Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:2:2

Larramendi (1690-1766)

Larramendik egin zuen euskalkiak sailkatzeko bigarren ahalegina. 1729an argitaratutako gramatikan erakutsi zituen argibide gehienak, baina 1745eko hiztegiaren hitzaurrean eta Corografía de Guipúzcoa liburuan ere (1969) albiste ugari bildu zituen.

Hiru euskalki bereizi zituen gramatikan (Larramendi 1729: 12):

  • a) bizkaitarra,
  • b) giputza
  • c) nafar-lapurtarra.

Arabako euskara Bizkaikoarekin batera sailkatu zuen, nahiz eta zenbait ezaugarrik hartatik aldentzen zutela esan: izaera nahasikotzat zeukan. Corografía de Guipúzcoa saioan aitortu zuenez, euskara nafar-lapurtarraren barruan ere baziren aldeak: Zuberoakoa eta Nafarroakoa, zein bere aldetik, aldentzen ziren gehien. Larramendiren sailkapen horren azpian ere bazegoen ideia jakin bat, haren aurreko historialariek (Garibai, Marca eta Moret) plazaratu zutena: baskoiek antzina Pirinioak zeharkatu eta Ipar Euskal Herria bereganatu zutela uste zuen (Larramendi 1745: LXXV). Beraz, baskoiek euren euskara eraman zutenez hara, euskalki bera egin behar zen Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Eremu zabal horretan XVIII. mendearen erdian egiten zen euskarak, ostera, ez du horrelako batasunik erakusten inondik inora.

Larramendik ere, bestalde, zahartzat zeuzkan euskalkiak. Ez zituen zehazki antzinako leinuekin lotu, baina erromatarren garaiko geografo eta historialariek Espainian ikusi zituzten “hizkuntzak” euskararen “dialektoak” zirela esan zuen (Larramendi 1745: CLVIII eta 1969: 280). Uste horren oinarrian, dena dela, ez zegoen hizkuntzazko arrazoirik. Larramendik gauza bakarra erakutsi nahi zuen: euskara izan zela antzina Espainia osoan egiten zen hizkuntza bakarra. Erromatarren garaiko geografo eta historialarien lekukotasunek, ordea, kolokan jartzen zuten uste hori, eta horrexegatik zioen Larramendik haiek aipatu zituzten “hizkuntzak” euskararen “dialektoak” zirela.

Larramendik, era berean, herrialdeen eta euskalkien mugak ez zetozela bat ikusi zuen. Gipuzkoa adibide hartuta, Deba ibarrean euskara bizkaitarra egiten zela ohartarazi zuen, eta Oiartzun, Hondarribia eta Irun bitartean, berriz, Lapurdiko euskararen gertutasuna nabari zela.

Larramendik Euskal Herri osoan idatzitako liburuak aztertu zituen eta, gainera, ahozko euskara jasotzeaz ere arduratu zen. Behinik behin, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin ibili zen. Aditza aztertzeari eman zion lehentasuna. Larramendiren iritziz, aditza zen euskararen alderdirik aberatsena eta, hark eraginda, aditza izan da, bai dialektologian eta baita euskalaritzan oro har ere, lehentasun osoa bereganatu duen iker saila. Dena dela, Larramendik hizkuntzaren gainerako esparruak ere kontuan hartu zituen eta, haren liburuetan, euskalkietako hainbat albiste aurki ditzakegu (ikus Pagola 1991). Bera izan zen, hain zuzen, azentuaz arduratzen lehena, eta mendebaleko eta erdialdeko azentuen gaineko argibide ugari eta zehatzak erakutsi zituen (Larramendi 1729: 336-372).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Larramendi (1690-1766)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3