Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:2:3

Bonaparte (1813-1891)

Luis Luziano Bonapartek jarri zituen abian dialektologia ikerketak Euskal Herrian. Londresen jaio eta bizi izan zen, baina hala eta guztiz ere, euskara ondo menderatzea lortu zuen. Izkribuzko lekukotasunak ez ezik, ahozkoak ere ezagutu zituen. Azken batean, Bonaparte izan zen euskararen eremua osotasun guztian ezagutzen eta aztertzen lehena. Bost egonaldi egin zituen Euskal Herrian eta, gainera, Londresera ere eraman zituen zenbait euskaldun berarekin lan egitera.L. L. Bonaparte

Bonaparte ez zen euskalkien jatorriaz arduratu. Ez zuen euskalkiak antzinakoak ala berri samarrak ote ziren zehaztu. Bere garaian egiten ziren euskalkiak mapa batean erakustea zuen helburu. Zortzi euskalki bereizi eta hiru multzo nagusitan ezarri zituen (Bonaparte 1863 eta 1869):

  • a) mendebalekoa, euskara bizkaitarrak osatzen zuen;
  • b) erdigunekoa, giputzak, iparraldeko nafarrak, hegoaldeko nafarrak eta lapurtarrak osatzen zuten;
  • c) ekialdekoa, zuberotarrak, ekialdeko behe-nafarrak eta mendebaleko behe-nafarrak osatzen zuten.

Zortzi euskalki horien barruan, berriz, 25 azpieuskalki eta 36 hizkera bereizi zituen. Gisa honetara aurkeztu zituen:

  • Euskara bizkaitarrean hiru azpieuskalki eta bederatzi hizkera. Azpieuskalkiak: ekialdekoa, mendebalekoa (Gernika, Bermeo, Plentzia, Arratia, Orozko, Arrigorriaga eta Otxandioko hizkerekin) eta Gipuzkoakoa (Bergara eta Leintz Gatzagako hizkerekin).
  • Euskara giputzean hiru azpieuskalki eta bost hizkera. Azpieuskalkiak: iparraldekoa (Hernani, Tolosa eta Azpeitiko hizkerekin), hegoaldekoa eta Nafarroakoa (Burunda eta Etxarri Aranatzeko hizkerekin).
  • Iparraldeko nafarrean sei azpieuskalki: Ultzamakoa, Baztangoa, Bortzirietakoa, Arakilgoa, Araizkoa eta Gipuzkoakoa.
  • Euskara lapurtarrean bi azpieuskalki eta hiru hizkera. Azpieuskalkiak: jatorra (Sara, Ainhoa eta Donibane Lohizuneko hizkerekin) eta nahasia (Arrangoitze aldekoa).
  • Hegoaldeko nafarrean hiru azpieuskalki eta zortzi hizkera. Azpieuskalkiak: Iruñetik ekialdekoa (Eguesibar, Olaibar, Artzibar, Erroibar eta Auritzeko hizkerekin), Izarbeibarkoa eta Iruñetik mendebalekoa (Oltza, Zizur eta Gulibarko hizkerekin).
  • Euskara zuberotarrean bi azpieuskalki eta hiru hizkera. Azpieuskalkiak: jatorra (Zuberoa bertakoa) eta Erronkarikoa (Bidankoze, Urzainki eta Uztarrozeko hizkerekin).
  • Ekialdeko behe-nafarrean hiru azpieuskalki eta bost hizkera. Azpieuskalkiak: garaztar-amikuztarra (Garazi, Amikuze, Bardoze eta Arberoako hizkerekin), Aturrialdekoa (Beskoitze eta Urketako hizkerekin) eta Zaraitzukoa.
  • Mendebaleko behe-nafarrean hiru azpieuskalki eta hizkera bi. Azpieuskalkiak: Baigorrikoa, Lapurdikoa (Uztaritze eta Lekorneko hizkerekin) eta Aezkoakoa.

Euskalkien banaketa, Bonaparteren arabera

Ikus dezagun, jarraian, sailkapen horren atzean dagoena.

Bonaparteren irizpideez zenbait ohar

Bonapartek euskara ikasteko egin zuen ahalegin erraldoia da nabarmendu beharreko lehen gertakaria. Zabal eta sakon aztertu zuen euskara eta, gehienbat, euskalki bakoitzak egindako berrikuntzak edo aukera bereziak hartu zituen kontuan. Alde horretatik begiratuta, beraz, zuzen eta egoki jokatu zuen.

Dena dela, euskalkiak zedarritzeko orduan, eta hizkerak euskalki batean edo bestean non sartu erabakitzerakoan, oso ezaugarri gutxiri begiratu zien; bakarrari askotan. Hona hemen, esate baterako, Observations sur le formulaire de prône txostenean aurkeztu zuen sailkapena (Bonaparte 1867: 7):

  1. Giputza, det gisako adizkiak dituena.
  2. Bizkaitarra, dot gisako adizkiak dituena.
  3. Nafar-lapurtarra, dut eta naiz gisako adizkiak dituena.
  4. Behe-nafarra, niz gisako adizkiak dituena eta zuketa eta xuketa tratamendurik ez duena.
  5. Nafar-zuberotarra, zuketa eta xuketa tratamenduak dituena.

Ezaugarri bakarrean oinarritzeak bere ondorioak ekarri zituen. Alde batetik, berdintsuak ziren hizkerak multzo desberdinetan sailkatu zituen, ezaugarri bakar horretan bat ez zetozelako. Berdin alderantziz ere: desberdinak ziren hizkerak multzo berberetan sailkatu zituen, ezaugarri bakar horretan bat zetozelako. Bestalde, ezaugarri gutxi batzuetan oinarritzeak hizkera multzo gehiegi bereiztea ekarri zuen. Izan ere, gauza gehienetan berdinak ziren hizkerak desberdindu egiten zituen Bonapartek aukeratutako ezaugarri bakar horrek.

Begi-bistakoa denez, mendebalean eta Zuberoan ez zegoen arazorik, garbiak eta gardenak direlako euskalki horien mugak. Nafarroan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean agertzen dira korapiloak. Homogeneo samarra da Lapurdiko eta Nafarroa Behereko euskara, baina hala ere, Bonapartek hiru euskalki, zortzi azpieuskalki eta hamar hizkera bereizi zituen. Hauexek ziren horretarako arrazoiak (Bonaparte 1867: 2-5):

  • a) izan-en naiz / niz gisako adizkiak;
  • b) u bokala a edo e bokalekin elkartzen zenean gertatzen ziren emaitzak: buru + aburua / buruya / buria, du + -enduen / duyen / dien;
  • c) izan eta ukhan bereiztea: ikhusi izan dut / ikhusi ukhan dut;
  • d) -a galdera atzizkia izatea edo ez izatea: eginen duk? / eginen duka?;
  • e) zuketa eta xuketa tratamenduak izatea edo ez izatea: bizi naiz / bizi nuzu / bizi nuxu.

Irizpide horiek oinarri hartuta, Bonapartek zorrotz eta zurrun jokatu zuen eta, horren ondorioak neurtzeko, adibide bi aipatuko ditut:

  1. Mendebaleko behe-nafarraren barruan hiru azpieuskalki bereizi zituen; “Lapurdikoa” zen horietako bat. Hauxe zen azpieuskalki hori beste bietatik bereizteko arrazoia: /u + a, e/ batzen zirenean -y- tartekatzea. Beraz, buru + aburuya egitea. Ezaugarri bakar horrek ekarri zuen “azpieuskalki” maila ematea.
  2. Azpieuskalki horren barruan, berriz, hizkera bi bereizi zituen: Lekornekoa eta Uztaritzekoa. Bi ziren horretarako arrazoiak: Lekornekoan -a galdera atzizkia zegoen eta izan eta ukhan bereizten ziren; Uztaritzekoan, aldiz, ez.

Egia esan, Bonaparte bera ere (1869 [1991]: 226) ohartu zen nafar biekin eta behe-nafar biekin euskalki bakar bi egin zitezkeela, eta halaxe egin zuten Willen van Eysek (1879: 1) eta Azkue, R. M.k (1905: XXVI-XXVII) geroago. Gugandik gertuago, Henri Guiter (1973: 102-103) urrunago heldu zen: Lapurdin eta Nafarroa Beherean euskalki bakarra egin daitekeela esan zuen. Pedro Irizarrek ere (1981-2: 329) aipatu zuen aukera hori.R. M. Azkue

Bonapartek bereizitako eremu txikiagoetara etortzen bagara, berriz, era horretako akats gehiago aurkituko ditugu. Euskara bizkaitarra, giputza eta nafarra bereizteko, esate baterako, ezaugarri bakarrean oinarritu zen: *edun-en adizkietan. Hori dela eta, Elgoibarko hizkera euskalki bizkaitarrean sartu zuen, dot esaten zelako. Lezokoa, berriz, euskalki nafarrean sartu zuen, dut esaten zelako, eta Etxarri Aranatzekoa, azkenik, euskara giputzean sartu zuen, det esaten zelako. Hizkuntza osotasunean hartuz gero, ordea, Lezoko hizkera euskara giputzetik gertuago dago eta Etxarri Aranatzekoa, era berean, nafarra da giputza baino gehiago. Elgoibarko hizkerari dagokionez, euskalki bizkaitarrean nahiz giputzean sartzeko arrazoiak daude: tarteko hizkera da.

Nabarmentzekoa da, honen guztiaren harira, Aezkoa ibarreko hizkera mendebaleko behe-nafarrean sartzeko arrazoia. Bonapartek berak aitortu zuenez (1867: 3-5), hizkera horrek ez zituen betetzen Ipar Euskal Herrian oro har eta, zehazkiago, mendebaleko behe-nafarrean egindako berrikuntzak: ez zegoen -a galdera atzizkirik, ukhan aditza ez zen erabiltzen eta /u + a, e/ batzerakoan ez zen ui egiten edo bien artean -y- sartzen. Gainera, hasperenik ere ez zegoen. Aldiz, Nafarroako beste hizkera batzuetan bezala, hitz hasieran [∫] ahoskera zegoen (xan ‘jan’), erakusleetan g- zegoen (gau ‘hau’) eta iraganaldiko adizkietan -Ø zegoen (egon ze ‘egon zen’). Bazituen, bestalde, aldaera berezi bi: fan ‘joan’ eta ekendu ‘kendu’, eta horiek ere Nafarroara begira jartzen zuten; ez Ipar Euskal Herrira begira. Baina hala eta guztiz ere, eta harritzekoa den arren, Bonapartek mendebaleko behe-nafarrean sartu zuen eta hauxe, nonbait, horretarako arrazoia: niz tankerako adizkiak izatea.

Aezkoa ibarreko hizkera bezala, Zaraitzukoa eta Erronkarikoa ere Ipar Euskal Herriko euskalkietan sailkatu zituen: ekialdeko behe-nafarrean lehena eta zuberotarrean bigarrena. Hauexek izan ziren horretarako arrazoiak:

  • a) Zaraitzun xuketa tratamendua eta Erronkarin zuketa izatea;
  • b) -a galdera atzizkia izatea;
  • c) Zaraitzun izan-en erroa -i- izatea.

Koldo Mitxelena (1964 [1988]: 13-19), hizkera horiek aztertu zituenean, ez zen Bonaparterekin bat etorri. Ezaugarri gutxi batzuk kontuan hartu beharrean, hizkuntza osotasunean begiratuz gero, bai Zaraitzuko hizkera eta bai Erronkarikoa Hego Euskal Herrikoak zirela erakutsi zuen. Gauza bera esan zuen Aezkoa eta Baztan ibarretakoez (Mitxelena, K. 1961 [1977]: 41), nahiz eta horiek ez zituen bertatik bertara ezagutu eta aztertu.K. Mitxelena

Azpieuskalkien barruan hizkera multzoak bereizteko orduan ere zaila da Bonaparterekin bat etortzea. “Bokal eufonien” arabera egituratu zituen horietako asko. Ipar Euskal Herrian, ikusi dugunez, /u + a, e/ elkartzerakoan gertatzen ziren emaitzak hartu zituen kontuan. Hego Euskal Herrian, berriz, beste hauek aztertu zituen:

  • a. /e + a, e, o/ elkartzerakoan ei egiten zen ala ez: semea / semia.
  • b. /o + a, e, o/ elkartzerakoan ou egiten zen ala ez: besoa / besua.
  • c. /i + a, e, o/ artean epentesiren bat sartzen zen ala ez: mendia / mendiya - mendidxe - mendixa.
  • d. /u + a, e, o/ artean -b- epentesia sartzen zen ala ez: burua / buruba.
  • e. i eta u bokalen ondoren ae egiten zen ala ez: mendia / mendie, burua / burue.
  • f. -a batekin amaitzen ziren hitzak a artikuluarekin elkartzen zirenean, -a, -ea (edo -ia, -ie), edo -ara egiten ote zen: alaba / alabea - alabia - alabie / al(h)abá / alabara.

Bonaparteren jarduneko lehenengo urteetan, 1864. urtea bitartean gehienbat, “bokal eufoniek” leku zabala bereganatu zuten. Jose Antonio Uriarte, esate baterako, emaitza horietan oinarritu zen Bizkaiko azpieuskalkiak zedarritzeko orduan ([Ruiz de Larrinaga, arg.] 1957: 331). Bonapartek berak 1862an argitaratutako Langue basque et langues finnoises txostenean ere “eufonia” horiek eduki zuten nagusitasun osoa. Baita 1867 aldera egindako txosten argitaragabe batean ere: Phonologie de la langue basque dans tous ses dialectes.

“Eufoniak” direla eta, esate baterako, hizkera multzo berean sartu zituen Mungialdea, Busturialdea, Durangaldea, Otxandio eta Arabako Zigoitia eskualdeetako hizkerak. Ez daukat Zigoitian egiten zen hizkeraren berri zuzenik, baina Mungialdeko eta Durangaldeko hizkerak, behinik behin, ezin dira multzo berean ezarri. Eufonia berdintsuak egingo dira, beharbada, baina hizkuntza osotasunean aztertuta, hizkera desberdinak ez ezik, azpieuskalki desberdinak ere badira: Mungialdea sartaldeko azpieuskalkian sailkatu beharko litzateke eta Durangaldea sortaldekoan.

Bonaparteren aztergaiak

Gorago esan dudana ekarri nahi dut berriro gogora: aro nagusi bi bereiz daitezkeela Bonaparteren jardunean eta 1864. urtean ezar dezakegula bien arteko muga. Urte hori bitartean oso ezaugarri gutxi hartu zituen kontuan eta, gehienbat, bere aurrekoek urratutako bideari jarraitu zion. Larramendirengandik zetorren *edun-en dut / det / dot aldaerak bereizgarri nagusitzat hartzea, eta Mogelengandik eta Añibarrorengandik, berriz, bokal eufonietan indarra jartzea (ikus, esate baterako, Mogel 1803: IV-V eta Peru Abarca-ren hitzaurreko 20. oharra). Bonaparterengandik gertuago, beste bizkaitar batek, Juan Mateo Zabalak, bokal eufonia horiek baliatu zituen Bizkaiko hizkerak zedarritzeko (Zabala 1848: 54-55).

Kontua da Bonapartek ezaugarri gutxi horiek nahikotzat jo zituela Bizkaiko eta Gipuzkoako euskalkiak, azpieuskalkiak eta hizkerak bereizteko. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkerak aztertzerakoan sortu zitzaizkion buruhausteak. Eremu zabal horretan dut aldaera erabiltzen zen eta bokal eufoniek ez zuten ezer erabakitzen leku askotan. Arazo horri aurre egin beharrak ekarri zuen irizpide zorrotzagoak bilatzea, eta horretantxe egon zen, hain zuzen, Bonapartek euskal dialektologiari egindako onurarik esanguratsuenetako bat: Nafarroako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko hizkeren gainean ordu artean baino berri zabalagoa eta zehatzagoa ematean. Mendebalekoan eta Zuberoakoan, gainerakoetatik nabarmen bereizten zirenez, ez zuen arreta handiegirik jarri.

1864tik aurrera, beraz, ezaugarri gehiago erabili zituen aztergai. Gauza da ez zituela argiro zehaztu; gehienbat haren artikuluetan eta lankideei bidalitako gutunetan daude barreiatuta horien gaineko argibideak eta, beraz, jende askorendako ezkutuan egon dira oraintsu arte. Hona hemen ezaugarriok zein diren:

  • a. Fonologian sei gertakariren eremuak begiratu zituen: ü bokala, bokal sudurkariak, bokalarteko -i- galtzea (behiabea), hasperena, hitz hasierako *j-ren ahoskerak (yan / xan / jan) eta Zuberoako txistukari ahostunak.
  • b. Izenaren morfologian lau gertakari neurtu zituen: ergatibo pluraleko -ak / -ek aldaerak (gizonak jan dute / gizonek jan dute), bizidunen inesiboko -gan / baitan (jaunagan / jauna baitan), soziatiboko -gaz / -kin / -ki (jaunagaz / jaunarekin / jaunareki) eta erakusleetako g- edo k- (gau / kaur ‘hau’).
  • c. Aditzaren morfologian bost gertakariren gaineko albisteak jaso zituen: izan-en orainaldiko adizkien erroak (naiz / nas / niz eta gara / gera / gira), zuketa eta xuketa tratamenduak, ukhan / izan aditzak, iraganaldiko -Ø (ikusi nuenikusi nue) eta -a galdera atzizkia. Egia esan, beste hiru gertakari ere aztertu zituen, baina hizkerak sailkatzeko orduan ez zituen aintzakotzat hartu: Bizkaiko geroaldiak (dagian / dagikean subjuntiboan, dai / daike ahaleran eta badagi / badagike baldintzan), Zuberoako botibo modua (ainintz!, aileza!) eta Ipar Euskal Herriko alderdi zabalean gordetzen ziren indikatiboko geroaldiak (date, duke).
  • d. Sintaxian oso kontuan eduki zuen kausazko bait- aurrizkia: zeren ona baita. Ipar Euskal Herrian perpaus neutroetan baliatzen zen ba- aurrizkiaz ere ohartu zen (bi seme bazituen), baina horri ez zion jaramon handirik egin.
  • e. Horretaz gainera, lexikoan zeuden gorabehera batzuk ere kontuan hartu zituen: domeka / igande edo bekoki / kopeta / belhar / boronde, esate baterako. Baita aldaera zenbait ere; esan / erran bikotea batez ere.

Bonaparteren ondorengo ikerketak

Sarri esan da Bonaparteren sailkapenak hain luzaro iraun izana haren zuzentasunaren ondorioa dela (ikus, esate baterako, Mitxelena, K. 1964 [1988]: 9), baina, nire iritzian, euskal dialektologian aurrerakuntza txikia egin izanak eragin du gauzak bere horretan irautea. XX. mendearen amaiera arteko epean, Mitxelena bera da, hain zuzen, esparru horretan nabarmendu daitekeen izen nagusia. Erronkariko eta Zaraitzuko hizkeren gaineko monografiak osatu zituen Mitxelena 1954 eta 1967) eta, Landuccioren (1562 [1958]) hiztegia argitaratu zuenean, mendebaleko euskara zaharraren gaineko zertzeladak erakutsi zituen. Bestalde, dialektologian jarduteko irizpideak ere aurkeztu zituen: Mitxelena 1964 [1988]: 13-22.

Jakina, beste batzuek ere jardun dute, zuzenean edo zeharka, dialektologia lanetan, eta haiek ere ez dira beti bat etorri Bonapartek egindako sailkapenarekin.

Zuzena zen, nire iritzian, Damaso Intzaren ikuspegia. Nafarroako Ergoieneko hizkera Etxarri Aranatzekoarekin lotu behar zela esan zuen, eta ez Burundakoarekin. Burundako hizkera, bestalde, guztiz berezia zela esan zuen, euskara giputzean inondik inora sartu ezin zena (Intza 1922a eta 1922b). Pedro Irizarrek ere (1981-1: 217) bat egin zuen Intzarekin alderdi horretako aditza jaso zuenean.

Damaso Intzak berak (1957: 92) Larraungo eta Sakanako hizkerak ezin zirela multzo berean bildu esan zuen eta, gainera, Larraungo mendebaleko hizkerak gainerakoetatik bereizi eta Gipuzkoa aldera begira zeudela konturatu zen. Horretan ere bat etorri zen Irizar (1981-2: 276).

Dena dela, ez Intza eta ez Irizar ez ziren hizkuntzalariak eta, hori dela eta, ez zituzten euren arrazoiak ─zuzenak izan arren─ egoki aurkezten asmatu.

Gaian sakonduz

Bonapartek argitaratu zituen lanak berriz ere argitaratu zituen Euskaltzaindiak 1991n. Lan horiek hemen kontsulta eta eskura ditzakezu, nahi izanez gero. Eskuizkribu asko Deustuko Unibertsitateak argitaratu ditu. Haiei buruzko informazioa hemen aurkitzen ahal duzu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Bonaparte (1813-1891)", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3