Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:2:4

Euskalkiak gaur

Europako mendebal osoan, eta baita Euskal Herrian bertan ere, aldakuntza esanguratsuak gertatu dira XX. mendeko bigarren erdialdean: benetako iraultza gauzatu da komunikabideetan eta hedabideetan. Gaur egungo komunikabideei esker, sarri eta laster joan ohi gara edozein alderditara eta, gainera, hori egitea eskatzen du gaur egungo bizimoduak: lana dela, ikasketak direla, edo beste hainbat arrazoi direla, jendea etengabe mugitzen da batetik bestera, eta bazter askotako jendea biltzen da leku berberetan. Gaur egun eliza, erromeriak eta merkatuak ez dira bilgune nagusiak, garai batean bezala; jendea esparru zabalagoetan ibiltzen da.

Gaur egungo hedabideei esker, bestalde, ez da nahitaezkoa norbere herritik irtetea besteen hizkeren berri izateko. Irratiari, telebistari eta Interneti esker, nork bere etxean entzun ditzake alderdirik urrunenetan bizi direnen hizkerak.

Euskal Herriari berari dagokionez, badira nabarmendu beharreko beste gertakari bi. Alde batetik, “ahozko hizkuntza” soil izateari utzi eta beste esparru batzuetara zabaldu da: eskolara, administraziora, idatzizko literatura eta hedabideetara… eta hori, jakina, hizkuntzarendako indar bateratzaile gertatu da. Bestalde, berriz, hizkera batu estandar bat sortu da esparru horietan erabiltzeko. 1964an hasi zen eredu estandar hori eraikitzen eta Euskal Herri osoan ez ezik, mundu zabaleko euskaldunen artean ere ondo errotu da joan den urteetan. Hori ere, dudarik gabe, indar bateratzaile gertatu da.

Aldakuntza horiek oihartzun zabala eduki dute hizkuntzan: euskalkiak bata besteari hurbiltzea eta euren arteko aldeak txikitzea eta gutxitzea. Beste aldetik, berriz, aldakuntzen ardatza Hego Euskal Herria eta, batez ere, Gipuzkoa izan denez, alderdi horretako hizkerak gertatu dira eredu eta jarraibide.

Nafarroan daukagu esan nahi dudanaren froga ona. Historian zehar, Nafarroako iparraldeko ibarrak Ipar Euskal Herriari lotuta ibili dira eta hizkuntzan ere agerikoa zen lotura. Gaur egun, ostera, guztiz aldatu da egoera; gehienbat Hego Euskal Herriari begira bizi dira. Garai bateko euskalkien mugak aldatzea ekarri du horrek: Urdazubi eta Zugarramurdi, esate baterako, ezin dira dagoeneko euskara lapurtarrean sartu. Harekin zituzten loturak ez dira guztiz galdu, baina euskara nafarrarekin, eta Hego Euskal Herrikoarekin oro har, estutu dituzte harremanak. Batez ere gazte jendearen hizkeran nabari da hori. Gauza bera esan daiteke Bortziriak, Bertizarana eta Baztan ibarretako hizkerez. Azken batean, Luzaide da, une honetan, Ipar Euskal Herriarekin lotura estuak dituen herri nafar bakarra, baina hango egoera ere aldatzen ari da.

Nafarroako mendebaleko eskualdeetan, berriz, Gipuzkoaren gertutasuna sumatzen da. Oso agerikoa da Araitz-Betelu ibarrean, baina baita Larraunen, Basaburuan eta, neurri txikiagoan, Imotzen bertan ere.

Hori guztiori dela eta, bost euskalki agertzen zaizkigu gaur egun (Zuazo, K. 2008):

  • a) Mendebalekoa, Bizkaian, Arabako Aramaion eta Gipuzkoako Deba ibar gehienean egiten da.
  • b) Erdialdekoa, Gipuzkoa gehienean egiten da eta hartara gerturatzen ari dira Nafarroako mendebaleko zenbait eskualde: Araitz-Betelu eta, aldeak alde, baita Larraun, Basaburua eta Imotz ere.
  • c) Nafarra, Nafarroa gehienean egiten da.
  • d) Nafar-lapurtarra, Lapurdin, Nafarroa Beherean, Luzaide ibar nafarrean eta Zuberoako ipar-mendebalean egiten da.
  • e) Zuberotarra, Zuberoa gehienean eta Eskiulan (Biarnoa) egiten da.

Gaur egun galduta dagoen arren, beste euskalki bat ere aipatu beharra dago: ekialdeko nafarra. Azpieuskalki bi zituen: Zaraitzukoa eta Erronkarikoa. Nortasun beteko hizkerak ziren, baina biak zetozen bat gauza esanguratsu batean: Ipar Euskal Herritik eta Hego Euskal Herritik elikatu zirela aldi berean.

Gaur egungo euskalkiak direla eta, gauza bat nabarmendu behar da: benetan bereziak diren hizkerak bazterretakoak direla, hau da, zuberotarra eta, batez ere, mendebalekoa. Horiexek dira berrikuntza gehien sortu dutenak. Erdiguneko euskalkien artean ez dago hainbesteko alderik. Dena dela, muga administratiboaren alde banatan frantsesak eta gaztelaniak daukaten indarrak jartzen dituzte euskara nafar-lapurtarra alde batean, eta euskara giputza eta nafarra bestean.

Bonaparteren garaiko euskalkien mugak aldatzearekin batera, beste kontzeptu bat ere sartu beharra dago euskal dialektologian: tarteko hizkerak daudela. Hau da, badira zenbait hizkera multzo jakin batean sartu ezin direnak, bateko eta besteko eraginak aldi berean dituztelako. Hauexek dira tarteko hizkera esanguratsuenak:

  1. Deba ibarreko iparraldekoa (Elgoibar, Mendaro eta Mutriku), mendebaleko eta erdialdeko euskalkien arteko lotura egiten du.
  2. Burundakoa, mendebaleko, erdialdeko eta euskara nafarraren arteko lotura egiten du.
  3. Gipuzkoako ipar-ekialdekoa (Oiartzun, Hondarribia eta Irun), erdialdekoaren, nafarraren eta nafar- lapurtarraren arteko lotura egiten du.
  4. Nafarroako mendebalekoa (Larraun, Basaburua eta Imotz), euskara giputzaren eta nafarraren arteko lotura egiten du.
  5. Baztan eta Urdazubi-Zugarramurdi eskualdekoa, euskara nafarraren eta nafar-lapurtarraren arteko lotura egiten du.
  6. Aezkoa ibarrekoa, euskara nafarraren, nafar-lapurtarraren eta ekialdeko nafarraren arteko lotura egiten du.
  7. Lapurdiko itsasbazterrekoa, euskara nafar-lapurtarraren eta erdialdekoaren arteko lotura egiten du.
  8. Amikuzekoa, euskara nafar-lapurtarraren eta zuberotarraren arteko lotura egiten du.

Gaian sakonduz

Euskaltzaindiak argitaratu zituen 2010ean Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) izeneko lanari dagozkion lehenbiziko bi liburuak. Lan honetan biltzen dira hainbeste datu gaur egungo mintzoei buruzkoak. Nahi izanez gero, lehenbiziko liburua hemen kontsulta daiteke, eta bigarrena, berriz, hemen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Euskalkiak gaur", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3