Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:1:3

Euskalkien sorguneak

Elena Barrena historialaria izan zen, La formación histórica de Guipúzcoa liburuan (1989), euskalkien sorguneen auzia aipatzen lehena. Hiru menditan kokatu zituen sorguneak:

a) Gorbeian, Arabaren eta Bizkaiaren artean

b) Aralarren, Nafarroaren eta Gipuzkoaren artean

c) Saioan, Nafarroaren, Lapurdiren eta Nafarroa

Beherearen artean. Blanca Urgellek ere ukitu zuen gai hori, zeharka bada ere, “Para la historia del sustantivo verbal en vasco” artikuluan (2006). Hiriak aipatu ziren saio horretan: Iruñea, Gasteiz eta Bilbo.

Bost sorgune aurkeztuko ditugu hemen:

1) Iruñea.

2) Gasteiz.

3) Bizkaiko erdigunea.

4) Ekialdea

5) Gipuzkoako Beterri eskualdea.

Ikus ditzagun banan-bana:

Iruñea

Euskal Herriko hiri nagusia izan da; apezpikuaren egoitza zen VI. menderako. Litekeena da handik zabaldu izana antzina Euskal Herri osoan hedatu ziren zenbait berrikuntza. Beste hauek ere handik etorri direla ematen du:

1) -a batekin amaitzen diren hitzei artikulua gehitzean, -a + a > -a egitea. Esate baterako, luma + a > luma. Bazterrak geratu dira berrikuntza horretatik kanpora: Zuberoan eta Erronkarin -a + a > -á gertatu da (lümá/lumá), Zaraitzun -ara (lumara) eta mendebalean -ea (lumea).

2) Absolutibo motako adizkien pluraleko 2. pertsonen morfema -te izatea: zarete, zineten, zabiltzate, zaudete… Gutxi gorabehera, aurreko berrikuntzaren eremu bera dauka: Zuberoa, Erronkari, Zaraitzu, Sakana eta mendebala geratu dira haren esparrutik kanpora. Alderdi horietan -(i)e da morfema: zarie, ziñen/ziñien

3) Aditz izenak osatzeko -tzen morfema indartzea: ibiltzen, jartzen. Bazterretan -ten baliatzen da: ibilten/ebilten, jarten.

Gasteiz

Hiri handia izan zen antzina; bertan antolatu zen apezpikutegia XI. mendean. Berrikuntza gune indartsua izan zela ematen du eta haren eragina honako alderdietara hedatu zela: Bizkaira, Gipuzkoako Goierri, Urola eta Deba ibarretara, Nafarroako Burunda, Ameskoa eta Lana eskualdeetara, Burgosera eta Errioxara. Hauexek dirudite Gasteiztik zabaldutako joerak:

1) -a batekin amaitzen diren hitzei artikulua gehitzean, -a + a > -ea egitea: luma + a > lumea.

2) j bokalerdiak z eta tz busti eta x/tx bihurtzea: haize > axe, haitz > atx.

3) Soziatiboko -gaz atzizkia: lagunagaz ‘lagunarekin’.

4) Hurbiltze adlatiboko -rutz atzizkia: barrurutz ‘barru aldera’.

5) Mugimenduzko aditzen osagarri diren aditz izenak inesiboan erabiltzea: laguna ikusten noa ‘laguna ikustera noa’.

6) -rik morfema erabiltzea etxerik etxe, kalerik kale gisako esapideetan.

7) ‘edo + izenordain galdetzailea’ egiturako izenordainen sail osoa garatzea: edonor, edonon, edonora, edonondik, edozenbat

8) -to atzizkia: ederto, polito … 9) Adberbioetako -la atzizkiari -n gehitzeko joera: nolan, honelan, halan

10) egin erroa nagusitu eta *ezan baztertzea: jan egizu ‘jan ezazu’.

11) NOR-NORI-NORK saileko eutsi erroa: deust ‘dit’.

12) NOR-NORI saileko adizkietako j-: jako ‘zaio’, jatort ‘datorkit’.

13) -z aditz pluralgilea: jakuz ‘zaizkigu’.

14) Partizipioetako -adu eta -idu: konfiadu ‘konfiatu’, atrebidu ‘atrebitu [ausartu]’.

15) Aditz izenak osatzeko zenbait morfema: a) -etan (suplikaetan ‘suplikatzen [erregutzen]’), b) -ketan (bidalketan ‘bidaltzen’), c) -zaiten/-zaen (heltzaiten/heltzaen ‘heltzen’).

16) Kausa eta helburuzko perpausetako -terren (> -tearren): zu ikusterren etorri nax ‘zu ikusteagatik etorri naiz’.

Bizkaiko erdigunea

Badirudi Bizkaiko erdigunea izan zela beste gune berritzaileetako bat: Durango, Zornotza, Gernika, Bermeo ardatza. Bilboren handitasuna geroagokoa da, XIV. mendeaz gerokoa, eta orduko egituratuta zegoen euskalkia. Hauexek dirudite Bizkaiko berrikuntzarik esanguratsuenak:

1) i sudurkariaren ondoren -n- kontsonantea garatzea. Gehienbat *io(n) aditzean eta -(z)io amaieran ikusten da hori. Alde batetik, diño ‘dio’, diñozu ‘diozu’ tankerako adizkiak daude eta, bestetik, konfirmaziño, konsagraziño bezalako hitzak.

2) -txu atzizki txikigarria: axetxu ‘haizetxo’.

3) Aditz izenetan -tuten indartzea: aginduten ‘agintzen’, elduten ‘heltzen’.

4) Erakuslea izenaren aurrean kokatzea: honek gauzok ‘gauza hauek’.

Ekialdea

Ekialdea oso berrikuntza gune indartsua izan da. Zuberoatik zabaldu dira horietako asko. Beste batzuetan ez dago argi Zuberoa ala Nafarroa Beherea izan ote den gune sortzailea. Hauexek dira alderdi hartako gertakaririk esanguratsuenak:

1) /u + a, e/ > i egitea: eskia ‘eskua’, diela ‘duela’.

2) Absolutibo motako adizkietan -ai- > -i- egitea eta absolutibo-ergatibo motakoetan, berriz, -au- > -u-. Alde batetik, niz ‘naiz’, gitu ‘gaitu’, gitzake ‘gaitzake’, eta, bestetik, nuk ‘nauk’, nuzu ‘nauzu’.

3) Datibo pluraleko -er: laguner ‘lagunei’.

4) Soziatiboko -kila(n): lagunekila ‘lagunekin’.

5) Zuketa eta xuketa alokutiboak: mintzatu behar dizit/dixit ‘mintzatu behar dut’.

6) -a galdera atzizkia: jin dea? ‘etorri da?’

Ondorengo hauek Zuberoatik zabaldutakoak dirudite: 1) -a batekin amaitzen diren hitzei artikulua gehitzean, -a + a > -á egitea: lüma + a > lümá.

2) u - i > u - u > ü - ü eta i - u > u - u > ü - ü asimilazioak erabat egitea: bürdüña ‘burdina’, ülhün ‘ilun’.

3) -au- > -ai- egitea: gai ‘gau’, gaiza ‘gauza’.

4) Adlatiboan artikulua erabiltzea: mendialat ‘mendira’.

5) -ñí atzizki txikigarria: amiñí ‘apurra’.

Beterri

Iruñea itsasbazterrarekin lotzen zuen bide aldamenetan sortu ziren Gipuzkoako zenbait hirigune: Tolosa, Andoain, Hernani eta Donostia. Badirudi ardatz horretatik zabaldu direla zenbait berrikuntza. Hauexek esanguratsuenak:

1) *edun-en orainaldiko adizkietako -e- erroa: det ‘dut’.

2) izan-en orainaldiko adizkietako -e- erroa: gera ‘gara’.

3) joan-en adizki bereziak: nijoa ‘noa’, dijoa ‘doa’.

4) Absolutibo-ergatibo motako hitanoko adizkietako -zki- pluralgilea: dizkiat/dizkinat ‘ditiat/ditinat’.

— Egilea: Koldo Zuazo

Erreferentziak

Barrena Osoro, Elena. La formación histórica de Guipúzcoa: Transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época Altomedieval. Donostia 1989

Gaian sakonduz

Euskalkien jatorriaz zerbait jakin nahi baduzu hemen beha dezakezu.

lanaren aipamena nola egin...

Koldo Zuazo, "Euskalkien sorguneak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3