Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:1

Euskalkien jatorria eta bilakaera

Oso errotuta dago euskalkiak antzinakoak direlako iritzia. Hiru mugarri nagusi nabari dira uste horren bilakaeran:

Oihenart

Larramendi, M.

Caro Baroja

Erromatarren aurrekoak

Ondoko mapa hauetan ikus daiteke gaur egungo Euskal Herrian nola zeuden banaturik hemen zeuden heeriak, erromatarrak hona etorri aurretik

AUTRIGOIAK BASKOIAK eta BARDULOAK AKITANIARRAK

Erromatarren inperioa

Erromatarren inperioa, jakina denez, oso zabala zen. Euskal Herrira ere etorri ziren erromatarrak, eta aztarnak utzi zituzten hemen zenbait tokitan

ERROMATAR INPERIOA

Euskalarien teoriak

Arnaut Oihenart (1592-1667): euskalkiak erromatarrak etorri aurrekoak dira

Oihenart izan zen euskalkiak sailkatzen lehena, Notitia utriusque Vasconiae liburuan (1656). Antzinako leinuekin jarri zituen harremanetan:

a) Akitaniarren euskalkia, Ipar Euskal Herrian egiten zena

b) Baskoiena, Nafarroan egiten zena

c) Barduliarrena, Gipuzkoan eta Araban egiten zena

d) Autrigoiena, Bizkaian egiten zena. Ikuspegi horren arabera, euskalkiak aspaldikoak ziren, erromatarrak etorri aurrekoak, leinuak zeuden garaikoak.

Manuel Larramendi (1690-1766): antzina Espainia osoan egiten zen euskara

MARIA ANA NEUBURGOKOAREN KONFESATZAILEA IZAN ZEN LARRAMENDI. EUSKALKIEI BURUZ MINTZATUKO ZEN HAREKIN?Eztabaidaren beroak ekarri zuen Larramendik euskalkien jatorriaz erakutsi zuen ikuspegia; ez ikerketa eta hausnarketa sakonak. Euskara antzina Espainia osoan egiten zen hizkuntza bakarra zela erakutsi nahi zuen. Haren aurkariek, berriz, erromatarren garaiko lekukotasunak aipatu zituzten uste horren ustela agerian jartzeko. Lekukotasun horien arabera, Espainian barrena herri eta hizkuntza asko omen zeuden erromatarrak heldu zirenean. Larramendik, oztopo horri aurre egiteko, hizkuntza haiek ez zirela benetako “hizkuntzak” esan zuen, euskararen dialektoak baizik. Euskararen dialektoak bata bestearengandik asko bereizten zirelako gertatzen omen zen hori. Azken batean, euskara eta euskalkiak Jainkoak berak sortu zituela Babelen esan zuen, Diccionario trilingüe liburuaren hitzaurrean (1745).

Julio Caro Baroja (1914-1995): euskalkiak antzinako leinuetan oinarrituak

Oihenartek bezala, euskalkien mugak eta antzinako leinuenak bat zetozela esan zuen eta, gainera, elizak ere, bere egitura ezartzerakoan, muga horiek hartu zituela kontuan gogora ekarri zuen. Oso liburu ezagun bitan aurkeztu zuen ikuspegi hori: Los pueblos del norte de la Península Ibérica (1943) eta Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina (1945). Liburu horiek izandako oihartzunari esker, iritzi hori erabat onartu eta zabaldu zen.

Ikuspegi horren oinarriak

Mendebalean dago ikuspegi horren oinarririk sendoena eta ia bakarra. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Deba ibarrean antzeko euskalkia egin izan da. Bestalde, Arabako elizbarrutian bildu zen eremu hori, harik eta XI. mendearen amaieran, Calahorrakoan sartu zen arte. Eta, gainera, eremu horretan karistiarren leinua zegoela esan ohi da; ez autrigoiena, Oihenartek huts egitez esan zuen bezala. Horren arabera, beraz, mendebalean bat datoz euskalkien mugak, leinuenak eta elizbarrutienak.

Gipuzkoako ipar-ekialdea ere maiz aipatu dute ikuspegi horren aldekoek; gehienbat Oiartzun, Hondarribia eta Irun alderdia. Eremu horretan euskara nafarra egiten zela esan zuen Bonapartek (1869) eta antzina baskoien lurraldea omen zen. Baina bada kontraesan bat: elizaz ez dagokio Iruñeari, Baionari baizik.

Hizkuntzari berari dagokionez, gertakari bakarra aipatu da iritzi horren sendogarri: *edun aditzaren erroa. Horren arabera, -o- dago karistiarren eremuan (dot), -e- barduliarrenean (det), eta -u- baskoienean (dut). Baina arrazoi bakar hori ez da zuzena. Karistiarren eremuan -o- ez da inondik inora erabatekoa. Gasteizen egindakoa dirudi Landucciren hiztegia eta -u- erroa agertzen da han: dut, duk, duzu, du. Eta Gasteiz baino mendebalerago ere, Zigoitia euskaldean, -u- erroa jaso zuen R. M.ª Azkuek, XX. mendearen erdialdean.

Koldo Mitxelenaren (1915-1987): euskalkiak Erdi Aroan sortu ziren

KOLDO MITXELENAMitxelenak 1981ean argitaratutako “Lengua común y dialectos vascos” artikuluan aipu labur bat egin zuen euskalkien jatorriaz. Haren iritzian, Erdi Aroan sortutakoak ziren, erromatarren Inperioa desegin ondorengo garaian. Arrazoi bi aurkeztu zituen uste horren alde: a) Alde batetik, euskalkien arteko batasuna handiegia da, eta hori ez zen horrela izango baldin eta euskalkiak oso aspaldikoak balira, eta b) Latinetik hartutako maileguek modu berezian egokitu dira euskara, baina modu berezi hori berdina da euskalki guztietan, eta hori ere ez zen horrela izango, baldin eta euskalkiak egituratuta egon balira orduko. Beste era batera esateko, euskara euskalkietan zatituta egon balitz, latineko maileguak bakoitza modu batera egokitu ziren euskalkien arabera. Baina gauzak bestela dira. Euskaraz, esate baterako, aingeru, bake, borondate, gela esaten da. Euskaraz baizik ez dira horrela esaten, baina euskalki guztietan esaten dira modu berean.

Gainera, latineko maileguak ez ezik, euskararen beraren baitatik sortutako berrikuntza asko ere modu berean egin dira euskalki guztietan. Esate baterako, hitz elkartuak osatzeko moduak berdinak dira. Hona hemen zenbait adibide:

a) Hitz elkartuen lehen osagaiak -di/-gi amaiera daukanean, -t egiten da: ardi + zain > artzain, begi + ile > betile.

b) Lehen osagaiak -e, -o, -u amaiera daukanean, -a egiten da: etxe + be > etxabe, baso + jaun > basajaun, katu + kume > katakume.

c) Lehen osagaiak -n amaiera daukanean, -r egiten da: egun + aldi > eguraldi.

d) Lehen osagaia -ra, -re, -ri denean, -l egiten da: euskara + dun > euskaldun, abere + etxe > abeletxe, afari + du > afaldu.

e) Lehen osagaia -ri, -ru denean, galdu egiten da bokala: iturri + buru > iturburu, buru + muin > burmuin.

f) Silaba bitik gorako hitzetan lehen osagaiko -o galdu egiten da: itsaso + bazter > itsasbazter.

Mitxelenaren arrazoiei beste bat gehitu dakieke: benetan bereziak diren euskalkiak bazterretako biak dira, zuberotarra eta mendebalekoa. Erdiguneko hizkeren arteko aldeak txikiak dira; Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa eta Gipuzkoako hizkerak oso antzekoak dira. Jakina, hori ere ez zen horrela izango baldin eta euskalkiak oso aspaldikoak balira.

— Egilea: Koldo Zuazo

Gaian sakonduz

Hemen hau irakurtzea gomendatzen dugu.

Euskalkien sailkapenaz informazio gehiago hemen aurkituko duzu.

lanaren aipamena nola egin...

Koldo Zuazo, "Euskalkien jatorria eta bilakaera", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3