Tratamendu ugari ditu euskarak, baina tratamendu guztiak ez dira erabiltzen euskararen eremu osoan. Artikulu honetan, tratamenduak elkarrengandik zertan bereizten diren eta tratamendu bakoitza non erabiltzen den argitzen saiatuko gara.
Euskaraz, solaskidea edo hizketa-laguna tratatzeko modu batzuk ditugu. Alde batetik, pertsona-izenordain bat baino gehiago daude hizketa-lagunari erreferentzia egiteko: hi, zu, xu, berori. Beste alde batetik, izenordain jakin batzuk aukeratuz gero (hi, adibidez), aditz berezi bat -“alokutiboa” deritzona- erabili beharra dago: NOR, NORI eta NORK sintagmei dagozkien pertsona-markez gainera, hizketa-lagunari dagokion pertsona-marka agertuko da halako aditz alokutiboetan:
etorriko duk esaten duen hiztunak etorriko da dioenak baino zertxobait gehiago esaten du. Perpauseko (aita) nor sintagmarekin komunztadura du aditzak, baina horrezaz gainera, lehen adibideko aditzak ematen ez digun beste informazio bat ere eskaintzen digu: etorri duk dioenak etorri da esaten du -beraz, lehenengo adibideko informazioa ere ematen digu-, baina baita hiztunak gogoan hartzen duela ere hizketa-laguna. Beraz, hauxe da egitura horren eskema:
Aurreko adibideetan, -K horri esker (DUK), badakigu hiztunak aurrean duena gizonezkoa dela. Emakumezkoa balitz, -N marka agertuko litzateke (Etorri DUN). Etorri duk, Etorri dun eta antzeko formak adizki alokutiboak dira. Adizki alokutiboek bigarren pertsonari (solaskideari, alegia) dagozkion marka batzuk (-K/-A-; -N/-NA-) hartzen dituzte perpauseko izen-sintagmek ezartzen dizkieten komunztadura markez gainera.
Bestalde, ekialdeko euskalkietan, hikako adizki alokutiboen parean, zukako eta xukako adizki alokutiboak ere badituzte:
Bada, aurreko bi aldagaiak konbinatuz (pertsona-izenordaina -hi, zu, xu, berori- eta adizki alokutiboen erabilera edo erabilerarik eza) sortzen eta esplikatzen dira euskararen tratamenduak:
Konbinazio guztien artetik bi ez dira gauzatu inongo euskaratan:
Tratamendu nagusiak zein diren eta zertan diren azaldu ondoren, tratamenduen hedaduraz jardungo dugu azpiatal honetan: tratamenduek ezartzen dituzten isoglosez arituko gara, hots, tratamendu bakoitzaren mugarriez eta mugarri horien araberako eremu geografiko dialektalez, oraingoz erabilerari erreparatu gabe. Beraz, beste azpiatal batzuetan aztertuko ditugu tratamenduen funtzio soziala eta euskalkiaren araberako tratamendu-sistemak.
Tratamenduek, euskalkien artean mugarri garbiak ezartzen dituzten neurrian, garrantzi handia hartu zuten euskal dialektologian, bai Bonaparte printzearen euskalkien sailkapenean, bai geroago -aspaldi ez dela- Koldo Zuazok egindakoan. Jakina, tratamendu guztien artetik, batzuek (zuka eta xuka alokutiboak) baino ez dute dialektologiaren ikuspuntutik balio bereizgarria; gainerako tratamenduak, edo hil aginean daude dagoeneko (beroriketa) edo, bestela, ez dira bereizgarri erabilgarriak dialektoen eremuak finkatzeko (toketa-noketa). Bestalde, euskara guztien oinarrizko tratamendutzat jo ohi den eztabadaren erabilera edo erabilerarik eza ere ez da irizpide guztiz baztergarria. Izan ere, baliagarri gertatu da sortaldeko euskalkietan azpieuskalkiak edota hizkerak bereizteko. Laburbilduz, tratamenduen eremuak eta hedadura zedarritzen saiatuko gara azpiatal honetan.
— Egilea: Xabier Alberdi
lanaren aipamena nola egin...