Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:1:1

Euskalkien arteko batasuna

Alderdi batzuetako eta besteetako euskaldunak elkartu direnean, erdarara jo izan dute maiz euren arteko hartu-emana gauzatu ahal izateko. Hori horrela dela erakusteko, hainbat lekukotasun dauzkagu, eta antzinako denboretatik hasita gainera. Dena dela, euskalkien arteko aldea ez da uste den bezain handia. Zehatzago esateko, bazterretako euskalkiak dira bereziak: zuberotarra eta mendebalekoa. Nafarroako ekialdeko ertzean egiten ziren hizkerak ere bereziak ziren: Erronkarikoa eta Zaraitzukoa. Zalantzarik gabe Euskal Herria bitan banatzen duen muga administratiboak sortzen ditu arazorik larrienak. Mugaren alde batean frantsesetik elikatzen dira eta, bestean, gaztelaniatik. Horrek ekartzen ditu batak besteari ulertzeko oztopo nagusiak.

Ikus dezagun, sailez sail, euskalkien arteko berdintasunak eta desberdintasunak zertan diren:

Fonologia

Bokalak eta kontsonanteak ia berberak dira euskalki guztietan eta berberak dira, era berean, batzuk eta besteak hitz barruan kokatzeko arauak.

Desberdintasunei bagagozkie, eta bokaletatik abiatuta, Zuberoa aldeko ü bokala da esanguratsuena. Badirudi okzitanotik hartutakoa dela. Zuberoan, era berean, bokal sudurkariak ahoskatzen dira, gaur egun galbidean dauden arren, baina bokal horiek mendebalean ere izan ziren, Bizkaian eta Deba ibarrean, XVI. eta XVII. mendeetan. Badirudi, beraz, Euskal Herri osokoak zirela antzina.

Kontsonanteen sailean hasperena da gauzarik nabarmenena. Gaur egun Ipar Euskal Herriko alderdi batzuetan dago bizirik, Zuberoan gehienbat, baina hori ere Euskal Herri osokoa zen antzina: Arabako toponimian daukagu horren lekukotasuna, Euskal Herriko hegoaldeko ertzean.

Txistukarien artean ere badira gorabeherak leku batzuetatik bestera, baina izkribu zaharrei begiratuta, erraz ikusten da azken mendeotako gauzak direla: Gipuzkoako alderdi batzuetan z eta s berdindu egin dira eta mendebalean, berriz, bi horiek ez ezik, tz eta ts ere bakarrera (tz) ekarri dira. Zuberoan, aitzitik, gehitu egin da txistukarien kopurua, baina, dirudienez, okzitanoaren eraginez gertatu da hori. Hirugarren gertakari bat ere bada kontsonanteen sailean: hitz hasierako *j-ri dagokiona. Modu askotara ahoskatzen da Euskal Herrian barrena, baina badirudi ahoskera guztiak bilakaera baten emaitza izan direla: y (yan) > dx (dxan) > x (xan) > j (jan). Bilakaera horretan hizkera batzuk besteak baino urrunago heldu dira.

Eta fonologiaren saila ixteko, esan dezagun azentuan eta intonazioan alde esanguratsuak nabari direla hizkera batzuetatik besteetara.

Izenaren morfologia

Kasuen markak dira euskararen ezaugarririk esanguratsuenak eta euskalki guztiak bat datoz gauzarik gehienetan. Aldeei bagagozkie, hauxe nabarmendu behar da: Ipar Euskal Herrian eta mendebalean hurbiltze adlatiboa osatzeko dauden bitarteko bereziak. Ipar Euskal Herrian -ri/-rat buruz erabiltzen da: Pariserat buruz joan da edo udaberriari buruz egunak luzeagoak dira. Mendebalean, berriz, -rantza/-rutz erabiltzen dira: Pariserantza/Pariserutz abiatu da.

Lau kasu osatzeko orduan, honako aldeak daude euskalkien artean:

a) Mendebalean -gaz/-kaz erabiltzen da soziatiboan: lagunagaz singularrean eta lagunakaz pluralean.

b) Destinatiboan -entzat edo -endako erabilitzen da euskalkien arabera: lagunarentzat/lagunarendako.

c) Prolatiboan ere -tzat/-tako aukera dago: Pello laguntzat/laguntako daukagu.

d) Bizidunen inesiboa egiteko aukera bi daude: gan/baitan. Beraz, lagunarengan/lagunaren baitan badut konfiantza.

Aukera nagusi horietaz gainera, gauza txikiagoak ere badira; aldaera fonetikoak gehienbat. Ergatibo plurala egiteko -ak/-ek erabiltzen dira: gizonak/gizonek egin dute. Datibo pluralean -ei/-eri/-er daude: lagunei/laguneri/laguner eman diet. Genitibo singularrean, berriz, -aren/-an/-ain baliatzen dira: lagunaren/lagunan/lagunain etxean egon naiz. Soziatiboan -kin/-ki/-kilan daude: lagunarekin/lagunareki/lagunarekilan ibili da. Ablatiboan -tik/-ti/-tikan/-tio daude: etxetik/etxeti/etxetikan/etxetio atera da. Gauza bera daukagu motibatiboan: -gatik/-gati/-gatikan/-gatio: zu ikusteagatik/ikusteagati/ikusteagatikan/ikusteagatio etorri naiz.

Deklinabide kasu bat edo beste aukeratzeko orduan ere badira gorabeherak euskalkien artean. Hauxe ezagunena: aditz izenaren osagarria absolutiboan edo geniboan erabiltzea. Beraz, laguna ikustera joan da edo lagunaren ikustera joan da. Zenbait aditzen osagarriek ere kasu desberdinak aukeratzen dituzte. Esate baterako, jaten/jatera eman, jaten/jatera utzi, jaten/jatera ausartu

Izenaren morfologiako gainerako arloetan ez dago alde handirik. Bat aipa daiteke: izenordain indargarriak osatzeko aukerak. Euskalkien arabera, neuk/neronek/nihaurk erabiltzen dira.

Lexikoa

Lexikoa da hizkuntza guztietan gehien aldatzen dena eta halaxe gertatzen da euskaran ere. Dena dela, uste den baino handiagoa da sail horretan dagoen batasuna. Esate baterako, aditz gehienak berberak dira euskalki guztietan: egon, izan, edan, jan, saldu, sartu, ekarri, kendu… Adjektibo gehienak ere berberak dira: handi, txiki, zabal, mehe, arin, zorrotz… Baita zenbakien izenak ere: bat, bi, hiru, hamar, hogei, ehun… Hizkuntzaren oinarrizko hitzak ere berberak dira. Hona hemen zenbait adibide:

– Koloreen izenak: beltz/baltz, gorri, urdin, zuri…

– Gorputz atalen izenak: aho, begi, belaun, buru, oin…

– Senidetasunaren adierazleak: alaba, ahizpa, anaia, arreba, senar…

– Pertsonen nolakotasunari dagozkionak: and(e)re, gizon, neska, ume…

– Sentimenen adierazleak: amets, esker, gogo, lotsa…

– Bizilekuari dagozkionak: etxe, herri, hiri/huri…

– Etxeko osagaienak: ezkaratz, labe, leiho, su…

– Lanabesenak: aitzur, hede, igitai, orratz…

– Espazio (ezker, ipar), denbora (atzo, lehen) eta kopuru unitateak (erdi, oso)

– Animalia, hegazti eta zomorro izenak: behor, idi, zakur/txakur, arrano, eper, erle, zorri…

– Zuhaitz eta landare izenak: haltz, haritz/haretx, belar/berar, ezpel…

– Mineralak eta lurreko osagaiak: burdina/burnia, harri, ikatz, urre, zilar/zirar…

– Janari eta edariak: aza, esne, gatz, gazta/gazna, haragi, ogi…

– Eguraldiari dagozkionak: ekaitz, elur/erur, euri, haize…

– Geografia deiturak: itsaso, larre, leize, lur, mendi…

— Egilea: Koldo Zuazo

lanaren aipamena nola egin...

Koldo Zuazo, "Euskalkien arteko batasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3