Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:3:1

Mendebalekoa

Bizkaia, Deba ibar gehiena eta Arabako Aramaio ibarra sartzen dira gaur egun euskalki honetan. Dena dela, mendebaleko ezaugarri batzuek eremu zabalagoa dute: Urolaldera, Goierrira eta Nafarroako Burunda ibarrera ere zabaldu dira. Aspaldikoak dira ezaugarri horiek, beharbada antzina Gasteizen sortutakoak edo, behintzat, handik zabaldutakoak. Beste ezaugarri batzuen eremua, berriz, txikiagoa da: Bizkai barruan gauzatzen dira. Azken hauek berri samarrak dira gehienetan, Bizkaian bertan XIX. mendeaz gero sortutakoak ziurrenera.

  mendebalekoa

Beheko mapan, puntu bakoitzean klik eginez gero, hango hizkeraren lekukoak ikusi edo entzun ahal izango dituzu. Aldameneko mapan Euskaltzaindiak onartutako herri izenak ageri dira, eta behekoan administrazioak onartutako izen ofizialak.

Azpieuskalkiak eta hizkerak

 Busturia-Altamira Mendebaleko euskara ez da homogeneoa: azpieuskalki bi eta hamaika hizkera ageri dira. Garbia da azpieuskalki bien arteko aldea, nahiz eta batetik besterako bidea oharkabean egiten den: Busturialdeko hizkerek, iparraldean, eta Otxandio-Oleta-Ubide aldekoek, hegoaldean, egiten dute bien arteko lotura. Azpieuskalki bi horiek sartaldea eta sortaldea izendatuko dira.

Sartaldeko azpieuskalkia

Sartaldeko azpieuskalkian hizkera multzo nagusi bi nabari dira:

  • Ipar-sartaldekoa
  • hego-sartaldekoa

Ipar-sartaldekoan hiru hizkera daude: Uribe Kostakoa, Mungialdekoa eta Txorierrikoa. Hego-sartaldekoan ez dago hainbesteko alderik: Arratia ibarra, Zeberio, Orozko, Arrankudiaga, Arakaldo eta Galdakao daude bertan. Bi hizkera multzo nagusi horien artean Nerbioi ibarrekoa dago. Bilbon, Etxebarrin, Zaratamon, Basaurin, Arrigorriagan eta Ugaon hitz egin izan da. Oso ahulduta dago gaur egun.

Sortaldeko azpieuskalkia

DURANGOKO UDALETXEASortaldeko azpieuskalkian beste hizkera hauek daude: Lea-Artibaikoa, Durangaldekoa, Debagoienekoa eta Deba ibarreko erdigunekoa. Lea-Artibaikoa eta Durangaldekoa oso antzekoak dira, itsasbazterreko hizkerak ─Ondarroa eta Lekeitiokoak─ nortasun handikoak badira ere. Debagoienari dagokionez, Leintz ibarra (Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga), Oñati eta Aramaio sartzen dira. Deba ibarreko erdigunean, berriz, Antzuola, Bergara, Elgeta, Soraluze, Ermua eta Eibar daude.

Deba ibarreko iparraldeko herrietan oso hizkera berezia egiten da. Alderdi horrek mendebaleko eta erdialdeko euskalkien arteko lotura egiten du. Elgoibar, Mendaro eta Mutriku daude bertan.

Ezaugarri nagusiak

Morfologiaren alorrari dagozkio euskalki honetako bereizgarri gehienak. Dena dela, lexikoan ere hitz multzo hazia da berezia. Ikus ditzagun arlo guztiak banan-banan:

AHOTSAK: Fede Intxausti (Amorebieta-Etxano (Bizkaia)


Fonologia

Bokalen sailean gertakari bi nabarmentzen dira:

  1. -a batekin amaitzen diren hitzei artikulua gehitzen zaienean, -a + a → -ea egin da. Horren adibide dira neskea ‘neska’ eta burrukea ‘borroka’ tankerako hitzak. Gero, hizkeren arabera, -ea horretatik -e (neske), -ia (neskia), -ie (neskie) edo -i (neskí) sortu dira.
  2. Bizkai gehienean -e- dago eduki-ren adizkien erroan: dekot ‘daukat’, dekozu ‘daukazu’, deko ‘dauka’, dekogu ‘daukagu’, dekozue ‘daukazue’, dekie ‘daukate’.

Kontsonanteen sailean beste gertakari bi agertzen dira:

  1. Lau txistukariak bitara ekarri dira: s eta zs egin dira eta ts eta tztz. Hori dela eta, asi ‘hasi / hazi’, su ‘su / zu’, atzo ‘atzo / atso’, otz ‘hotz / hots’ esaten da.
  2. Mendebaleko eremu zabalean j bokalerdiaren ondoren zx eta tztx busti izan dira. Alde batetik, beraz, aizkora → axkora / askora, eleiza ‘eliza’ → elexa / elixa, goizgox, haizeaxe, kereiza ‘gerezia’ → keixa, leizar ‘lizar’ → lexar… tankerako ahoskerak ditugu eta, bestetik, berriz, aitzuratxur, ereitzi ‘iritzi’ → eretxi, gaitzgatx, haitzatx… gisakoak.

Geroago, Bizkai gehienean i bokalak ere z busti eta x ahoskatzeko joera zabaldu da: bizibixi, izan / izenixen, gizongixon, dakizudakixu

Izenaren morfologia

Lazarragaren testua

  1. Artikulu hurbilak gorde dira, gaur egun euskalki honetan ere galbidean dauden arren: or berton jausi da ‘hor bertan erori da’.
  2. Soziatiboan atzizki berezia dago: -gaz singularrean eta -kaz pluralean. Beraz: alabeagaz ‘alabarekin’ / alabakaz ‘alabekin’. Dena dela, pluraleko -kaz eremu txikiagoan erabiltzen da: Bizkaiko sartaldean eta erdigunean. Deba ibarrean, pluralean ez ezik, singularrean ere -kin erabiltzen da gehienbat.
  3. Hurbiltze adlatiboan atzizki berezia dago, baina aldaera desberdinak erabiltzen dira azpieuskalki bakoitzean. Sartaldean -rantza esaten da eta -rutz sortaldean: eguerdirantza / eguerdirutz ‘eguerdi aldera’.
  4. Aditz izena mugimenduzko aditzen osagarri izan eta helburua adierazten duenean, inesiboan erabili ohi da mendebal gehienean: ogie erosten urten dau ‘ogia erostera irten du’.
  5. -rik atzizkia erabili ohi da etxerik etxe, kalerik kale, mendirik mendi… gisako egituretan. Instrumentala ere ezaguna da (kaminoz kamino) eta horixe ari da nagusitzen azkenaldian.
  6. Erakusleek erro berbera daukate singularrean eta pluralean. Hizkera askotan azentuak bereizten ditu: sing. onék ‘honek’ / pl. ónek ‘hauek’, sing. orrétan ‘horretan’ / pl. órretan ‘horietan’. Beste hizkera batzuetan -i- dago pluralean: sing. onetan / pl. oneitan.
  7. neu saileko izenordain indartuak erabiltzen dira: neu, heu, geu, zeu, zeuek. Gogora dezagun Nafarroan, Gipuzkoako eremu zabalean eta Lapurdiko hego-mendebalean neroni gisakoak erabiltzen direla, eta nihaur gisakoak Ipar Euskal Herri gehienean.
  8. edo + izenordain galdetzailea’ egiturako izenordainen sail osoa dago Bizkaian: edonor, edonori, edonora, edonondik, edonogaz, edozelan, edozergatik
  9. ‘Izenordain galdetzailea + edo + izenordain galdetzailea’ egiturako izenordainen sail osoa dago Bizkaian: nonor, nonori, nonora, nonondik, nonogaz, zeozelan, zeozergatik
  10. Erdal -( c )ión amaiera -(z)iño egin da: erlijiño, espropiaziño, globalizaziño, inseminaziño
  11. Adberbioetako atzizkia -lan da mendebal gehienean: onan ‘honela’, olan ‘horrela’, alan ‘hala’, zelan ‘nola’, edozelan ‘edonola’, zeozelan ‘nola edo hala’…
  12. -txu atzizki txikigarria zabaldu da Bizkai gehienean: apurtxu bet ‘apurtxo bat’, zeozertxu ‘zeozertxo’.

Aditzaren morfologia

  1. NOR-NORI-NORK sailean eutsi da erroa: deustezu (> dostezu) ‘didazu’, deutsu (> dotsu) ‘dizu’.
  2. egin erroa erabat nagusitu da ahaleran, aginteran eta subjuntiboan: artu leiket ‘har dezaket’, artixu ‘har ezazu’, artu daigun ‘har dezagun’.
  3. Arrotza da ari izan, eta haren ordezkoak egon eta ibili dira: alemana ikesten dago / alemana ikesten dabil ‘alemana ikasten ari da’. Sortaldeko hizkera batzuetan jardun ere erabiltzen da: alemana ikasten dihardu.
  4. *edun-en erroan bilakaera berezia gertatu da: orainaldian -o- eta 3. pertsonetan -au- dago: dot, dok / don, dau, dogu, dozu, dozue, daue (> dabe / daudie). Iraganaldian, berriz, -eu- dago adizki batzuetan: neuan (> neban) ‘nuen’, euan (> eban) ‘zuen’, euen (> eben / eudien) ‘zuten’, neuke ‘nuke’, leuke ‘luke’…
  5. NOR-NORI saileko adizkietan ere bilakaera berezia egon da: j- / y- / dx- / d- esaten da hizkeren arabera; ez z- orokorra. Dena dela, y- dago zabalduen: yat ‘zait’, yak / yan ‘zaik / zain’, yako ‘zaio’, yaku ‘zaigu’, yatzu ‘zaizu’, yatzue ‘zaizue’, yake ‘zaie’.
  6. NOR-NORI saileko adizkien iraganaldian ez dago zit-. Orainaldiko adizkiei iraganaldiko -(e)n gehitzen zaie: yatan ‘zitzaidan’, yakon ‘zitzaion’, yakun ‘zitzaigun’…
  7. Iraganaldiko 3. pertsonetan Ø- da NOR argumentuaren morfema adizkirik gehienetan: eban ‘zuen’, euken ‘zeukan / zeukaten’, ekien ‘zekien / zekiten’, etorren ‘zetorren’, etozen ‘zetozen’…
  8. Aditzen plurala osatzeko -z morfema nagusitu da ia erabat: dostez ‘dizkit’, jakoz ‘zaizkio’, doguz ‘ditugu’, dagoz ‘daude’, dekoz ‘dauzka’, leikez ‘daitezke’…
  9. Gaztelaniako -ado eta -idu partizipioak -au (> -a) eta -idu bilakatu dira: aluzinau / aluzina ‘aluzinatu’, entretenidu ‘entretenitu’.
  10. Aditz izenak egiteko aukera zabala dago. Alde batetik -ten morfema beste alderdi batzuetan baino biziago dago. Horixe erabiltzen da -a, -e, -o, -gi, -ki eta -{l, n, r}i amaiera daukaten aditzekin: botaten ‘botatzen’, beteten ‘betetzen’, joten ‘jotzen’, jagiten ‘jaikitzen’, eukiten ‘edukitzen’, ibilten ‘ibiltzen’, iminten / ipinten ‘ipintzen’, ekarten ‘ekartzen’. Beste aukera batzuk, berriz, mendebalean sortutakoak dira. Horien artean -etan da ezagunena. Gehienbat -au amaiera daukaten aditzekin erabiltzen da; maileguekin beraz: kantetan ‘kantatzen’, pentsetan ‘pentsatzen’. Bizkai gehienean oso indartsu dago -tuten. Honako hau -tu, -atu, -itu eta -idu amaierako aditzekin erabiltzen da: apurtuten ‘apurtzen’, konturatuten ‘konturatzen’, garbituten ‘garbitzen’, entendiduten ‘entenditzen’.
  11. Mendebalean NOR-NORK erara jokatzen dira urten eta igon; urten dot ‘atera naiz’ eta igon dogu ‘igo gara’.

Sintaxia

  1. ‘bai / ez’ erako galdera perpausen amaieran ala agertzen da, bigarren osagaia isilduta:
    • ez zatoz, ala?
  2. Antzina orokorra zen kontzesio perpausetako arren bizirik dago mendebalean:
    • eguraldi txarra egin arren, joan egingo gara
  3. Kausa eta helburu perpausetako -tearren berria sortu da mendebalean:
    • lagunak ikustearren urten dot kalera
  4. Perpaus osagarri jakin batzuetan -(e)na morfema erabiltzen da. Perpaus osagarrian esaten dena guztiz ziurra denean eta galdegaigunean ez dagoenean erabiltzen da:
    • danok dakigu zeu izan zarena
  5. Denborazko perpausetan oso zabalduta dago -(k)eran Bizkai gehienean:
    • autopistatik urtekeran ipini dabe polizia kontrola
  6. Erakusleak izenaren aurrean jartzeko joera dago mendebal gehienean:
    • honek txakurronek eztau ezetarako be balio ‘txakur honek ez du ezertarako ere balio’
    • goazen horra tabernara ‘goazen taberna horretara’
  7. bi zenbatzailea izenaren ondoren jarri ohi da mendebalean:
    • urte bi egon da Londresen

Garatu gabeko zenbait arau

Sistematikoak ez diren gertakariak eta dagoeneko ihartuta daudenak aipatuko dira sail honetan.

  1. Hitz jakin batzuen hasieran u- dago mendebalean eta i- gainerako euskalkietan: ule ‘ile’, untza ‘iltze’, huri ‘hiri’, urten ‘irten’, urun ‘irin’…
  2. Dardarkari azkarraren aurrean ea egin da hitz jakin batzuetan: berdinbardin, berribarri, txerritxarri
  3. Hitz amaieran -ain-an egin da zenbait hitzetan: errain → erran / erren, ezpainezpan, gaingan, labainlaban, zainzan.
  4. Badirudi -uin-un ere gertatu dela hitz jakin batzuen amaieran: asun (ez asuin / ausin / osin), bigun (ez biguin), lurrun (ez lurrin, urrin), mun (ez muin).
  5. -to atzizkia dago adberbio gutxi batzuetan: ederto, polito, txarto ‘gaizki’. Baita ondo eta hobeto adberbioetan ere, baina horien eremua zabalagoa da.
  6. -gi atzizkia dago partizipio batzuetan; ez -ki orokorra: ebagi, erabagi, eralgi, esegi / eskegi ‘zintzilikatu’, iregi, jagi… Egia esan, beste alderdi batzuetan ere izan da -gi atzizki hori. Gaur egun, esate baterako, Sakanan dago bizirik.

Lexikoa

Hitz berezi asko dago mendebalean. Nabarmentzekoak dira, batez ere, asteko egunen izenak: ilen ‘astelehena’ ─gaur egun oso eremu txikian erabiltzen da─, martitzen ‘asteartea’, eguasten ‘asteazkena’, eguen ‘osteguna’, bariku ‘ostirala’, zapatu ‘larunbata’ eta domeka ‘igandea’.

mundakan surf egiten Hona hemen mendebaleko beste hitz esanguratsu zenbait: amaitu ‘bukatu’, aratoste ‘inauteria’, ardi ‘arkakusoa’, arerio ‘etsaia’, artaziak ‘guraizeak’, astiro ‘poliki’, astun ‘pisua’, atzamar ‘hatza’, behar ‘lana’, berakatz ‘baratxuria’, bits ‘aparra’, ei ‘omen’, eragin / arazo ‘arazi’, Gabon zahar ‘Urte zahar’, gatx ‘zaila’, gatzatu ‘mamia’, igarri ‘asmatu, antzeman’, isiotu ‘piztu’, itaundu ‘galdetu’, jaramon ‘kasu’, jausi ‘erori’, laban egin ‘irrist egin’, lapiko ‘eltzea’, lar / larregi ‘gehiegi’, makatz / madari ‘udarea’, neba ‘andrazkoaren anaia’, odoloste ‘odolkia’, txarto ‘gaizki’, ugaraxo ‘igela’, ugazaba ‘jabea’, zelan ‘nola’…

Hitz askoren jatorria erdaran dago. Euskalki honetan oso aspaldi luzetik erabili dira ondorengoak: abade ‘apaiza’, amatatu ‘itzali’, armozu ‘gosaria’, berba ‘hitz’, gura ‘nahi’, olgau ‘jolas egin’, ortu ‘baratza’, oste ‘atzea’…

Antzina orokorrak edo, behintzat, zabalduago ziren hitzak ere gorde dira mendebalean: argal ‘mehe’, bekoki ‘kopeta’, bider ‘aldiz’, ha ‘hura’, ipini ‘jarri’, jaurti ‘bota’, orri ‘hostoa’…

Aldaerak

Aldaeren artean ere asko dira mendebaleko bereizgarri. Hona hemen ezagunenak: ahizta ‘ahizpa’, ardao ‘ardo’, baltz ‘beltz’, barik ‘gabe’, bere (> be) ‘ere’, emon ‘eman’, ete ‘ote’, gaztai ‘gazta’, gitxi ‘gutxi’, guzur ‘gezur’, hazur ‘hezur’, itxi ‘utzi’, keixa ‘gerezia’, kipula ‘tipula’, mailuki ‘marrubi’, narru ‘larru’, txixa ‘pixa’…

Beste lekuko batzuk

Hemen entzun daitezke beste lekuko batzuen ahotsak, Euskaltzaindiak duen Euskal Herriko Hizkuntza Atlasa izeneko artxibotik informazioa estekatu ondoren:

Bizkaiera eta euskara batua

Bizkaiera da, neurri batean bederen, eta horrenbeste hiztun izanik, gehien aldentzen dena batasunak segitzen duen estandarretik. Noski, orrialde honetan bertan ikusten denez, bizkaiera ez da homogeneoa batere, eta alde handiak daude hizkera batzuetatik besteetara. Euskaltzaindiak hainbeste testu argitaratu ditu euskalki honen gainean. Horien artean, Pedro Yrizarren lanak aipa daitezke bizkaierazko aditz laguntzailearen inguruan. Hor ikusten da batasun falta hori, beste euskalkiekin ere geratzen den gisan. Bertsozaleen Elkarteak eman izan du informazioa honen inguruan.

Hemen duzu batua-bizkaiera bihurtzaile automatiko bat, Azkue Fundazioak emana.

Hemen eta hemen ere beste lekuko batzuk, baina lurraldeka, eta ez euskalkika, sailkatuak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Mendebalekoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3