Erabiltzaile Tresnak


gizt:3

Euskararen normatibizazio araudia

Euskararen normatibizazio arauak izen desberdinak hartu ditu euskaltzaleen artean. Euskaltzaindia izan da, historian zehar, euskara idazteko arauak proposatu eta ezarri izan dituen erakundea. Horrela egin da euskara batua, hots, euskara idatziaren batasuna. Lehenbiziko urratsak Arantzazuko bilkuran gertatu ziren, lehenbiziko erabakiak hartu zirelarik, 1968an. Gero, Euskaltzaindiak segitu du bere erabakiak hartzen eta horrela aurreratu du batasunak. izatez, Euskaltzaindia da erabakiak proposatzeko erakunde ofiziala. Baina jendea gero eta gehiago bildu denean batasun horren inguruan, erabakiak modu beste modu askotara hartu dira praktikan: idazleek, itzultzaileek, unibertsitateko irakasle eta zerbitzuek, administrazioak, hiztegigileak, hedabideak,… gaur egun erakunde asko dago etengabe erabakiak hartzen, eta horrek ematen dio praktikan batasuna hizkuntza idatziari. Azken batean, euskararen estandarra egitea hizkuntzaren erabiltzaile guztien lana da.

Hasiera ofiziala, ordea, Arantzazun gertatu zen, lehenago, Baionan egindako bilkuran, 1964an, gauza asko aurreratu baziren ere. Hemen biltzen dira, segidan, batasunaren inguruko zenbait dokumentu funtsezko:

  1. Baionako Biltzarreko informazioa
  2. Arantzazuko Biltzarreko jatorrizko dokumentuak. Hemen kontsulta daiteke Koldo Mitxelenaren oinarrizko txostena, batasunaren oinarria.
  3. Ondoren, 1969an, argitaratutako liburu ofiziala. Hemen ere kontsulta daiteke Koldo Mitxelenaren txostena.
  4. Batasuna eta literaturari buruzko Areantzazuko agiria (1968), geroago argitaratu zena (1971)
  5. “H” letraren inguruko gora-beherak (1973)
  6. Txillardegiren txostena 68ko txostenari buruz, Bergarako 1978ko bilkuran irakurria
  7. Koldo Mitxelenaren txostena: “Arantzazutik Bergarara”, 1978koa
  8. Villasante euskaltzainburuaren txostena batasunaren filosofiaz, 1994koa
  9. Batasunaren historia, Koldo Zuazok egina, 1988koa

Dokumentu horiek guztiak hasierako garaikoak dira. Geroztik, Euskaltzaindiak segitu du arauak ematen (ikusi hemen), baina azken urteetako gehienak onomastikaren ingurukoak dira.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Euskararen normatibizazio araudia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3