Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:2:1

Oihenart (1592-1667)

XVII. mendekoa da euskalkiak sailkatzeko lehenengo ahalegina eta Arnaut Oihenart zuberotarra izan zen egilea. Ez dakigu zenbaterainokoak ote ziren euskal hizkeren gainean zeuzkan zuzeneko albisteak, baina, behinik behin, bere garaiko izkribuak ezagutzen zituen (ikus Lafitte, arg.] 1967). Euskara zuberotarra, berriz, zuzen eta zehatz erakutsi zuen (Oihenart 1656).

Berritzailea izan zen Oihenarten sailkapena. Ez zituen euskalkien mugak herrialdeen mugen arabera osatu, haren garaikide zenbaitek egin zuten bezala (ikus, esate baterako, Axular 1643: 17). Antzinako leinuekin lotu zituen eta, horren ondorioz, lau euskalki bereizi zituen (Oihenart 1656 [1971]: 353):

Ikuspegi horren arabera, euskalkiak oso antzinakoak dira, erromatarrak alderdi honetara etorri aurrekoak, leinuak zeuden garaikoak. Oihenart izan zen, hain zuzen, euskalkien jatorriaren gaineko iritziak plazaratzen lehena.

Bere usteen alde egin nahiak akats nabarmen bat ekarri zuen: Ipar Euskal Herriko hizkera guztiak euskalki bakarrean bildu zituen. Erromatarren garaiko berriemaileen esanetan, alderdi hartan, nonbait, leinu bakarra zegoen eta, beraz, euskalkiak ere bakarra egon behar zuen. Ikuspegi hori ez da inondik inora zuzena: euskara zuberotarrak nortasun osoa zeukan XVII. menderako, eta nabarmen bereizita zegoen Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hizkeretatik.

Oihenartek euskalkiak sailkatzeko erabili zituen irizpideez, berriz, ezin dugu ezer esan; ez zuen deus adierazi. Euskalkiak banatzen zituzten ezaugarri gutxi aipatu zituen:

  • a) Zuberoako eta Nafarroa Behereko alderdi batzuetako ü bokala;
  • b) ekialdeko nihaur eta mendebaleko neuror gisako izenordain indartuak;
  • c) Bizkaiko a erakuslea (orokorra ‘hura’).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Oihenart (1592-1667)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3