Erabiltzaile Tresnak


gizt:1:7

Euskara eta hezkuntza

Eusko Jaurlaritzak 1983an Elebitasunaren Dekretua (138/1983 Dekretua, uztailaren 11koa) aldarrikatu zuen. Horren bitartez arautzen dira gaur egun indarrean dauden hiru hezkuntza-ereduak: A ( ikasgai guztiak, gaztelaniaz, eta, euskara, ikasgaia), B (eredu elebiduna) eta D (ikasgai guztiak, euskaraz, eta, gaztelania, ikasgaia).

Bestalde, hasieran, irakasleen hizkuntza-gaitasuna hezkuntza elebidun bihurtzeko zeuden arazoetako bat izan bazen ere, gaur egun, aldiz, egoera asko aldatu da, bereziki, hezkuntza-sisteman irakasle euskaldun asko sartu delako, eta, aldi berean, aktiboan zeuden irakasleek hizkuntza-gaitasuna lortu dutelako. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, IRALE programaren bidez, sare pribatuan edo publikoan aktiboan dauden irakasleei euskara-ikastaroak eskaintzen dizkie.

EAEko Unibertsitatez Kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeak, berriz, zehaztu egiten du irakaskuntzako lanpostu-zerrendetan adieraziko dela lanpostu bakoitzak daukan hizkuntza-eskakizuna eta, beharrezko izanez gero, derrigortasun-data. Lege horretan ezarritakoari jarraipena emanez, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan ezarri ziren hizkuntza-eskakizunak eta irakaskuntzako lanpostuetarako derrigortasun-datak zehazteko irizpideak, eta hizkuntza-eskakizun biko sistema bat: 1. hizkuntza-eskakizuna, euskarazko klaseak edo klaseak euskaraz ematen ez dituzten irakasleek bete ditzaketen lanpostuetarako, eta 2. hizkuntza-eskakizuna, eskolak euskaraz ematen dituztenentzat.

Azkenik, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, beste hainbat helbururen artean hau ezartzen du bere 6.1. e) artikuluan: ”jakintza arlo guztietan euskara sartuz joatea, euskararen erabileraren normalizazioari laguntzeko”.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Euskara eta hezkuntza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3