Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:3:2

Zuberotarra

Zuberoa gehienean egiten da zuberotarra deitzen dugun mintzaira hau. Opar-mendebaleko herri batzuetan, ordea, ez. Hauek dira herri horiek:

zuberotarra

Herri horiek Nafarroa Behereko Donapaleu herria dute aldamenean eta hizkuntzan ere agerian dago haren gertutasuna. Aldiz, euskara zuberotarra egiten da Eskiula herrian eta haren ondoko Biarnoko beste zenbait auzotan.

Beheko mapan, puntu bakoitzean klik eginez gero, hango hizkeraren lekukoak ikusi edo entzun ahal izango dituzu. Aldameneko mapan Euskaltzaindiak onartutako herri izenak ageri dira, eta behekoan administrazioak onartutako izen ofizialak.

Azpieuskalkiak

Zubereraz bi azpieuskalki bereizten dira: Basabürukoa eta Pettarrakoa, hau da, mendi ingurukoa eta ordokikoa, hurrenez hurren. Biek ala biek zubereraren ezaugarri nagusiak dituzte, baina baita zenbait berezitasun ere. Basabürüa Zuberoako eskualde bat da, lurralde historikoaren hegoalde eta ekialdean dagoena. Bi zati ditu: Ibarresküin (Uhaitzandi ibaiaren goi-arroko ezkerraldean) eta Ibarrezker (ibai horren eskuinaldean). Pettarra ere Zuberoako eskualde bat da, herrialdearen iparraldean kokatua. Uhaitzandi ibaiaren behe-isuriaren ibarrak osatzen du lurraldea eta antza, “Pettarra” hitzak “Beheretarra” esan nahi omen du.

Ezaugarri nagusiak

Adobe Flash Plugin beharrezkoa da eduki hau bistaratzeko.

AHOTSAK: Battitta Sagardoi, Barkoxe (Zuberoa)


Gainerako euskaldunengandik bereiz samar ibili dira zuberotarrak eta hizkuntzan ere ezagun dira horren ondorioak: eten nabarmena dago Nafarroa Beherea eta Zuberoa bitartean. Aspaldiko garaietan gehienbat, zuberotarrek lotura estua eduki dute Biarnoarekin eta gaskoia da, hain zuzen, euskara zuberotarraren bereizgarri askoren jatorria.

Esan dezadan, dena dela, Zuberoaren bakardadea ez dela izan erabatekoa. Arestian aipatu da ipar-mendebaleko herriek Donapaleurekin lotuta egon direla, eta hegoaldeko herriek, berriz, Erronkariko ibar nafarra eduki dute ondoan. Erronkariarrak izan dira, gehienbat, zuberotarren euskaratik elikatu direnak. Hori dela eta, beraz, euskara zuberotarraren ezaugarri asko Nafarroa Beherean eta Erronkarin ere aurkituko ditugu.

Euskara zuberotarraren batasuna da nabarmendu beharreko beste gertakari bat. Iragan garaietan hegoaldeko alderdi menditsuko hizkera, Basabürüa eskualdekoa, desberdina zela esan izan da. http://www.ehu.eus/seg/egile/arnaut_oihenart (1657) izan zen horretaz ohartzen lehena. Azkenaldian, ordea, berdintzera egin du Zuberoako euskarak eta, aldakuntza txiki batzuk gorabehera, ez da azpieuskalki eta hizkera berezirik ageri.

Euskara zuberotarraren berezitasunik gehienak fonologian eta lexikoan agertzen dira eta, gorago esan denez, horietako asko gaskoitik mailegatu ditu.

Fonologia

Euskara zuberotarraren ezaugarri gehienak sail honetakoak direnez, bokalak, kontsonanteak eta azentua bereiziko ditugu.

Bokalak

  1. Ehüjarreko arroila, Basabürüau bokala ü egiten da: ezagunezágün. Aldakuntza hori erabatekoa da, baina badira salbuespenak: r, rd, rth eta, inoiz, s kontsonanteen aurrean u bere horretan gordetzen da. Halaxe gertatzen da ondorengo hitzotan: gúe ‘gure’, úrdin ‘urdin’, úrthe ‘urte’, ikhúsi ‘ikusi’.
  2. Oso indartsua da ou egiteko joera. Ipar Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baina gehienbat kontsonante sudurkarien aurrean: honetanhunetan / huntan. Zuberoan beste ingurune batzuetan ere gauzatzen da: nolanúla, zoin ‘zein’ → zuñ, laborari ‘nekazaria’ → labuái.
  3. Erabat gauzatzen da i - uu - uü - ü asimilazioa: inguruüngürüüngü, zintzurzüntzür. Alderantzizko asimilazioa ere gertatzen da batzuetan: u - iu - uü - ü. Hona hemen adibide bi: burdinabürdüña, hurritzürütx.
  4. -au- diptongoa -ai- izatera aldatzen da: gauzagáiza. Hor ere badira salbuespenak: dardarkari eta s eta ts aurrean -au- bere horretan gordetzen da. Hona hemen horren lekukotasuna: lau (< laur), gaur, ausártü, háutse ‘hautsi’. Era berean, -au- daukagu j- ren ondoren: jaun.
  5. Oraintsu arte iraun dute bokal sudurkariek bizirik, baina dagoeneko galduta daude gazte jendearen jardunean. Dena dela, adineko hiztunek mẽhẽ ‘mehe’, hãndi ‘handi’ gisako ahoskerak egiten dituzte oraindik.

Kontsonanteak

  1. Ohiko sei txistukariez gainera (s, x, z, ts, tx eta tz), beste bi ere badira Zuberoan: frikari ahostunak. Bokal artean eta kontsonante ozenen aurrean ahoskatzen dira; deségin, gazná bezalako hitzetan.Santa Grazi
  2. Berezia da j-ren ahoskera: dxákin ‘jakin’, garádxe ‘garaje’ gisako ahoskerak entzuten dira.
  3. Euskalki guztietan galtzen dira noizean behin bokal arteko dardarkari bakunak (etxeraetxea), baina Zuberoan ia erabatekoa da galtzea: erorieói, haragiági. Mailegu berri samarrak dira salbuespena: turísta gisakoak. Bestalde, dardarkari azkarrak dardarkari bakun egiten dira bokal artean: erran ‘esan’ → éran.
  4. Hasperena beste inon baino hobeto gorde da Zuberoan. Gainera, herskari hasperendunak eta lh, nh, ñh eta rh kontsonante multzoak ere badira: aiphátü ‘aipatu’, béthi ‘beti’, ékhi ‘eki [eguzkia]’, bélhar ‘belar’, sénhar ‘senar’, eñhéik ‘nekaturik’, ürhéntü ‘urrentu [amaitu]’.
  5. Zuberoan ohikoak dira n eta l ondoren t eta k dituzten hitzak: álte ‘alde’, igánte ‘igande’.

Azentua

Oso azentu indartsua dago euskara zuberotarrean eta, gehienbat, azkenaurreko silaban ezartzen da: lagünáen ‘lagunaren’. Dena dela, azken silaban ere agertzen da hainbat hitzetan. Maileguak dira horietako asko edo, bestela, kontrakzioren bat gertatu izanaren emaitza. Maileguak dira, esate baterako, bedezí ‘medikua’, godalét ‘edalontzia’ edo erejént ‘maisua’.

Kontrakzioen adibiderik ezagunena -a amaiera duten hitzei a artikulua gehitzean gertatzen da; -a + a-áa izaten da emaitza. Hori dela eta, alhabá esaten da eta azentuak mugatu singularra eta mugagabea (alhába) bereizten ditu.

Azentuaren bidez bereizten dira singularra eta plurala ere; azentua azken silaban dago pluralean: lagü’nak eta lagünék, lagünái ‘lagunari’ eta lagünér ‘lagunei’, lagünáen eta lagünén.

Bokalez amaitzen diren hitzetan arauzkoa da artikulua asimilatzea eta horrelakoetan ere azentua azken silaban kokatzen da: itsasoakitxasúakitxasúk, itsasoanitxasúanitxasún.

Bokal arteko dardarkari bakuna galtzea ere arauzkoa dela esan da eta horrelako hitz askotan, era berean, azentua azken silaban gelditzen da: ogirikogíikogík.

Izenaren morfologia

  1. Artikulua gainerako euskalkietan baino gutxiago erabiltzen da Zuberoan. Batez ere hiru kasutan gertatzen da artikulu eza:
    1. Atributua denean: gue aitá záhar da ‘gure aita zahar da’.
    2. Multzo balioa daukanean: ógi badít ‘ogi badut’.
    3. Galderetan: ógi badéa? ‘ogi bada?’.
  2. Mauleko kaleaIzen bereziak eta arruntak bereizten dira ablatiboan eta alatiboan. Ablatiboan izen bereziek -rik hartzen dute eta izen arruntek -tik. Beraz, Máuleik jin da ‘Maulerik etorri da’ eta mendítik jin da ‘menditik etorri da’. Alatiboan, berriz, izen bereziek -ra(t) hartzen dute eta izen arruntek -ála edo -alát: Máulea jun da ‘Maulera joan da’ eta bortilát jun da ‘bortualat [mendira] joan da’. Nabarmentzekoa da, gainera, izen arruntetan artikulua erabiltzen dela, nahiz eta agerian ez egon. Gorago aipatu diren asimilazioak tarteko, bortüalátbortialátbortilát gisako bilakaerak gertatzen dira.
  3. Erdaraz -on eta -ion amaiera daukaten hitzek sudurkaria eta azentuduna eman dute Zuberoan: arrazú ‘arrazoi’, kamiú ‘kamioi’.
  4. Gaskoiaren bidez sartu diren arra- aurrizkiak, -sa atzizki femeninoak eta -ót / -xkót atzizki txikigarriek indar handia daukate Zuberoan. Hona hemen zenbait adibide: arramáiatz ‘ekaina’, alhargüntsa ‘andre alarguna’, plaxót ‘plazatxoa’ eta herrixkót ‘herritxoa’. Ondorengo atzizki biok ere emankorrak dira Zuberoan: -ñí txikigarria eta -kál. Hona adibide bana: amiñí ‘apurtxoa’, urthekál ‘urte bakoitzeko’.

Aditzaren morfologia

  1. Bilakaera berezia egin da NOR-NORI-NORK saileko adizkietan. Beharbada hauxe izan da bidea: *eradun → *erau → *eraiereiei. Gauza da honelako adizkiak erabiltzen direla: deit ‘dit’, deiót ‘diot’, déikü ‘digu’…
  2. NOR-NORI-NORK eta NOR-NORI sailetako adizkietan -(t)z- da pluralgilea; ez erdiguneko -zki-. Beraz, deitzót ‘dizkiot’ eta záitzo ‘zaizkio’ tankerako adizkiak erabiltzen dira.
  3. NOR-NORI saileko adizkien iraganaldia orainaldikoei -(e)n gehituta osatzen da; arrotza da erdiguneko zit-. Hori dela eta, zéitan ‘zitzaidan’, zeión ‘zitzaion’ gisakoak erabiltzen dira.
  4. ‘Partizipioa + -rik’ egitura zaharra gorde da Zuberoan; arrotzak dira -ta eta -a. Beraz, konektatüik nük ‘konektaturik nauk’ gisakoak aditzen dira.
  5. Euskal Herri gehieneko ari izan-ekin batera erauntsi (> iáuntsi) erabiltzen da: labuantzán iáuntsi dit eretrétala artíno ‘nekazaritzan aritu naiz jubilazioa arte’.

Lexikoa

Hitz berezi asko dauzka euskara zuberotarrak. Horietako batzuk aspaldi hartutako maileguak dira: baranthalla ‘otsaila’, boronte ‘kopeta’, godalet ‘edalontzia’, kota ‘gona’, uñhu ‘tipula’… Beste batzuk, berriz, antzina eremu zabalekoak ziren eta gaur egun Zuberoan gorde dira: baratxe ‘astiro, poliki’, ediren ‘aurkitu’, oski ‘oinetakoa’, zi ‘ezkurra’…

Ondorengo hauek Zuberoan bertan sortutakoak dirudite: amiñi ‘apurra’, arramaiatz ‘ekaina’, bedatse ‘udaberria’, belhagile ‘sorgina’, düründa / ühülgü ‘ostotsa’, haboro ‘gehiago’, heltübada ‘beharbada’, pikarrai ‘biluzik’, ürhentü ‘bukatu’…

Aldaerak

Aldaera bereziak ere ugari dira. Hauexek ezagunenak: ardu ‘ardo’, bohor ‘behor’, ejer ‘eder’, ertzo ‘ero’, -gerren ‘-garren’, khirixti ‘kristau’, lein (> leñ) ‘leun’, mithil ‘mutil’, -tarzün ‘-tasun’, ükhen ‘ukan [eduki]’, ürzo ‘uso’, zelü ‘zeru’…

Beste lekuko batzuk

Hemen entzun daitezke beste lekuko batzuen ahotsak, Euskaltzaindiak duen Euskal Herriko Hizkuntza Atlasa izeneko artxibotik informazioa estekatu ondoren:

Erreferentziak

  • Aranzadi Zientzia Elkartea. 1983-1990. Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa (2 ale). Donostia.
  • Coyos, Jean-Baptiste. 1999. Le parler basque souletin des Arbailles. Une approche de l’ergativité. Paris: L’Harmattan.
  • Etxegorri, Philippe. 2003. “Jeruntzeko üskara. Ekialdeko euskara”. Fontes Linguae Vasconum, 35, 93. zenb., 247-286.
  • Hualde, Jose Ignacio. 1993. “Topics in Souletin Phonology”. [J. I. Hualde eta J. Ortiz de Urbina, arg.], Generative studies in Basque linguistics: 289-327. Amsterdam & Philadelphia: Benjamins.
  • —— 1977. Euskararen azentuerak. ASJUren gehigarriak-42. Donostia eta Bilbo: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Irizar, Pedro. 1981. Contribución a la dialectología de la lengua vasca (2 ale). Donostia: Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala.
  • —— 2002. Morfología del verbo auxiliar suletino. Iruñea: Euskaltzaindia.
  • Lafon, René. 1958. “Contribution à l’étude phonologique du parler basque de Larrau (Haute-Soule)/”. Berrargitaratua Vasconiana: 113-133. Bilbo: Euskaltzaindia, Iker-11, 1999.
  • —— 1959. “Remarques sur la structure des formes verbales du parler basque de Larrau (Haute-Soule)”. Berrargitaratua Vasconiana: 353-374. Bilbo: Euskaltzaindia, Iker-11, 1999.
  • Larrasket, Jean. 1928. Action de l’accent dans l’évolution des consonnes étudiée dans le basque souletin. Paris: Vrin.
  • —— 1931-1935. “Beñát, Larrajáko belhagilii”. Revista Internacional de Estudios Vascos, 22: 229-240 eta 26: 137-145.
  • —— 1932. “Phonétique du basque de Larrajá”. Revista Internacional de Estudios Vascos, 23: 153-191.
  • —— 1934. Le Basque Souletin Nord-Oriental. Paris.
  • —— 1939. Le basque de la Basse-Soule orientale. Paris: Klincksieck.
  • Lüders, Ulrich J. 1994. The Souletin Verbal Complex. New Approaches to Basque Morphophonology. München & Newcastle: Lincom Europa.
  • —— 1998. Sintax des Suletinischen. München & Newcastle: Lincom Europa.
  • Nuñez, Luis C. 1976. “Fonología consonántica de un idiolecto del euskera de Zuberoa”. Anuario del Seminario de Filología Vasca “Julio de Urquijo”, 10: 153-197.
  • Rijk, Rudolf P.G. de. 1999. “Zuberoa Garaiko mintzaeraren eredu bat”. Fontes Linguae Vasconum, 31, 80. zenb., 155-163.
  • Txillardegi. 1980. “Zubererazko transkribaketa bat”. Fontes Linguae Vasconum, 12, 34. zenb., 29-36.
  • Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.

Gaian sakonduz

Lekukotasun gehiago hemen aurkituko dituzu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Zuberotarra", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3