Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:3:1:1

Sartaldekoa

Zeanuri Mendebaleko euskalkian bereizten diren bi azpieuskalki nagusietako bat da sartaldekoa. Azpieuskalki honek Uribe-Kosta, Mungialdea, Txorierri, Nerbioi ibarra, Arratia, Orozko eta Laudioko hizkerak jasotzen ditu. Mendebaleko ezaugarri gehienak hartzen ditu, baina baita Bizkaian agertutako zenbait berrikuntza ere.

Ezaugarri nagusiak:

Fonetika

  • u eta i ondorengo a>e bilakaera indartsuagoa da Sartaldean: lagun bet, sartu de
  • Sartaldeko hizkera gehienetan partizipioetako -i galtzeko joera dago: ikus dot, ekar doste
  • Sartalde gehienean ez dira betetzen o + a, e, o > u eta e + a, e, o > i bilakaerak. Eta, era berean, / i + a, e, o/ artean ere ez da epentesirik sartzen: astoa, lorea, mendie.
  • Sartaldean ez da -i- sartzen eroan-en eta joan-en adizkietan, Sortaldean ez bezala: noa, doa, daroe
  • geuza eta geur erako formak (-au→-eu-) ohikoak dira Sartaldean.
  • *j-ren ahoskerari dagokionez, <y> tankerakoak egiten dira Sartaldean, eta ez Sortalde gehienean egiten diren <j> tankerakoak.

Morfologia

  • Soziatiboko atzizkiak -gaz (sg.) eta -kaz (pl.) dira Sartaldean: neugaz, lagunakaz
  • Hurbiltze adlatiboan -rantza atzizkia erabiltzen da.
  • Sartaldean, ablatiboko -(eta)ti aldaera gorde da.
  • Adizki txikigarria -txu da Sartaldean: apurtxu (bet), berotxu

Lexikoa

  • Sartaldeko aldaerak: akar ('aker'), hamaka ('hamaika'), amoztu ('moztu'), anaje ('anaia'), baie ('baina'), bere ('ere'), burrine ('burdina'), eskoi ('eskuin'), etze ('etxe'), gane ('gain'), garri ('gerri'), geitu ('deitu'), iñurri ('inurri'), jantza ('dantza'), txiker ('txiki'), uger ('igari'), uzen ('izen')…
  • Sartaldeko lexikoa: abazuza / inetazi / kazkaragar ('txingor'), aitixe ('aitaginarreba'), arean ('zerbait'), arrakada ('belarritakoa'), arrankari ('amuarrain'), artez ('zuzen'), asago ('urrun'), atoan ('berehala'), beilegi ('horia'), belu ('berandu'), ebatzi ('erabaki'), erdu ('zatoz'), garnu ('pixa'), jagon ('zaindu'), jazo ('gertatu'), justuri / inizitu ('tximista'), kirikolatza ('kirikino'), koiu ('hartu'), lei ('izotza'), lotu ('geratu'), motz ('itsusi'), opetzi ('eskaini'), ostondu ('ezkutatu'), sute ('ezkaratz, sukalde'), zenbagure ('asko')…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Sartaldekoa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3