zuen Kataluniako Parlamentuaren Hizkuntza Normalizazioaren gaineko Legearen zenbait manu zirela-eta ezarritako konstituziokontrakotasun-arazoaren inguruan. Hezkuntzaren inguruko gaiak aztertzen ditu. Auzitan jarritako manu horiek konstituzioaren araberakoak direla ebatzi zuen.
6 Beren umeek heziketa ama-hizkuntzaz jaso dezaten gurasoek duten eskubidearen ingurukoa da. Hitzarmenaren 8. eta 14. artikuluak eta Erantsitako Protokoloaren 2. artikulua, heziketa jasotzeko eskubidearen ingurukoa.
Auzia jarri zutenek hizkuntza-araubidearen gaineko Belgikako legeriaren aurka ezarri zuten errekurtsoa, haien ustean legeria horrek beren seme-alabei –Belgikako flandeserazko eremuan bizi ziren– heziketa frantsesez emateko aukera mugatu egiten zuelako.
Zehatz esanda, hauek ziren auziaren gaiak: auzia jarri zutenak bizi ziren udalerrietan –flandeserako eremukoak–frantsesezko heziketarik antolatu ez izana; udalerri horietan frantsesezko heziketa eskaintzen zuten ikastetxeei dirulaguntzarik ez ematea; ikastetxe horiek ematen zituzten tituluak homologatzeko eskaerei ezetza ematea; auzia jarri zutenen seme-alabei frantsesezko eskolak ematen ziren leku zenbaitetara sartzen ez uztea.
Auzitegiaren irudiko gai horietako azkenak bakarrik urratzen zuen hitzarmena, hain zuzen ere, hitzarmen horretako 14. artikuluak –Erantsitako Protokoloko 2. artikuluarekin batera– ezarritako eskakizunak urratzen zituen, haur batzuei, haien gurasoen egoitza beste arrazoirik gabe, leku batzuetan eskaintzen ziren frantsesezko eskoletara joateko aukera ukatzen zitzaienean. Auzitegiaren iritziz, Belgikako legegileak baliatu zituen bitartekoak neurrigabeak ziren gauzatu nahi zituen interes orokorren aldean. Auzitan jarritako beste neurriak arrazoi objektiboen araberakoak zirela iritzi zion, zeren eta argi ikusi baitzitekeen Belgikako gobernuaren nahia zela Belgikako bi eskualde nagusien barruko hizkuntzabatasuna jagotea. Eta nahi horren funtsa herri-interes jakin bat zen, hain zuzen ere, eskualde elebakar batean ziren Estatuaren menpeko ikastetxe guztiek eskualde horretako hizkuntzaz eman zezatela hezkuntza, beste hizkuntza batzuek baino zio hobearengatik eskualde horretakoa zen hizkuntzaz, alegia. Auzitegiak ez zuen uste Belgikako legegileak baliatzen zituen bitartekoak neurrigabekoak zirenik gauzatu nahi zuen herri-interes horren eskakizunen aldean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Legedia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3