Erabiltzaile Tresnak


gizt:2:3:5

Nafar-lapurtarra

Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroako Luzaide ibarra eta Zuberoako ipar-mendebaleko zenbait herri (Domintxaine-Berroeta, Etxarri, Arüe-Ithorrotze-Olhaibi, Lohitzüne-Oihergi eta Pagola) sartzen dira euskalki honetan.

Beheko mapan, puntu bakoitzean klik eginez gero, hango hizkeraren lekukoak ikusi edo entzun ahal izango dituzu. Aldameneko mapan Euskaltzaindiak onartutako herri izenak ageri dira, eta behekoan administrazioak onartutako izen ofizialak.

nafar-lapurtarra

Azpieuskalkiak eta hizkerak

Azpieuskalki nagusi bi nabari dira:

  • a) Sartaldekoa, Lapurdiko mendebalean egiten da, eta
  • b) Sortaldekoa, Lapurdiko ekialdean eta Nafarroa Beherean egiten da.

Tarteko eremu bat dago bien artean: Lapurdiko erdigunea, Uztaritze aldeko hizkerak daude bertan. Hizkera berezi bi ere badira:

  • a) Kostatarra, Lapurdiko itsasbazterrean egiten da; erdialdeko eta euskara nafar-lapurtarraren arteko lotura egiten du, eta
  • b) Amikuzekoa, eskualde horretan eta Zuberoako ipar-mendebalean egiten da. Bigarren honek euskara nafar-lapurtarraren eta zuberotarraren arteko lotura egiten du.

Ezaugarriak

Arauak

  1. Euskalkiaren eremu gehienean arrotza da i bokalak eragindako bustidura; il, in eta it bere horretan esaten dira gehienetan, busti gabe: edozoini ‘edozeini’, gainetik, etxezaina, etxeraino… Gainera, erdaratik hartutako maileguetan ere palatalizazioa saihesteko joera egon da: bainu, botoila ‘botila’, goinatu… Dena dela, azken bilakaera hori ez da gaur egun emankorra. Bazter bietako hizkerak hausten dute euskalkiaren batasuna: Zuberoatik gertuko hizkeretan bada bustidurarako joera ahul bat eta askozaz indartsuagoa da Lapurdiko itsasbazterrean. Donibane Garazi
  2. Hitz hasieran x- esaten da: ximino, xingarra ‘urdaiazpikoa’, xirula, xoko, xori… Salbuespenen bat gorabehera (txar), arrotza da tx- hitz hasieran.
  3. nehor ‘inor’ egiturako izenordainak erabiltzen dira: nehori, nehun, nehundik, nehorat… Antzina Nafarroako alderdi batzuetan ere baziren horrelakoak, baina jatorriz Ipar Euskal Herrikoak direla ematen du.
  4. -ño da eremu gehienean erabiltzen den atzizki txikigarri ohikoena: amaño ‘inudea’, baño ‘bakarra’, haurño ‘haurtxoa’, poxiño ‘apurtxoa’…
  5. Erdarako -on amaiera -oin egiteko joera egon da euskalkiaren eremu gehienean: arrazoina ‘arrazoia’, botoina ‘botoia’, kantoina ‘kantoia’, sasoina ‘sasoia’… Gaur egun frantsesetik sartzen ari diren mailegu berrietan ez da erabatekoa eta -ona ere egiten da: balona, marrona
  6. -aia amaiera daukagu mailegu zaharretan: bisaia ‘aurpegia’, lengoaia ‘hizkuntza’, kuraia ‘kemena’, salbaia ‘basatia’, usaia ‘ohitura’… Arau hau ez da gaur egun emankorra; -adxa egiten da mailegu berrietan: depanadxa ‘konponketa’, rezikladxa ‘berregokitzea’…

Lexikoa

Hauexek dira euskalki honetako hitzik esanguratsuenak: altxagarri ‘legamia’, auzapez ‘alkatea’, azantz / harrabots ‘hotsa, zarata’, babazuza ‘kazkabarra’, biziki ‘oso’, buruil ‘iraila’, elkor ‘gor’ adierarekin, fitsik ‘ezer’, gako ‘giltza’ adierarekin, guri ‘bigun’ adierarekin, kalapita ‘iskanbila’, ortzantz ‘trumoia’, otto ‘osaba’, pairatu ‘eraman, jasan’, parada ‘aukera, beta’, pittika ‘antxumea’, sehi ‘zerbitzaria’, urririk ‘doan’, urtzintz ‘usina’, xingar ‘urdaiazpikoa’… Baiona

Aldaerak

Sail honetan hauexek nabarmentzen dira: ahantzi ‘ahaztu’, arno ‘ardo’, biper ‘piper’, botoila ‘botila’, buraso ‘guraso’, elgar ‘elkar’, ereman ‘eraman’, eskuara ‘euskara’, fruitu ‘fruta’, giristino ‘kristaua’, hogoi ‘hogei’, irrisku ‘arrisku’, jakintsun ‘jakintsu’, kondatu ‘kontatu’, saindu ‘santu’…

Eremu txikiagoetan erabiltzen dira ondorengoak: garratoin ‘arratoi’, hainitz ‘anitz’, hausko ‘hauspo’…

Beste lekuko batzuk

Hemen entzun daitezke beste lekuko batzuen ahotsak, Euskaltzaindiak duen Euskal Herriko Hizkuntza Atlasa izeneko artxibotik informazioa estekatu ondoren:

Erreferentziak

  • Aranzadi Zientzia Elkartea. 1983-1990. Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa (2 ale). Donostia.
  • Camino, Iñaki. 2004. “Nafarroa Behereko euskara”. Fontes Linguae Vasconum, 36, 97. zenb., 445-486.
  • Dolosor, Franck. 2009. Senperetik Senpererat begirada bat XX. mendeari. Donostia: Elkar.
  • Duhau, Henri. 1993-2003. Hasian-hasi. Beskoitzeko euskara (2 ale). Donibane Lohizune: Alinea eta Ahoka.
  • Duny Pétré, Pierre. 1959. “Trois textes folkloriques basques de la Basse-Navarre Orientale”. Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 15-1: 47-60.
  • Epelde, Iranzu. 2004a. “Lapurdiko hego-ekialdeko euskararen kokapenerantz”. Fontes Linguae Vasconum, 36, 96. zenb., 271-303.
  • —— 2004b. “Larresoroko gaur egungo euskara”. Euskera 49-2: 663-677.
  • Haritxelhar, Jean. 1963. “Textes folkloriques de la vallée de Baigorry”. Actas del Tercer Congreso Internacional de Estudios Pirenaicos: 51-73. Zaragoza: Consejo Superior de Investigaciones Científicas.
  • Haase, Martin. 1992. Sprachkontakt und Sprachwandel im Baskenland. Hamburg: Buske.
  • Hualde, Jose Ignacio. 1997. Euskararen azentuerak. ASJUren gehigarriak-42. Donostia eta Bilbo: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Irizar, Pedro. 1981. Contribución a la dialectología de la lengua vasca (2 ale). Donostia: Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala.
  • —— 1997. Morfología del verbo auxiliar labortano. Iruñea: Euskaltzaindia.
  • —— 1999. Morfología del verbo auxiliar bajo navarro occidental. Iruñea: Euskaltzaindia.
  • —— 1999-2002. Morfología del verbo auxiliar bajo navarro oriental (3 ale). Iruñea: Euskaltzaindia.
  • Pagola, Rosa Miren. 1984. Euskalkiz euskalki (liburua eta 2 kasete). Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
  • Salaberri, Patxi. 2000. “Luzaideko euskara, Mezkirizkoaren eta Aezkoakoaren argitan”. [K. Zuazo, arg.], Dialektologia gaiak: 221-259. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Salaberri, Patxi eta Peio Kamino. 2001a. “Hitz eratorriak Luzaideko hizkeran”. Fontes Linguae Vasconum, 33, 86. zenb., 67-86.
  • —— 2001b. “Aditz trinkoen orainaldiko formak Luzaideko euskaran”. Fontes Linguae Vasconum, 33, 87. zenb., 193-202.
  • —— 2007. Luzaideko euskararen hiztegia. Iruñea: Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.
  • Zuazo, Koldo. 2008. Euskalkiak, euskararen dialektoak. Donostia: Elkar.

Gaian Sakonduz

Eskualde batzuetako mintzoak

Luzaideko euskararen hiztegia, hemen

Hemen ere lekukotasun gehiago

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Nafar-lapurtarra", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3